“Mirari bat da Nora bezalako film bat aurrera ateratzea: euskarazkoa eta emakume batek sortua”

“Mirari bat da Nora bezalako film bat aurrera ateratzea: euskarazkoa eta emakume batek sortua”

Kritikaren eta publikoaren harrera ona jaso du Lara Izagirreren bigarren pelikulak. Bidean tinko defendatu behar izan du bere sorkuntza askatasuna eta argi ikusi du nola gorpuztu diren genero eta hizkuntza zapalkuntzak.

Lara Izagirre, Zornotzako estreinaldian./ Iratxe Etxeandia

Lara Izagirre, Zornotzako estreinaldian./ Iratxe Etxeandia

“Zuekin hitz egin nahi dut euskarazko film bat emakume batek egiteak dakarrenaz”, idatzi digu Lara Izagirre zinemagileak (Zornotza, 1985). Bigarren filma du Nora. Promozio goxoa mingostu egin zaio Bizkaiako egunkari irakurrienak elkarrizketatu eta, jarritako titular polemikoaren ondorioz, sare sozialetan erasoak pairatu zituelako. Zinemaldiako ohorezko saria lortu duen eta indarkeria matxistagatik salaketa publikoa duen Hollywoodeko izarraren kontrako esaldi gogorra josi zuen kazetariak.

(H)emen Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteko presidentea da Izagirre eta bizitakoak balio izan dio emakumezko zinemagileek topatzen duten egiturazko indarkeria nola gorpuzten den ikusteko. “Kazetaritza feministaren beharra daukat”, esan digu.

suscribete al periodismo feminista

Nora 30 urte inguruko neska euskalduna da, bidaia-aldizkarietan lan egiteko ametsean porrot egin duena. Zaintzen duen aititaren heriotzak bere neurriko bidaia egiteko aukera eman dio, kilometro gutxikoa baina bizimodu berri baterako bidea zabalduko diona. Otoño sin Berlín filmaren ondoren, alde udatiarra adierazi nahi izan du zuzendari eta gidoilari bizkaitarrak bigarren pelikula eder eta xarmangarri honetan. Arina bada ere, geruza asko ditu, emakumeen zaintza ardurak, maitasun erromantikoa erdigunetik kentzeko apustua edota ama-alaben arteko harreman arantzatsua haien artean.

Sei urte itxaron behar izan duzu, pandemia tartean, Nora zinema aretoetara heldu arte. Zer harrera sumatu duzu?

Pasa den urteko Zinemaldian aurkeztu genuen, kritikak oso onak izan ziren eta publikoak oso ondo jaso zuen, baina aldez aurretik erabakita genuen zinema aretoetako estreinaldia atzeratzea, pandemiari lotutako neurriak ez baitziren argiak. Gauza berria da hori, zinema industriaren erritmoaren kontra egin dugula, gizartearen egoerari lehentasuna emanda. Zinemagile gisa, niretzat ikasketa itzela izan da promozioa beste erritmo batean egin daitekeela ikustea. Pasa den udan Izaroren abestia irratian jarri dute, Marina Palaciok zuzendutako bideoklipa egin genuen, Lekeition kontzertua antolatu genuen pelikulako kokaleku berean… Erromantiko samarra naiz ni eta berezia izan da irailean Getxoko autozineetan estreinaldia egitea. Detaile guztiak horrenbesteko mimoarekin prestatzea posible izan da, astiro lan egin dugulako. Orain, zinema aretoetara iritsi denean, oso zoriontsu nago. Banuen beldurra aurreko pelikulari lotuegi ez ote nengoen, harekin oso gustura geratu bainintzen. Baina ikusi dut Norak oso energia polita duela eta hori dela publikoak gehien eskertu duena. Hortaz, azkenean, pelikula udatiar hau oso ondo dator momentu honetan.

Bai, niri ere iruditu zait pandemiako ajea arintzen eta gure bihotzak laztantzen dituela Noraren bidaiak eta filma estetikoki horren ederra izateak.

Una película-abrazo” [Film-besarkada] gisa aurkeztu nuen dossierretan. Jendeari barregura ematen zion, baina duela gutxi hori bera esan zidaten solasaldi batean: “Besarkada bat balitz bezala sentitu dut pelikula”. Besarkadak oraindik erdi debekatuta dauden honetan, pelikulak asmo hori betetzea oso garrantzitsua iruditzen zait.

Baina besarkada gutxi agertzen dira filman! Euskaldunak direlako edo?

Egia da! Ohartu gabe nengoen! (Barreak)

Iruditzen zait Nora oso film femeninoa dela, xarmangarria eta liraina, bere protagonista (Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak interpretatu duena) bezalakoa. Eider Rodriguezek esan du emakume sortzaileen joera izan daitekeela literatura lan ilunak eta gogorrak egitea, kritika patriarkalaren mesedea eskuratzeko. Zer deritzozu?

Arrazoi osoa du. Ez dakizu zelako borroka izan den neska arrunt bati buruzko film bat defendatzea. Dirulaguntzak eskatzerakoan, gertatu zait batzarra eta gero gizonen bat hurbiltzea eta bere ustez kontatzea merezi duen beste istorioren bat proposatzea. Egon dira filma aski feminista ez dela esan didaten gizonak ere. Utz nazazue bakean! Beraien eskemen araberako laukitxoan sartu nahi gaituzte. Nik uste dut emakumeok aske izan behar dugula nahi duguna nahi dugun lekutik kontatzeko. Baina askatasun hori bermatzea oso zaila da. Gero eta argiago ikusten dut Nora, bere xarmangarritasun horretan, badela iraultza bat. Are gehiago, euskaraz emakume batek egindakoa izanik, mirari bat da! Publikoari gustatu zaio, funtzionatu du, baina dirulaguntzak banatzen dituztenei ez zaie gustatzen guk horrelako gauzak kontatzea.

Autoezagutzari lotutako emakumeen road movie ugari egin dira. Zer ekarpen egin duzu zuk?

Ikusle moduan asko gustatzen zaidan generoa da, erakargarria egiten zait emakumeak bidaiari eta naturari lotuta ikustea. Nahi nuen hori gure zinemagintzan ere egotea, ez daukagulako halakorik euskaraz. Nora Zinemaldian aurkeztu genuenean, Nomaland [Chloé Zhaok zuzendari eta Frances Mcdormand aktore nagusi duen Estatu Batuetako filma] aurkeztu berria zen. Hortaz, kazetariek esaten zidaten: “Noraland!”. Helburua ez zen oso handia edo intelektuala. Erakutsi nahi nuen bertoko emakume bat bere neurriko road trip bat egiten. Euskara beste hizkuntzekin elkarbizitzan (gaztelania, ingelesa, frantsesa) agertzen da, hori delako hizkuntzen inguruko nire begirada.

Emakume euskaldun baten road tripa ekarri nahi izan du Lara Izagirrek euskal zinemagintzara./ Nora the film

Emakume euskaldun baten road tripa ekarri nahi izan du Lara Izagirrek euskal zinemagintzara./ Nora filmaren fotograma

Zenbait talde euskaltzalek salatu dugu Euskal Herriko hainbat zinema aretotan bikoiztutako bertsioa jarri dutela. Ez al da euskararen normalizazio faltaren seinale argia? Nola hartzen dira erabaki horiek?

ARGIAn argitaratu zenuen artikuluak pentsakor utzi ninduen. Zer momentutan erabaki genuen bikoiztea, zertarako, merezi izan ote duen… Zaila da erabakien nondik norako guztiak azaltzea. Alde batetik, Televisión Españolak antena eskubideak eskuratu ditu eta oraingoz itzulpena ematera behartzen dute (uste dut araua aldatu nahi dutela). ETB1ek emango du euskaraz eta TVEk bikoiztuta. Bestetik, banatzaileek esan ziguten Espainian bikoiztutako pelikulak azpidatzidunak baino zinema areto gehiagotara heltzen direla. Zer gertatu da, ordea? Espero genuenaren kontrakoa: estatu mailan jatorrizko bertsioa aukeratu dute eta zinema areto gutxi batzuek erabaki dute bikoiztua jartzea… non eta Euskadin bertan! Eta nire buruak eztanda egin du, ez dut ezer ulertzen. Pena da euskaraz ikusi nahi duenak aukerarik ez izatea. Gauzak nola joan diren ikusita esan dezaket bikoizteak ez duela merezi izan. Guk euskaraz egin dugu hala nahi genuelako, baina gure jarrera ez zen “defenda dezagun euskaraz” izan, eta agian beharrezkoa zen.

Zer boteregunetara jo behar genuke euskarazko filmen kudeaketa aldatzeko?

Euskarazko pelikula baten banaketa Euskadira eta Nafarroara mugatu ohi da, eta hortik kanpo kopia bakan batzuk ateratzen dira. Instituzioek aukera polita dute: pelikula bertoko 30 zine aretotan emango badute, dirulaguntzen bidez Estatu mailako beste 30 zine aretoetan jartzen laguntzea. Uste dut katalanak eta galegoak euskarak baino gehiago ateratzea lortu dutela. Nora izango da Frantziako eskoletako kurrikulumean sartuko den euskarazko lehen pelikula. Hori oso positiboa da. Eta nola babestu euskaldunok areto guztietan euskaraz ikusi ahal izatea? Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu, agian haiek… Ez daukat argi. Bi bihotz dauzkat nik: zinemagilearena (nahi dut pelikula ahalik eta gehien zabaltzea) eta euskaldunarena (nahi dut filma euskaraz zabaltzea). Nire herrian, Zornotzan, inaugurazioa salbu, agortu ziren bi paseak bikoiztutakoak izan ziren. Areto batzuek bikoiztutakoa aukeratu dute, bai baitago publiko bat euskaraz sortutako pelikula bat gaztelaniaz ikusteko prest. Hori da niretzat kezkagarriena. Zer egin behar dugu belaunaldi berriek sarrera hori ez erosteko?

Noraren lantaldea emakumez osatzeko hautua apustu feminista izan zen?

Un otoño sin Berlín sortu nuenean uste nuen berdintasuna lortua zegoela. Nahiko happy flower-a nintzen orduan! (Barreak) Gerora ohartu nintzen zinema munduko egoeraz. Orduan zenbatu egin nuen kontrataturiko emakumeen eta gizonen kopurua eta erdi eta erdi eman zidan. Pelikula gehienetan emakumeak % 30 inguru izan ohi dira, edo gutxiago. Nora egitean prozesua kontzienteagoa izan da, baina emaitzan ez da aldaketa handirik. Nire ustez, emakumeok konfiantza dugu emakumeongan eta horrek pelikula hobetu egiten du.

Lantaldean emakumeen partaidetza indartzeko hautu kontzienteagoa egin du Lara Izagirrek Nora filman./ Eneritz Medina

Lantaldean emakumeen partaidetza indartzeko hautu kontzienteagoa egin du Lara Izagirrek Nora filman./ Eneritz Medina

Baina patriarkatuak ez du hori sustatu, emakumeen arteko lehia baizik…

Hori da patriarkatuaren esana, baina zinemagintza oso lan intentsoa eta gertukoa da, eta ez da kasualitatea emakume zinemagile gehienok lantaldean emakume asko sartzea. Esango nuke zineman kriston emakumeen sarea dagoela. Ulertu dugu industria boteretsu eta oso aurkako batean lan egiten dugula eta batera indartsuagoak garela.

Horregatik sortu duzue (H)emen plataforma. Zer ibilbide egin duzue?

(H)emen 2016an sortu genuenean, eta helburu nagusia ikusgarritasuna zen. Beti entzun behar izaten dugu ez dagoela emakumerik zuzendaritzan edo soinua egiten. Elkartea sortu genuen esateko: “Hemen gaude eta ‘hainbat’ gara”. Oraindik martxan dagoen datu basea sortu genuen, zeinetan emakume profesional gisa izena eman dezakezun eta kontratatu zaitzaketen. Hor sortu den emakumeen sarea da egun proiektuaren bihotza, aldatu egin baitu zineman lan egiten dugun emakume askoren bizitza eta lanarekiko harremana. Gidoilari bat, musika konpositore bat, oso bakarrik senti daitezke. Lasaitasun handia ematen du lagun bati deitu eta galdetu ahal izateak: “Zuk zenbat kobratuko duzu film hau egiteko? Benetan? Orduan nik igo egingo dut nire tarifa”. (H)emen emakumeen etxea izatea nahi dugu, gure babeslekua eta gotorlekua. Bost urte hauetan, ahaldundu egin gara, besteak beste Estatuko beste emakume elkarteekin bidea eraikitzeak eman digun babesari esker.

Noraren estreinaldiak aurtengo Donostia sariaren inguruko polemikarekin bat egin du. Aktore ospetsu horren jarraitzaileen erasoak bizi izan dituzu eta zinema munduko gizon matxisten diskurtsoari erantzun behar izan diozu.

Distantzia hartzea lortu dut eta nire buruari esatea, “orain Norarekin nago eta disfrutatu egingo dut”, baina hasieran ezin nuen sinestu. Madrilen nengoen aurre-estreinaldian, hain momentu politean, eta egunkari bateko lerroburu baten ondorioz eztanda egin zuen denak. Kazetariari titularra aldatzeko eskatu nion esan ez nituen hitzak jarri zituelako, eta ezetza eman zidan. Orduan konturatu nintzen zer den garrantzitsua zinemaren industrian. Emakumeak ez gara garrantzitsuak, kontatzen ditugun istorioak ere ez, gure filmak ere ez. Azken traka izan da. Momentuan, erasoen aurrean, neure burua kuestionatu nuen. Pentsatu nuen, “Agian gidoia ez da hain ona”, baina orain konturatu naiz ez dela hori, baizik eta egitura patriarkala duen gizarte batean bizi garela, non ia ezinekoa den Nora bezalako pelikula bat existitzea. Horregatik, biziraule sentitzen naiz. Iaz EHUko Berdintasun Masterra egin nuen eta interesgarria bezain gogorra egin zait, emakumeen aurkako eraso horiek guztiak nola gorpuzten diren ikustea. Orain are gehiago miresten ditut zineman lan egiten duten emakumeak eta aurpegia ematen dutenak.

Zer esango zenuke sariaren inguruko eztabaidan Zinemaldiko zuzendariak erakutsitako jarrerari buruz?

Hainbat eztabaida mota daude. Aurten bi polemika izan ditugu Zinemaldiari lotuta. Alde batetik, emakume eta gizonentzako interpretazio sari bereiziak kendu eta generorik gabeko bakarra sortu izana. Guk esan genuen genero ez bitarra aitortu nahi badute, hobe dela hirugarren sari bat sortzea. Zinemalditik erantzun zuten mugimendu feministaren gogoetatik hurbil zeudela, baina guk ez dakigu norekin duten interlokuzio hori. Edonola ere, eztabaida interesgarria izan daiteke hori. Aktore honen inguruko eztabaida, ordea, oso bestelakoa da, eraso matxistei bidea zabal diezaiekelako. Nik hor marra gorri bat ikusi dut.

Bidean gidoiko amaiera aldatu zuen Lara Izagirrek, gizonen protagonismoa leuntzeko./ Nora The Film

Bidean gidoiko amaiera aldatu zuen Lara Izagirrek, gizonen protagonismoa leuntzeko./ Nora filmaren fotograma

Indarkeria matxistaren erroan daude maitasun erromantikoari lotutako gaiak. Norak maitemintzeko aukera du, baina nahiago du bere bidea mutil-lagun barik jarraitu.

Bidean egin dudan eraldaketaren emaitza izan da. Gidoiaren hasieran bukaera bestelakoa zen, ama eta mutila agertzen ziren. Nik adierazi nahi nuen mutila ez zela bere mutil-laguna baina, tamalez, oraindik maitasun erromantikoaren prismatik interpretatzen ditugu neska-mutilen arteko harreman guztiak. Grabatu genuen, bada. Gero, muntaketan, iruditzen zitzaidan hori ez zela amaiera egokia. Grabatuta geneukan beste sekuentzia bat aukeratu nuen orduan: liburu-dendako emakumea, Nora bertan lanean, eta beste Nora posible bat. Un otoño sin Berlínen ere erabaki berbera hartu nuen, gizonezkoak azken sekuentziatik kentzea eta protagonistak lasai uztea! Ohartzen naiz sortzaile gisa maitasun erromantikoaren biktima naizela. Eskerrak bietan ikuspuntua aldatu nuen! (Barreak)

Elkarrizketa batean irakurri dizut Nora zure amatasunak zeharkatu duela, baina Nora ez da ama. Pasa den abuztuan gure aitita hil zen eta haren hiletara Galiziara egin nuen bidaia izan zen alabagandik urrundu nintzen lehen aldia. Sortuko al zenuke ama baten road moviea?

Ane [Pikaza] aktore protagonistak galdetu zidan: “Baina Norak ama izan nahi du ala ez du izan nahi?” Eta garrantzitsua izan zen jakitea, nahiz eta pelikulan ez den zuzenean jorratzen, Norak ez duela ama izan nahi. Baina amatasunak zeharkatu du pelikula: den modukoa da alaba txikia oso txikia zelako ni grabatzera joaten nintzenean. Arreta banatuta neukan eta horren ondorioak dira filman antzematen ditudan hainbat inperfekzio. Orain opari bat iruditzen zaizkit, oroitzapen bat izango direlako. Arauz kanpo dagoen ama bat naiz eta ez dakit kapaz naizen pelikula baten bidez amatasuna kontatzeko. Oso zaila iruditzen zait, eta aldi berean oso beharrezkoa eredu desberdinak islatzea. Hori bai, nire pelikuletan ama-alaben arteko harremanak ez dira gozoak. Aztertu beharko nuke zer gertatzen zaidan! (Barreak) Erreferenteak behar ditugu eta lasaigarria da horiek pantaila handian ikustea. Ea, ikusiko dugu hurrengo lana nondik norakoa den.

*Zuzenketa: Hurrengo esaldia aldatu dugu: “Promozio goxoa mingostu egin zaio Bizkaiako egunkari irakurrienerako elkarrizketan gizonezko kazetariak bere hitzak manipulatu dituela ikusteak, zer eta lerroburu polemikoa sortzeko”, aipatutako elkarrizketa egin zuen eta manipulazio hori ukatzen duen kazetariaren kexa jaso dugulako.

Segi irakurtzen…

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba