“Badirudi autoritatea ematen zaigula soilik feminismoari buruz idazten badugu”

“Badirudi autoritatea ematen zaigula soilik feminismoari buruz idazten badugu”

Uxue Alberdi Estibaritzek asko du ospatzeko: 'Kontrako eztarritik' saiakera feministak Euskadi Literatura Saria Irabazi du, 'Jenisjoplin' eleberria gaztelaniara itzuli dute eta 'Dendaostekoak' kronika literarioa aurkezten dabil. Kezka bat ardazten dute bere lan guztiek: zein ahotsek eta gorputzek duten aitortza mundua kontatzeko.

una mujer posa de medio cuerpo, pelo corto, ojos claro y camisa rosa

Uxue Alberdi. / consonni

Kontrako eztarritik saiakerak Euskadi Literatura Saria irabazi duelako proposatu diot elkarrizketa hau, baina geratu garen egunean Dendaostekoak nobedadearen aurkezpena dauka Bilbon. Jenisjoplin eleberriaren gaztelaniazko edizioa ere argitaratu berri du, consonni argitaletxearen eskutik. Hitz egiteko asko dugun arren, bertso-munduaz hitz egiten joan zaigu ordua, izan ere, Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) bertsolaritzarekiko pasioa bizi-bizirik mantentzen du. Gainerako galderak audioz erantzun ditu, pasio berdintsuarekin.

Kazetaritzan lizentziatua da, prestakuntza hori ere baliatzen du literatura egiteko; bere azken hiru liburuak elkarrizketen bidez hornitu ditu. Behin eta berriro nabarmentzen du feminismoa eta euskaltzaletasuna direla bere identitatea ardazten duten ezaugarriak; eta baita, kolektibotasunaren defentsa ere: Kontrako eztarritik aipatzen duenean, lehenengo pertsona pluralean hitz egiten du, eta bertsokideak barra-barra aipatzen ditu.

suscribete al periodismo feminista

Jenisjoplin-ekin lortu zenuen kritikaren onespena, baina Euskadi Literatura Saria saiakera feminista batekin lortu duzu. Zer irakurketa egiten duzu?

Euskarazko saiakera alorreko hautagaien artean, gutxienez, beste lau liburu feminista daude. Horrek adierazten du, batetik, kalitate oneko saiakera feministak argitaratzen direla Euskal Herrian. Bestetik, ni izan naiz euskarazko saiakeran saritutako bigarren emakumea, eta, aurrekoa, Arantxa Urretabizkaia izan zen; bera ere saiakera feminista batekin [Bidean ikasia]. Gizonen kasuan, ordea, saritutako liburuen gaiak askotarikoak dira. Hau da, badirudi nolabait autoritatea ematen zaigula soilik gure txokoari buruz pentsatzeko. Zapalkuntzak behartzen gaitu feminismoaz baliatzera gure burua eta gizartea pentsatzeko, gure gain jartzen baita zama hori, eta bitartean gizonek mundua pentsatzen dihardute.

Kontrako eztarritik liburuan madarikazio hori aipatu duzu: William Shakeaspeare izan nahi dugu, baina Virginia Woolf amorratu izatera kondenatuak gaude.

Bai, emakume bertsolariei ez digute inoiz deitzen bertsolaritzaz hitz egiteko, beti da “bertsolaritza eta generoa” edo “bertsolaritza eta feminismoa”. Oraindik ez gaituzte aditu orokor gisa aitortzen. Sariak ilusioa egin digu, besteak beste, bertsolaritzaz kanpokoak diren epaimahaikideek baloratu dutelako; izan ere, mikrojendarte jakin bat mikroskopioan jarrita sortu dugun tresnak, balio du hortik kanpo ere. Bertso-mundu barruan, ordea, orokorrean isiltasunarekin egin dugu topo, baita Bertsozale Elkartearen aldetik ere, putzu huts batera harri bat jaurti izan bagenu bezala. Elkartearen web orrian ez zuten sariaren albistearen berri eman, liburuan parte hartzen dugun hamasei bertsolariok elkarteko bazkideak garen arren. Ez dut ulertzen. Isiltasunak interpretatzen aritu beharrak nekea, etsipena eta tristura sortzen dizkit.

Agian bertsolaritzako trapu zaharrak aireratu dituzulako?

Liburu hau pentsatu eta idatzi nuenean, argi nuen bilduma feminista batean argitaratuko nuela, hori zela bere lekua. Eta banuen traizio sentimendu moduko bat, banekien “etxe barnean” zenbaiti ez zitzaiola gustatuko lan hau argitaratzea. Aurkezpenetan entzun izan dugu horrelako komentariorik: “Oso interesgarria… baina non uzten du horrek bertsolaritza?”. Idealizazioarekin haustea ona dela uste dut, idealizazioak ez du ikusten uzten. Izan ere, zerk kezkatzen gaitu, non uzten duen edo non dagoen? Liburu hau ez da erosoa, baina batzuen erosotasuna besteren zapalkuntzan oinarritzen bada, hortaz hitz egin beharra dago. Gainera, behin eta berriro esan dugu antzerkigintza, musikagintza edo literatura bertsolaritza baino okerrago ikusten ditugula. Guk gutxienez liburuan islatzen den artikulazioa lortu dugu. Bertso munduko gizon oso gutxirekin izan dut elkarrizketa luzerik liburu honi buruz. Publikoki ez da ia ezer atera bertso munduko gizonek idatzita. Xabier Amurizak elkarrizketa batean zalantzan jarri zuen marko teorikoa…

Horri “arzalpen” (mansplaining) deitzen zaio…

Bai, esan zuen bizipenak oso interesgarriak iruditzen zitzaizkiola, baina aldez aurretik neukan tesi baterako nire komenientziara ekarrita zeudela lekukotzak. Teorizazioari, pentsamenduari eta saiakera-lanari “bainak” jarri zizkion, lekukotzak estimatu zituen bizipen subjektibo modura, baina, hain justu, liburu honetan bizipen horiek politizatu nahi genituen, eta zapalkuntza-sistema oso baten barnean kokatu.

Nola garatu duzue beste kultur alorretan lortu ez den artikulazio feminista hori?

Elkartearen barruan antolatu diren emakumeen arteko topaketen fruituak emankorrak izan dira: ahalduntze bertso-eskolan 24 emakume biltzen gara eta eraso matxisten kontrako protokolo bat garatzen gabiltza. Espazio hori gehi Ez da kasualitatea bertso saio feministei esker sortu da gure arteko konfidantza eta marko konpartitu bat. Hamaika urte daramatzagu saio horietan, bertso-bollo-saioak ere sortu dira… Orain dela hamabost urte pentsaezina zen, esaterako, klitoriari abestea. Aldi berean, jai giroan gai horiek oraindik ere deserosotasuna eragiten dute, eta gai-jartzaileek diote askotan sentitzen dutela kutsu feminista erregulatzeko beharra.…

Zein beste erresistentziarekin egin duzue topo?

Batzuontzat elkarteak feminista izan behar du zapaltzailea izango ez bada; besteentzat, zeharlerro bat gehiago izan behar du berdintasunak. Oro har, gatazkari beldur handia zaiola uste dut. Baina gatazka egon badago. Normalean, ez dago arazorik berdintasunaren alde abstraktuki kokatzeko; baina ekimen, publikazio, eta neurri zehatzak proposatzen hasi orduko sortzen dira erresistentziak. Esaterako, plazen banaketan sartzen garenean, edo baita kalitatea ezbaian jartzen dugunean ere. Bertsolari txapelduna Maialen Lujanbio denez, badago diskurtso bat dioena “berak lortu badu, zuek zergatik ez?”. Emakume bakarrari aitortzen zaio kanonera sarbidea, eta salbuespena erabiltzen da zapalkuntza ukatzeko. Salbuespenaren aitzakian, sistema zalantzan jarri beharrean, emakume bakoitzaren kalitatea kuestionatzen da sistematikoki. Kontrako eztarritik saiakeraren oinarrian belaunaldiz belaunaldi transmititu diren usteak zalantzan jartzeko grina dago. Oso gutxi hitz egin da bertsolarien posizioari buruz. Zer behar du norbaitek hitzaren grazia, arrazoia eta autoritatea izateko ahoa ireki baino lehen? Emakumeoi ez gaituzte plazetan gaizki tratatu, are gehiago, poztu dira gu bertsotara animatu izanaz; baina ez da egon autoritate transferentziarik.

Miren Amurizak hori ondo azaltzen du liburuan, jendea berarekin harritzen denean somatzen dela beraien espektatiba ez zela altua…

Maialen Lujanbiok 2005ean Oreretan eman zuen hitzaldian, bere esperientzia marko teoriko feminista batean txertatu zuen eta esan zuen emakume batek hiru aldiz ona izan behar duela ona izateko: lehengo “emakume izateko ona da”, “emakumeen artean onena da”, eta, azkenik, “ona da”. Denok sentitu dugu iruzurtiaren sindromea: zergatik deitu didate?, emakume bat nahi dutela esaten digutenean, nola hartu behar dugu? Ainhoa Agirreazaldegik azaltzen du momentu batean plazak uzteko beharra izan zuela, gerora ulertu zuela zergatik, eta behin kontzientzia feminista hartuta itzuli zela. Ulertu zuen emakumeok festara gonbidatuak gaudela, egokitu behar garela besteek idatzitako arauetara.

Zein arau dira horiek?

Besteak beste, ezin duzu esan ez zarela gustora aritu, ezin zara isildu, gaiarekin edo bertsokidearekin haserretu… Ez dago ondo ikusita esatea “ez naiz harekin gustora sentitzen”. Ezta ere bertso-saio kopurua mugatzea ere. Uste dut oso barneratuta dugula bertsolaria herriaren zerbitzaria delako ideia. Baita ere bertsolariak denetik jakin behar duela ere. Gizon hegemoniko eta tradizionalaren neurrira sortutako arauak dira.

Liburuan esaten da oholtzan ziurtasun irudia dela garrantzitsuena. Onintza Enbeitak dio bere ahotsa hauskorra dela, erraz negar egiten duela… Eta hala ere, Bizkaiako txapelduna izan da. Zer edo zer aldatzen ari delaren seinale?

Bai, aldaketa asko egon dira bertsolaritza eta mugimendu feminista elkarrekin pentsatzen eta elkarrengan txertatzen hasi direnean. Azaldu dugu gaiak ez direla neutroak eta gorputz guztiak ez garela posizio berdinetik abiatzen. Maialen Lujanbiok momentu batean hartu zuen estilo narratiboak ere eragina izan du, bertsolari gizon askok jarraitu diote, baita publikoak ere, eta orain gai-jartzaileek istorioak eta pertsonaiak sortzeko aukera ematen dute. Lujanbiok bere gaitasun ikaragarri horrekin marraztu ditu bertsotan inoiz marraztu ez diren hainbat gorputz, esaterako, emakume yonki batena.

una mujer de medio cuerpo en medio del campo

Uxue Alberdi. / consonni

Zein harreman izan du berak liburuarekin? Imajinatzen dut elkarrizketa egiteko gonbitea egin zeniola…

Bai, jakina egin niola gonbitea, baina nahiago izan zuen ez parte hartu. Hortik aurrera, ez dagokit ezer esatea. Askotan galdetu izan didate ea nahita ez dudan elkarrizketatu, bere ahotsak besteei itzal egingo zien beldur. Ezta burutik pasa ere, gainerako ahotsak gutxiestea iruditzen zait hori. Eraldaketa, izatekotan, kolektiboa izango dela sinesten dugu, denon ahotsak dira garrantzitsuak.

Zer ikasi duzu elkarrizketatuekin? Beraiek esandako zerk balio izan dizu zure burua ulertzeko?

Adibidez, Maider Arregik esaten du bollera gisa identifikatu zenean konturatu zela aurretik graziarik egiten ez zioten gizonen txisteei barre egiten ziela maiz. Konturatzen naiz nik ere asko bilatu izan dudala gizonen aitortza. Isiltasunari begiratu ordez, begiratu nahi diot jaso dugun guztiari: beste alorretako zenbait emakumek idatzi digute esanez identifikatu direla, edo balio izan diela tresna bezala, antzeko zerbait egin nahi dutela… Horregatik, Oihana Iguaranek esan bezala, Ez da kasualitatea saioetan aritzea hiru aldiz da festa, askeago egiten dugu bertsotan.

Egun autoritatea lortu duzu. Nola erabiltzen duzu idazle eta bertsolari gazteak laguntzeko? Ama-ponteko lana egiten al duzu?

Gai hori inportantea iruditzen zait. Denok izan behar dugu kontziente pilatzen dugun kapital kulturalaz, sozialaz eta ekonomikoaz. Batetik, emakumeok bertso ekimen asko kolektiboari begira sortu ditugu eta elkarrekin joaten gara txapelketetara eta emanaldietara bertsokidea animatzera. Literaturan ere, lan kontziente bat egiten dut gainerako emakumeekin bideak, bitartekoak eta informazioa partekatzeko.

Kontrako eztarritik-en ez duzue amatasunari buruz hitz egiten. Literaturan, ordea, amatasunari buruzko bum bat bizi dugu. Amek ez dute bertsolaritzan lekurik?

Plazaz plaza ohiko jardunean gabiltzan bertsolari amak oso gutxi izan gara. Nik oso bakarrik bizi izan dudan esperientzia izan da. 2011an lehengo aldiz ama izan nintzenean erabaki nuen bertsotan egiteari ez uztea, kosta ahala kosta, eta uste dut askotan nire buruaren gainetik pasatu nintzela. Bertso munduan, diseinatua dagoen moduan, zaintza integratzea ez da erraza: saio asko gauez dira, gidatzea eta kotxea edukitzea beharrezkoa da herrietara joateko, eta hori kapazitista da… Norbait idazle izan daiteke nahiz eta hamar urtean behin publikatu, baina bertsolaritzak trotea eskatzen du. Adin batetik aurrera oso neketsua izan behar du. Gauza asko daude pentsatzeko bertsolaritza bizigarriagoa egite aldera, ez bakarrik gurasotasunari lotuta.

Lortu duzu Shakespeare izateko grin hori kentzea?

Ni emakume feministen familia batetik nator, betidanik esan dut feminista nintzela, baina ebatzi behar nuen nola kokatu, nola jokatu… Gazte nintzela, literaturan hasi berria, elkarrizketa, nire ustez, matxista bat egin zidan Aritz Galarragak Argian, eta nire erantzunengatik askok harrokeria leporatu zidaten. Gutxira, Orgasmus izeneko liburu bat atera zen eta ez nuen parte hartu izan nahi, ez nuelako nahi emakume taldean katalogatua izan, idazleen taldean baizik. Egun ez nuke berdin jokatuko. Emakume eta feminista gisa irakurriko naute eta ez dut horrekin ernegatu nahi. Hala ere, gatazka hori hor dago beti. Jenisjoplin atera zenean sentitu nuen literaturako gizonen aitortza lortu nuela, eleberriaren gaia gatazka politikoa delako. Dendaostekoak-ekin, ordea, berriro sentitu dut mesfidantza maskulinoa. Narratzaileak bi emakume dira, dendariak, bata jostuna eta bestea brodatzailea, nire ama eta izeba. Galdetu didate: Zer da, kronika sentimental bat? Omenaldi pertsonal bat? Literatura intimistarekin lotuko zuten beldur nintzen. Baina nire baitan ahots batek zioen: “Niretzat hau interesgarria da eta hortaz jende gehiagorentzat interesgarria izan daiteke”.

Noiz ohartu zinen Elgoibarko Pitxintxu dendak duen balio literario eta soziopolitikoaz?

Giltzarria izan zen Jakin aldizkariak eta UEU-k antolatutako “Maitasuna politikoa da” jardunaldietan Jone Arrazolak eman zuen hitzaldia: “Oñatiko emakumeak errekadutan”. Azaldu zuen merkataritza txikiak emakume askoren autonomian eta ahalduntzean lagundu duela. Izan ere, denda batera emakumeak susmorik sortu gabe sartu daitezke. Asanblada feministara joaten ez ziren emakume askok, Pitxintxu bezalako denda batean, askatasuna praktikatzeko pausuak eman zitzaketen. Konturatu nintzen dendari horien ikuspuntua egokia izan zitekeela gizartearen aldaketez, ekonomiaz, politikaz, zaintzaz, languntasunaz, etabar hitz egiteko. Denda kalearen mailan dago eta kale horietan egon dira abortoaren eta intsumisioaren aldeko manifestazioak, kamelloen eta aita santuaren kontrako protestak, ETAren atentatuak, parrandak, drogak, poliziaren presentzia, txaranga, garbitzaileak…

Liburuan ez da narratzaileekin duzun senidetasun hori aipatzen ezta zure izena agertzen. Zergatik egin duzu hautu hori?

Ez nuelako nahi liburua istorio pertsonal gisa irakurria izatea. Nire ahotsa sartzen ez bada ere, nik errelato literario bat osatu dut beraiei egindako elkarrizketekin. Hasieratik probatu nuen beraien ahotsak elkarren alboan jartzea. Sarbide pribilegiatua izan dut nire ama eta izeba direlako, baina aldi berean senidetasunaz aparte beraiek pertsona gisa ikusteko aukera eman didate. Esaterako, ni txikia nintzela izeba New Yorkeko maratoira joan zenean, normala iruditu zitzaidan, baina ez zen batere normala. Elkarrizketa batean, izebak bat batean esan zuen: “Nire iritzia falta da sexualitateari buruz”. Eta bere bortxaketa kontatu zuen, hori guk ez genekien.

Jenisjoplin da erderetara itzuli den zure lehenengo liburua. Zer espektatiba duzu?

Irati Majuelok itzulpen bikaina egin du, nobela bera da! Eta Consonni-k edizio lana asko zaindu du. Kuriositatez bizi dut, ez baitut ezagutzen Espainiako literatura sistema eta ikusi nahi dut Euskal Herritik kanpo nola irakurriko den. Batetik, ilusioa egiten dit, nire inguruko euskaraz ez dakiten batzuek irakurriko dutelako. Baina kontraesanak eta beldurrak ere baditut. Alegia, ez da gauza berdina Euskal Herriko gatazkaz hitz egitea Euskal Herrian eta euskaraz, edo Espainian eta espainolez. Nobelari buruz hitz egiteko orduan hitzak asko neurtu beharko ditut.

Azken bi eleberrietan somatzen da maketoekiko eta euskaldun berriekiko duzun interesa.

Oso garrantzitsua iruditzen zait euskaldun subjektua ahalik eta gehien zabaltzea. Iruditzen zait euskararen etorkizuna ez dela etorriko hainbestetan aipatzen diren arnasguneetatik edota tradiziotik, baizik eta hiriguneetatik, nahasketatik eta identitateen gurutzaketari emango diogun erantzunetik. Behar-beharrezkoa iruditzen zait fikzioan zein eztabaida publikoan euskaldun askotarikoak errepresentatzea. ETB1-ek islatzen duen euskaldunaren irudia oso pobrea da: edo umea zara, edo pelotazale/trikitizale/kirolzalea.

Zure liburuetan beti presente dago heroien kultura zalantzan jartzeko eta bazterretako errebeldeak ikusgai egiteko grina.

Bai, aspaldi nire kezketako bat da “errealitatea” deitzen dugun hori nondik kontatzen dugun, zein gorputzetatik, zeri deitzen diogun literatura eta zeri ez… Dendaostekoak-en landu dut hori guztia eta baita Jenisjoplin-en ere: nola euskal gatazkari lotutako epika horretan ez diren berdin sartu gorputz guztiak.

Egun Pitxintxun dendari lanetan zabiltza. Liburua idazteak animatu zintuen?

Ez. Martxoko itxialdiaren ostean, bai ni eta baita nire bikotekidea ere, ia diru sarrerarik gabe geratu ginen. Denda berriro ireki zutenean langile batek lana utzi zuen eta nire burua eskaini nuen bera ordezkatzeko. Liburu salmentaren alde berriak ezagutzeko balio izan dit: kutxak jaso, albaranak eta itzulketak prestatu, liburuak gomendatu… Bertsolaritzaren eta literaturaren alderdi publikoak dakarren urduritasunak ez dio nire osasunari mesede handirik egiten. Aldiz, dendariaren jarduna publikoa da baina oso bestelakoa. Beti pozik bueltatzen naiz etxera! Horrez gain dendari lanetan ezagutu ditut liburuko pertsonaia asko. Bitxia izan da lehenengo mundu bat idaztea eta gero mundu horretan sartzea!


Segi irakurtzen:

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba