Judith auzoan geratuko da!
Baina hau hasi besterik ez du egin eta hurrengo urrats garrantzitsua hilaren 15ean Corazon de Maria plazatik abiatuko den manifestazioa izango da.
Judith AZET Etxebizitza Sindikatuko kidea da, 24 urteko emakumea, 8 hilabete eta erdiz haurdun dagoena. Konfinamendu bitartean lan eta diru sarrera barik geratu zen, ezin izan zuen alokairua ordaindu eta kale gorrian geratu zen. Egoera desesperatu honetan hutsik zegoen Udal Etxebizitzetako batean sartu zen eta bertan bizi izan da azken hilabeteetan.
Duela aste batzuk etxetik kaleratuko dutela jakin zuen. Gutun bat jaso zuen; etxegabetze express prozedura hasi zela jakinarazteko. Prozedura honen bitartez 10 egunetan gauzatu daiteke etxe kaleratzea. Beste etxegabetze bat, pandemian eta aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko baten erdian. Kalean gera litekeen beste pertsona bat. Baina kasu honetan, marrazoa ez da ohiko jabe handi bat; oraingoan arduradunak erakunde publikoak dira: Udala eta Bilboko Udal Etxebizitzak. Duela aste pare bat etxegabetzeen aurkako dekretua atera da. Judithek zaurgarritasun-baldintza guztiak bete arren, ez dugu kaleratzea bertan behera geratuko den inolako bermerik, dekretuak ez baitu espreski jabetza publikoaz hitz egiten.
Egoera honen aurrean sindikatutik zenbait lan ildo garatu ditugu: legala, instituzionala eta mobilizazioena. Ildo legalarai dagokionez, Bilboko Okupazio Bulegoarekin batera, etxegabetzearen plazoak gelditzea eskatu dugu, gure kideari dohako justizia ematen dioten arte. Duela astebete plazoak geldirik daudela jakin dugu, etxegabetzea, berriz, aurrera darrai eta Judithek kalean geratzeko arriskuan jarraitzen du. Arlo instituzionalari dagokionez, Udal Etxebizitzak interpelatu ditugu behin eta berriz, bertako arduradunekin hitz egiteko bilera bat eskatuz. Haiek ezarritako burokrazia korapilatsuan eman beharreko urrats guztiak eman ditugu eta hala ere ez dugu inolako erantzunik jaso. Hau horrela izanda, gero eta argiago daukagu etxegabetzeari aurre egiteko eta gure auzokideak defendatzeko modu bakarra kalean borrokatzea dela, gure etxeBIZITZEN aldeko borroka erradikala piztuz. Horregaitik hirugarren lan ildoa mobilizazioena da. Arlo honetan zenbait pasu eman ditugu dagoneko, problematika sozializatzeko asmoz; agitazioa, propaganda, asanblada irekiak edo auzolanak. Baina hau hasi besterik ez du egin eta hurrengo urrats garrantzitsua hilaren 15ean Corazon de Maria plazatik abiatuko den manifestazioa izango da.
Manifestazioak bi helbururi erantzungo die. Alde batetik Judithen egoera irmoki salatzea, honen arduradunak zuzenean seinalatuz. Bigarren helburua, urte berriarekin datorren miseria zaharra salatzea da. Izan ere, Judithena ez da kasu isolatua, ezta kasuala. Kasualitatea ez den bezala Judith langile klasekoa izateaz gain emakume gaztea izatea, ama bakarra izango dena. Gainera, Judithen kasutik haratago, sindikatuan eta auzoan antzeko egoeran dauden hainbat emakume daude, Udal Etxebizitzekin ere gatazkan daudenak: kaleratuak izango diren kideak, baldintza penagarrietan bizi direnak, edo etxebizitza bat izateko eskubidea bai, baina ematen ez dietenak. Hortaz, horiei guztiei elkartasuna adierazteaz gain, Udal Etxebizitzen kudeaketa enpresarial eta merkantilista salatu nahi dugu. Izan ere, instituzio honek enpresa edo jabe handi bat izango balitz bezala jarduten du, inolako errespetu eta enpatia erakutsi gabe langileen bizitzekiko.
Horregaitik, edozein etsairen aurrean gure apostua borrokan jarraitzea izango da, etxeBIZITZAREN aldeko borroka erradikala garatuz eta behar indibidualei kolektiboki erantzuten, klase elkartasunaz eta auzodefentsaz baliatuz.