Mabel Rodríguez: “Emakumeen historia aldarrikatuz borrokatzen dugu indarkeriaren kontra”

Mabel Rodríguez: “Emakumeen historia aldarrikatuz borrokatzen dugu indarkeriaren kontra”

Mabel Rodríguez (Sabadell, 1989) hamaika borrokatako militantea da. Soziologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta aditua da feminismoan eta generoan. Puntes Rebels elkartearen eta horrek argitaratu duen bortzgarren egutegiaren harira elkarrizketatu dugu.

25/01/2023

Mabel Rodríguez. | Argazkia: Argia.

Elkarrizketa hau aldez aurretik Argia-n argitaratu da.

Noiz eta nola sortu zen Puntes Rebels?

suscribete al periodismo feminista

2016an Judit Carcolse eta Laia Ramirok, La Monda Lironda laborategi sortzailearen bitartez, 2016ko Emakumearen Egutegia sortu zuten, Sabadell-eko Udalak eskatuta. Hurrengo urtean, jende anitzek galdetzen zuen errepikatuko ote zuten eta beren kabuz egitea erabaki zuten. Aurreneko edizioa 2019koa izan zen, deialdi bat egin zuten premisa batekin: “Historikoki gizonezkoentzat izan den eremu batean parte hartzeagatik geure bizitzetan influentzia izan duten emakumeak aldarrikatzea”.

Zuk 2019ko udaberrian parte hartu zenuen, lehen aldiz.

Bai, bigarren egutegian. Garai hartan uste nuen alderdi politikoak feminismoan militatzeko espazio seguruak zirela. Eta Clara Campoamor irudikatu nuen. Espainiako Diputatuen Kongresurako aurkeztu zen Front Republicà koalizioko bigarrena nintzen. Pentsatzen nuen sufragio femeninoaren erronka ase zuen emakumea izanik, miresgarria zela eta aldarrikapena merezi zuela. Puntes Rebels egitasmoan parte hartzea, hain zuzen ere, erakunde politikarekin desengainua bizitu nuen une hartan, salbatzailea izan zitzaidan. Ordura arte, ez nuen ezagutzen egitura bera ere feminista zenik. Puntes Rebels sare feminista bat da, emakumeak buruzagi dira, baina gizonezkoek ere laguntzen dute. Bertan lokarri bereziak sortzen ditugu, eta sentimenduak, zaintzak eta kontziliazioak tokia dute.

Egutegian irudikapen bat egiten duzuela erran duzu. Zertan datza?

Partaideetako bakoitzak ikerketa bibliografikoa egiten du erreferente baten gainean. Historiaren bidaia horrek laguntzen dio partaideari irudikatzen duen emakumearen azalean jarri, eta bere inguruan gogoeta bat egiten. Prozesu polita da. Modu honetan, egutegiaren argazkia egiten dugun unean partaideak berregiten du une estatiko hori baino harago. Hagitz hunkigarria da. Gaur egun 90 lagunek baino gehiagok lan egiten dugu boluntario moduan.

Podcast bat ere sortu zenuten iaz.

Bai, egutegia aurkezteko ekimen desberdin bat pentsatzen ari ginela, aukera suertatu zen zuzenean grabatutako podcast bat egiteko, Ràdio Sabadell hiriko irratiaren eskutik. Esperientzia arrakastatsua izan zen eta hilabetean saio bat grabatzen hasi ginen, hilabete horretako egutegiaren errepasoa eginez. 2022an hilean hileko emakumearen biografia luzatu dugu podcastaren horretan.

Eta 2023an ere jarraituko du?

Bai, baina aldaketaren bat izango du. Izan ere, konturatu ginen interes gehien tertuliak sortzen zuela. Beraz, hemendik aurrera, podcasta hasiko da nortasun propioa izaten eta, egutegiaren hilabeteez eta irudikatutako emakumeez harago, gizarte gaiak eta gaurkotasuna jorratuko ditugu sakonean, hileko emakumearekin harreman zuzena izan edo ez.

Egutegia salgai dago 80 toki desberdinetan Espainiako Estatuan. Nolakoa izan da hazkunde hori?

Oraindik ez dugu sinesten! Bigarren edizioan erabaki genuen egutegia Espainiako hizkuntza minorizatu guztietan publikatzea, gaztelerarekin batera. Horrek ahalbidetu zuen salmenta puntuak toki gehiagotara zabaltzea. Era berean, edizio bakoitzeko partaideek ikaragarrizko lana egiten dute euren lurraldeetan salmenta guneak aurkitzeko.

Aurten, lehen aldiz, Pikara Magazinerekin kolaboratu duzue. Nola suertatu zen?

Gure egutegia solidarioa da: onura guztiak zuzenean doaz

proiektu feminista batera. Urtero, deialdi bat egiten dugu taldekideek proposamenak egiteko eta bozketa egiten da, irabazlea aukeratzeko. Aurreneko aldiz jarri zen hautagaien artean Pikara Magazine eta irabazi egin zuen. Guk, dena den, ezagutzen genuen aurrez, gure Euskal Herriko salmenta puntua ere bazelako.

2023ko edizioan bistaratu nahi izan duzue isilarazita dauden emakumeen memoria. Zergatik?

Emakumeak ikusezin bilakatzea emakumeen kontrako indarkeria bat ere bada, estrukturala, eta oharkabean gertatzen denez, indarkeria gisa antzematea zaila da oraindik. Hor jarri nahi izan dugu fokua: ez ikustarazteak eta emakumeak ez izendatzeak erran nahi du ez direla existitzen, eta beraz, emakumeen izenak eta historia aldarrikatuz borrokatzen dugu indarkeria horren kontra.

Abenduaren bukaeran Euskal Herrian izanen zarete egutegia aurkezten. Zer daukazue pentsatuta?

Abenduaren 29an, arratsaldean, Pikara Magazinerekin batera aurkeztuko dugu egutegia, Bilbon. Ekitaldi horren bitartez gure proiektua azaldu ahal izango dugu. Ilusio handia egiten digu Euskal Herrian txoko bat izateak. 2020az geroztik egutegia katalanez, gazteleraz, galegoz eta euskaraz argitaratzen dugu. Hizkuntza guttituak aldarrikatzeko apustua eginez. Eta aurten keinu bat egin nahi izan diogu euskarari, egutegi guztietan hilabeteen izenak euskaraz ere jarriz.


Gehiago irakurri:

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba