Ekonomia feministak agerian utzi du kapitalismoa

Ekonomia feministak agerian utzi du kapitalismoa

Genero-ikuspegiak kritika egiten dio merkatuaren fundamentalismoari, eta arlo ekonomikoaren eta sozialaren arteko loturak ikusarazten ditu.

Imagen: J. Marcos
23/03/2020
 Dos mujeres tanzanas gestionan, en el año 2010, parte de los fondos con los que participan en un sistema empresarial cooperativo ante la mirada de tres hombres. /Foto: J. Marcos

 

Arrisku-prima, Euribor, erreskatea, langabezia, merkatuak, bonuak, “banku txarra”. Hartu egunkari bat, zabaldu ekonomiako saila, eta berehala piztuko zaizkizu harridura eta ezaxola, eta, azkenaldian, atsekabea ere bai. Ez dago argazkirik, grafiko hotzak besterik ez, eta gizakien arrastorik batere; sarritan, izokin-kolorea da irudimenari hegalak ematen dizkion elementu bakarra. Edukiei erreparatuz gero, berriz, hotzikara batek zeharkatuko gaitu: ekonomiaren ikuspegi neoklasikoa da jaun eta jabe, eta ikuspegi horren arabera, gauza bera dira ekonomia eta merkatua, gauza bera dira ekonomia eta kapitalismoa, merkatu-ekonomiaren narkotikoaren pean mozorroturik.

“Ekonomia tradizionalean, kontuan hartu dira merkatuko jarduerak, bereziki enpresa handien jarduna, eta eremu horretara mugatu da analisi ekonomiko osoa. Aitzitik, ekonomia feministak bazterrean utzi nahi du merkatua eta bestelako gai batzuk analizatu, hala nola bizitzaren jasangarritasuna eta erreprodukzio sozialaren garrantzia”; telefonoaren beste aldean, halaxe hasi du solasaldia Yolanda Jubetok, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko irakasleak. “Arlo ekonomikoa eta soziala lotu behar ditugu, izan ere, arlo ekonomikoaren erdigunean baitago arlo soziala”, gehitu du. Eta feminismoa aitzindaria da lotura horiek egiten.

“Hainbat korronte ekonomikok kritikatu dute merkatuaren fundamentalismoa, ekonomia feministak ere bai, inork ez bezalako argudio sendoekin gainera. Ekonomia feministak orobat jarri du zalantzan egoismoak gidatzen duen “homo economicus” delakoaren eredua”, dio Lina Gávezek, Pablo Olavide Unibertsitateko Ekonomiaren Historiako eta Instituzio Ekonomikoetako katedradunak. Hauek dira ekonomia feministaren oinarriak: zaintza-lanak, emakumeen erreprodukzio-lanak eta nekazari txikien jarduna; horiei guztiei esker existitzen baita soldatapeko lana.

suscribete al periodismo feminista

Ez dago dudarik: emakumeen diskriminazio eta ezberdinkeria soziala, partez behintzat, ekonomia maioritarioan oinarritzen da, hau da, ekonomia kapitalistan. Estatistikek apenas islatzen dituzten denboraren banaketak, eta beste lan batzuk ez dituzte aipatu ere egiten, hala nola erreprodukzio soziala eta gizakien erreprodukzioa gauzatzeko eta bizitzaren baldintzak mantentzeko guztiz premiazkoak diren lan eta prozesu batzuk; estatistikak eurak modu sinplifikatuan eta unibertsalean adierazten dira BPGd indizearen bidez –Barne Produktu Gordina–. “Errealitatearen ikuspegi desitxuratu bat ematen digute”, idatzi izan du Cristina Carrascok, Bartzelonako Unibertsitatean Teoria Ekonomikoa irakasten duenak. Alicia Girón ekonomialari mexikarraren iritzian, estatistikek ez dute finantza-krisiaz besterik hitz egiten, baina bazter uzten dituzte beste krisi batzuk, adibidez, elikadura- edo genero-krisia, nahiz eta bi horiek estu lotuta dauden finantza-krisiarekin.

Ekonomian oinarritzen al da emakumeek sistema patriarkaletan jasaten duten zapalkuntza eta bazterketa? Horixe galdetu diogu Galvezi. Erantzuna: “Jakina. Emakumeen eta gizonen arteko botere-ezberdinkeria da sistema patriarkalaren funtsa. Bestela esanda, gizonek menderatzea emakumeak, horixe da patriarkatuaren oinarria. Gizonek botere handiagoa dute, hein handi batean, errazago eskura ditzaketelako hainbat baliabide ekonomiko, hala nola lurra, kapitala eta lana, eta horren ondorioz, izugarri mugatu da emakumeen autonomia eta askatasuna, eta horregatik daude menderakuntza-egoera batean. Horretaz aparte, emakumeei, ia “naturaz” bezala esleitu zaizkie zaintza-lanak, eta jardun horren truken ez dutenez ordainik jaso, areago murriztu da beren autonomia eta askatasuna”.

Diskriminazioa, nominatik harago

Datuak badaude, egon, eta erraz egiaztatu daitezke, gainera. Espainiako estatuan berriki aurkeztu duten txosten baten arabera, gizonek baino %15,3 gutxiago irabazten dute emakumeek. “Emakumeek ez dituzte inolaz ere gizonek baino ordainsari handiagoak jasotzen baldintza pertsonalengatik, enpresari lotutako kontuengatik, baldintza geografikoengatik ezta lehiakortasunagatik ere”, halaxe dio dokumentuak –“Generoari lotutako soldata-arrailaren baldintzapenak Espainian” du izena, eta bi erakunderen artean osatu dute: Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioa eta Merkataritza Ganberen Goi Batzordea–. Soldaten arteko arraila, jakina, ez da estatistika bat besterik, eta ez du esplikatzen zer-nolako bazterketa gauzatzen duen ekonomia kapitalistak eta zertan den lanaren banaketa sexuala. Kontrara, analisi murriztaile eta mugatu bat da, baina egitura egonkor baten parte da.

Etxetik kanpoko espazioa eta eremu publikoaz aparte, nominek ez dute besterik hartzen kontuan, baina, zer dago errezelen atzean? Izan ere, beste behin ere, prentsako goiburuetan bolo-bolo dabiltzan estatistikek berresten dute lehendik ere soberan ezagutzen genuena: arrazoi familiarrengatik (hau da, zaintza-lanak betetzeko) beren lanpostua uzten duen gizon bakoitzeko, hogeita zazpi emakumek egiten dute gauza bera. Etxe barrukoak erreproduzitzeko, soldata ekartzeaz gainera, beste hamaika lan egin behar baitira, ikusezin bihurtuak denak. Eta horretantxe mamitzen da ekonomia feministaren beste aldarrikapen bat. Argi azaldu digu Jubetok: “Ekonomia feministak maiz nabarmendu duenez, familiako eta bizikidetza-unitateko kutxa beltza aztertu eta ireki behar da, izan ere, eremu horretan, lan-indarra eman eta kontsumitzeaz gainera, hainbat harreman sozial ekonomiko sortzen dira, zeren ongizatea ematen baitiozu hainbat pertsonari eta oinarritik bertatik egiten diozu ekarpena ekonomiaren erreprodukzio sozialari”. Badakigu, jakin, zenbat diputatu emakume dauden kongresuan; zergatik ez, ordea, zenbat gizon arduratzen diren etxeko lanez?

Ekonomiaz mintzatu nahi badugu, orobat mintzatu behar dugu bizitzaren erreprodukzio sozial zabalari buruz. Aldatu egin behar dira “izokin-koloreko” prentsako goiburuak, eta kolorea bera ere bai. Etxeak ez dira hartu behar kontsumoaren gunetzat, ekoitzi ere ekoizten baitute; kapitalismoak behar dituen gauzak sortzen dituzte gainera, besteak beste, giza baliabide preziatuak. Bestalde, hitz egin behar genuke denborez, denboraren erabileraz… Hala egingo bagenu, ekonomiaren atala entretenigarriagoa izango litzateke seguru asko, eta ez hain friboloa.

Gráfico de Cristina Carrasco

Beraz, alternatibarik eratu nahi badugu, dena birpentsatu behar dugu: kontzeptuak, oinarriak, ideiak eta egiturak. Azken finean, paradigma osoa birpentsatu behar dugu. Carrascok idatzi izan duenez, apurtu egin behar dira “binarismo inposatuak eta muga behartuak”, apurtu egin behar dira “askotariko dikotomiak, adibidez, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa, etxeko barruko familia-lanen eta soldatapeko jardunaren arteko banaketa, pertsonen eta planetaren jasangarritasuna bereizten dituen dikotomia, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko muga eta beste hainbat banaketa, horien ondorioz ez baikara gai errealitatearen analisi global eta oso bat egiteko”. Hor, bestelakoak dira ekonomiaren hitzak: enplegua, erantzukidetasuna, ahalduntzea, zaintza-lanak… eta genero-demokrazia. “Lanaz hitz egiten dute, baina iruditzen zaie gauza bera direla lana eta enplegua. Ordainsari truke egiten den lana baino ez da baloratzen; halakorik jasotzen ez duena, berriz, etxeko lantzat jotzen da” azaldu du labur-labur Jubetok.

Krisiak ekarritako pobreziaren “feminizazioa”

Hasieran, bazirudien ikuspegi positibo bat ekarri zuela krisiak: sistema aldatu behar omen zen! Baina aspaldi desagertu zen ideia hori eztabaida nagusietatik. Gaur egun, sistema publikoa ahultzea, murriztea eta minimizatzea da asmoa. “Zerbitzu publikoak oso dira funtsezkoak emakumeentzat, emakume askok bertan egiten dutelako lan, eta, gainera, tradizioz andreei egokitu izan zaizkien zerbitzuak eskaintzen dituztelako. Horren ondorioz, krisi-garaietan, izugarri handitzen da emakumeen lan-karga, familien bizkar uzten baita guztia, eta zutabe horri eragiten baitiote murrizketa gehienek”, dio Jubetok.

Lina Galvezek dioenez, krisia atzean uzteko, batetik, emakumeen jarduna areagotu da, ordaindu gabeko zaintza-lanak gehienbat; “horrek, halaber, ikaragarri mugatu du emakumeen enplegagarritasuna, eta hauspotu egin ditu emakumeak eta etxeko eremua lotzen dituzten genero-estereotipoak”. Bestetik, krisia atzean uzteko, bertan behera utzi dira berdintasunaren alorrean egindako hainbat aurrerakuntza, hala ekonomiaren alorrean nola beste eremu batzuetan: “Espainian argi ikusi dugu hori, emakume gutxiago baitaude gobernu-organoetan, eta berehala iritsiko baita abortu-eskubidearen erreforma”. Hori gutxi ez, eta, kontu guztiz estetikoa izan arren, itxi egin dute NBO Emakumeak erakundeak Madrilen duen egoitza.

Emaitzak ez dira berriak: Hego Amerikako puska handienean garatu ziren egiturazko egokitzapenen haritik, emakumeak pobretu ziren eta pobreziak emakume-aurpegia hartu zuen. Ispilua hortxe dago, eta batzuk hasiak dira dagoeneko bertan begiratzen. “Langilea zera da, zerbitzari bat. Etxetik kanpora eraman da etxeko lanen ekonomia, hau da, emakumeek hartu dituzte gizonen lanpostuak”, adierazi du Celia Amoros filosofoak.

Hala eta guztiz ere, proposamen feministak gero eta ozenago entzuten dira gero eta toki gehiagotan. “Foro, plataforma eta hausnarketa asko ari da zabaltzen; estatuan bertan ugaritu dira 15M mugimenduak…”, Jubetoren gogoeta baikorra. “Alternatiba bat eraiki behar dugu, oxigenoa emango diguna, zeren sistemak kendu egiten baitizu oxigenoa eta baita bizitzeko grina ere, ez baldin badaukazu inguru bat, elikatuko zaituena eta maitasuna eta babesa emango dizkizuna”, erantsi du. Bestetik, Lina Galvezek adierazi du ekonomia feministak baduela abantailarik, izan ere, beste korronte ekonomiko batzuek baino denbora luzeagoan eta argudio sendoagoekin kritikatu baitu merkatuaren fundamentalismoa, eta, orain, zilegitasun handiagoa eskuratu du: “Orain, lankide askok hobeto onartzen dituzte gure proposamenak”.

 

Alternatibak

Ekonomia feministaren proposamenak adituak izatea eta arrastoa uztea, horra hor aurrerakuntza nabarmen bat. Hala iruditzen zaio Alicia Girón ekonomialariari. Girónek proposatu du, aurrekontuak egitean, genero-ikuspuntua kontuan hartzea. Baina luzea da bidea.

“Gizarte justuago eta bidezkoagoa bat bilatzea eta helburu horren alde ekitea da gure helmugetako bat: gizarte bat non harremanak askoz horizontalagoak eta solidarioagoak izango baitira. Elkarrekin sortu behar dugu alternatiba hori, apurka-apurka, eta, horretarako, parez pare egin behar diogu kontra gaur egun nagusi diren joerei” azpimarratu du EHUko irakasleak. Era berean, beste ideia eta aukera batzuk aipatu ditu, hala nola, deshazkundea. Kontsumoa murriztea, nahikotasunaren kultura bat bultzatzea eta pertsonen zaintza ipintzea erdigunean: horiexek lirateke iruditegi berri horren zutarriak.

Frigga Haug feminista sozialista alemanak azaltzen du, Más allá del desarrollo liburuan, banatu egin beharko litzatekeela gure bizitzetako denbora, eta eskaini enpleguari, erreprodukzioari, kulturari eta parte-hartze politikoari. Bestalde, Lina Galvezek eta Juan Torresek, Desiguales. Mujeres y hombres en la crisis financiera liburuan, bestelako gaiak aipatzen dituzte, adibidez, botereen arteko oreka, politika deflazionistak bertan behera uzteko beharra, errentaren banaketa, gastu publikoa, banku publikoak, kredituak lortzeko sarbidea, lan-merkatu berriak, giza espeziaren kontserbazioa, merkatuaren jopua izango ez den ekonomia-molde bat, baliabideak ez deuseztatzearen garrantzia… Zergatik ez dugu egunkarietako ekonomia saila beste kolore batekin margotzen?

Nota de la autora
Emun elkartearen diru-laguntza bati esker itzuli dugu testu hau.

 

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba