“Kantua, munduko herri guztietan, betidanik, adierazpide sendagarrienetako bat da”

“Kantua, munduko herri guztietan, betidanik, adierazpide sendagarrienetako bat da”

Argentinako eta Txileko Araceli Arguello eta Carola López payadore edo inprobisatzaileak eta Argentinako Nayla Beltrán kantaria Cantoras del Cono Sur proiektuaren parte dira. Proiektu horren helburua ahozko kantuaren tradizioak ikuspegi feminista dekolonial batetik aztertzea eta sareak sortzea da, agertokietan gertatzen diren praktika patriarkalak eraldatu ahal izateko.

Araceli Argúello, Nayla Beltrán eta Carola López Abian Kultur Elkartean, Getxon / Argazkia: Garazi Basterretxea Barea

Cantoras del Cono Sur izeneko proiektuak Nayla Beltran kantari argentinarra, Araceli Argüello payadore argentinarra eta Caro Lopez payadore txiletarra batu ditu. Beste artista batzuekin batera, lankidetza-etnografia egiten ari dira Londresko Kings Collegerako, eta liburu bat idazteko prozesuan ere badaude. Nork bere espazioak aztertuko ditu ikuspegi feminista dekolonial batetik. Caro Lopezek, alde batetik, gurpileko edo kuekako kantarien lanbidea aztertzen du [Txileko kuekan oinarritutako kantu-poetiko praktika tradizionala] eta, bestetik, Txileko payadora emakumezkoen historia. Nayla Beltran hego-kantarien errepertorioa eta praktika aztertzen ari da, baita Panpako lautadako musika ere, eta adibide antihegemonikoak, emakumeak ordezkatzeko beste aukera batzuk eta disidentziak proposatu nahi ditu. Araceli Argüelloren ikerketa payadore argentinarren historiaren jatorria bilatzera bideratuago dago. Historia horren aipamen gutxi bildu dira 1890etik XX. mendeko 40ko edo 50eko hamarkadetara arte. Uztailaren hasieran Euskal Herrian eman zituzten egun batzuk eta Oihana Bartra eta Aroa Arrizubieta bertsolariekin batera Bertsotik Versora topaketan entzun ahal izan genituen, La Sinsorga Kulturgune Feministan.

Nola gogoratzen dituzue agertokietan abesten hasi zineten uneak?

Nayla Beltran: Biolin eta biola irakaslea naiz 20 urte nituenetik. Beti esaten nuen “beste bizitza batean honetan arituko naiz” norbait gitarrarekin abesten ikusten nuenean. Duela 10 urte, gutxi gorabehera, krisian nengoela, milonga arpegio bat jo nuen, eta dezima [errima mota] deskubritu nuen. Neure burua aurkitu nuen, eta seguru sentitu nintzen. Horrelako gauzak gorputzetik pasatzen dira eta ez dute azalpen handirik. Musika eta biolin ikasketak amaitu nituenean gitarra jotzeari eta idazteari ekin nion bete-betean, eta duela hiru urte Décimas féminas liburua atera eta poesia eta musika hau konpartitzen hasi nintzen.

Araceli Argüello: Gure kasuan, payadore izatea oso lotuta dago gizonezko bat gure aitabitxi izatearekin: payadore baten laguna edo emaztea izateagatik, beti dago ahaidetasun bat. Askotan, norbaitek inprobisatu nahi duenean, gizonezkoen balidazio hori behar duela sentitzen dut. Ez da nire kasua eta ez da nire istorioa. Ez zizkidaten ateak ireki ni sartzea nahi zutelako, beste aukerarik izan ez zutelako baizik, oso nabarmen geratuko zirelako ni kanpoan utziz gero. Nire estrategia saiatzea eta tematia izatea izan zen. Ez zen atsegina izan sentitzea ezinbestez aintzat hartu behar zaituztela.

Caro López: Ni duela 10 urte hasi nintzen inprobisatzen, hiru emakume payadore zeuden, 90eko hamarkadaren amaieran hasitakoak. Guztiak payadore ezagunei lotuta egon ziren, eta horrek babesgarri batzuk ematen zituen. Sartu nintzenean konturatu nintzen gauza paternalista bat zegoela: “Zaindu egingo zaitugu, lekua emango dizugu”. Baina gero ohartu naiz ni nengoenean edo nirekin ez zutela era berean hitz egiten. Kontrapuntuetan, adibidez, galdetzen zidaten ea mutil lagunik nuen, edo nire janzkera edo ezaugarri fisikoak nabarmentzen zituzten emakume izateagatik, baita zuzenean jazarri ere. Astero joaten nintzen Txileko Santiago hirigunean inprobisatzen zen leku batera. Batzuetan negarrez itzultzen nintzen eta pentsatzen nuen jada ez nuela han jarraitu nahi, baina gero sentitzen nuen borrokatu nahi nuela, han egon nahi nuela eusten, eta esan nahi nituenak esan nahi nituela, beste batzuek entzun nahi arren.

“Gure kasuan, payadore izatea oso lotuta dago gizonezko bat gure aitabitxi izatearekin: payadore baten laguna edo emaztea izateagatik, beti dago ahaidetasun bat. Askotan, norbaitek inprobisatu nahi duenean, gizonezkoen balidazio hori behar duela sentitzen dut. Ez da nire kasua eta ez da nire istorioa”.

Zuen istorioak entzunda, Uxue Alberdi bertsolariak idatzitako Kontrako eztarritik (LISIPE, 2017) saiakeran kontatzen diren istorio asko etortzen zaizkit gogora. Emakumeen gorputzekiko epaiak dira jorratzen dituen puntuetako bat. Nola erantzun izan diezue Carok ere aipatutako epai horiei?

C. López: Lehen esaten zen payadorea izateko nekazaria, jainkotiarrari abesten dion kantaria eta gizona izan behar zinela. Eta ni ez nintzen hiru gauzetako bat ere. Zu hor jartzeak tradizioa haustea dakar. Inongo payadoreren alaba, biloba, ama edo emaztea izan gabe eta, gainera, lorerik nahi ez duen emakumea izanda. Hasiera batean, rol maskulinoa hartu behar nuela sentitzen nuen, “ni zuek bezalakoa naiz, beste payadore bat naiz” eta batzuetan esan ere egiten nien. Payadore emakumezko eta disidenteon artean sare bat ehuntzen joan gara, payaren espazio tradizionalak habitatzeko eta babesteko, eszenatokietan lasai sentitzeko, tradiziotik eraikitzeko esan nahi dugunarekin eta gure gorputzetatik, edozein izaera zein janzkera izanda.

N. Beltrán: Kantatzen hasi nintzenean estalita joaten nintzen beti, eta, esparru artistikoan konfiantza handiagoa hartu ahala, pixka bat margotzeko aukera izan dut. Ez nuen nahi inork pentsatzea polita nintzenik, ezta antzekorik ere, izugarri lotsatzen baininduen jendearen aurrean agertu edo kantatzeak.

A. Argüello: Nire kasuan garrantzi handia du gorputzaren kontu honek. Marta Suint payadoreak aholku bat eman zidan hasi nintzenean: kanta nezala beti pontxoarekin. Eta une batean asko lagundu zidan. Eta gitarra hartzeko, gehienek hanka aulkiaren gainean jartzen dute, emakumea izanik galtza estuak janzten badituzu, hanka igotzen baduzu eta beheko jendeak dena begiratzen badizu, deseroso sentitu ohi zara. Orduan, gitarra gorputzean zintzilik eramanda abesteko esan zidan, hankak itxita eta pontxoa jantzita. Panpintxo edo amabirgina bat bezala, estalita. Oso erosoa izan zitzaidan hori egitea, baina jantziak aldatzen hasi nintzen beste payadoreen onarpena sentitu nuenean. Une batzuetan zaila da, modu desegituratuagoan jantzita sartzen zarenean lehen minututik epaitzen hasten zaizkizulako.

Orduan, hasi zinenean, ez zenuen beste emakumezko payadorerik inguruan?

A. Argüello: Ez. Orain uste dut bederatzi garela Argentina osoan, eta horietatik lau 50 urtetik gorakoak dira. Ni hasi nintzenean 20 urte nituen. Beste emakume talde bat ere badago, 40 eta 50 urte bitartekoak, baina oso hegoaldera daude eta beste ikuspegi batzuk dituzte, denak probintzia desberdinetan, eta orduan zail samarra bihurtzen da. 2018an Carok eta biok elkar ezagutu genuenean, kide bat aurkitzea izan zen. Aurten Uruguain biok izan ginen zazpi gizonekin oholtza gainean, baina lehen ni bakarrik joaten nintzen zazpi gizonekin eta beste egoera batean jartzen zaituzte.

“Lehen esaten zen gaztetan hasi behar dugula inprobisatzen, oroimen hobea dugulako. Hori nolabait deseraikitzen ari gara. Edozein adinetan ikas daiteke inprobisatzen, zerikusi handia du borondatearekin”.

Eta Txilen, nolakoa da egoera?

C. López: Emakumezko payadoreen lehen belaunaldia hor egon zen, gorputza eta ahotsa jartzen, baina agian ikuspegi feminista hain kontzienterik gabe. Belaunaldi berriak feminismoa planteatzen du diskurtsoan. Adibidez, zortzi ikaskidek Décima feminista idatzi genuen. Agian ez zen hain garrantzitsua izan payaren munduarentzat, baina bai liburua irakurri eta eszenatokietan beste gauza batzuei buruz hitz egiten ikusi gintuzten askorentzat, erakusten baitu molde tradizionala erabil daitekeela idazteko, diskurtso tradizionalik izan gabe. Adina ez da oztopo, gazteak eta zaharrak daude eszenatokian. Adibidez, bada 65 urterekin inprobisatzen hasi eta orain 73 dituen payadore bat. Lehen esaten zen gaztetan hasi behar dugula inprobisatzen, oroimen hobea dugulako. Hori nolabait deseraikitzen ari gara. Edozein adinetan ikas daiteke inprobisatzen, zerikusi handia du borondatearekin.

Alberdik liburuan aztertzen duen beste puntu bat ahotsa da. Bertsolari batzuek dituzten zailtasunak ikusten ditugu, ahots “leunegia”, “ahulegia”, “altuegia”, “gozoegia” dutelako. Gehien entzuten diren ahotsak eta gutxien entzuten direnak zeintzuk diren hausnartzera gonbidatzen du. Zer zailtasun izan dituzue zuek ahotsari dagokionez?

A. Argüello: Ni milonga abesten hasi nintzen gizon guztiekin. Emakume batzuek gizonen ahotsa eta keinuak imitatzen dituzte. Niri ez zait ateratzen, ez dut ahotsa modulatzen gizona imitatuz. Pixkanaka-pixkanaka, benetakoa erakusteko indarra izan nuen. Nik gizonezkoentzako erregistro altu batean abesten dut eta emakume gazte bakarra naiz, gehienak nagusiagoak dira, eta hiru tonu beherago abesten dute eta nire tonua jaitsi behar dut. Haiek eroso geratzen dira eta ni erabat deseroso. Ez dut bakarrik gitarra jo behar, zer esango dudan pentsatu behar dut, baita nola abesten dudan ere; batera joaten banaiz bestea galtzen dut, edo gaizki abesten dut edo edozer esaten dut. Bi urte daramatzat neure burua errespetatzen eta esaten: “pixka bat gehiago igo tonua, eta nik pixka bat jaitsiko dut”. Ez da erosoa izaten, konfrontaziotik egiten delako.

“Artea “hau da ni naizena” esateko modua da, ahotsa eta teknika gainditzen ditu, beste gauza asko ere ateratzen eta partekatzen ditugu abesten ari garenean”.

N. Beltrán: Niri ahotsarekin gertatzen zaidanak bizi garen sistema kapitalistarekin eta arteak duen tokiarekin du zerikusia. Gu hori deseraikitzen saiatzen ari gara. Eszenatoki batean bazaude, primeran kantatu behar duzu, primeran jo. Artea “hau da ni naizena” esateko modua da, ahotsa eta teknika gainditzen ditu, beste gauza asko ere ateratzen eta partekatzen ditugu abesten ari garenean.

A. Argüello: Niri asko kostatu zait deseraikitzea, izugarri exijitzen baitiot neure buruari. Baina ulertu nuen aldatu behar nuela, eszenatokian gozatu beharrean gaizki pasatzen nuelako, lehenengo urduritasuna sentitzen nuen eta frustrazioa gero. Ulertu dut huts egiten badut jendeak ikusiko duela pertsona bat naizela, ez gara robotak. Inprobisatzen ari naiz, ez daukat aurretik pentsatuta, eta dena ez da perfektu ateratzen.

La Sinsogan Bertsotik Versora proposamenean ere atera zen ahotsaren gaia. Une batean, Caro, Aroa Arrizubietak, bere ahotsa zurearekin alderatu zuen eta zuk hobeto abesten duzula esan zuen. Erantzun zenion: “Gaur gauean pista honetan ahotsa berdinduko dugu”. Asko gustatu zitzaidan une hori.

C. López: Oso hunkigarria izan zen Aroarekin abestea. Gema Lasarte irakaslearen bitartez ezagutu nuen. Aroa Santiagora etorri zen ikastera eta bere bitartez bidali zidan Gemak Reverso [Kontrako eztarritik] liburua. Nire etxera etorri zen inprobisatzera payadore emakumezko eta disidentziekin, eta guretzat oso interesgarria izan zen beste hizkuntza batean inprobisatzen duen norbait ezagutzea, jolasten hasi ginen, berak gure intonazioak ikasi zituen eta guk bere melodiak. Topaketa bat sortu genuen, beste lankide batzuekin batera inprobisatu genuen. Nik beti esaten dut ez dela kantua ikasi behar kantatzeko, kantatu egin behar dela. Kantua, munduko herri guztietan, betidanik, adierazpide sendagarrienetako bat da. Argentinan eta Uruguain denek tonu berean inprobisatzen dute. Gure kasuan, canto a lo poeta delakoan [antzinako tradizio musikal eta literarioa Txileko erdialdeko poesia herrikoiaren barruan kokatua. Bere forma poetikoa décima espinella da] eta payan, nork bere melodia erabakitzen du, gelditu eta beste pertsonak jarraitzen du. Bakoitzak kantatzen du eroso sentitzen den bezala. Rueda cuequera delakoa mistoa da, baina gizonek abesten dutenean beraiek bakarrik kantatzen dute, eta emakumeok kantatzen dugunean guk bakarrik kantatzen dugu. Horregatik joan ginen saio horietatik, ez zigutelako inoiz kantatzen uzten. Orduan emakume eta disidentzien saioak sortu genituen.

Elkarrizketa batean, atentzioa eman zidan, Araceli, zuk kontatzen zenuen bizipena: nola behin inprobisatzaile batek esan zizun ahots ona zenuela, baina ez zinela inoiz payadore izango. Eta hemen zaude.

A. Argüello: Milonga abesten hasi nintzen, inprobisazio prozesu batean nengoen, baina oraindik ez nintzen payadorea. Behin, payadore misogino batek esan zion nire aitari “bai, ondo abesten du zure alabak, baina ez da inoiz payadore izango”. Handik urte batzuetara aurkitu nuen, inprobisatzera gonbidatu ninduen eta kontuak eskatu nizkion eszenatokian Kontrapuntu bat abestu genuen elkarrekin, eta oholtzaren gainean aurrez aurre kritikatu nion berak esandakoa.

Lehiaketek leku garrantzitsua dute?

C. López: Sariak dirua izaten dira eta onena izatearen pribilegioa. Oro har, emakume payadoreok ez dugu masiboki parte hartzen, eta, joaten garenean, denak joateko ados jartzen gara. Gutako askorentzat lehiak ez du zentzu handirik, oso patriarkala baita. Uste dut lehia botere-harremanen menpe dagoela eta horrek hierarkiak sortzen dituela. Hierarkia horiek deseraikitzen hasten garenean, harremanak horizontalagoak, bidezkoagoak, maitagarriagoak, komunitarioagoak izaten hasten dira. Emakume eta pertsona disidenteontzako guneetan lankidetza handiagoa dagoela uste dut.

A. Argüello: Txilen berdin ordaintzen zaie inprobisatzaileei. Argentinan, aldiz, ez. Ez dago hori arautzen duen ezer, eta, beraz, askotan merkatze-tratuak izaten dira, eta arriskutsua da.

Eta inprobisatzeko orduan, metodo zehatzik erabiltzen al duzue? Nola joaten zarete bertsoak ehuntzen?

A. Argüello: Batzuek pentsamenduak ordenatuta dituzte kantatzera joan aurretik, testuingurua kontuan hartuta, gogoan izan beharreko dataren bat… Nik ez dut ezer egituratzen kantatzera joan aurretik, inspirazioarekin edo momentuan sortzen zaidanarekin ere badu zerikusia. Pentsatuz gero, joera handia dut prestatutakoa ahazteko. Bertsolariek bezala, amaiera lehenago pentsatzen dugu, pentsatzen dugun lehenengo gauza esango dugun azkena da, askoz indar handiagoa du amaierak.

C. López: Txilen ez dago metodologia espezifikorik. Ahoz aho ikasten da eta gaur egun eskolak eta tailerrak daude. Canto a lo poeta delakoari buruzko koaderno pedagogiko batzuk daude, dezimak egiten ikasteko eskola bat dago, baina asko nahasten da idatzitakoarekin. Oso garrantzitsua da inprobisazioa idazketaren guztiz desberdina dela ulertzea, oholtzan inprobisatzen ari zarenean ez duzu idazten eta, idazten ohitzen bazara, beste zerbait egiten ari zara. Elkartu eta abestu egiten dugu, astean behin inprobisatzen dugu.

“Argentinan ez dugu pertsonifikaziorik egiten, gure ahotik hitz egiten dugu eta giro honetan umorea patriarkala da, gizonak emakumea konkistatu nahi du”.

Eta umoreak zer leku du zuen bertsoetan?

A. Argüello: Nahiko eremu zaila da. Bertsolarien edo beste inprobisatzaile batzuen kasuan, pertsonifikatzean edo egoera bat jartzen dizutenean, pertsonifikatu eta desegituratu egin behar duzu. Diskurtsoa ez da hainbeste izena eta abizena duen pertsona baten ahotik ateratzen; hau da, ordezkatzen duenari askatasun pixka bat gehiago ematen dio. Argentinan ez dugu pertsonifikaziorik egiten, gure ahotik hitz egiten dugu eta giro honetan umorea patriarkala da, gizonak emakumea konkistatu nahi du. Alde horretatik doa dena, eta ez zaigu barregarria iruditzen, biolento bihurtzen da, eta emakumeen erantzunak defentsiboagoak dira. Deseraiki gabeko publikoarentzat barregarria eta dibertigarria da, baina deseraikitako publikoarentzat ez, pixkanaka gero eta gehiago nabaritzen da hori.

N. Beltrán Panpako kantuan oso tradiziozkoa den umorea dago, Argentinako barnealdeko genero pikareskoa kopletan edo atsotitzetan ikusten da. Umore hori egiten ikasten ari naiz, baina zeharkatzen nauten gaiei buruz ari naiz. Panpako lautadako errepertorioa, oro har, oso errepertorio sakona da, introspekziora edo gai sozialetara doana. Barrea agertzea, arintasun hori, txiste hori, oso garrantzitsua da. Gertatzen zaizkigun gauzei barre egitea ere oso osasungarria zaigu, bizitzari aurre egiteko modu bat da, laguntzen digu.

C. López: Txilen dezente gertatzen da gure artean, testuinguru pribatuagoetan. Inprobisatzen hasten gara, eta oso gauza barregarriak ateratzen dira, baina eszenatoki batean edo beste gizon batzuen aurrean esango ez genituzkeenak dira. Umorea agertzen da indarkeriarik gabeko leku batetik. Ustez ahulena denari barre egiteak ez du inolako zentzurik guretzat. Nik barre egiten diot gertatu zaidanari, neure buruari, ez diet besteei barre egiten.

Nayla, Décima feminas: versos criollos en clave feminista (2021) lanean “Dictadura” izeneko abesti bat duzu. Caro, zuk dezima bat egin zenuen, “Septiembre” izenekoa, 1973ko irailaren 11 horri erreferentzia egiten diona. Zer eskaintzen dizue kantuak eta inprobisazioak memoria transmititzeko?

N. Beltrán: Niretzat memoriaren gaia, agian, kantu honetako gauzarik garrantzitsuenetarikoa da. Herrietatik jaiotzen diren tradizioek herrien historia dute; historia handia eliteek idazten dute. Niretzat gure kantuen bidez errebisionismo historikoa egiten dugu. Gaur, Argentinan, Javier Milei dugu lehendakari. Niretzat gure historia gehiago edo gutxiago ezagutuz gero, ezinezkoa zen berak irabaztea, baina irabazi zuen. Egin daitezkeen beste analisi ugariez gain, ezjakintasun handia dago gure herriaren historia txiki horri buruz, herriaren sufrimenduari buruz. Tradizio horiek erresistentzia- eta matxinada-lekuak dira, besteon historia kontatzen dutelako.

“Nire ustez, payadore garen aldetik, geu esnatu eta besteak esnarazten saiatu behar dugun gizarte-eragile bat gara, konpromiso politiko hori, konpromiso sozial hori, egon behar da eta gero eta gehiago landu behar dugu”.

A. Argüello: Ahozko tradizioak asko aipatzen du iragana, nostalgia pixka batekin begiratzen dio, oroitzapenetik, ez ahaztu nondik gatozen, pasatu genuena, zer egin zuten. Ni saiatzen naiz pixka bat tartekatzen iragana eta orain gertatzen ari dena. Nire ustez, payadore garen aldetik, geu esnatu eta besteak esnarazten saiatu behar dugun gizarte-eragile bat gara, konpromiso politiko hori, konpromiso sozial hori, egon behar da eta gero eta gehiago landu behar dugu. Jatorrizko herrien eta LGTBIQA+ komunitateko pertsonen memoria bezala. Beti gaude gizarte-klase edo gizarte-talde urratuen, baztertuen, desplazatuen alde.

C. López: Une honetan Txilen memoriaren gaia oso garrantzitsua izaten ari da. Txilen bi prozesu politiko oso indartsu daude: bat diktadura da. Oraindik 50 urte dituen zauri handi bat dago. Ez dago benetako justiziarik, isiltasun-itun handi bat dago, beti gogorarazten ari garena. Badaude Nazio Maputxearen Herriaren lurralde-aldarrikapenerako borrokak ere. Antzinako herria da, herri bizia, eta bertatik gatoz Txile hegoaldeko erdialdean bizi garen gehienok. Maputxeen buruzagi asko hilda agertu dira azken urteotan suizidio itxura eman nahian, baina jakina da hilketak direla. Maputxe aktibistak eta ekintzaile ekologistak ere hil dituzte lurra defendatzeagatik eta basoen zein izokinen ustiapenaren aurka borrokatzeagatik. Komunikabideek terroristatzat jotzen dituzte ekintzaileak, eskuinaren manipulazio handia dago. Bertsotik aldarrikapen horietarantz aktibatzen ari gara, beti aipatzen ditugu.

Cantoras del Cono Sur proiekturako idatzi duzuen “Manifestu dezimistan” honako hau esaten duzue: “Kontzientzia ez dualisten, ez bitarren eta eguneroko iraultzen, borroka eta erresistentzien etorkizuna… Urruneko lekuetatik oraindik tradizioek, bertsoek, konbikzioek, musikak eta poesiarekin azken txokoraino iristeko utopiak batzen gaituzte”. Noraino iritsi nahiko zenukete poesiarekin, zein dira eguneroko iraultza, borroka edo erresistentzia horiek?

C. López: Kantatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, eta poesia inprobisatua partekatzen jarraitzea, tradizioa deshierarkizatua eta horizontala izan dadin. Belaunaldi berriak eta zaharrak elkarren artean nahasten eta ikasten joatea, ahozkotasunean eta idatzizkoan eskolak osatu ahal izatea. Liburu eta testu gehiago idatzi ahal izatea, historiak beste bertsio batzuk izan ditzan eta garai guztietako emakume inprobisatzaileak sar daitezen. Garrantzitsua da elkarrekin hausnartzea eta hainbat tradizio gure artean partekatzea, tradizioak dekolonizatzea lortzeko.

N. Beltrán: Nik dezima hau botako dizut:
“Mi feminismo es acción
tejida con el presente,
por momentos insolente
urgiendo transformación.
Va con determinación,
con arraigo en la hermandad,
no es dueño de una verdad
ni de único proceder
pero es dueño de creer
en cambiar la humanidad”.

A. Argüello:
“Somos lo que construímos
todo aquello que anhelamos
lo que dejan y dejamos
lo que nos dan, lo que dimos.
Con amor retribuimos
con versos, voz y garganta
y el dicho más se agiganta
retumbando el epicentro
Que el que nada tiene adentro
no sé paˋ que diablos canta” .

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba