“Gogotik lan egin dugu”

“Gogotik lan egin dugu”

Alginet kooperatiba 90 urte darama sistema elektriko zentralaren boterearen kontra borroka.

17/02/2022

Danele Sarriugarte-ren itzulpena

Irudi berdina, behin eta berriro. Setati. Gizonak, energia-konpainien gidari. Kooperatibetan ere, beste hainbeste. Hornikuntza elektrikoaren sistema hegemonikotik at kokatzen diren arren, sektoreko botere tradizionalak eta egiteko moldeak zalantzan jartzen dituzten arren, maskulinizazioa gailentzen da, oraindik ere, antolakunde autogestionatuetan.

«Toki batzuetan, aldatu egin da, baina sektorea oso matxista da oraindik ere», azaldu du Pepita Companyk, Alginet kooperatibak valentziarreko zuzendaritza-batzordeko idazkariak. 16 urte daramatza lan horretan; kooperatibak berak, 90 urte ditu. Erakunde horrek baditu hainbat berezitasun; hasteko, 1930ean eratu zen, eta Espainiako estatuan dauden zaharrenetako bat da; horrez gainera, zuzendaritza-batzordeko kide gehienak emakumeak dira: hiru, lehendakaria barne. «Ez da ohikoa emakumeok halako pisua izatea kudeaketan», onartu du Companyk telefono bidezko elkarrizketan.

Osotasunaren erretratua egiteko, premiazkoa da salbuespenekin hitz egitea. Unión Renovables elkartean –hor biltzen dira Espainiako estatuan energia berriztagarriak erabiltzen eta kontsumitzen dituzten pertsonen 19 kooperatiba, bai udal mailakoak eta bai eskualde mailakoak–, ahalegindu ziren estatutuak aldatzen, kargu guztiak parekideak izan zitezen. Bada, ez zen posible izan, sektorean lan egiten duen pertsona batek kontatu duenez.

«Neu izan nintzen kooperatiban sartu zen lehen emakumea. Tira, ni baino lehen, izan zen beste bat, baina sei hilabete bakarrik egin zituen. Valentziako Erkidegoko Kooperatiba Elektrikoen Federazioak, urtean behin, batzar bat antolatzen zuen; neu bakarrik joaten nintzen, eta esaten zidaten: “Andrea, joan zaitez joaten diren bikoteekin”. Eta nik erantzun: “Ez, ez; ni hemen nago, eta parte hartuko dut”», azaldu du Companyk, barrez.

Pepita Company pasio handiz mintzatzen da bere kooperatibaz eta ia mende oso bat iraun duen beren ibilbidean jarri dizkieten eragozpenez. «Tartean nabilenetik, bi aldiz saiatu dira kooperatiba desagerrarazten; bi eraso pairatu ditut, baina, orain, sendo gaude», gogoratu du. «6.000 bazkide gara eta enpresa-talde bat daukagu: energia merkaturatzen dugu, baita banatu ere; zentro fotovoltaiko bat daukagu, baita telekomunikazio-enpresa bat ere. Horri esker, zuntz optikoa eraman dugu herrira. Lan asko egiten dugu bazkideekin, onura handiak ematen dizkiegu», jarraitu du. Algineten hornikuntza jasotzen dute herriko biztanleen eta enpresen % 95ek baino gehiagok. «Valentzian daudenen artean, bigarren handiena da; Espainian, berriz, gu gara azpiestazio [elektriko] bat daukagun bakarrak; ez dugu Iberdrolarekin partekatzen», idatzi digu Companyk mezu elektroniko batean. Telefono bidezko elkarrizketa egin eta egun batzuetara, mezua igorri diogu datu batzuk egiaztatzeko, eta letra larriz eman digu informazioa, horren garrantzia azpimarratzeko.

Fakturetan, deskontuak egiten dituzte; tokiko elkarteei lagundu; diru-laguntzak eskaini erretiroa hartutako jendeari; deskontu-txartelak ematen dituzte eskolako materiala erosteko… Algineteko idazkariak gogo biziz azaldu du nolako ekintzak egiten dituzten herriko ehundura sozialari eta ekonomiari laguntzeko. Amaitzeko, hala esan digu: «Atsegin dut herriarentzat lan egitea, eta, gainera, lanbidearen aldetik ere aberastu nau, asko ikasi dut. Niretzat ohore bat izan da kooperatiban jardutea. Emakumeok gogotik lan egin dugu bertan».

Textu hau Energiak monografikoan argitaratuta dago, harpidetza batzuetan barne dagoena. Gure online dendan edo zenbait liburu-dendetan salgai aurki dezakezue. Guk geuk, harpidetzak nahiago ditugu, Pikara Magazine jarrai dezan, baina nahi duzuen modura irakur gaitzakezue. 

 

Download PDF
Etiquetas: , ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba