Susy Shock: “Etsaiari iraina lapurtu diogu eta hori jada irabazitako borroka da”

Susy Shock: “Etsaiari iraina lapurtu diogu eta hori jada irabazitako borroka da”

Susy Shockek artista trans sudakatzat jotzen du bere burua, eta argi utzi nahi du horiek direla bere egunerokoa bizitzeko posizioak eta hortik nahi duela berari zuzendu gatzaizkion.

Susy Shocken instagrametik hartua.

 

Ama tukumandarra eta La Panpako aita ditu Susy Shockek, baina, gaur egun, Buenos Airesen bizi da. Bereak dira Que otros sean lo normal eta Mucha vida y poca vergüenza esaldi ospetsuak, Argentinan hainbat manifestaziotako lelo izandakoak. Izan ere, gazteek bere egin dituzte ekintzaile eta artista horren hitzak, eta pixkanaka, Argentinako eta Hego Amerikako borroka transfeministako erreferente bilakatu da. Argentinako borroka transfeministan erreferente den artista 2019ko abenduan Euskal Herrian izan zen Durangoko jardunaldi feministetan. Sei liburu ditu: Revuelo Sur (2007), Relatos en canecalón (2011), Poemario Transpirado (2011), Crianzas (2016), Hojarascas (2017) eta Realidades (2020); eta Buena Vida y Poca Vergüenza (2014) eta Traviarca (2019) diskoak argitaratu ditu.

Askotan entzun izan zaitugu Trava hitza aldarrikatzen, bai zu eta baita zure kideak ere. Nondik dator hitz hori?  

suscribete al periodismo feminista

Munduko txoko honetan, Argentinan, baita kontinente honetako Hego Konoko leku askotan ere (Brasilen, Rio de la Platan…), Trava hitza erabiltzen hasi ginen adierazteko ez garela ez emakume ez gizon, beste aukerak azaleratzeko. Irain hori jaso izan dugu beti, garen bezalakoak izateagatik, eta nire ahizpa askori oraindik min handia egiten dio hitz horrek. Gutxiespenez zuzendu digute hitz hau, zentzugabekeriaz, eta guk hitz hori garena aldarrikatzeko erabili dugu, ekintza politiko gisa aldarrikatzeko. Hitz horretatik kokatzen gara munduan, hemendik begiratzen dugu, eta hemendik zuzentzen den begirada eskaintzen diogu munduari. Etsaiari iraina lapurtu diogu, eta hori jada irabazitako borroka da.

“Munstro izateko nire eskubidea aldarrikatzen dut” da zure esaldi ospetsuenetako bat.  Zelan egiten duzu zure egunerokoan eskubide hori defendatzeko?

Normalitatearentzat gure gorputza nazkagarria da, munstroa gara askorentzat. Trava hitzarekin gertatzen den bezala, munstro hitza ere erabiltzen dute gutaz aritzeko, guregana zuzentzeko. Eta nik ez dut besterik izan nahi, naizen hori baino: hortik desiratzen dut, hortik maite gaituzte besteek eta hortik maitatzen dugu, hortik eraikitzen ditugu beste logika batzuk, normalitateak bazterrean utzitakotik abiatzen gara, bertako oihu eta amets posibleetatik, mundua gu zoriontsu egiten gaituen eran sortzeko.

Folklorea abesten duzu eta badirudi musika genero horrek beste batzuk baino nagusiagoak erakartzen dituela eta eredu tradizionalagoak erakusten dituela. Adibidez, Cosquin edo Jesus Maria festibalean abeslari disidenteak aurkitzea oso zaila da. Hala ere, zure musika zein beste abeslari disidente askorena jende gazte asko erakartzen ari da. Zer uste duzu eman ahal diozula argentinar folkloreari? Gustatuko litzaizuke plaza handi horietan zure musika entzutea?

Niri folklorea asko gustatzen zait: chacarera, zamba edota huaynoak abesten ditut, baina trabestia naizenez, beste gorputz eredu batetik abesten dut, eta ez dut sistema patriarkal eta matxista erreproduzitzen. Ez dut uste sistema hori folklorean bakarrik dagoenik edo folklorea tradizionalagoa denik: musika estilo guztietan ditugu matxismoa eta eredu patriarkalak, horrelako jendartean bizi garelako eta musika horren isla delako. Nik beste eredu batetik abesten dut, eta gazte asko sentitzen da nire ahotsak besarkatuta. Argi daukat abesten duguna eta dantzatzen duguna politikoa dela; musika ez da anestesia gure gorputzentzat, kokatzeko lekua baizik. Leku batetik abesten eta dantzatzen dugu, eta nik bazterretik egin nahi dut hori.

Naizen guztia ertzetatik eraikitzen dut. Ertzetan pertsona, espazio, eraikuntza eta gertakari kultural, politiko eta sozial zoragarri ugari dago, eta hor egon nahi dugu. Nik ez dut normalitatea erreproduzitzen den plaza handi horietan (Cosquin eta Jesus Maria) egon nahi, ez diet espazioa eskatu nahi, nire espazio propioa sortu nahi dut, eroso egongo naizen espazioa, maitatua sentituko naizen espazioa. Nik naizena izan nahi dut, eta hori askatasunez izatea ahalbidetzen didaten lekuetan egon nahi dut; ez dut baimenik eskatu nahi, ez dut inoiz eskatu. Jende zoragarriz eratutako borobilen parte izan nahi dut, horien inguruan eraiki nire lana eta egiten dudan guztia.

Haurrei begirako hainbat proiektu egin dituzu. Crianzas liburua hainbat irakaslek erabili izan dituzte umeekin. Zelako erantzunak jaso dituzu? Zer uste duzu eman ahal diela zure lanak umeei eta umeek gizarteari?

Crianzas helduei eragiten dien liburua da. Lehenik MU La Vaca kooperatibarekin batera mikroirratsaioak sortu genituen, gure herrialdeko irrati nazionalean entzun zitezkeenak. Horrela, gure munduarekin harremanik ez zuen jende askok entzun zituen Uriel eta bere izeko trabestiaren arteko bizipenak: lan pedagogikoa izan zen, trava hitza azaltzen zen, horren zentzua eta zergatik begiratu nahi diogun munduari bazter horretatik. Jende askori agertzen zitzaizkion gure hitzak bere eguneroko gauzak egiten ari zen bitartean: etxean, lan egiten, ikasten, paseatzen… Euren mundua interpelatzen genuen, izeba horren eta ilobaren arteko maitasunean eta erantzukizunean oinarritutako istorio horien bidez. Gero, irakasle eta haur askok bere egin zuten liburua, baina sortu genuenean helduak interpelatu nahi genituen, ikusarazi eurak erdigunean dauden mundu bat ari garela sortzen, eta argi dago mundu horrek porrot egin duela. Izan ginen haur horretatik abiatuta hartu behar dira erabakiak: zerk mindu zuen izan nintzen haurra? Hori berriro ez egiten saiatu behar dugu, eta, behingoz, haur desberdinen gorputzak zentroan jarriko dituen mundua sortu.

  1. urtean Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan egon zineten Durangon eta Bilbiko kultur etxean poesia emanaldia egin zenuen. Itzultzeko asmorik duzue?

Elkar lotzen gaituen zerbait dagoela sentitu nuen. Lehen hurbilketa baino ez zen izan, jendea ezagutzeko, bidaia bakoitzean bezala, prozesua da. Esan bezala, gauza amankomun asko ikusi genuen, eta baita kulturalki desberdin egiten gaituzten gauza asko ere; oso aberasgarria da prozesu hori, lurretik lurrera beti ibilian. Gehiago ezagutzeko gogoz geratu nintzen, eta badirudi 2023 honetan itzuliko garela lur eder horietara. Sortzen ari den disko horretako abesti berriak ere izago ditugu, Revuelo Sur diskokoak, Rio de la Platako musika aberatsa biltzen dutenak.

Covid 19 birusak eragindako pandemia garaian MU Lavaca kooperatibarekin batera Posta Cultural proiektua egin zenuten. Proiektu horretan erakusleiho baten atzean abesti bana eskaintzen zenieten aurrean zegoen aulkian esertzen zen bakoitzari. Hunkigarria izan zen bideo horiek ikustea. Zelan bururatu zitzaizuen horrelako proiektua eta zelako erantzuna izan zuen jendearengandik?

Ostiralero egiten genuen ekimena zen, arratsaldeko laurak inguruan; errituala zen. Erakusleihoko pertsianak igo eta hor agertzen ginen, hortik igarotzen zen jendeari oparia ematera. Banan-banan, abestia aulkian esertzen zen pertsona horrentzat zen. Ekimen artistikoa egiten genuen espazio publikoan nire ahizpa Andrea Bazan eta nire lagun Caro Bonillo gitarra jotzaileekin batera. Eguneroko leku hori artez, musikaz edota poesiaz betetzen genuen, kultur sektorea pandemiaren eraginez bizitzen ari zen krisiari aurre egiteko. Sendagaia izan zen guretzat, ilusioa piztu zigun, jendeari berriro begietara begiratzeko aukera izan zen. Pertsona horri esertzeko esan, begietara begiratu, izena galdetu eta abesti bat eskaintzen nion. Batzuetan, kristalean jartzen nuen eskua, eta beste pertsonak gauza bera egiten zuen; elkar ukitu ezin genuen garai horretan, jendearengandik hurbil sentiarazten ninduen. Berrasmatzeko, birsortzeko eta orain arte porrot egin duten paradigmak aldatzeko unea izan zen, eta guk proposamen hori egin genuen: esaten dugun eta egiten dugun guztia politikoa da, eta hori izan zen guk garaiari eskaini genion ekimen politikoa. Guretzat ere aurrera egin ahal izateko modua izan zen, gure artea konpartitzeko eta lan egin ahal izateko.

Zelan eragin zion pandemiak Argentinan trabestien kolektiboari?

Gu beti gara azkenak; erabakiak hartzean ez dute gugan pentsatzen, trabestien kolektiboak pobrezia eta prekarietate handia jasaten du, beste lekuetan bezala. Pandemiak hori azaleratu zuen. Nik uste dut ez dela kasualitatea gobernuek guri ez begiratzea, ez dute uste gure bozkek aldaketarik eragingo dutenik, ez gara garrantzitsuak eurentzat. Aurreko belaunaldiak eta gaur egungoak alderatzen baditugu, esan daiteke presenteago gaudela agenda politikoetan, baina geure lanaren eta kemenaren ondorio da hori, ikusezina izan den horri bideak zabaltzearen ondorio. Bide horretan gaude oraindik.

Susy Shocken instagratik atarata.

Argentinako estatistikek esaten dute trans kolektiboaren batez besteko adina 35 urtekoa dela. Askotan entzun dizugu zuen mendekua zahar izatera heltzea izango dela. Zelan irudikatzen duzu etorkizun hori? 

Nik etorkizun hori nire lagunekin irudikatzen dut, sarean. Orain, komunitatean, elkarrekin zahartzeko espazioa sortzen ari gara taldean erosi ditugun lur batzuetan. Guk badakigu aita/ama familia eredu horrek ez digula balio, horren porrota daramagu gorputzetan. Gutako asko abandonatu gaituzte, bakarrik hezi izan gara, baina bidea elkarrekin egin dugu eta etorkizuna ere kolektiboki sortzen jarraitu nahi dugu. Ez dugu bakardade politikorik nahi, geure tribua sortu nahi dugu. Nik tribu horretan sinesten dut, besarkatzen eta maitatzen nauen tribu horretan, eta tribu horren alde eta batera egon ahal izateko espazioen alde borrokatzen jarraituko dut.

Iaz Nuestrans canciones proiektua abian jarri zenuten, lehen trans kantutegia. Zelan sortu zen proiektu hori? Zeintzuk lorpen izan dituzue?

Lau hilabetez aritu ginen ekoizpen kolektiboa lantzeko tailer batzuk eskaintzen, eta hortik sortu zen proiektu hori. Bertan, Argentina osoko trabesti, trans eta ez-bitar taldea bildu ginen, eta batera egin genuen lan abesti horiek idazteko, musikak sortzeko. Nik neuk abestien letrak idazteko tailerra egin nuen. Kanta horiek Kirchner kultur etxeko areto nazionalean abestu zituzten, eta grabatu ere egin zituzten. Niretzat giza alderdi askotan porrot egin duen mundu baten lorpena izan zen: elkarrekin harremanetan jarri, elkar ulertu eta poetika trabesti trans eta ez-bitarra sortu genuen. Zoragarria izan zen. Mundua sentitzeko eta maitatzeko gure modua artearen bidez islatu genuen, beste mundu bat sortzen hasteko gure modua, beste begirada batzuk, izateko beste modu posible batzuk. Horiek guztiek soinua dute orain, hitza dute orain, ateratzeko bidea dute, eta beste gorputz batzuetara heltzeko bidea.

Abenduaren 30ean, Casa Brandon gune autogestionatuan eszenatokietan hasi zineneko 40. urteurrena ospatu zenuten. Bertan, urte hauetan guztietan zurekin aritu diren hainbat kide eta lagun ikusi genuen (La bandada de Colibries taldea, Marlen Wayar ekintzaile eta pentsalaria, Pauly Garnier artista…). Zer da espazio hori zuretzat eta zelan sentitu zinen gau horretan?

Casita Brandon niretzat etxea da, babeslekua, guk eraiki dugun lubakia. Horregatik esaten dut inoiz ez dudala normalitateak ezartzen dituen espazio horietara joan beharrik izan, geure espazioak sortu genituelako. Eta hori da kultura egiteko dugun modua, geurean sinetsiz, geureekin lan eginez eta etekinak geure artean banatuz. Abenduaren 30ekoa oso gau berezia izan zen: Marlene Wayar, Bandada de Colibries taldea, Euskal Herriko xuxurlariak, Casa Brandomeko lagunak… oso babestua eta besarkatua sentitu nintzen, berezia izan zen, sorpresaz betea, hunkigarria. Hala izan behar zuen eta hala izan zen.

Eta hori eta gero Boliviara joan zinen Maria Galindorekin eta Mujeres Creando taldearekin batera. Zer da zehatz mehatz bertan egin duzuena?

Boliviako unibertsitatetik gonbidatu ninduten Hacia una poética disidente idazketa tailerra ematera. Maria Galindok eta Mujeres Creando taldeak sortutako proiektu ederra izan da, ikaskuntza izugarria, harrituta, hunkituta eta bizipenez beteta itzuli naiz. Gure bizipenetatik idatzi genuen, baita min ematen digun horretatik ere. Guri edertasuna lapurtu ziguten txikitatik, eta gure bazterrak ederrak dira, mina zein plazera ematen digun horrekin poesia egin dezakegu, edertasuna sor dezakegu. Geure bizipenak isilarazi nahi dituzte, eta isiltasun hori hautsi eta poesia zein kantu bilakatzea zoragarria da.


Gehiago irakurri:

 

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba