fbpx

‘Berdea da more berria’: erresidentzietako grebalarien ahotsak Crónica, Planeta

2016ko greba handian protagonistak izandako zortzi emakume elkarrizketatu ditu Onintza Irureta Azkunek liburu honetan. Borroka honen bitartez emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da. Maribel Sampedro Martínez-en testigantza aukeratu dugu Pikaran zabaltzeko.

'Berdea da more berria' liburuaren azala

‘Berdea da more berria’ liburuaren azala

Liburu honi buruz
“Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak” liburua ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk elkarlanean egin dugu. Onintza Irureta Azkune da egilea eta hitzaurrea Irantzu Varela Urrestizalak idatzi du. Liburuko protagonistak emakume grebalariak dira.

Zortzi borrokalari elkarrizketatu ditugu: Maribel Sampedro Martínez (post honetan bere kontakizuna ekarri dugu), Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras. Haien ahotik kontatzen da 2016ko greba handia. Halako indar erakustaldia ez da, ordea, hutsetik sortu. Liburuaren lehen zatian, 1980ko urteetara egin dugu atzera. ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaldu ditugu eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatu. 2016ko martxoan hasi zen dena.

Ia bi urtez luzatuko zen borroka, 378 egun greban. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak kokoteraino zeuden. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituzten gerokultoreak, lan baldintza kaskarretan. Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta. Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zen, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino dezentez gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da.

Liburua Argiaren Azokan dago salgai.

Sutu egiten da negoziazio mahaiko “gizon pailazoa” gogoratzen duen bakoitzean. Bizitzan asko irenstea egokitu zaio; anaiak baino ez ditu eta senar ohia. 64 urterekin ez dago inork zapaltzen uzteko prest, ezta negoziazio mahaiko “gizon pailazoak” ere.

2003an hasi nintzen lanean Derioko egoitzan. Orduan afiliatu nintzen ELAn. Handik urte batzuetara Loiuko egoitzara pasa ninduten. 2009tik naiz ordezkari sindikal.

Azkeneko hau ez da egin dudan greba bakarra. Derion greba gehiago egin genituen, baina ez naiz oso ondo gogoratzen, nik uste egun soltetakoak izan zirela. Esan diezazuket azkenekoa bezalakorik ez dudala egin. Oso luzea izan da eta ekintza asko egin ditugu. Lehengoan lagun batekin pasa nintzen [On Diego Lopez Haroko] kale nagusitik eta Diputazio parera heldu ginenean esan nion: “Jo, gogoratzen zara zenbat ordu egin ditugun hemen?”. Ez da ahaztekoa. Sektore honetan ez dut uste horrelakorik egin denik… Sektore honetan ez, baina Euskalduna itxi zutenekoa gogoan daukat. Gauza batez ohartu naiz: zer diferentzia dagoen emakumeen eta gizonen greben artean. Ez daukate zerikusirik. Gizonek puskatzeko joera dute, Euskaldunako manifestazioetan asko erretzen zen, egurra ematen zen.

Hasieran, greba honetan beldurra neukan. Goiz geratu izan gara kartelak ipintzeko, errepidea mozteko… eta Euskaldunakoarekin gogoratzen nintzen, eta pentsatzen nuen: “Ni ez nago korrika egiteko polizia atzetik dudala”. Inesek esaten zidan: “Berdin dio, egun batez egingo duzu korrika”.

Ez da hobeto ala okerrago, baizik eta diferentzia dago. Ez dakit horregatik nekezago egin zaigun helburua lortzea, zeren zarata ateratzen genuen, baina goxoago… Ea azaltzen dudan: buru gehiagorekin jokatu dugu. Gauzak lortzeko zarata atera behar da, baina edukiontziak eta kotxeak errez, nik ikusi dudan bezala, zer irabazten duzu? Kotxerik gabe gelditu den horren galerak zer irabazi eman dizu zuri? Hasieran gauza hauetaz hitz egin genuen, baina grebak aurrera egin ahala jada ez. Azkenerako ertzainek eta udaltzainek gure alde egiten zuten, babesa ematen ziguten. Hainbat aldiz izan ditugu ondoan eta inoiz ez dira gurekin sartu, eta guk ere ez diegu arrazoirik eman horretarako. Grebak aurrera egin ahala haien begietan ere antzematen genuen zerbait… enpatia edo.

Gizonak astakirtenagoak dira. Jenioa nik ere badaukat, eta belarrondokoa nik ere eman dezaket, baina buru gehiagorekin. Nire iritzia da. Horrek ez du esan nahi gutako emakumeren batek gizonek bezala egin nahiko ez lukeenik.

«Egoitzetako zuzendaritzetan gora iristen diren emakumeek berdintasunaren alde borrokatu beharrean gehiago zapaltzen zaituzte». Clic para tuitear

Agian egin dugun greba motagatik gehiago kosta zaigu, eta jakina, emakumeoi ez zaigulako hainbeste kasurik egiten. Greban eta negoziazio mahaian. Guri esan dizkigutenak gizon bati esango balizkiote, gizon horrek altxa eta muturrekoa emango lioke. Mahai batzuetan egon naiz eta emateko gogoz geratu naiz. Lerde-kontuak entzutea egokitu zait. Beste horretan ez nintzen egon. [Elkarrizketatu ditugun ia emakume guztiek kontatu diguten gertaeraz ari da Sampedro: negoziazio mahaian patronaleko batek bere barrabilei eusteko keinua egin zuen eta hauxe esan: “Hemendik aterako dira zuen hobekuntzak!”]. Adibide hori gogoratze hutsa… Gorputzean halako ezina eta amorrua ari zait eragiten! Uste dute gure soldata osagarria dela etxean. Gu ez goaz mahaira gure bizitza pribatuaz hitz egitera, zuk ez dakizu norbait dudan ondoan ni mantentzeko edo nire burua mantentzen dudan. Mahaian hitzarmenaz hitz egiten dugu eta akordio batera heltzeko biltzen gara. Pertsonatik pertsonara hitz egin behar dugu, ez emakume eta ez gizon. Baina haiek emakumeari hitz egiten diote, soldata osagarria duen emakumeari. Gizon haren keinuak oso umore txarrean jarri ninduen. Ez daukat zertan esan, baina ni bakarrik bizi naiz eta nire burua mantentzen dut. Nire lanagatik ordaintzen didate, ez emakumea edo gizona izateagatik.

Gizon haren aurpegia gogoan daukat [barrabilei heldu zienaz ari da]. Akordio-aurrekoa egin genuen egunean gizon bera zegoen negoziazio mahaian eta ez nion begirada kendu ere egin; eta pentsatu nuen: “Gaur ergelkeriaren bat esatea bururatzen bazaizu, ez naiz isilduko”. Bero-bero nengoen egun hartan, eskerrak ez zuen ezer esan. Ez zuen ezer esan, baina jarrerak asko esaten du, nola sartu zen gelan, nola ibiltzen zen, badirudi esaten ari zitzaizula “hemen nago ni”. Ohituta egongo da horrela jokatzen, ezagun du inguruko emakumeek ez diotela aurre egin, bestela ez duzu horrela jokatzen.

Maribel Sampedro Martínez./ Dani Blanco

Maribel Sampedro Martínez./ Dani Blanco

***

Emakume batzuk zapaldu egiten dituzte eta ez diete aurre egiten. Horien artean emakume gazteak ere badira! Batzuk ez zuten halako kontzientziarik greba hasi aurretik eta ondoren bestelako jarrera daukate. Zuk ikusi duzu ELAk greba garaian atera zuen bideoa? Hor ikusten da zeinek daukan kontzientzia eta zeinek ez. Ez da izan behar ez gehiago eta ez gutxiago, ni ez naiz inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Hori oso gogoan izan dut, zeren sei anaia dauzkat eta amorrua txikitatik dakarkit. Emakume izateagatik gauza asko egiten nituen. Oso nekatuta nago kontu horrekin. Pertsonak gara; zuk bezala, nik ere bi esku dauzkat. Gizonak eta emakumeak desberdintzen gaituen gauza bakarra, nire ustez, amak izan ahal izatea da.

Gazteak aipatu ditut. Badira helduak ere kontzientziarik ez dutenak. Nik uste dut horietako batzuk ez dutela aldaketarik egingo, 50 urterekin ez bada konturatu, hemendik aurrera ez da konturatuko… ez bada hau bezalako grebak egiten direlako.

Ordezkari sindikalon artean elkar ezagutu dugu, baita beste egoitzetako lankideak ere. Gerturatze oso ona izan dugu. Orain ere elkar lagun dezakegu arazoak ditugunean. Ez diot beste greba bat egin behar dugunik, baina hurrengoa errazago aterako litzateke. Kontzientzia gehiago dugu eta zerbait lortzeko badakigu nondik jo. Eta gerta daiteke beste greba bat egitea, ez gara hainbeste isilduko, asko eraman dugu, eta asko isildu dugu. Egia da gehien isiltzen dutenak aldi baterako langileak direla. Nik ulertzen dut, neu egoera horretan egon naiz, eta esaten diet badakidala kontratu finkoa daukagunok baino gauza gehiago irentsi behar dituztela. Hala ere, gauza bat da eutsi-eutsi egitea eta beste gauza bat birrintzen uztea. Ez utzi zapaltzen inoiz! Ate bat ixten bazaizu beste bat irekiko zaizu, batik bat gaztea bazara. Ez da gauza bera 18-30 urte izan ala 50etik gora.

Ados, ordezkari sindikalok errespetua irabazi dugu. Ibilbide bat egin behar duzu zapaldu ez zaitzaten, gaztea zarenean gaztea zarelako edo bizipen latzik izan ez duzulako… Matxismoak urte asko daramatza eta ez da gauetik goizera desagertuko. Borroka luzea da, negoziazio mahaiko gizona bezalako lerde jariatzaileek hor jarraitzen dute, emakumeok ohera eramateko baino ez dugula balio uste dutenak.

***

Egoitzetako zuzendaritzetan gora iristen diren emakumeek berdintasunaren alde borrokatu beharrean gehiago zapaltzen zaituzte. Pena handia da emakumeon artean halako oztopoak ipintzea. Emakume batzuek berdintasunaren alde egitea zer den nahastuta daukate. Berak goi kargua lortu nahi du, ondo, baina horretarako ez daukazu zertan langileak zanpatu, erabili zure gaitasunak. Emakume denak ez dira berdinak izango… baina zenbait emakumezko zuzendari izan ditut eta ez gara ondo moldatu. Zuzendaririk onena Deriokoa izan zen, gizonezkoa.

Gizonak sartzen ari dira lan honetan eta hori ona da, oso ona da. Berdintzen goaz, eta lan hau zer den jabetzen ari dira. Hala ere, gutxi dira oraindik. Orokorrean, gizon horiek bere lanean oso onak dira eta emakumeez iritzi ona daukate, ez dira matxistak. Garapen bat izan duten gizonak dira. Egin behar duten lanerako prestatuta daude, badakite nolako lana den. Langabezian geratutako gizonak etortzen zaizkigu, besterik ez daukatenak, baina lan hau gustatzen zaie. Gustuko ez dutenek utzi egiten dute. Lan neketsua da, ez dituzu kaxak altxatzen, pertsonekin egiten duzu lan. Ez bazaizu gustatzen, hobe uztea.

***

64 urte ditut, urtebete baino ez zait falta erretiroa hartzeko! Oporrak beste behin baino ez ditut hartu behar! Nire buruari horrelakoak esaten dizkiot zeren, egia esan, asko kostatzen zait lana egitea. Lan hau aukeratu nuen gustatzen zitzaidalako, eta gainera, beti egin dut horrelako lana, diruz ordaindua izan ez bada ere. Orain pazientzia gutxiago daukat, burua galduta daukatenak gauzak errepikatzen hasten dira edo hiru aldiz eskatuko dizu altxatzeko, edo oihuka ari dira… Egongelan daude eta zuk ordu batzuk pasa behar dituzu han. Ez dira bat eta bi, askorekin egon behar duzu. Pazientzia galtzen ari naiz, eta fisikoki nola nagoen, zer esango dizut bada. Herenegun beti bezala zortzi pertsona altxatu behar nituen eta 100 kilotik gora dituen bat dutxatu behar nuen. Pisu hila da, berak ez du ezer egiten. Egunero garbiketa egiten diot ohean, eta moldatzen naiz. Aulkira ateratzeko laguntza eskatzen dut eta hainbestean moldatzen gara. Astean behin, ordea, dutxa izaten dute. Antzeman nion oso motel zegoela, oso eroria, eta azkenean hiru langileren artean egin genuen. Lehertuta bukatu nuen txanda. [Garabiak ez dituzue erabiltzen? Galdetu dio kazetariak]. Ai, polit hori! Garabia ere astindu behar da!

Egoitzetako langileen hurrengo erronketako batek erretiro aurreratua lortzea izan beharko luke, dio Maribel Sampedro Martínezek @argia eta @ELAsindikatua -ren liburuan. Clic para tuitear

55 urteak arte ondo moldatu naiz, baina hortik aurrera antzeman diot. Gaur egun librea dut eta bihar nekatuta joango naiz lanera, ez dut errekuperatzen egun libre bakarrarekin. Lehen dantzara joaten nintzen, goizez lana eta arratsaldean dantza. Lehen bizitzaz gozatzen nuen, orain ez. Arratsaldea atsedena hartzeko da, ezin dut ezer egin, akituta nago. Batek ez bada besteak egiten dit min, porru eginda nago, eta nire buruari esaten diot ez naizela hain zaharra. Oporretan igartzen diot, egun batzuetan atsedena hartu eta berriz ere hobeto sentitzen naiz. Beraz, jubilatzen naizenean egun batzuetan atsedena hartuko dut eta orain baino hobeto sentituko naiz, hori espero dut behintzat!

Guri teoria azaltzen digute, pisua nola hartu behar den adibidez, baina beti gauza bera esaten dugu: ez dira kaxak, pertsonak dira, eta gutxien espero duzunean mugitzen dira gutxien espero duzun aldera… Niri ez dit balioko, baina hurrengo erronketako batek erretiro aurreratua lortzea izan beharko luke.

16 urterekin hasi nintzen lanean, 1970ean hasi nintzen kotizatzen. Kontua da ezkondu eta kotizatzeari utzi diodala urte askoan. Kotizatu ez, baina lana bai, oraingo lana bezain gogorra edo gogorragoa, baserriko lana. Baserrira ezkondu nintzen eta jauntxoarentzat kotizatu dut urte askoan. Ikusten? Gauza asko irentsi ditut urte luzez, eta orain gehiago ez. Banandu eta gero hasi nintzen berriz lanean. Bai, berandu hasi gara kotizatzen, gauzak desberdin egiten ziren garai batekoak gara. Lehen, ezkondu eta etxean geratzen zinen. Ez zenuen pentsatzen bestela behar zuenik. Nik ez dakit zein lan den neketsuagoa, zeren belar-zamak egitea oso gogorra da, ukuilua ere bai… lan esklaboa da, ez dago jai egunik. Orain askoz hobeto nago, nik erabakitzen dut zer nahi dudan egin, eta lehen ez.

Bada, imajinatu bizi izan dudana bizi eta gero, negoziazio mahaian gizon pailazo hura tentelkeria haiek esaten entzunda nola sentitzen naizen. Irentsiko nuke! Asko pairatu dut, senarra haizea hartzera bidali dut eta orain horrelako pailazo bati entzun behar diot? Noiz arte entzun behar ditut horrelakoak? Nik aurrera egin dut, baina gizonek ez dute aurrera egin, nire senar ohiak eta negoziazio mahaiko pailazoak.

Gure egoitzetako zaharrek horixe irakasten digute: hil arte ikasten jarrai dezakezu.


Bizkaiko egoitzetako langileen grebari buruz Pikaran publikatutakoa: 

“Nos queréis invisibilizar y vamos a estar presentes más que nunca”

Obreras del cariño, las ‘kellys’ de los cuidados

 

‘Berdea da more berria’: erresidentzietako grebalarien ahotsak
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

Revista que ofrece periodismo y opinión con un enfoque crítico, feminista, transgresor y disfrutón.

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies