Indarkeria sexualen tiradera irekiz: unibertsitateari buruzko gogoeta Acoso en la uni, Opinión

Instituzioek sexu indarkeriaren ikusgarritasunak eragindako alarma desaktibatzeko prozesuak abiarazi dituzte, baina gehienetan, salaketa formalak kudeatzera, zigor-neurriak ezartzera eta pertsona jakin batzuk indarkerien errudun bakartzat seinalatzera mugatzen dira, konplizitate sozial, instituzional eta kulturaletan sakondu gabe.

Marta Luxán Serrano, Jokin Azpiazu Carballo eta Mila Amurrio Velez

'El Salto'-ko arte eta argazkilaritza taldeak egindako diseinua: Byron Maher, Sancho Somalo, David Fernández eta Álvaro Minguito.

‘El Salto’-ko arte eta argazkilaritza taldeak egindako diseinua: Byron Maher, Sancho Somalo, David Fernández eta Álvaro Minguito.

#AcosoEnLaUni
2018eko Apirilean Pikara Magazine-n, #AcosoEnLaUni monografikoa argitaratu genuen. Kazetaritza lan horren arabera, ‘Espainiako unibertsitate publikoen erdiak baino gehiagok jazarpen kasuak erregistratu ditu’. Artikulu hau eguneratze batetan kokatzen dugu, datu, istorio eta analisi berriak gaineratzeko grinarekin. Apiriletik 39 kasu gehiago gehitu ditugu: guztira 275 baino gehiago. Eguneratze hau El Salto-ko paperezko edizioan ere publikatu dugu 

Iazko udaberrian Pikarak unibertsitateetan gertatzen den indarkeria matxista aztertzeari ekin zion. Bi urtez Indarkeria sexualak jasan dituzten biktimak babesten dituzten unibertsitateak (USVreact) europear ikerketan aritu eta gero, hausnarketa horri ekarpen xumea egin nahi diogu, gure kezkak, ondoriok eta, zergatik ez, zenbait gomendio zuekin partekatuz.

USVreact ikerketaren helburu nagusia tresnak garatzea izan da, bereziki, formakuntzara bideratutako tresnak, unibertsitateak euren baitako indarkeria sexualen errealitatera gerturatu daitezen, horiek prebenitze eta, gertatuz gero, ahalik eta egokien erantzute aldera. Ikerketatik harago, indarkeria sexualaren kontra lanean ari diren mugimendu eta ekimenei arreta berezia jarri diegu, eta, horren ondorioz, gaiarekin lotuta dauden hainbat harietatik tiraka ibili gara bidean topatutako lagunekin. Eta hona hemen gure lehenengo gogoeta: indarkeria sexualari aurre egiteko unibertsitate-egituraren baitan sakoneko eraldaketak bultzatu behar ditugu, epe ertain eta luzeko prozesuak irudikatuz; ez dago barita majikorik.

Indarkeria sexualen inguruan jardutean testuinguruari erreparatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi genuke, isolaturiko elementu bezala ikustea ekiditeko. Gure kasuan, hiru elementu aztertu ditugu: indarkeria sexualekiko eta horien ikusgarritasunarekiko interesa, indarkerien markoaren hedapena eta unibertsitatearen beraren ezaugarriak. Jakina, unean uneko, eta lekuan lekuko, elementu garrantzizkoak ezberdinak izan daitezkeelakoan gaude.

Hiruren artean, ikusgarritasuna litzateke azken urteetan aldaketa gehien jasan duena. #metoo eta nik sinesten dizut kanpainek, arreta pizteaz gain, zenbait eztabaida eta kezka azalarazi dituzte ingurune feministetan. Alde batetik, egiaztatu dugu zeinen zaila den indarkeria sexualak salatzerako orduan erdigunean botere-harremanak kokatzea eta ez subjektu zehatzen jarrera. Bestetik, errugabetasun-presuntzioaren izenean erasoak frogatzeko exijentziaren eta emakumeen testigantzen balioaren arteko talka ikusi dugu. Unibertsitate-eremuan ere biak ala biak topatu ditugu.

Pentsa genezake ikusgarritasunak ondorio positiboak baino ez dituela, baina, kanpainak eta ekimenak zalantzan jarri gabe, horien arriskuak kontuan hartu behar ditugulakoan gaude. Adibidez, indarkeria modu batzuei ikusgarritasuna ematen zaie eta beste batzuei ez, lagungarriak ez diren eta etorkizunean gainditzeko zailak diren biktimizazio-estandarrak eraikitzen dira eta, gure ustez bereziki arriskutsua dena, alarma soziala sor daiteke. Azken horren ondorioz, instituzioek (unibertsitateek barne) alarma desaktibatzeko prozesuak abiarazten dituzte, horretarako neurri zehatz eta zuzenak baliatuz. Eta, gehienetan, zigor-neurriak ezartzera eta pertsona jakin batzuk indarkerien errudun bakartzat seinalatzera mugatzen dira (konplizitate sozial, instituzional eta kulturaletan sakondu gabe).

Ideia hauek gure formazioak burutzean identifikatu ahal izan ditugun zenbait elementuekin lotu nahi genituzkeen. Zentzu horretan, indarkeria sexual mota ezberdinak identifikatzeko erraztasun geroz eta handiagoa hauteman ditugu formazioan parte hartu dutenen artean, baina, era berean, indarkeria horiek botere-egituren adierazpen moduan identifikatzeko erresistentzia ugari ere.

Erresistentzia horiek bigarren elementura garamatzate, hots, indarkeriaren markoaren hedapenera. Indarkeria sexualen ulermen-markoa etengabeko eztabaidan dago, mugimendu feministaren ekimenez jarraiki lana egiten ari delako legeek eta gizarteak oro har indarkeria matxista ulertzeko duen modu mugatua aldatzeko. Borroka-gune nagusia indarkeriak botere-generizatudun sistemen adierazpen eta kontroltzat jotzea da, gaur gaurkoz. Bestalde, gizartean eta unibertsitatean, indarkeria matxistei heltzeko zuzenbide-ikuspegitik abiatzen gara nagusiki. Horren adierazle argia kasu hauetan salaketa formalak duen zentralitatea dugu, oraindik ere unibertsitate askotan babes eta artatze prozesuetarako ezinbesteko baldintza dena. Amaitzeko, azken urteetan LGTBQI politikak genero politikekin konektatuak garatzeko beharra seinalatu dute hainbatek, eta politika feministek erronka konplexu horri eutsi diote hainbat lekutan.

Unibertsitate esparruak baditu bere berezitasunak ordea. Unibertsitate eremuetan gertatzen den indarkeria sexuala aztertzerakoan garrantzitsutzat jotzen ditugun elementuak aipatu nahi genituzke labur-labur: Canpusetan garatzen den bizitza-unibertsitarioaren ezaugarriak, unibertsitate barruko egitura hierarkiko espezifikoak, genero eta sexualitate gaiez arduratzen den egiturarik ote dagoen, talde eta eragileen presentzia eta beraien eragiteko gaitasuna, instituzioaren tamaina eta protokolo edota araudiak daudenetz. Elementu horiek, zein beste batzuk, aintzat hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu egoeren diagnostikoari ekin eta aldaketak proposatzeko.

Diagnostikoak aipatu eta horiekiko dugun kezka borborka datorkigu. Ariketa horien beharra oso presente dago unibertsitatetan eta, diagnostikoak egitearen aldekoak bagara ere, zertarako egiten diren birpentsatu beharko litzatekelakoan gaude. Finean, datuak eskuratze nahi horren atzean, askotan, indarkeria benetan gertatzen dela egiaztatzearen ideia baitago. Eta, gure iritziz, ez dago indarkeria dagoela frogatu beharrik, alta, indarkeria sexual ezberdinen presentzia abiapuntutzat jo beharko genuke. Ikuspegi horretatik, diagnostikoak “datu errealak” lortzeko baino prebentzioa modu egokian garatzeko tresna gisa ulertu eta diseinatu beharko genituzke.

Ikerketa prozesuan izandako formazio-esperientzia, elkarrizketak eta abarrekoetan oinarrituz, indarkeria sexualak unibertsitate-eremuan lantzerakoan lagungarriak izan daitezkeen zenbait gomendio eta erronka zerrendatu dugu.

Gure ikerketatik eratorritako erronka eta ideiak

Unibertsitateko indarkeria sexualen ikuspegi instituzionala aldatzea ezinbestekoa da. Egun gailentzen den paradigman ikaslea da arazoa duena eta instituzioa da hura kudeatzen duena (berariazko egituren edo bere pertsonalaren bitartez); eredu horretatik fenomenoa modu irekiagoan behatuko duen ikuspegi batera pasatu behar gara. Horrek eskatzen du indarkeria mota ezberdinekin eta horietan jarduten duten egiturazko elementuekin (generoa, sexualitatea, klasea, arraza…) bat, unibertsitate-egitura zein bere hierarkia gure inguruko elementu berezi gisa kontuan izatea.

Era berean, beharrezkoa da ikuspegi asistentzial batetik prozedura ireki eta parte-hartzaileetan oinarritutako ikuspegira igarotzea, unibertsitate barruko zenbait sektore eztabaidatze eta ahalduntze dinamiketan nahasiko dituena. Seguruenik, unibertsitate instituzioak eta bere egiturak zalantzan jarriko dituzte horrelako hurbilketek; unibertsitateek ez lukete eztabaida horietatik ihes egin behar, aitzitik, horietan sakondu beharko lukete, instituzioek izan ditzaketen kontraesanak onartuta.

Agerikoa da hierarkizatuta ez dauden elkarguneak falta direla unibertsitate komunitatea osatzen duten sektoreen artean. Horiek eraikitzeari ekin behar diogu. Era berean, garrantzitsua da instituzioek entzute-prozesuak eta indarkeria sexualei buruzko kexen sarguneak ezartzea, eta, sargune horiek kontuan izatea pertsona eta kolektibo ezberdinen ezaugarriak. Gure bizipenen inguruan hitz egiteko espazio seguruak behar ditugu eta nahitaezkoa da ulertzea espazio horiek aldatu egiten direla pertsona batzuetatik besteetara: emakumeentzat eta LGTBQI pertsonentzat, besteak beste. Hala ere, zintzoak izanda, aintzat hartu behar ditugu unibertsitatearen baitako hierarkiak eta berauen eragina prozesu honetan: ez da posiblea egun batetik bestera komunitate ezberdinen topaguneak sortzea duela hamarkadak bertikalki antolatzen ari den eremu batean.

Entzute-guneetan indarkeria sexualez segurtasunez eta lasaitasunez aritu ahal izateko, ezinbestekoa da unibertsitateetako burokrazia-espazioak alboratzea eta gune berriak eraikitzea, ikasleek eta irakasleek/AZP beraienak ez diren eta eraginkortasun gutxi duten espazio urrun gisa senti ez ditzaten (ez dugu deus asmatzen: bi urte hauetan egin ditugun inkestak eta EHUko protokoloaren sorrerarako burututako lan-saioek distantzia honen existentzia baieztatu digute). Horretaz gain, arreta zirkuitu koordinatu baten parte izan behar dira entzute-gune zein sarbide horiek; eta, gaur gaurkoz, existitzen ez den datu bilketari bide eman behar dio.

Arestian esan bezala, indarkeria sexualen arreta prozesuak ezin dira salaketa formalean ardaztu. Kexa formalarekiko eta bere egiaztapen prozedurekiko obsesio horrek indarkerien ikuspegi juridikoan du jatorria; arreta zirkuituen eraginkortasuna mugatu sekundarioa sortzen du maiz. Kexa eta salaketa formala bereiztea formula egokia izan daiteke; horrela ziurtatu dezakegu pertsona guztiei arreta eskaintzen diegula entzute-gune batera kexa batekin joate hutsagatik. Era horretan, salaketa aukera bezala ageri da, ez arreta neurriak martxan jartzeko baldintza moduan.

Eskuragai dauden arreta zein prebentzio baliabideek aurrekontu eta esku-hartze gaitasun egokia izan beharko lukete. Oinarrizkoa da baliabide horiekin lan egiten duten pertsonek prestakuntza egokia, ikuspegi feminista eta ikuskapen zein koordinazio zuzena izatea. Premiazkoa da ere koordinazio-guneak ezartzea unibertsitatetik kanpo gai hori modu instituzional edo aktibistan lantzen duten agente eta taldeekin: emakumeen etxeak, arreta zentroak, kolektibo feministak, ahalduntze eta autodefentsa taldeak, besteak beste.

Jarduera protokoloei eta beste zenbait erregulazio neurriei dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dugu indarkeria “kasuen kudeaketa” ereduak gainditzea. Hortaz, ondorengo ezaugarriak konbinatzen dituzten ereduetara igarotzearen alde egiten dugu: batetik, indarkeria egoerak bizi dituzten pertsonen behar bereziei erantzuteko premia eta, bestetik, eraldaketa sozialaren zein prozesu parte-hartzaileen sustapena. Ondorioz, prebentzio eta sentsibilizaziorako neurri eta aurrekontu zehatzak izan behar dituzte erregulazio testuek; ezin dute zigorrean oinarritutako begirada jo jarduera elementu bakartzat. Protokoloen abiapuntua egiturazko egoera bati aurre egitea izan beharko litzateke, eta ez Europatik edo beste leku batzuetatik datorren protokolizazio olatura batzea edo araudia betetzea. Ekinbide hauek modu parte-hartzailean (ondo ulertuz parte-hartzeak behar dituen kondizio eta denborak) egitea proposatutako neurriek zentzua dutela eta unibertsitate-komunitateko sektoreetan (ikasleak, irakaslea, AZP, azpikontratatutako pertsonala…) aplikagarriak direla ziurtatzeko modu bakarra da. Zer esanik ez, hainbatetan ikusi dugun bezala, protokoloek ez dituzte beren kabuz soilik egoerak aldatzen, eta, ondorioz, ezin da konfiantza eta ahalegin oro beraiengan jarri.

Indarkeria sexualen aferak unibertsitateak birpentsatzeko eta horiek eraldatzeko bidean kokatzen gaituelakoan gaude, baina jakingo al dugu erronka profitatzen?

Artikulu hau gustatu al zaizu?
Pikara irakurtzen duzuenen laguntza ekonomikoa beharrezkoa dugu kazetaritza feminista egiten jarraitzeko. Egin zaitez Pikararen lagun: paperezko aldizkaria jasoko duzu eta proiektuaren jasangarritasuna ahalbidetuko duzu.
Indarkeria sexualen tiradera irekiz: unibertsitateari buruzko gogoeta
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

¿Quieres debatir en un espacio tranquilo, seguro y libre de (machi)trols? Vente al foro de debate de Pikara Magazine

Revista que ofrece periodismo y opinión con un enfoque crítico, feminista, transgresor y disfrutón.

Te necesitamos para seguir haciendo #PeriodismoFeminista

Descubre qué significa ser #AmigaDePikara

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies