Zaindu maite duzun hori Ficciones, Veus-Ahotsak-Vozes

Katixa Agirre-ren estreinaldia Pikaran!

Katixa Agirre

Walter Benjamin XX. mendeko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat da, baina berrogei urte zituenean oraindik ez zekien bere buruarentzako kafe bat ere prestatzen. Ama zenari botatzen zion errua gainera, Paulineri, esne mamitan hazi omen baitzuen, erosotasun guztiekin. Vladimir Nabokov XX. mendeko idazle handienetariko bat da eta bere eleberri guztiak (hogei baino gehiago) Véra emazteari dedikatu zizkion. Ez alferrik, kontu praktiko orotarako behar-beharrezkoa zuen emakumea: txofer lanetarako (gizonak ez zuen gidatzen), afaria prestatzeko, are idazten zituen gutunei zigiluak itsasteko ere.

Gizon handiaren mitologiaren parte dira, eta hor egon dira beti, ezkutuan gehienetan: emakumeak dira, gizon handiaren lan zikina egiten, edo, amableago jarri nahi badugu, zainketa lanez arduratzen gizona misio goren bati emanda bizi den bitartean.

Mary Shelleyk, berriz, hemeretzi urte baino ez zituen Frankenstein eleberria amaitzen saiatzen zen bitartean. Haur txiki baten ama ere bazen, eta haurdun zegoen. Bere senarra, Percy, kanpoan zen garai hartan. Eta hala ere, denbora hartzen zuen –nobela, umea, haurdunaldiko gonbitoen artean– senarraren ostatuko ugazabandreari idazteko, senarraren arropa garbitzeaz ahaztu ez zedin.

Mary Shelleyren ereduak erakusten digu posible dela literaturaren historian geratuko den eleberri bat idaztea arropa zikinaz arduratzen zaren bitartean. Baina logikak esaten digu askoz errazagoa dela bizitza intelektualean guztiz murgiltzea umeei pardelak aldatu behar ez badizkiozu. XX. mendean zehar beren umeak abandonatu dituzten ama idazleak ere ez dira gutxi izan, Doris Lessing edo Mercè Rodoreda, kasu.

Hala ere, inkesta bat egingo bagenu gaurko emakume sortzaileen artean, ez dut uste askok zainketa lanez guztiz ahaztea aukeratuko luketenik. Nago arduren partekatze justuago baten alde egingo luketela gehienek, elkartasun sare sendoagoen alde, zainketa lanaren balioaren aitorpenaren alde.

Inposaketa bat ez denean, Damoklesen ezpata bat buru gainean, beste modu batean ekin ahal zaio zainketa lanari. Intelektuala, idazlea, pentsalaria, bizitzaz elikatu beharko litzateke gainera. Zaintza bizitza eskola bat da. Beste bati emanda, tarte batez bada ere, zeure buruaz ikasten duzuna ezin da beste inon ikasi.

Amaitu da argazkiaren bigarren planoan keinu harroz agertzen den esklabu bolondresaren garaia. Bizitza zabala da eta, ondo antolatuz gero, asko egiteko denbora dago: pardelak aldatzeko, eskuak garbitzeko eta XXI. mendeko eleberri handia idazteko.

Zaindu maite duzun hori
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

¿Quieres debatir en un espacio tranquilo, seguro y libre de (machi)trols? Vente al foro de debate de Pikara Magazine

Revista que ofrece periodismo y opinión con un enfoque crítico, feminista, transgresor y disfrutón.

Te necesitamos para seguir haciendo #PeriodismoFeminista

Descubre qué significa ser #AmigaDePikara

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies