Izaro: “Nire helburua da asmatzea nola izan harremana gorrotoarekin, bakezaletasunetik”

Izaro: “Nire helburua da asmatzea nola izan harremana gorrotoarekin, bakezaletasunetik”

Birarik ikusgarriena behar zuena birarik ezohikoena bihurtu eta amaitu berritan hartu gaitu Izarok: pandemiaren ajeaz, gorrotoaz, bakezaletasunaz eta espiritualitateaz aritu da. Munduarekin nola harremandu, horixe du buruhauste azken aldian abeslariak: feminismotik, zaintzatik eta bizitzak erdigunera ekartzetik egin nahi luke aldaketa. 

Izaro Andrés./ Ane Berriotxoa

Izaro da musikaria eta baita taldea ere, eta bi identitate horietatik harremantzen ikasten dabil./ Ane Berriotxoa

 

Lee la entrevista en castellano.

Lehenengo singelean, limoiondo gazi-gazia iragarri zenuen eta eman ditu fruituak. 2020ak izan du gehiago gazitik garratzetik baino?
2020az, kostatu egiten zait egitea balorazio erreal bat. Konturatu naiz kostatzen zaidala pila bat gogoratzea orain zelakoa zen lehen bizitza, eta orduan iruditzen zait 2020 izan dela aldi berean oso luzea, baina gero oso laburra. Denbora hilabeteka kontabilizatzen badugu, nik uste dut izan duela gehiago gazitik gozotik baino. Baina, momentu onak egon direnean, izan dira bereziki on-onak.

Zer momentu onez ari zara?
Niretzako momentu oso ona izan zen konfinamendua heldu zenean martxoan, mundua gelditu zenean eta nik nire burua ere gelditzera behartua sentitu nuenean. Saiatu nintzen bizitza egiten burutik kanpo eta lurrean: esnatu, garbitu, sukaldatu, jan, nire bikotekidearekin kalitatezko denbora eduki, konpromisoak benetan kendu, nahi ez nuen pertsonari telefonorik ez hartu, whatsappik ez erantzun, bakarrik nahi nuenekin harremandu. Hori ona izan da niretzako. Ez dut sortu, ez baitut kontsideratzen konfinamendua inspiratzailea izan denik. Baina, sektore bezala, aldaketa igarri dut: musika bada sektore bat oso heterogeneoa, ego askoko sektorea da, ez dago talde sentimendurik sektore moduan, nahiko lehiakorra da eta igarri dut, konfinamendu eta pandemiarekin, sare bat sortu dela. Hori ez zegoen lehen, eta hori bada niretzat puntu positibo bat: benetan kezkatu garela beste bati txarto doakiolako eta benetan poztu garela, sektore osoa lur jota ikusi dugunean, badagoela gogoa konektatzeko.

suscribete al periodismo feminista

Eta urrian, halako batean bira hasi genuenean, urtarrilera arte egin dugun bira hori izan da bereziki polita niretzako. Urte osoan zehar ikusi dut nire lantaldea jota, eta biran ikusi ditut lehen aldiz urte osoan zoriontsu, eta hori ere oso ederra izan da: ni ere konturatzea eraiki dudala zerotik proiektu bat non, martxan gauden bitartean, jende askorentzat osasun mentala den.

Konfinamenduan zehar egon zen saiakera bat, ia ezinbestean, lehen oholtzan egiten zen hori sareetara eramatekoa. Zer dute antzekotik oholtzek eta sare sozialek?
Olatu handi bat egon zen: fisikoki egiten zena, sareetara iraultzea. Niretzako, hein handi batean, hanka sartze bat izan zen. Sentitu nintzen konfinamenduan ginela bufoiak, edo. Konturatu nintzen benetan zelako txarto ulertuta zegoen zer den kultura bera, lotzen baitzen bakarrik aisialdiarekin. Uste dut oso sinplifikatua gelditu zela kulturak zer egiten duen eta zoologiko bihurtu ginela. Gure kaiolak telefonoak ziren eta ‘noiz egingo duzu zuzeneko bat?’ Eman, eman, eman. Ba ez, batzuetan ezin da. Ezin da digitalizatu dena, ezin da telelanera bideratu dena. Nik zuzeneko bakarra egin nuen, baina hor amatatu egin nuen telefonoa. Konturatu nintzelako artista guztiak zeudela denbora guztian, edukia sortzen. Ofizio bat da edukia sortzea, eta beste gauza bat da izatea musikaria, dantzaria, dena delakoa.  Konfinamenduan sortu zen burbuila bat non dena eman behar zen streaming bidez; noski, dena doan…  niretzako desastre bat izan zen, eta fabore txikia kulturari.

Zure kasuan, gainera, izen bera duzue pertsonak eta proiektuak. Zenbat dauka Izaro taldeak musikari mallabiarretik eta zenbat, Izaro Andres Zelaietak, talde donostiarretik?
Ia gauza bera dira, behar ezberdinekin. Gure lana prekarioa denez —eta prekarioarekin esan nahi dut nik soldata bat dudala eta pribilegiatu sentitzen naizela horregatik—, nik gauza pila bat egin behar ditut: izan behar naiz oholtzan dagoena, izan behar naiz administratzailea, kudeatzailea… eta gauza bitxi bat gertatzen zait: ni ahal naiz nitik irten. Alegia, nahiz eta gorputz eta garun bera konpartitu, nik oso argi daukat zer eskubide eta zer behar dauzkan email administratiboak erantzuten dabilen Izarok —nik egin behar dudala, ez baitaukat inor hori egingo duenik—, baina Izaro hori ez da oholtzan dagoena. Nik askotan jokatzen dut oholtzan dagoen Izaro ez banintz bezala, hala tratatua izan ez nadin. Nik nire buruari buruz hirugarren pertsonan berba egiten dut. Eta esaten dut ‘gaur Izarok ezin du sinatu’. Zeren eta, benetan: gaur Izarok ezin du sinatu. Nahiz eta Izaro hemen dagoen eta sinatu ahalko lukeen momentu horretan. Baina ez da hori momentu horretan langile horrek egin behar duena, ezta?

Ez al da zaila munduarekin hortik harremantzea?
Bai, zaila da. Nik orain krisi nahiko potolo bat daukat Twitterrekin. Twitter basakeria bihurtu da. Gorrotoaren astakeria bat. Eta ez da erosoa. Iruditzen zait jendea dagoela zain, hanka zelan sartuko, eraso egiteko. Eta iruditzen zait ez dela batere leku osasuntsua. Ulertzen dut zergatik ari den jendea joaten. Nik gero eta gutxiago tuiteatzen dut, gauza bat tuiteatzeko, 98.000 bider pentsatu behar baituzu. Twitter oso biolentoa da. Nik uste dut Instagram, adibidez, askoz ere arinagoa dela zentzu horretan, nahiz eta egon badauden hater-ak. Baina ez zait iruditzen lintxamendurako sare sozial bat denik, askoz eraikitzaileagoa iruditzen zait erabilera. Erosoago nago hor.

Taldean izan duzue horren inguruko hausnarketarik?
Banda bezala, ibiltzen gara begiratzen zelan egin gauzak. Nire etxea oso etxe bakezalea izan da. Eta nik uste nuen ‘bakezalea’ zela gauza normal bat, baina ez da. Bakezalea izatea kristoren esfortzua da eta nik orain hori ulertu dut. Miresten dut pila bat bakearen bitartez iraultza egin nahi izan duen jendea, ez delako batere erreza. Ematen duelako baketik ezin dela iraultza bat egin, ez denez ikusgarria. Uste delako bakezaletasuna pasiboa dela, baina bakezaletasuna aktiboa da.

Orain ari naiz egiten hausnarketa bat ikusteko benetan nola izan ahal naizen bakezalea. Eta adibide eman. Argi dago, ezaguna izateko orain arte egin behar izan dudana dela nire burua maskulinizatu. Inguruaren altueran egoteko, zeu maskulinizatzen zara, ingurua femeninotu ordez. Lidergoak jarrera hori zeukan; beraz, lidergoarekin bat egiteko, nik jarrera hori hartu dut. Orain beste lidergo mota bat daukat eta ez dut naturalizatu nahi hitz zatarrak esatea; ez dut naturalizatu nahi ezer zatarra erabiltzea. Hor nago, borroka horretan. Zeren eta bakezalea izateko, askotan isildu egin behar baitzara, behar duzulako pazientzia, behar duzulako pentsatu. Baina horrek ez du esan nahi ekintzara pasa behar ez duzunik, are gehiago, ekintzara pasa behar zara, baina ez aurka ateratzetik.

Budismoaren gauzak irakurtzen nabil, oso interesgarria iruditzen zait. Eurek esaten dute ‘zugan amorrua sortzen badu, bere gain hartuko zaitu’. Eta hortik ezin duzula ezer osasuntsua egin zuretzako. Hori ikasten nabil hater-engandik. Erantzun behar zaie? Ez? Zelan egiten den hori.  Beti pentsatzen dut zer momentutan sentitzen den inor zilegiztatua norbait publikoki iraintzeko, zer ekuazio izan behar den buru barruan, bere bidea zurekiko bakean egiten duen norbait publikoki iraintzeko.

Feminismoan espiritualitatearen hausnarketa mahai gainean jartzearen aldekoa da Izaro Andres./ Iratxe Etxeandia

Feminismoan espiritualitatearen hausnarketa mahai gainean jartzearen aldekoa da Izaro Andres./ Iratxe Etxeandia

 

Pertsona publiko bezala, zuk sor dezakezun erreferentzialtasuna kontuan hartzen duzun zerbait da?
Bai, bai. Pila bat. Nik uste dut mikrofono bat badaukazu aurrean, kamera bat edo dena delakoa, boterea daukazula. Eta botereak erantzukizuna dakar. Eta erantzukizunik gabe erabiliko baduzu boterea, benetan uste dut momentu honetan mikrofonoa laga behar duzula. Egia da, nire pertsonaia publiko honetatik, batzuetan somatzen dudala faltan anonimotasuna, hanka sartu ahal izateko. Ez da batere erraza gauza guztiak ondo esatea, edozer gauza esateko pila bat zehaztu behar dituzulako gauza denak.

Baina bai saiatzen naizela zaintzaren ikuspuntua oso-oso zentroan edukitzen. Egin nahiko nuke aldaketa nik ulertzen dudan horretatik: feminismotik, zaintzatik, bizitzak erdigunera ekartzetik. Nire helburua da asmatzea nola harremandu matxismoarekin, nola harremandu biolentziarekin, nola harremandu arrazista batekin, hater batekin. Nola harremandu gorrotoarekin, bakezaletasunetik. Txarto eramaten dut feminismoaren izenean Twitterren dagoen biolentzia. Gorrotoak txikitzen nau. Eta are gehiago, gorrotoa ahalduntzeaz mozorratzen denean. Iruditzen zait modan dagoela hater izatea. Neska asko, hizkuntza super agresiboarekin, gorrotoa zabaltzen. Eta sentitzen dut pertsonaia publikoak garela, bereziki neskak, etengabe irainduak eta askotan irain hori datorrela beste neska batengandik, ahalduntzeaz mozorrotuta. Eta oso mingarria da. 

Zure burua publikoki feministatzat aldarrikatzeak izan du nolabaiteko ondoriorik?
Ez dakit, suposatzen dut baietz, baina hain da oinarrizkoa, nola ez zara izango ba feminista? Nik uste feminista ez direla dioten horiengan jarri behar dela fokoa, horiek dira arriskutsuak direnak gizarterako. Horiengan dago arazoa, ez besteongan. Feminista ez izatea, praktikan, matxista izatea da. Baina feminismoak ez dira matxismoen antipodak, feminismoak justizia dira, ez doaz inoren aurka, doaz bizitzaren alde. Ez da hain zaila ulertzeko ulertu nahi duenarentzat. Askotan pentsatzen dut zelan lagatzen ari garen gorroto ideologiei izaten ideologia. Eta ez dira ideologia. Gorroto delituak dira, gizateriaren aurkakoak. Feminista naiz, eta halabeharrez islatuko da hori nire bizitza pribatu eta oihartzun publikoan. Hala behar du izan.

Zuk baduzu, beraz, posizionamendu politiko bat zure irudi publikotik aldarrikatzen duzuna. Esan izan dizute inoiz zure letrak zuriegiak direla?
Esan izan didate ez naizela politikoa. Euskal Herri mailan esan didate ez naizela politikoa. Nik kontsideratzen dut oso politikoa naizela. Uste dut oso konplikatua dela benetan bakezalea kontsideratzea zure burua eta hortik lan egin nahi izatea eta jendeak pentsatzea ez zarela politikoa. Bakezalea izatea niretzako oso politikoa da. Eta sorpresa eragiten dit, hori esaten didatenean. Ez naiz alderdikoia. Eta uste dut hori dela hemen joera nagusia.

Sen feminista, amama Elisarengandik datorkizu?
Ez behintzat hortik bakarrik. Uste dut datorrela gure etxean erakutsi digutelako txikitatik pertsonak ikusten. Nire etxea beti izan da oso etxe ekologista. Eta niretzako ekologismoa eta feminismoa ia gauza bera dira. Azkenean, niretzako puntu berera heltzen gara: bizitzak erdigunera. Gai izan naiz oso umetatik identifikatzeko natura niretik at zegoen zerbait moduan, ez dela zerbait nirea edo niretzat egina dagoena. Bizikide garela. Gerora ulertu ditut gauza pila bat.

Posible da ehuntzea sare feminista bat zure inguruan, aipatutako gorroto horren kontra babesteko?
Bai. Nik badaukat. Eta sare horiek benetan eraginkorrak izateko uste dut falta zaigula espiritualitatearen hausnarketa mahai gainean jartzea. Oso espiritu gutxi dago gaur egun gure gizartean, horrela esan badaiteke. Hezkuntza emozionalaz berba egiten dugunean, beldurra ematen digu espiritualitateaz hitz egiteak, erlijio batera lotzen dugulako. Horri kontra egiteko espiritualitatea ezabatu dugu eta hori akats handia da. Nik uste dut espiritualitate hori lantzetik datorrela benetan bizitza zer den ulertzea. Federa hurbildu, ez erlijiora. Eta niretzako oso interesgarria da irakurtzea ekologismo ezberdinen edo feminismo ezberdinen inguruan eta ikustea bakoitza non dabilen eta nondik. Nik uste dut espiritualitatea dela feminismo guztiak kabitzen diren poltsa, mugimendu antiarrazista guztiak kabitzen direna, badaukatela zerbait komunean nahiz eta batzuk diren oso ezberdinak eta batzuetan ahal diren egon desados. Baina nik uste dut espiritualitatea dela hori guztia bere gain hartu dezakeena.


Segi irakurtzen eta entzuten!

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba