‘Kamisoi zuri zetazkoa’: abusu baten narrazioa (baino askoz gehiago) Ficciones, Para más señas

Alaine Agirreren azken eleberria irakurtzea ez da atsegina, baina bada sendagarria. Hamaika urteko neska batek bizitako bortxa kontatzen du, xehetasunekin eta aldi berean kontatu behar ez diren xehetasunik gabe. Egunerokotasunaren narrazioaren jenia honek zu zinen neskatilarekin aurrez aurre jarriko zaitu.

Alaine Agirre bere azken liburuarekin posatzen./ EREIN

Alaine Agirre bere azken liburuarekin posatzen./ EREIN

Alaine Agirre idazlearen azken liburuaren azken orrialdea irakurri berri dut. Sabelean bola erraldoia daukat. Botaka egiteko gogoa etorri zait. Bularrean presio ezin handiagoa sentitzen dut. Ez dakit negar egin nahi dudan edo oihukatzeko gogoa daukadan. Berak hain ongi deskribatzen dituen inurriak besoetatik dabilzkidala dirudit. Zorabiatzeko zorian egotearen antza duen zerbait da hau. Ez dakit zer egin. Horregatik erabaki dut ordenagailura hurbiltzea. Ez lerro hauek idazteko asmoarekin, baizik eta kopetan dudan indar bero horrekin nolabait bukatzeko era aurkituko dudalakoan.

10 edo 11 urte nituela joan nintzen nire lehenengo udalekuetara. Arabako Briñasera hain zuzen ere. Nire lehenengo urtean egiten genuen guztia, “ongi pasatzea” zen: bizikletan ibili, igerilekura joan, jolastu, zaldian ibili (EZ NAIZ INOIZ NEKATUKO ESATEN ANIMALIAK EZ DIRELA GURE AISIALDIRAKO ERABILI BEHAR: HORI ESKLABUTZA DA, ETA ESKLABUTZA EZIN DA BAIMENDU), kanpin dendan lo egin, hurbileko herrietara txangoak egin… eta ostiraletan diskoteka. Ariketa guzti hauek gorrotatu egiten nituen. Jendez inguratuta 15 egun pasatzea, 24/7 aldez aurretik helduek antolaturiko planifikazioa niretzat amesgaiztoa zen. Eta hala ere han egon behar. Urtero. Sikieran klaseak egon izan balira, zerbait ikasteko, eserita, lasai. Baina ez, nire lehenengo udalekuetan ez zen horrelakorik egon. Diskotekaz aparte, askariko otartekoak baino ez nituen gogoko (etxean ogia erdi debekatua nuen). Hala ere, ohera joaten gineneko momentua nire gogokoena zen. Egun bat gehiago. Egun bat gutxiago.  Beti erabili izan dut lo egitea salbazio moduan. Arazoren bat dudanean, deseroso sentitzen naizenean, ez dudanean egun ona, lo egitea erabakitzen dut. Itzartzerakoan ingurukoari so egiten diot ea aldaketarik egon den antzemateko. Gehienetan egoerak berdin jarraitzen du. Baina 8 ordu pasatu ostean,  behintzat badakit sentimendu horren amaieratik hurbilago nagoela. Lo egitea bizirik zaudenean ez existitzearen antza duen egoera bakarra dela iruditu zait beti. Noski, badaude drogak hartzen dituztenak… baina niri drogek kontzientzia argitzen didate. Eta hori ez. Hori ezingo nuke jasan. Nire lehenengo urte hartako udalekuetako soinu banda Berri Txarrak izan zen. Ikastolara zetorren ni baino urtebete nagusiagoa zen Miriamek walkman batean zuen zinta. “Ez al du, maitasunak gutxienez merezi, inongo mugarikan ez jartzeak, maitatu inongo lotsarik sentitu gabe, behingoz sortzeko begirunea, lotsarik gabeeee, begiruneaaaaa”. Edo horrelako zerbait. Nork esango zidan niri 25 urte geroago Berri Txarrak taldeak bere azken kontzertuekin egongo zenik, edo ni lesbiana izango nintzenik.

Udaleku hauek eta gero, hurrengo urtean Briñasera berriro joatera behartu ninduten. Kasu honetan, ingeles ikastaro batera. Nik beti gogoko izan dut klasera joatea, eta beti izan zait laket ingelesa. Honi esker, 12 urte nitueneko udalekuetako bigarren esperientzia honetan behintzat goizetan gelan ongi pasatzen nuen. Gelan eta diskotekan. Zer egingo diot nik ikastea eta farandula badira nire hobbiak? Gauza da ez nuela bi urte hauetan lagun bakar bat ere egin. Zero. Huts. None. Zergatik? Ba askotan azaldu dudanez, ez dakidalako intimitaterik gabeko adiskidetasunak izaten. Eta haur txiki txikia nintzenetik gertatu izan zaidanez, gelan jende guztiarekin ikaragarri ongi moldatzen nintzen arren, gero ez nuen haiekin errekreoan egon nahi. Aspertzen nintzelako. Edo eroso ez nintzelako sentitzen. Edo batek daki zergatik.  Udalekuak ez dira oso sentiberak garenontzat. Udalekuak ez dira bakartiontzat. Udalekuak ez dira sedentarioontzat. Eta nire gurasoek udalekuetara bidaltzen nindutenean, nik ederto pasako nuelakoan, ez zekiten niretzat suplizio bat zela bertan egotea. Ez dakit kartzelan egotea nolakoa den. Baina ni espetxean sentitzen nintzen. Gauero lokartu arte negar egiten nuen handik joan nahi nuelako, eta hura zen nire momenturik gogokoena. Egun bat gehiago. Egun bat gutxiago. Askariko otartekoak, ingeles klaseak eta diskoteka kenduta, dena zen desastre bat niretzat. Dena? Ez. Irteerako patioan zegoen Coca Cola makinean Cherry Coke dastatu nuen lehenengo aldia izan zen. Gurasoek ez zidaten Coca Cola edo antzeko edariak edaten uzten, beraz, bertan dastatu nuen ditxosozko urre likido hura.  Cherry Coke eta Berri Txarrak. Hori da niretzat Briñas. Eta alde egin nahia. Gehiengoarekin zer ikusirik ez nuela ulertu nuen lehenengo esperientzietako bat. Arabako azken herri hartako eraikin marroi argidun haietan ikasi nuen, besteekin egon nahi ez nuenean, bakarrik egotea ez zela txarra. Eskerrik asko, beraz.

Eta ni baino nagusiagoak direnekin egoteko izan dudan grinari buruz zer esan dezaket? Ezer gutxi. Existitzen ez nintzela sentitu izan dudanez betidanik, ikusten ninduen edonork balio zidala atentzioa ematearen ilusioa sentitzearren. Afektu gosea dugun askok egin izan dugun zerbait dela. Gazteak ginela, helduegiekin jolastu. Edo hobeto esanda: gazteegiak ginela helduek gurekin jolasa ez zen zerbaitetan aritzea. Gogoratzen dut 14 urterekin 27 urteko mutilarekin irtetzen nintzela. Zorte handia izan nuen. Ez dut ulertzen zer egiten ari zen bera bere bizitzarekin. Baina ongi tratatu ninduela argi daukat. Errespetuz. Gero 15 nituela, 22ko beste batekin ere ibili nintzen. Berdin. Errespetuz tratatu ninduen. Gurasoak guztiz beldurtuta zeuden. Haiekin ibiltzea debekatzen zidaten. Beren eskutitzak paperontzira botatzen zituzten eta euren deiak ez zizkidaten pasatzen. Orain ulertzen du zergatik. Baina errepikatu beharra daukat, ongi tratatu nindutela. Nire lehenengo mutil-lagun serioarekin 16 urte nituela hasi nintzen. Berak 20 zeuzkan. Honekin 3 urte egon nintzen. Eta ez daukat kejarik. Orduan, berriz diot: ez dut ulertzen heldu batek nerabe batekin egoteko duen motibazioa. Eta ez zait gustatzen. Baina, viceversa, nerabe batek heldu batekin egoteko nahia erabat ulertzen dut: muturreko maitasunaren beharra.

Baina hemen ez da adin ezberdinetako bikote baten erlazioa kontatzen. Hemen bortxaketa bat kontatu egiten da. Xehetasunekin. Eta aldi berean kontatu behar ez diren xehetasunik gabe.

Alaine Agirre Bermeotarra, 1990 urtean jaio zen. Aurretik komentatu izan ditut bere beste zenbait eleberri: Bi aldiz erditu zinen nitaz, X hil da eta Odol mamituak. Orain dela zenbait hilabete, bere poemarioa ere irakurri nuen: Txoriak etortzen ez diren lekua. Ezin hobea da. Zauriak dokumentalarekin batera irakurri daitekeen literatura lan bikaina. Zaurgarritasuna mahai gainean jartzen duen iskribua. Agirreren ausardiak txunditu egiten nau. Gaiak era sakonean tratatzea gauza bat da, baina narraziorako idazle gazte honek duen estiloa, opari bat da. Gehiegi. Bere literatur lanei feminismoa darie alde guztietatik. Hain da intensoa sentitzen dudana bere lanekiko! Nola azaldu argi geratu dadin? Agirrek, nire heldutasun feministaren bideari arrosa alfombra egingo balio bezala sentitzen naiz. Alaine Agirrek deskribatzen dituen emakume protagonista GUZTIEKIN izugarri identifikatuta sentitzen naiz beti. BETI. Sentitzeko era antzekoa omen daukagu. Baina ez da soilik horregatik. Normala den moduan, bizi izan ditudan eta sentitu izan ditudan gauza askotaz ez nago bereziki harro, noski. Baina atal honetan nire bizitzaren nondik norakoak kontatzea erabakitzen dut, ez ditudalako inolaz ere alde batera utzi nahi orain nagoen lekura ekarri nauten bizipen horiek. Garai hartan, txikitan, nerabea nintzenean, hogei urte nituenean, hogeitabost, ingurukoek beti esaten zidaten ni ez nengoela ondo. Nik egiten nituenak ez zirela normalak. Ni arraroa nintzela. Bitxia. Gaur egun, garai hartan bitxia, arraroa, frikia… deitu gura duzun moduan,baina Ni  bihurtzen ninduten ezaugarri guzti horiek ekarri naute hona. Hona, eta HONA! Ezingo nituzke lerro hauek zintzotasun eta erabateko egiatasunetik idatzi, hainbeste kaka bizi izan ez banitu aurretik. Ni izateaz lotsatuta biziko nintzateke. Normaltasunean ezkutatuta. Besteek ni ez onartzearen beldurrez, arruntasunez mozorrotuta. Eta ez pentsa nire burua berezitzat dudanik hau esateagatik. Nire autoestimu penagarri honek ez dit uzten. Baina hala ere, besteen, gehien bat lagunen feedback positiboarekin, ni neu izatera ausartu naiz. Ni neu naizen dimentsio guztietan. Eta Alainek hori ezin hobeki islatzen du bere literaturan. Horregatik nauka zeharo txundituta. Egunerokotasunaren narrazioaren jenia bat delako.

Kamisoi zuri zetazkoa Erein-ek argitaratu du. Lau zatitan banatuta dauden 59 orrialdeko eleberri laburra da. Ilustrazioak Sara Morantek egin ditu. Kamisoi zuri zetazkoa ez da liburu polita, baina derrigorrez irakurri behar den liburua da. Horrelako egoera bat bizi dutenentzat nolabait sendagarria izan litekeela iruditu zait. Eta zehazki horrelako ezer bizi izan ez dugunontzat, baina antzeko egoera ugari sufritu ditugunontzat, oso adierazgarria da. Niri kriston gogorapenak ekarri dizkit. Batzuk ezin ederragoak, eta beste batzuk negargarriak. Nazkagarriak. Hala ere, ezin diozu eleberri marabilloso hau irakurtzeari utzi. Hunkitu egingo zaitu. Haurtzarora, nerabezarora eramango zaitu berriz ere. Nire moduan sentitzen baduzu, Alaine Agirreren protagonisten legez sentitzen baduzu, liluratuta geratuko zara Bermeotarrak kontatzen dizun istorioaren xarmarekin. Irakurriko duzuna ez da atsegina, baina benetan dago oso gustu onez idatzia. Autokrikika eta autoanalisi pittin bat baduzu, zure hamaika urteko Zu Zeu hura burura etorriko zaizu, eta zu zinen neskatila horrek sentitzen zuenarekin aurrez aurre ikusiko duzu zure burua. Kamisoi zuri zetazkoa ez da soilik abusu baten narrazioa. Ongi sozializatutako hamaika urteko neskatila baten modus operandis-a da. Hamaika urteko neska obediente baten bizitza ikusteko, ulertzeko eta bizitzeko era. Ez dira soilik hamaika urteko neskatilak, pentsatzen dutena esaten ez dutenak, eta inor mindu ez dadin gauzak barnean gordetzen dituztenak. Edo zuk ez duzu hori inoiz egin? Nik ia egunero. Zoritxarrez. Baina hobetzen nabil. Feminismoari esker. Terapiari esker. Nire lan pertsonalari esker. Eta pertsonala politikoa dela ulertu izanari esker gehien bat.

Kamisoi zuri zetazkoa gurasoak diren edo izango diren guztiek irakurri beharko luketen eleberria da. Gaur egun umeenganako abusuak ikusgarri egiten ari garen momentu hontan, Alaine Agirre idazleak bere protagonistaren esperientzia ulertzera eskutik eramaten gaitu, hau berriz gerta ez dadin. Ezin dugu ez ikusiarena egiten jarraitu. Umeak babestu behar ditugu. Umeak babesteko era bakarra patriarkatua suntsitu eta maskulinitatea deusestatzea da. Eta noski, ume osasuntsuak heztea. Neskatila ahaldunduak. Onarpena bilatzen ez dutenak. Isiltzen ez direnak.

Eskerrik asko Alaine Agirre zure elegantziaz, arduraz eta idazkera mimoso honekin, nire txikitako ni gogorazteagatik eta orain naizen heldua begiak irekita izatera animatzeagatik. Honelako testuek borroka feministari perspektiba ematen diote. Abusua sufritu izan duen neskatilaren ahalduntze istorioa ez da kontatzen eleberrian bertan, baina idazlearen ausardian eta gaur eguneko egoeran influentzia izan zuten hastapenen islada erakusten digu. Alaine Agirre baino idazle dotoreagorik, nik ez dut ezagutzen. Alaine Agirre benetakoa da, eta bere literatura altxor bat. Mila mila esker.


(Nik ere) gorroto ditut emozio moderatuak

‘Amek ez dute’, bizitzaren mirari gordina

Nola heldu naiz ni honaino

Erraietatik orgasmo literarioa

‘Kamisoi zuri zetazkoa’: abusu baten narrazioa (baino askoz gehiago)
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

María Unanue

Adoro aprender por ciencia infusa, las flores y las patatas en todas sus formas.

    Uso de cookies

    Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

    ACEPTAR
    Aviso de cookies