Autodefentsa feminista ahalduntze feministarako proposamen bat da oraindik ere

Autodefentsa feminista ahalduntze feministarako proposamen bat da oraindik ere

Autodefentsa feminista da martxan jarri behar dugun baliabideetako bat, ez bakarrik indarkeriari kontra egiteko ezpada patriarkatua erauzteko gure buru-gorputzetatik.

30/12/2020

Itzulpena: Danele Sarriugarte

Ilustración de Señora Milton.

Aspalditik ari gara autodefentsa feminista (ADF) kontzeptualizatzen, baina kontuan hartuta zer-nolako garrantzia duen proposamen horrek indarkeria sexistaren aurka egiten ditugun diskurtsoetan, berpentsatu beharra dugu zertaz ari garen ADFri buruz ari garenean. Izan ere, hasi ginenean, 80ko hamarkadan, emakumeen autodefentsa deitzen genion –ondo dago gure genealogiak aitortzea eta ezagutzea–. Euskal Herriko emakumeen asanbladetan erabaki genuen ikuspegi berri batetik heltzea indarkeria sexistari eta, inguru hauetan behintzat, zorretan gaude emakumeen autodefentsaren eta gero ADF bihurtu zenaren aitzindariekin. Aitzindari horietako bat izan zen nire irakaslea: P. Gómez Larrañaga.

suscribete al periodismo feminista

Elkarrizketa bat egin ziguten duela gutxi, eta biok aipatu genuen berehala konturatu ginela, baita hasierako garaietan ere, bestelako ikuspegi batekin lan egin behar genuela teknika fisiko eta/edo psikologikoak erakusteko garaian. Ikastaroetako zuzeneko lanak eman digun aberastasunaren parte da hori: teoria feminista lurreratu dugu emakumeen errealitatearekin, eta, aldi berean, praktika eta begirada horiek balio izan digute teoriak atzeraelikatzeko.

Indarkeria sexistari aurre egiteko, lehenik eta behin, zenbait gauza ulertu behar dugu: ulertu behar dugu patriarkatuak zer logiketatik ekiten duen, eta nola gurutzatzen gaituzten logika horiek –menderakuntza garatzeko, zera oinarrizko batez jabetzen dira: desiraren ekoizpenaz–, emakumeok bestetasun subordinatu batean osatuz.

Horrenbestez, ADF, tresna gisa, kolektiboan sortzen da, antolakunde feministen barrutik, eta, aldi berean, proposamen kolektibo bat da, ez bakarrik emakume bakoitzaren bizi-egoera ezpada denona konpontzeko, zeren, «bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte». Feminismoak eskaintzen digun marko kontzeptualik gabe ezinezkoa litzateke autodefentsa feminista, eta ADF ezin da gainerako tresna feministetatik bereizi.

Egiteke ditugun betekizunetako bat baino ez da indarkeria matxistaren formatu fisikoari aurre egitea. Sistemari interesatzen zaio indarkeria zera fisikoarekin lot dezagun, modu horretan errazagoa suertatzen delako errudun bakar bat bilatzea eta problema pertsonal bat dela sinestaraztea, indarkeria eta ADF bera despolitizatuz, eta erantzuna autodefentsa pertsonal, indibidualizatu eta kasuan kasukoaren baitan zedarrituz.

Erreminta politiko bat da ADF: horri esker, hobeto uler dezakegu bizi garen eta bizi gaituen mundua. Hau da, hobeto uler dezakegu zer den emakumea izatea sistema patriarkal batean, zeinak, adierazpen fisiko bat erakusteaz gainera, subordinazio bat baitakar posizio sozialean ere. Feminismoak genero-arauen oinarrietan arakatzen du, eta hartatik datozen harremanetan, zeinek generoen arteko asimetriari eusten baitiote: lotura afektibo derrigorrezkoa, maitasun erromantikoa, terrore sexuala, ikasitako babesgabetasuna, gaixotzen gaituzten genero-ezinegonak, derrigorrez zaindu behar izatea, iruzurtiaren sindromea, mugak jartzeko ezgaitasuna edo, mugak jarri jartzen dituzunean, erotzat edo esajeratutzat hartua izatea, eta abar eta abar.

Patriarkatuak, bere garroak hedatuz, hainbat modutara husten gaitu boterez; horregatik, ADFk, erreakzionatzeaz gainera, galdetu nahi digu, hala gutako bakoitzari nola kolektiboan, zeintzuk diren boterez huste horren eraginak.

Badakigu ezen genero-arketipoa lau urterekin finkatzen dela. Adin horrekin, neskatoek badakite mutikoak baino gutxiago direla, balio txikiagoa dutela gizartean. Horregatik, generoa dekodetuz –normalean ez dugu halakorik egiten haurtxoak garenean–, ikus dezakegu zer neurritan barneratu dugun patriarkatua, eta genero-disidentzia premiazkoa landu dezakegu, estereotipoak hautsi eta aginduei uko egin. Gainera, beste gauza garrantzitsu bat ekartzen digu dekodetze horrek: ez ditugu epaituko araua betetzen duten emakumeak, eta gai izango gara egiazko ahizpatasun bat eraikitzeko, eta elkarren kide izateko bakoitza zeharkatzen duen genero-arauen mailatik.

Autodefentsa feminista da martxan jarri behar dugun baliabideetako bat, ez bakarrik indarkeriari kontra egiteko ezpada patriarkatua erauzteko gure buru-gorputzetatik.

Orduan, zer proposatzen dugu? Espazio batzuetan azpimarratzen dute garrantzitsua dela «indarkeriarako eskubidea» berreskuratzea, emakumeoi eskubide hori ukatu digutelako. Ez dakit esaldi berean bateratu daitezkeen eskubideak eta indarkeria. Nire iritziz, eskubideei dagokienez, zera berreskuratu behar dugu, defentsa zilegirako eskubidea: emakumeoi errefusatu egin digute hori, izan ere, emakumeon identitatearen zutarrietako bat izan baita gure «inpotentzia errotikoa», zeinak defenditzeko aukera ukatzen baitigu, horretarako gaitasunik ez dugulako; beraz, gizonen defentsa, kanpotik datorrena, inpotentzia errotikotik eratorritako agindu bat da. Tranpa perfektua.

Indarkeria sexista instrumentala da, horra bere ezaugarrietako bat: erasotzaileak onura batzuk jasotzen ditu indarkeria sexista gauzatzean, eta, aldi berean, ordena sozialari eusteko behar duen kontrola ere eskuratzen du. Beste ezaugarri bat: ez da motibazionala; ez du zerikusirik biktimak egiten duenarekin. Azkenik, indarkeria sexista orobat da adierazkorra, mezuak bidaltzen baitizkie hala emakumeei –zer gertatu ahal zaigun adieraziz– nola gizonei –emakumeei zer egin diezaieketen adieraziz–. Elementu bakoitzak elkar elikatzen du, zigorgabetasuna eta ordena soziala bermatzeko.

Nolanahi ere, indarkeria zuzenaren aurrean defenditzen ikasteaz landa, harreman-eredu berriak partekatu nahi ditugu, munduan egoteko modu berriak. Ahalduntze-prozesua sustatu nahi dugu maila indibidualean eta, jakina, maila kolektiboan ere, bestela modu neoliberalean ahaldunduko gara-eta; horregatik mintzatzen gara orain ahalduntze feministaz: ez da ñabardura bat, ezpada kontzeptu politiko bat.

Ahalduntze horren barruan, hiru eremu landu behar dira: kognitiboa, fisikoa eta emozionala. Batzuetan zaila gertatzen da mugak ezartzea eta gauza bakoitza zer eremuri dagokion zehaztea, hiru eremuak elkarri lotuta baitaude; hala izaten da «genero-ezinegonekin», osasun fisikoari eta emozionalari, biei eragiten diote-eta. ADFren bidez hiru eremuetan egiten den lanketaren adibide batzuk aipatuko dizkizuet.

Arlo emozionala:
Emakumeak boterez husteko mekanismo bat da haiei esleitzea besteen emozioak deszifratu eta kontuan hartzeko sena. Nahi dute emakumeok lotura afektibo bat izan dezagun inguratzen gaituzten guztiekin; nahi dute gure ongizatea besteren egoera emozionalaren eta besteekin afektuzko loturak izateko gaitasunaren araberakoa izan dadin. Txikitatik esan izan digute «jenio horrekin ez zaitu inork maitatuko», edo helduaroan «jenio horrekin ez zait harritzen mutil-lagunik ez izatea». Ez naiz sartuko bestearen (bikotekidearen) bidez izatearen agerikotasun patriarkalean; aitzitik, beste kontu bat aipatu nahi dut: afektuen bitartez gauzatzen den kontrola, eta nolako ondorioak ekar ditzakeen norberak desio duenean zentratzeko, erabakiak hartzeko eta mugak jartzen laguntzen diguten sentipenak adierazteko garaian –batez ere haserrea eta amorrua–.

Har dezagun sentipenak kudeatzeko ardura zaintzaren parte gisa eta, emozioak kolektibizatzen ditugunean, hala nola beldurra edo amorrua, eman diezaiegun balio politikoa; hala, inpotentzia utzi eta errebeldia feministara pasako gara, alerta feminista bat eraikiz beldur horretatik, zeina egiazko mehatxu bat baita patriarkatua dagoen bitartean, eta amorru horretatik, mobilizatzeko akuilua baita.

Arlo kognitiboa:
Zuzeneko indarkeria sexistan, lehen urratsak identifikatzea izaten da langintzarik zailena, zeren, sarritan, indarkeria pasiboaren bidez agertzen baitira, kontrol-ariketa gisa, eta, normalean, txantajearen eta manipulazioaren bitartez gauzatzen baitira.

Garuna, berez, erabileraren mendekoa da, eta proaktiboa ere bai. Maiz agertzen dira kontraesanak ezagutzaren eta ekite efektiboaren artean. Kontraesanak izaten dira, orobat, ekitearen eta kognizioaren artean; gogoan izan, adibidez, «nik ez dut inoiz lanik egin» esaten dutela sarritan arlo erreproduktiboan jardun diren emakumeek, edo «niri ez zait ezer gertatu sekula» aipatzen dutela zenbait emakumek indarkeriari lotutako ikastaroetan; horrek, halere, ez du esan nahi ez dutenik indarkeriarik jasan, baizik eta ez dutela jasan indarkeria fisiko basatirik, horrexen beldurra sustraitu baitigute. Horregatik, teoria feministak, errealitatea aztertzeko gaitasuna ematez gainera, sare neuronal berriak ematen dizkigu, praktika berriak –sinesmen patriarkalak deuseztatzeko–; horiei esker, ahalduntzen gaituen kontakizun bat sor dezakegu, balioan jarriz estrategia feministak, norberaren irizpideak eta defentsa zilegirako eskubidea.

Halako aldaketa kognitiboak gauzatzeko, ezinbestekoa da erreferenteak eta kideak izatea denboran. Kanpoko eta barneko patriarkatuaren kontra ari gara-eta.

Xede horrekin, halaber, ahizpatasunaren lan kolektiboan jarraitu behar dugu, zeinean ez baita beharrezkoa elkarren adiskide izatea, edo korronte feminista bereko kideak izatea, patriarkatuaren aurkako aliantzak ezartzeko, eta elkarri laguntzeko botere eta burujabetzarako entrenamendu feministaren prozesuan.

Arlo fisikoa:
Lan honen abantailetako bat da norberaren gorputzarekin esperimentatzen dugula lurralde gisa; horrela, gure indarra aztertzen dugu, indarkeria materiala gertatzen denean zer egiteko gai garen ikusi, eta ohartzen gara zein garrantzitsua den (norbere) zaintzak gorputzaren bitartez ere egitea. Normala da akituta egotea hainbesteko prekarietatearen aurrean, eta hainbeste zeregin aldi berean egin beharraz. Horregatik, arlo fisiko-emozionalean, oso garrantzitsua da kalitatezko denbora hartzea ezer ez ekoizteko, soilik norbere burua zaintzeko.

ADF ezin da bereizi lan kolektibotik: indarkeriaren biktimen eta horretatik bizirik atera direnean taldeak sortzea (ezin da ezein gauzatik bizirik atera horretan egon izana onartu gabe, eta lehen pausoa biktimaren kategoriatik pasatzea da, bertan geratu gabe), memoria historikoa berreskuratzea, genero-arauak iraultzea, elikadura-burujabetza etab. Autodefentsa feministaren kontzeptu hedatuaren adierazpenak dira denak: kontzeptu horren helburu bakarra ez da indarkeria patriarkalari aurre egitea, ezpada patriarkatua eta haren aliatu neoliberal-kolonialak deuseztatzea.

Autodefentsa feministak ez du dena konponduko, baina feminismoak eskaintzen dizkigun erreminten sarearen parte da, zeinak aberastu eta indartu egiten baikaituzte, ez bakarrik ekiteko, baizik eta elkarrekin (gure burua) eraldatzeko.

 


Indarkeria matxistei buruzko eduki gehiago irakurri itzazu:

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba