Lolita Chávez, herri oso baten islada

Lolita Chávez, herri oso baten islada

Osatze feminista asteburua konpartitu genuen maya k’iche’ ekintzaile honekin. “Nik nire historia, nire memoria, nire sabela… utzi ditut hemen. Zer egingo duzue beraiekin?”, galdetu zigun. Hona hemen erantzuna.

24/10/2018

Por ahora no ofrecemos traducción de este artículo, pero puedes leer la entrevista a Lolita Chávez de J. Marcos y Mª Ángeles Fernández

Vicky, Oxana, Lorena, Darek eta Lolita; k’iche’-a (Maiatik etorritako jatorrizko hizkuntza) eta euskara, sua eta ura, irriak eta malkoak… horrela gorpuztu genuen zuen borroka, zuen grina, zuen historia, memoria, kemena eta indarra… osatze asteburua amaitu eta bakoitzak bere bidea jarraitu zuen. Zu, Lolita, Bilbon geratu zinen luzaroagoan, zure familia, komunitate, bizimodu eta artozko opiletatik dexente urrun. Emozionatu gintuzten zure hitzek, urriaren 8 hartan, agertokitik, ehunka pertsonen aurrean bota zenituenak. Hala ulertu genuen, malko artean, opiltxo horiek zuretzako zer irudikatzen duten.

Orain bazoaz eta itzuliko zarenaren hitzarekin batera hala galdetzen diguzu: “Nik nire historia, nire memoria, nire sabela… utzi ditut hemen. Zer egingo duzue beraiekin?”

Argazkia: EH Bilgune Feminista

Argazkia: EH Bilgune Feminista

suscribete al periodismo feminista

“Nire bizitza maite dut. Ez dut eraila izan nahi”

Asanblada gogorra izan zen. Zure bikotekidea besarkatu eta alabarekin egongo zinelakoan eta albiste txarrak jaso ondorengo erabaki zail berria. “Ni ez naiz jaio eraila izateko. Ni ez naiz jaio bortxatua izateko” ia lelo bilakatzen dira zure esaldiak, konpañera. Guatemalan k’iche’az hitz egitea, lurra maitatzea, lurra defendatzea eta feminista izatea horrela dago zigortua: kartzelarekin, bortxaketekin, jazarpenarekin eta heriotzarekin.

Asanbladak aurrera egin zuen eta baita zure bizitzak ere. Erabaki zailak erraz bihurtu eta aurrera egiteko daukazun gaitasun miresgarri horretatik aritu zaitezke gaur egun ere: “Asko gogoratzen dut nire herria. Asko estimatzen dut nire lurraldea. Ondo gogoratzen ditut oroitzapen on eta politak baina baita bertan ematen diren injustiziak ere. Ez gaituzte pertsona gisa tratatzen indigenak garelako. Sumendiarena gertatu denean, adibidez, medioek kontatu ez duten arren, bertako herritarrak ez zituzten desalojatu. Bakarrik turistak eta klase altukoak atera zituzten arriskuan zegoen zonaldetik.”

Honi patriarkatua gehitu behar diogu. Bertan, oso basatia da eta emakumea izatea gure kideen hitzetan, sumisioan eta ezkutuan egotearen pareko bihurtzen da. Datuek ere arrazoia ematen diote: 2017an 500 emakume izan ziren erailak Guatemalan eta 10 963 salaketa egon ziren eraso sexualak argudiatuz.

Kapitalismoa eta patriarkatua elkartzen direnean gertatu ohi dena gertatu da hemen ere, zalantzarik gabe. Gerrillera, eroa, sorgina, terrorista… deitu izan diote Lolitari eta baita bere kontrako manifestazioak egin ere euren borroka kriminalizatzeko eta hori gutxi balitz, erailtzen saiatu dira inoiz. Horregatik egin zuen alde bere lurraldetik, Berta Caceres eta antzerako kideekin gertatu zena saihesteko. Bertita, erreferente bat zen, Lolita bezala. Mehatxu bat. Batzuen botere eta handikeria salatzen dutelako. Bidezkoagoa den bizi eredu baten alde egiten duelako eta honek, kapitalismoa eta patriarkatuaren aurka jotzen du bete-betean. Bat batean zure bizitza defendatzea transnazionalen aurka joatea bilakatzen da, orduan; eta baita “zure” kausa, kausa kolektibo bilakatu ere.

Izan ere, bertan dauden transnazionalek, ura lapurtzen diete Abya Yalako biztanleei, ingurua kutsatzen dute, baliabideen ustiaketa basatia egiten dute, masakratzen dituzte bertako herriak. Baina transnazional hauen jatorria Europan dago Lolitaren aburuz eta horregatik eskatzen du konpromisoa eta ardura hemen ere. Guk jan, jantzi eta erabiltzen ditugu bertan ekoizten diren produktuak eta hemengo erakunde eta politikek baimentzen dute hori. Florentino Perez (Real Madrid futbol taldeko eta ACS eraikuntza-enpresako lehendakaria eta) bezalako arduradunak dituzte atzean herri indigenen aurkako erasoek. Berarentzat ere utzi zizkigun hitz batzuk Lolitak: “Gustatuko litzaidake gure herria ezagutzea, ikus zezan, bere enpresa handiak akabatu nahi duen herritar bakoitzaren aurpegia”.

Euren kontra egiten dute, beraz, multinazionalek baina beraiek komunitatea daukate eraso guztiei erantzuteko, erasoez babestu eta erasoon ondorioak sendatzeko. Zuhaitzak dituzte, errekak dituzte, landareak, kideak, maitasuna, indarra, besarkadak… horrek egiten omen du biziraupena eramangarriago. Elkartasunak.

“Ni banoa baina hemen Lolita asko geratzen dira”

“Beraiekin hitz egin. Euren historiak entzun. Ez ahaztu gure herria, mesedez”. Animatu gaituzu. Hitza hartu dizugu, kontundentziaz eta Idily Méridarekin bildu gara, Mujeres tejiendo red taldeko kidea. Eragile hau Euskal Herrira migratu duten emakume* guatemaldarrez osatuta dago. Bertako kideek aipatu digutenez, 2016an sortu zenean bi ziren biltzen hasi zirenak eta gaur egun hogei lagunera ere heltzea lortu dute.

”Oso emakume guatemaldar gutxi gaude Euskal Herrian baina denok konpartitzen dugu errealitate bat: guztiok pairatu dugu indarkeria. Beraz, batu eta antolatzea beste erremediorik ez geneukala ulertu genuen.” Elkartzearen garrantziaren zioa, euren ustetan, anizkoitza da: Alde batetik, egoera bikoitza salatu ahal dute, Euskal Herrian pairatzen dutena eta jatorrizko herrietako egoera; eta bestetik, aldaketarako agente garrantzitsu bilakatzea bilatzen dute. Izan ere, bertan bizi duten arrazakeriaz ere aritu zaigu Idily: “Ez da gauza bera hiri-guneko edo landa eremuko migrante indigena izatea. Ez da gauza bera irakurri eta idazten jakitea edo ez jakitea. Zentzu honetan ni pribilegiatua izan naiz han bizi izan naizen bitartean, mestiza naizelako. Baina hona heldu naizenean galdu ditut pribilegio horiek.”

Emakume guatemaldar guztien erresilientziarako gaitasunaz ere aritu gara eta etxeko langile internoek, elkarrekin egoteko duten beharra ulertu dugu segituan, “berdinetik berdinera” daudelako horrela. Hau biziraupenerako eta erresilientzia gaitasunerako funtsezko bilakatzen da eta horregatik askotan, nekeak neke, langile hauek dauzkaten asteko bi ordu libre bakarrak elkartzeko erabiltzen dituzte, elkarrekin egon, norberaren beharrak mahai-gaineratu eta ezaguerak elkarbanatzen dituztelarik. Horrela sortu omen zen kolektiboan ehuntzearen ideia. Hori izan da ahalduntze eta boteretzerako tresna emakume hauen kasuan: kolektiboan ehuntzea. “Hala, hilabetean bitan egoten gara eta bakoitzak nahi duena egin dezake ehundutakoarekin. Norberak eraman, saldu edo bertan utz dezake etxeko langile gisa jarduten dutenei laguntzeko edo gure kolektiborako” azaldu digute. Hortik dator euren taldearen izena: Mujeres Tejiendo Red (Emakumeak Sarea Ehuntzen), Facebook-en aurki dezakezuna gazteleraz, informazioa zabaldu nahi baduzu.

Argazkia: EH Bilgune Feminista

Argazkia: EH Bilgune Feminista

Lolita Chávez: “Herri honek asko eman dit eta itzuli egingo naiz”

“Euskal Herria da Europako Abya Yala. Baina erritmo neoliberala antolakundeekin akabatzen ari da eta ezin duzue testuinguru honetan ahaztu zuen lurraldea babesteaz gain, zeuen buruak ere zaintzea: bizi, osatu, zoriontsu izan eta ospa ezazue bizitza!” indarrez atera zaizu esaldia, indarrez baina erraz. Zeure hitzei, zeure izanari, garrantzia kendu nahiko bazenie bezala. Beti horren umil. Beti horren apal. Hala geratzen dira, bada, hitzok, geure memorietan iltzatuta, zeure itzalaren irudiaz batera, guztion buru, bihotz, sabel eta odoletan, horrenbeste utziaz ere, gehienoi uzten diguzun hutsunea betetzeko baliagarriak izango zaizkigulakoan. Hala da, hala izango da, hala izan dadila!*

Laster arte, konpita!

Argazkia: EH Bilgune Feminista

Argazkia: EH Bilgune Feminista

* Osatze asteburuan itzuli genuen esaldia da. Guatemalako feminismo komunitarioko kideek erabili ohi duten esaldia da euren erritoetan. Izan ere, erritualek garrantzi berezia daukate han. Eduki politikoa, sinbologiarekin uztartzen da eta dena bilakatzen da bat: gorputzak, hitzak eta natura.

Kronika hau Euskal Herriko Bilgune Feministaren iraileko Emaraun aldizkarian argitaratu da. Hemen aldizkaria pdf-an jeitsi dezakezu.

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia
Etiquetas:

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba