Antola dezagun amorrua: feminismo antikapitalistaren erantzuna terrore sexualaren aurka

Antola dezagun amorrua: feminismo antikapitalistaren erantzuna terrore sexualaren aurka

Pentsalari eta ikertzaile feminista askok aztertu duten moduan, izu sexuala patriarkatuak emakumeon gainean kontrol soziala ezartzeko erabiltzen duen tresna bat da. Amankomunean idatzia izan den artikulu honetan, terrore sexuala osatzen duten mekanismoak salatuko ditugu eta feminismo antikapitalistatik eman diezaiokegun erantzuna aurkeztuko dugu.

30/11/2022

*Nora Miralles eta Susanna Ligero

Feministes Anticapitalistes dels Països Catalans.

Aisialdi espazioetan, jai herrikoietan edota garraio publikoetan emakumeei egindako ziztadek pasa den udako agenda mediatikoa markatu zuten. Lehen erasoak jazo zirenetik, argi geratu zen ez zela mendetasun kimikoko metodo berri bat soilik. Kasu gehienetan, ziztadek ez zuten efektu fisikorik eragin; beste batzuetan, substantziarik ere ez zen injektatu. Baina guztiek, modu kontziente edo oharkabean, helburu bera betetzen zuten: alarma eta ikara sortzea, terrore sexuala inokulatzea.

suscribete al periodismo feminista

Izu sexuala patriarkatuaren estrategia nagusietako bat da emakumeon gainean kontrol soziala gauzatzeko, izuaren eta jarreraren diziplinaren bitartez menderatzeko. Autodefentsan aditua den Maitena Monroyk dioen bezala, “terrore sexualak emakumeek haien eskubideak erabil eta goza ditzaten geldiarazten duten murru sinbolikoak sortzen ditu. Mehatxu zehaztugabe baina erreal bat da, zeinak babes faltsu bat argudiatuz eta oinarritzat hartuz, kontrol onargarri bat errazten duen”. Hortaz, terrore sexuala estrategia patriarkal bat bezala ulertu behar dugu, emakumeak diziplinatzea bilatzen duena espazio publikoa libreki okupatzeagatik; etxeko, lan eremuko edota sozializazio espazioetako mendekotasun rolak alde batera utzi nahi izateagatik; sexualitate heteronormatiboaren eta maitasun erromantikoaren aginduetara ez atxikitzeagatik.

Gainera, bere baitan soluzio bat proposatzen duen mehatxu bat da terrore sexuala: men egin behar diogu eta gurasoek, anaiek, bikoteek, poliziak eta erakundeek babes gaitzaten onartu behar dugu. Hau guztia, indarkeriaren errudun egiten gaituen eta erasoen aurrean agentzia eta erantzun ahalmen indibidual zein kolektiboa ukatzen digun perspektiba patriarkal, moralista, punitibista eta kolonial batetik. Nerea Barjola politologoak azaltzen duen moduan, “ideien bitartez gauzatzen den gorputzen sumisioa da” izu sexuala. Edo, Laia Serra abokatuak oroitarazten digun gisan, “mezu krimen bat da”, indarkeria sexualak, emakume bakar batek pairatuta ere, emakume guztion eskubide eta askatasunetan eragiten baitu.

Nola zabaltzen da izu sexuala?

Terrore sexualaren narratibak hein handi batean komunikabideen bidez hedatzen dira, eta  izuaren eta biziraupenaren emozioak apelatzen dituen subjektibitate moral eta kolektibo bat sortzea bilatzen dute. Behin eta berriro agertzen den mamu bat bezala, narratiba hauek belaunaldiz belaunaldi emakumeoi kontakizun erakusgarritzat agertzen zaizkigu, Nerea Barjolak Alcàsser kasuaren ikerketan frogatu moduan. Institut de Dones-en azken datuen arabera, 18 eta 25 urte bitarteko emakumeen %60,7 -ak adierazi du espazio publikoetan beldurra pasa edo indarkeria moduren bat jaso izan duela. Datu hauek ez dute azalpenik arriskuan, eskandaluan eta morbositatean enfasia jartzea bezalako baliabideak erabiltzen dituzten eta ardura, ikara eta alarma klima orokorra ezartzen duten narratibarik gabe.

Bestalde, erasotutako pertsonak artatzen dituzten eta, aldi berean, emakume guztiok ikasitako babesgabetasuna deiturikoan kokatzen gaituzten erretorika etorkorrak aurki daitezke. Gure burua defendatzeak ondorio kaltegarriagoak ekar ditzakeen beldurrak jarrera pasibo bat izatera bultzatzen gaitu, indarkeria egoera baten aurrean babesteko aukerak izan genitzakenean. Ziztaden kasuan, hain zuzen ere, bai emakume erasotuek bai haiekin zihoazen pertsonek modu goresgarrian erreakzionatu izana ikusi dugu (lokalen zati handi bat barne modu egokian aritu da eta jokabide protokoloak martxan jarri ditu). Kontrara, berriro ere, komunikabide gehienen fokua gertaera saihestezin gisa aurkeztutako emakumeen defentsa-gabezian zentratu da. Modu honetan, desahalduntzean egiten da enfasia, bazter batean utzirik emakumeen erantzun hauek azken urteetako sentsibilizazio eta lanketa feministak bere fruituak eman izana erakusarazteak.

Beldur eta desahalduntze mezu hauek, bestalde, espazio afektibo eta seguruetan erreproduzitzen dira: eskolan, familian, lagun taldean… Maitena Monroyk nabarmendu duen bezala, horrela, terrore sexualaren imajinarioa modu eraginkorragoan eraikitzen da, “mezuak afektu eta babes ariketa erara asimilatzen baitira, badiren kontrol jardutearen ordez”. “Zehaztugabeko mehatxu” hau, aktibistak dioen gisan, “naturala den zeozer bezala, borrokatu ezin den zeozer bezala” onartua da. Eraso bat jasotzea edo ekiditea gure esku dago, gure ekintzen bitartez probokatzen ditugu ala ez ditugu probokatzen erasoak. Ez dugu disfrutatu behar, ez dugu dantzatu behar, ez gara probokatzaile jantzi behar, ez dugu edan behar, ez gara ezezagunekin joan behar.

Azken finean, gu gara eztabaidaren erdigunean jarraitzen dugunak, eta horrek, gu geu jasotako erasoen eta sentitutako beldurraren erantzule egiteaz gain, eraso hauek egiten dituzten gizonak partikularki, eta maskulinitatearen eraikuntza orokorki, eztabaida publikotik kanpo uzten ditu erabat. Emakumeak biktima pasibo moduan eraikitzeak berarekin dakar txanponaren beste aurpegian maskulinitate agresibo bat eraikitzea, desira sexuala frena ezin dezakeena, eta emakumeen borondatearen gainetik inposatzen dena. Modu honetan, emakumeok biktimaren lekutik eta ikasitako babesgabetasunetik ateratzeko jarraitutako bideari buruz hitz egitea bezain garrantzitsua da maskulinitate hegemonikoa nola sortu eta erreproduzitzen den jorratzea. Beharrezkoa da eztabaida honetan gizonak interpelatzea eta genero aginduak gaindi ditzagun fokua ardura sozialean jartzea. Azkenean, erasoak egiten dituzten gizonak ezin dira ohiz kanpoko munstrotzat hartu, ezta erasorik eragiten ez dituzten eta babes funtzioak erakusten dituzten gizonak heroitzat hartu ere. Estruktura sozial, material eta sinbolikoak bere osotasunean dakartza zalantzan jarri eta desegin behar ditugun maskulinitate hauek.

Punitibismo eta erakundeez haraindi

Terrore sexualaren narratibek indarra hartzen dute fokua ia esklusiboki indarkeria sexualetan jartzen denean, hauek beti marko kontraesankor batean aurkeztuak direlarik: erasoa salbuespenezko gertaera gisa (mehatxua etengabea den arren) eta ezezagun bortitz batek gauzatua bezala (aldi berean, erantzukizuna biktimarena denean) erakusten da. Modu honetan, bai patriarkatua baden estruktura sozial bezala bai hura mantentzeko erabiltzen diren indarkeriak ikusezin bilakatzen dira.

Terrorearen narratiba hauek, halaber, borroka feminista instrumentalizatzen laguntzen dute erakundeetatik emandako erantzun erabat punitibista justifikatzeko, jedartea, eta gizon zisgeneroak batez ere, errespetuan, desiran, adostasunean eta erantzunkidetasunean oinarritutako hezkuntza sexoafektiboan hezteko erronkari aurre egin beharrean. Berriro ere, ziztaden kasuan, erakundeek ia beti soluzio polizialaren bitartez erantzun izana ikusi dugu; kasu batzuetan, ziztaden salaketen harira lehen arreta eskaini zuten kideak kriminalizatu eta jarraitzera ere iritsi izan da, Algortako (Euskal Herria) jaietan jazo zen moduan.

Izu sexualaren aurka, botere punitiboak poliziaren handiagotzea edo bideozaintza kameren instalazioa errezetatzen ditu. Ustezko emakumeen defentsa hartzen du banderatzat (zeinak emakume migranteak baztertzen dituen) eskubide eta askatasunak mugatzeko, bereziki zaintza masiboak eta indarkeria instituzionalak eragin handiagoa duten komunitate horienak.

Aldi berean, terrore sexualak patriarkatuaren oinarri den emakumeen zapalkuntzaren gainean eratutako harreman sozialen egitura konplexua indartzen du. Justizia patriarkala dela edo pobreziak emakumeon aurpegia duela diogunean, hain zuzen, erakusarazi nahi dugu patriarkatua ez dela soilik elementu kultural bat, erantzun kulturalen bitartez bakarrik eraitsiko ez dugun modu berdinean. Horrela, matxismoaren kontzientzia soziala aldatzeko hezkuntza ezinbesteko tresna bada ere, emakume moduan ezin dugu benetako ahalduntze bat erdietsi gure bizitzetan prekarietate handiago bat pairatzen dugun artean.

Mendekotasun ekonomikoko egoera batean bizitzea, lege arrazisten erruz seme-alabak galtzeko beldurra izatea, gaizki ordaindutako hiru lan eta zaintzak bateratzeagatik formakuntzarako denborarik ez izatea… Indarkeria matxistaren aurrean gure autodefentsa feminista gauzatzeko orduan topatzen ditugun zailtasunak dira hauek. Erakundeek kode penalaren erreformen edo poliziaren handitzearen bidez defendatu nahi izatea dioten emakume horiengan sustatzen dituzten erreforma politiko eta ekonomikoek nola eragiten duten ikertzea saihesten dute.

Sarea, komunitatea eta autodefentsa feminista

Nerea Barjolak dioen bezala, “feminismoa indarkeria sexuala testuinguruan jartzen duen tresna da, izena ematen diona, bere lekuan ipintzen duena, aldakor beldurgarritik kokatzen (ez) duena eta garrantzi politikoa ematen diona. Ez da gertaera edo kasu isolatu bat, indarkeria matxista da, sistema heteropatriarkal batean nagusi den araua da. Horregatik, beharrezkoa da autodefentsatik terrore sexualari aurre egitea”.

Lehen iradoki gisan, ziztaden kasuan izandako erantzunek erakutsi digute erasoei aurre egin diezaiekegula elkar zaintzen badugu, emakume bat erasotua denean erreakzionatzen badugu. Oraindik badugu ibiltzeko biderik, baina honek aditzera ematen digu nola sendotzen ari den salaketatik haraindi joateko eta esku hartzeko potentzial indibidual zein kolektiboa,  baita estrukturala ere. Eraso egoera baten aurrean tresnak edukitzea eta erantzungo duen sare baten existentzia sentitzea izu sexuala suntsitzeko eta beldurra erreproduzitzeko hura baliatzen duten horiek armagabetzeko giltza da. Beldurrik gabe, terrore sexualak ez du funtzionatzen.

Autodefentsa feminista, beraz, indarkeria jasotzen dugun emakumeongandik abiatu behar da, modu kolektiboan defenda gaitezen, baina aurrerapauso bat ematea beharrezkoa da terrore sexualaren diskurtsoak eta indarkeria matxista gaitzesteko komunitatea bere osotasunean inplikatu dadin. Azken urteetan erantzun bat ematea eta kokatu nahi gaituzten rol pasibotik ateratzea posiblea dela konturatu garen era berean, segurtasunaren kontzeptua guztion artean eraiki dezakegun gauza bat bezala birpentsa dezakegu, eta ez estatuak eta haren polizia bitartekoek emandako zeozer bezala. PAH-ren blokeetan dugu eguneroko adibide bat, non kontrol komunitarioaren bidez indarkeria matxistari bidea itxi zaion. Hori dela eta, ezinbestekoa da auzo sareak sortzea, terrore sexualaren eta kontraofentsiba erreakzionarioaren aurrean egindako aurrerapausoak finkatu eta babesten ditugularik. Komunitate indartsu eta ongi kohesionatuak, zeinak feminismoa bezalako adostasunen inguruan eraikiak diren, mehatxu hauek geldiarazteko gakoa dira.

Feministes Anticapitalistes dels Països Catalans-eko kideok elkartasun sareak ehuntzen ditugu gure agentzia ahalmena etxean, kalean, aisialdian eta gure bizitzako gainontzeko esferetan erabiltzeko. Modu publiko eta bateratuan indarkeria matxistak, bai fisikoak bai diskurtsiboak, salatzen ditugu dagokien garrantzi politiko eta mediatikoa esleitzeko. Lurralde osoan zehar, gure borroka isilarazi nahi duen estatuaren esku pairatzen ditugun errepresio politikoko kasuetan laguntza eskaintzen diogu elkarri. Auzo asanbladetan bildu eta lan egiten dugu, gure hirietako eta lurraldeko beste kolektiboekin elkarlanean arituz; ikara diskurtsoen aurrean komunitate iraunkor eta erresilienteak sortzen ditugu. Tresnak eta baliabideak partekatzen ditugu autodefentsan forma gaitezen, gure indar propioa erabil dezagun eta gure buruak ezagut ditzagun indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko. Beldurrean laguntzen diogu elkar, hari aurre egiteko eta edozein erasori erantzuna emateko. Opresio eta errepresioen arren, ez dezagun ahantzi feminismoa indarkeriez haraindi doan eta sistema esplotatzaile, hierarkiko eta bidegabe honen aurrean proposamen bat eskaintzen duen proiektu eraldatzaile bat dela.

Indartsuagoak bilakatzen eta hobe antolatzen garen bitartean, kalez kale eta auzoz auzo, erasotzen gaituzten eta gure askatasun eta eskubideen kontra egiten duten politika eta diskurtsoak legitimatzen dituzten horiei aurpegia emango diegu. Diskurtso hauek erreproduzitzen dituzten komunikabideak, biktimizatzen eta birbiktimizatzen gaituzten erakundeak, kontrol sozial handiagoa inposatzeko emakumeon eskubideak ustiatzen dituzten alderdiak, gure zaurgarritasun egoerei oraindik ere probetxu handiagoa ateratzen dieten enpresaburuak. Jada ikasi dugu elkarrekin indartsuagoak garela, eta geldiezin bihurtzeko ari gara lanean. Feminismoak aurrera egin dezan terrore sexualaren eta indarkeriaren aurrean babesteko modurik onena ez ezik, guztiok libre izango garen jendarte baten eraikuntzan aitzinatzeko modua da ere.


Gehiago irakurri:

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba