“Haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez da jasangarria”

“Haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez da jasangarria”

Itziar Alkorta Idiakez Zuzenbide Zibileko irakaslearen ustez, haurdunaldi subrogatuak giza eskubideen kontrakoak dira. Hala ere, nazioarteko debeku bat posible ez den bitartean, arautze murriztailearen aldekoa da.

13/01/2021
Itziar Alkorta Idiakez./ Berak emandako argazkia

Itziar Alkorta Idiakez./ Berak emandako argazkia

Ciudadanos alderdi politikoak 2017. urtean haurdunaldi subrogatuak arautzeko lege proposamen neoliberala Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztu zuenean eztanda egin zuen eztabaida honek Espainiar estatuan. Urte hartan ere, EH Bilduk oso bestelako legeztatze proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrean: osasun sistema publikoan eta diru trukerik gabekoa. Feminismoaren baitan, korronte abolizionistak izan du oihartzun handien, alokairuzko sabelak emakumeen gorputzaren esplotazioan oinarritzen diren argudioarekin, besteak beste. Euskal Herriko mugimendu feministako hainbat kidek ere analisi kritikoa zabaldu dute, negozio globalizatu hori bizitza eta kapitalaren arteko talkan kokatuz.

Itziar Alkorta Idiakez  (Donostia, 1967) euskal feministontzat gai honetan aditu nagusia da. Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakaslea, 2001ean lagundutako ugalketaren tratamendu juridikoari buruzko doktoretza tesia defendatu zuen, bi urte geroago erreferentziazko liburu gisa publikatu zuena. Tartean, doktoretza osteko formazioa Amerikako Estatu Batuetako bi bioetika zentroetan osatu zuen eta han obulu salmentaren eta haurdunaldi subrogatu komertzialaren fenomenoa ezagutzeko parada izan zuen. Geroztik, Europako Legebiltzarrari zuzendutako bioteknologien arauketaren inguruko gomendioak egin ditu eta, ikerketa eta aholkularitzaz gain, zabalkunde lan handia egiten du. Bereziki, haurdunaldi subrogatuei buruzko hitzaldi ugari eman ditu eta baita kongresu akademikoak koordinatu ere.

suscribete al periodismo feminista

Azaroaren 18an, Pikara Magazinek 10 urte bete zituen egunean, Azpeitiko Emakume Txokoak antolaturiko solasaldian egin nion elkarrizketa. Aitortu nion amatasunak nire ikuspuntua aldatzera eraman nauela, eta zera erantzun zidan: “Gai hau oso esperientziala da, argudio guztiak dira baliozkoak, bai burutik zein erraietatik ateratzen zaizkigunak”.

Izenak badu izana. Zein izen erabiliko dugu guk, “alokairuzko sabelak” edo “haurdunaldi subrogatuak”?

Ez zaizkit ez bata ez bestea gustatzen. “Haurdunaldi subrogatua” anglizismo batetik dator, Baby M kasuan jatorria duena: 1986an New Jerseyko mediku bat estatu hartako lege zibilak aurreikusten duen surrogacy deitutako figura batez baliatu zen, emazteak haurrik ekarri ez zuela eta, bigarren emakume batekin kontratu bat sinatzeko. Mary Beth Whitehead intseminazio artifizialaren bidez bere haziarekin haurdun geratu zen, erditzerakoan haurra emango zuela adostu ondoren. Inportatutako termino zentzugabea da gure testuinguruan, etimologiaren aldetik zein esanahiaren aldetik. Aditzera ematen du ordezkaritza kontratu bat besterik ez dela. Bestetik, “alokairuzko sabelak” ez dut gustuko, ez direlako errespetuzko hitzak horrelako kontratuetan parte hartzen duten emakumeentzat. Beste hitz bat asmatu beharko genuke denon artean!

Zure ustez, legearen aurrean nork izan behar du jaioberriaren ama?

Ugalketaren zatikatzeak izugarrizko buruhauste juridikoak dakartza. Ikertzaileak konturatu zirenean emakumeok gai garela edonoren obuluak onartzeko (organoak onartzeko, aldiz, bateragarritasun genetikoa beharrezkoa da), ikaragarrizko ezustekoa hartu zuten. Nire ustez, zibilizaziozko egitate bat izan zen. Kapitalak aukera ikusi zuen: giza ernaltze industriak obuluak in vivo transplantatzeaz gain izoztea eta esportatzea lortu zuenean, umeak katean ekoiztearen negozioa deskubritu zuen. Demagun obulua Ukrainako emaile anonimo batek jartzen duela diru truke, ernaldutako obulu hori Indiako emakume bati transferitzen zaiola eta, haurra jaiotzen denean, Donostiako emakume batek jasoko duela, prozedura ordaindu duelako. Ikuspegi juridiko batetik, nor da ama? Karga genetikoa jarri duena? Haurdunaldian haurrarekin hartu-eman fisiologikoa izan duena? Ala ama soziala, adopzioekin gertatzen den bezala? Erantzun egokia eman nahi badugu, balizko gurasoez gain, haurrengan, emakumeengan eta eraiki nahi dugun gizartean pentsatu behar dugu.

Amerikakako Estatu Batuetan nor da ama, legearen arabera?

Ordaintzen duena, oso argi daukate.

Espainian, ordea, erditzen duena da ama?

Espainian ez dago arautua, ezta debekatua ere. 1988. urtean egin zen giza ugaltze teknikak arautzeko legea eta zehazten zuen horrelako kontratuak ez direla baliozkoak. Hortaz, kode zibilera jo behar dugu: ama da erditzen dena, ez ama genetikoa eta ezta ordaindu duena ere. Baina aita genetikoak aitatasuna eskatu dezake eta hori egiten dute bikote gehienek: aitak umea jaio den herrialdean DNA proba eskatuko du, haurra erregistratuko du eta, ondoren, bere bikoteak haurra adoptatzeko tramiteak egingo ditu. 2019an Justizia Ministerioak instrukzio baten bidez debekatu zuen atzerritik ekarritako umeak erregistratzea, baldin eta herrialde horretako epaile batek ebazpen judiziala eman ez badu. Ukrainan ez dute ebazpen hori ematen (bai ordea Estatu Batuetan) eta, horregatik, balizko familiek arazoak izan dituzte. Gainera, Ukrainako Ministerio Fiskalak ospitale batean esku hartu du, haurren salerosketa leporatuta.

Haurdunaldi subrogatuen praktika giza eskubideen kontrakoa dela uste baduzu ere, arautzearen aldekoa zara.

Bi eredu gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Alde batetik, Kalifornian fenomenoa erabat onartua eta hutsalduta dago. 35 urte daramatzate eta oso ondo ordaindua dago! Neska gazte askok bere ikasketak ordaintzeko darabilte, 100.000 dolar inguru kobratzen dituzte. Legeak emakumeei gutxieneko diru sarbideak izatea exijitzen diete, umeak inguru egoki batean hazi ditzaten. Hau da, ez dira emakume txiroak, paperik gabeko etorkin batek ezin du haurdun subrogatua izan. Bestetik, Indiako emakumeen egoera ezagutu dut, bai Indian bertan zein Australiara migratzen dutenena. Horiek bai, emakume txiroak dira eta diru sarbidea lortzeaz gain, bederatzi hilabetez bizi baldintza duinak izateko estrategia gisa ikusten dute: bere umeekin, senarrengandik urrun egongo dira, egunero hiru aldiz jango dute…

Leku horiei ‘emakumeen abeltegiak’ edota ‘haurrak egiteko fabrikak’ ezizenak jarri dizkiete ahots kritikoek.

Bai, baina ospitaleak dira. Han emakumeak ondo monitorizatuak daude, izan ere, inor ez dago prest emakume bati ordaintzeko haurdunaldi hori osasun aldetik bermatua ez badago. Nik uste dut nazioarteko debeku batera jo beharko genukeela, esplotazioa ikusten dudalako praktika horretan. Baina ametsezkoa da, Amerikako Estatu Batuetan oso errotua dagoelako; Nazio Batuen Erakunderan asanblada orokorrean ez dute ezta gai-ordenean sartu ere. Bien bitartean, eskaria murrizteko modu bat izango litzateke gurean arautzea, inoren eskubideak urratu gabe. Hau da nire proposamena: orain bezala, erditzen dena da ama, ez bitartekari edo surrogate bat, eta erregistro zibilean lehendabizi bera agertuko da. Ondoren, epailearen onespenarekin, bere borondatez umea emango du. Bigarren baldintza: umeak erregistro zibileko haren jatorriari buruzko datuak ezagutu ahal izango ditu. Azkenik, zuzenbide kontinentalak arautzen du giza prestazioak ezin direla ordaindu. Nik ezin dut giltzurrun bat erosi eta, era berean, haurra izateko emakume baten gorputza baliatzeak komertziotik kanpo egon beharko luke. Haurdunaldi subrogatuak onargarriak iruditzen bazaizkigu, modu burujabe eta jasangarrian egiteko prest al gaude? Ni prest nago.

Arazoa globalizazioa da: familia askok nahiago dute kontratu komertziala legeztatu duen herrialde batera jo zuk proposatzen duzun eredu murriztailearen baldintzak onartu baino.

Hala da. Australian hasieran legeztatu zuten, gero erabaki zuten bakarrik altruista izan zitekeela, ordaindu gabekoa. Zuk esan bezala, jendeak nahiago du Indiara edo Thailandiara joan, ez dutelako umeak erditu duen emakumearen albisterik izan nahi. Baina nire tesirako are eta etsigarriagoa den beste zerbait gertatu da Australian: atzerrian egindako haurdunaldi subrogatua kode penalean lurraldez kanpoko delitu gisa kalifikatzeko ausardia izan badute ere, lege hori ez da aplikatu eta haurrak erregistratzen jarraitzen dute. Zergatik? Gurasoak kartzelara eramateak umearen interes gorena lehenetsi behar den doktrina urratzea dakarrelako.

Frantzian, ordea, haurdunaldi subrogatuak debekatu dituzte. Zer gertatzen da han adingabeen interes gorenarekin?

Frantzian askoz ere zorrotzagoak izan dira, bai. Bikote heterosexual batek Kaliforniatik umea ekarri zuen eta epaileak esan zuen bazekitela kontratu hori legearen kontrakoa zela eta, ondorioz, umea adopzioan ematea agindu zuen, aitaren haziaren bidez jaio bazen ere. Giza Eskubideen Epaitegira heldu ziren, umeak ja 14 urte zituela, prozesu horretan nazionalitate barik hazi zen… Estrasburgok erabaki zuen ume horrek ez zuela errurik, bere gurasoak zirela eta eskubidea zuela atzeraeraginezko nazionalitatea izateko. Mekanismo maltzur bat garatu da: alegia, balizko familiek badakite legearen kontra egiten dutela, baina negozioa ondo egituratuta dago eta hor daude bidean agertuko diren arazoak konpontzeagatik kobratzen duten agentziak. Estatuek agentzia horien jardueraren kontra erraz egin lezakete, baina ez dute egiten! Lasai asko daude zerbitzu hori eskaintzen.

Lege-iruzurra egin duten balizko gurasoak zigortzearen alde al zaude?

Nazioarteko debekurik lortzen ez dugun bitartean, ahalik eta min gutxien egiten lagunduko duen akordioak legeztatzearen aldekoa naiz. Erresuma Batuan, esaterako, umerik izateko aukerarik ez baduzu, zure senide edo lagun bat prest badago haurdunaldia diru trukerik gabe izateko eta zuri haurra emateko, epailearen aurrera joateko aukera duzu, egoera azaldu eta hark erabakiko du ea akordio hori garbia den, hau da, benetako adostasun informatua dagoen.

Hala bada, “nire gorputza, nire erabakia” leloa onartuko genuke?

Bai. Ez badago preziorik, ez badago pizgarririk ezta presiorik ere, baizik eta esaterako ahizpa laguntzeko grina, uste dut emakume hori libre dela eta bere autonomia errespetatu beharko dugula.

Eta motibazioa ez bada senide edo laguna laguntzea baizik eta ezezagunak laguntzea, militantzia moduan?

Kasu horretan ere epaileak perituen txostenen bidez ebatziko zuen ea emakume horrek adostasun informatua eman duen. Zergatik ez?

Bitartekarien artean, lagundutako giza-ugaltze industria boteretsuak lobby bezala funtzionatzen du…

Espainia mundu mailako potentzia da, bai ugaltze prozesuan zein zelula amen ikerketan ere, eta obodonazioaren inguruko legedia malgua izan da horren giltzarria. Donazioa deitzen zaio baina ordainsaria ematen da, anonimoa izan behar du, obuluak 50 urteko emakumeek jaso ditzakete, esportatu ahal dira… Europan emakumeei ipintzen zaizkien obuluen erdia Espainian ekoiztuak izan dira! Horrek nolabaiteko mikroklima bat eratu du. Iritzi publikoaren borroka irabazten ari dira, izan ere, dena daukate haien alde: umeak izateko erabakia atzeratu dugu, ume gutxi jaiotzen dira, eta industriak irtenbide gisa aurkeztu du. Pentsatu behar dugu ea emakumeoi ama izateko eredu hau interesatzen ote zaigun eta zer prezio ordainduko dugun.

Emakumeak besteekiko sakrifizioan hezten gaituzte. Obuluen negozioan ikusi dugu altruismoa darabiltela emakumeak erakartzeko.

Ciudadanos-en lege proposamenak “ordaina duen modalitate altruista” proposatzen du. Ez ditzagun errepikatu obulu dohaintzan egindako hanka-sartzeak! Altruismoaren argudioa oso azalekoa da, sistemari estaldura polita emateko baino ez du balio. Bai emakumeek zein gizonek, patrikan mila euro sartzeko ematen dituzte gametoak, horregatik jotzen dute klinika pribatuetara eta ez ospitale publikoetara. Eufemismoak kontzientzia desarmatzeko balio du eta industriaren etekina handiagotzen du. Amerikako Estatu Batuetan obuluak enkantean jartzen dituzte! Harvardeko ikasle kaukasiko batek 120.000 dolar eskatu ditzake erraz. Haiek gutxienez ez dira hipokritak!

Haurdunaldi subrogatuetan obuluak ematen dituzten emakumeek ere parte hartzen dute, eta hauen papera ahaztu ohi da. Hormonazioa, monitorizazioa, laparoskopia, sedazioa… Oso prozedura gogorra da eta ez dut uste emakumeak ondo informatuta daudenik. Ezin dugu negozio hau abeltzaintza ekoizpen masibo batean oinarritu. Industriak emakume horien ekarpena hutsaldu egiten du, ez dute balioan jartzen haien karga genetikoa duen materiala ematen dutela. 18 urterekin obuluak eman zituen emakumeak gerora haurdun geratzea lortzen ez badu eta klinikara jotzen badu galdetzeko ea bere obuluekin haurrik jaio ote zen, ez diote erantzunik emango, anonimotasunaren beharra dela eta.

Jatorriak ezagutarazteko eskubidearen aldekoa zara. Europako herrialde gehienetan bermatu dute baina Espainian giza-ugaltze lobbyak Gobernuari eskatu dio ez arautzeko.

Hala da. Anonimotasunak norberaren biografia ezagutzeko eskubidea ukatzen du eta Europa mailako arau baten kontrakoa da, alegia, norberaren datuak gardentasun osoz kudeatu behar direla agintzen duena. 1988ko legeak emaileen erregistroak aurreikusten zituen, baina klinikei ez zitzaien interesatzen, anonimotasunak obuluak edo esperma emateko prest dagoen jendea aurkitzen laguntzen duelako. Erregistroa hogei urte geroago sortu da eta esku pribatuetan utzi da.

Obuluen salmentaren negozioa nola kontrolatu daiteke orduan?

Nire ustez, Europako hainbat herrialdetan bezala, obulu eta espermaren donazioaren kudeaketak publikoa izan behar du, donazioek nominatiboak izan behar dute eta ordainik gabekoak. Erresuma Batuan obuluak emateko modu bakarra da in vitro ziklo bateko soberakinak eskaintzea. Aukera hori sustatzeko estrategiak zilegi dira, hala nola emakume horiei prezioan beherapena egitea edo tratamendurako itxaron zerrendan aurreratzea. Azken hori Espainiako ospitaletan ere egin da, hau da, itxaron zerrendan dagoen erabiltzaile bat aurreratzea ezezagunei obuluak emateko prest dagoen lagun edo senide bat sistemara ekartzen badu.

Kanadako estatu batek haurrak bi guraso baino gehiagorekin erregistratzea onartu du. Ugaltze-eredu alternatiboak babesteko eta sustatzeko aukera egokia iruditzen zaizu?

Bai, nik uste dut hori dela bidea. Figura biologiko eta sozial horien artean zaintza eta jagoletza akordio bat sinatzen da, denek parte hartzen dute haurraren heziketan, umeak bere biografia ezagutu eta onartu egiten du… Ordea, haurdunaldi subrogatuen dinamikak bikote egitura tradizionala indartzen du, baita bikote homosexualen kasuan ere.

Dena den, gure buruari galdetu beharko genioke ea haurrak izatea eskubide bat den. Haurdunaldi subrogatuen aldeko aktibista bati entzun diot: “Emakumea naiz eta nire ugaltze-proiektua aurrera eramateko eskubidea daukat eta Estatuak bermatu behar du”. Nire ustez, Ciudadanos-ek ere programan jasotzen duen eskubide hori ez da existitzen. Adopzioen nazioarteko araudiek argi adierazten dute umeek gurasoak izateko eskubidea dutela baina gurasoek ez dutela umeak izateko eskubiderik. Horri eutsi behar diogu.

Adopzioak sustatzea eta erraztea aldarrikatzen dute alokairuko sabelen kontrako feministek. Baina adopzioen inguruan ere esplotazioa eta salerosketa barra-barra salatu izan dira, bai herrialde txirotuetan zein etorkinen artean ere.

Egun ume gehiago ekartzen ditugu gurera amatasun subrogatuen bidez nazioarteko adopzioen bidez baino, iturriak itxi direlako, arazo etikoak tartean. Bi gaiak oso lotuta daude: familiek bide berri bat ikusi dute haurdunaldi subrogatuetan. Frantziako adopzio tasak oso onak dira baina barne-adopzioekin gertatzen dena ez da garbia: haurdun dagoen emakume batek haurra aldez aurretik adopzioan emateko prozesua martxan jar dezake, era anonimo batean, eta emakume etorkin txirotuak dira aukera hori gehien hartzen dutenak. Hipokrita iruditzen zait amatasun subrogatuak debekatzea eta aldi berean etorkinei umeak kentzean datzan eredu hori onartzea.

Indiako Gobernuak lortu du haurdunaldi subrogatuen fenomenoa errotik murriztea. Azaldu dezakezu?

Politikoki oso azkarrak izan dira. Krisialdi ekonomikoan, Indiako zenbait estatu oso industrializatuetan, “berrikuntza laborategiak” deitutako ospitaleak jarri zituzten martxan: batzuetan entsegu klinikoak egiten zituzten eta beste batzuetan ama subrogatuak monitorizatzen zituzten. Hau da, giza haragia lehengai zuen industria sortu zuten. Pobretutako jendea ospitale horietara zihoan baldintza onak eskaintzen zituztelako, baina hemen onartuko ez liratekeen transakzioak ziren. Indiako legebiltzarrak erabaki sotil bat hartu zuen: aduanetan kanpoko enbrioirik sartzea ez onartzea, arrazoi sanitarioak argudiatuta. Horrela eten zuten horniketa, atzerritarrak ez baitzeuden Indian prozesu guztia egiteko prest. Ondoren, lege baten bidez haurdunaldi subrogatuen praktika indiarren artean modalitate altruistan egitera murriztu dute. Zioen azalpenean adierazi dute haurdunaldi subrogatuak biokolonialismoaren adar berri bat direla. Uste dut termino hori benetan argigarria dela.

Pandemiak ugaltze-turismoa delakoa geldiarazi du?

Obuluen esportazioak ez dira eten. Haurdunaldi subrogatuen kasuan, arazoak egon dira atzerrira umearen bila joateko edo zesareak programatzeko data zehazteko, balizko gurasoek bidaiatzeko ziurgabetasun handia dutelako.

Agian momentu ona izan daiteke zer edo zer aldatzeko?

Bai! COVID-19ak kalte handia egin du, baina testuinguru hau aprobetxatu beharko genuke gauzak bere onera ekartzeko. Nik uste dut haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez dela jasangarria.

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba