fbpx

Genero-indarkeria eta maitasun erromantikoa Voces

Coral Herrera Gómezen arabera, batetik, erromantizismoa da patriarkatua betikotzen duen kultur mekanismo sendoena, eta, bestetik, indarkeria matxistari aurka egin nahi badiogu, beste harreman-eredu batzuk hauspotu behar ditugu

Manifestación violencia

Manifestación celebrada la semana pasada en Bilbao en contra de los crímenes machistas./ Emakume Mundu Martxa

Tresna eraginkorra da maitasun erromantikoa, are, emakumeak kontrolatzeko eta mendean hartzeko tresnarik eraginkorrena dugu, batez ere halako herrialdeetan non emakumeek eskubide guztiak baitituzte eta ez baitira, legez, inoren jabetza.

Gizon askok ondotxo dakite emakumeen auto-estimua suntsi dezaketela, eta haren mendekotasuna hauspotu, baldin eta bietara tratatzen badute: tarteka estimuz eta tarteka gaizki; horregatik, tratu on eta txarren binomioa baliatzen dute emakume horiek zeharo maitemintzeko eta, ondoren, bezatzeko.

Adibide baterako, horra hor Kalimán, putazain mexikarra. Hark azaldu du nola lortzen duen bere emakumeek sexu-lana egitea: hasteko, aukeratu ditu pobreenak eta premiarik handienak dituztenak, ahal dela, beren etxeko infernutik ihes egiteko irrikaz daudenak edo, gizartetik isolaturik egonik, estimua jasotzeko behar gorria dutenak. Putazainek zorrotz-morrotz jarraitzen diote gidoiari: lehenik, zenbait hilabetez, dena emango diote emakumeari: maitasuna, arreta eta opariak; hala, emakumeak sinetsiko du gizonaren bizitzako emakumea dela eta beti edukiko duela nahi adina diru eskura bere beharrak eta apetak asetzeko. Ondoren, putazainak putetxean sartuko du zenbait egunez emakumea, beste neskek “terapia egin” diezaioten. Emakumeak kontra egiten badu, indarka eta haserre, hobe da bakar-bakarrik pasa dakiola estualdia. Ez eskatu barkamenik, sekula. Emakumeak azkeneraino sufritu behar du, haren harrotasuna erori arte, eta, ondoren, belauniko, porrota onartu arte.

Arrak tinko eutsi behar dio, argi erakutsi behar du mespretxua diola emakumeari, alde egin behar du amorruak goia jotzen duenean eta ez da sekula errukitu behar emazteak negar egiten duenean. Teknika horri esker, emakumeak putazainaren desirak beteko ditu eta harentzat lan egingo du kalean edo klubetan; emakume gehienek ezin dute beste inora jo, eta, putazainen arabera, gainera, behin luxua ezagutu ostean, ez omen dute pobreziara itzuli nahi izaten.

Beldurrezko kontakizun hori oso ohikoa da munduko hamaika txokotan. Proxeneta eta putazainez gainera, hainbat mutil-lagun eta senarrek ere halaxe erabiltzen dituzte emakumeak, behor basatiak balira bezala eta bezatu behar balituzte bezala, izan daitezen fidel, mendeko eta esaneko. Gizon askok sinesten dute, oraindik ere, emakumeak horretarako jaio zirela: haiei zerbitzatzeko edo haiek maitatzeko. Eta emakume askok ere hala uste dugu oraindik.

“Maitasunagatik”, emakumeok tinko heltzen diegu zenbait egoera kaltegarriri, hala nola tratu txarrak, abusuak eta esplotazioa dakartzaten egoerei. “Maitasunagatik”, gizon izugarriekin elkartzen gara: hasiera batean printzipe urdinak ematen dute, baina ondoren iruzur egiten digute, erabili egiten gaituzte eta gure lepo bizitzen dira. “Maitasunagatik”, jasan egiten ditugu irainak, indarkeria eta mespretxua. Gai gara gure burua umiliatzeko zergatik eta “maitasunagatik”, eta aldi berean harrotu egiten gara maitatzeko gaitasun handia omen dugulako. “Maitasunagatik”, gure burua opaltzen dugu, hutseratu gaitzaten uzten dugu, gure askatasuna galtzen dugu eta orobat galtzen ditugu gure sare sozialak eta afektiboak. “Maitasunagatik”, uko egiten diegu gure ametsei eta helburuei; “maitasunagatik”, beste emakume batzuekin lehiatzen gara, eta betirako etsaitzen; “maitasunagatik”, dena uzten dugu…

“Maitasun” hori iristen zaigunean, benetako emakume egiten gaitu, duintzen, aratz sentiarazten gaitu, zentzua ematen dio gure bizitzari, estatus jakin bat ematen digu, gainerako gizakien gainetik jartzen gaitu. “Maitasun” hori ez da hutsean maitasuna: salbazioa da. Ipuinetako printzesek ez dute lanik egiten: printzeak mantentzen ditu. Gure gizartean, maitatua izateak arrakasta soziala dakar, gizon batek hautatu bazaitu, horrek balioa eransten dizu, berezi bihurtzen zaitu; ama egiten zaitu, andre.

“Maitasun” horrek kontraesan absurdutan giltzapetzen gaitu: “utzi behar nuke, baina ezin dut, zeren maite dut/zeren denborarekin aldatuko da/zeren maite nau/zeren ez dago besterik”. “Maitasun” horren oinarrian daude konkista eta sedukzioa, eta esklabo egiten gaituzten beste hainbat mito, hala nola “maitasunak dena gainditzen duela” eta “laranja erdia betirako dela”. “Maitasun” horrek promesa handiak egiten dizkigu baina trukean etsipena baizik ez digu ekartzen, gure gainean eragiteko botere guztia eman diegun halako izaki batzuekin lotzen gaitu, rol tradizionalen mendean jartzen gaitu eta zigortu egiten gaitu ez badugu bat egiten guretzat ezarritako kanonekin.

Era berean, “maitasun” horrek mendeko eta berekoi egiten gaitu, zergatik, bada halako estrategia batzuk baliatzen ditugulako desio dugun hori lortzeko, irakatsi digutelako trukean jasotzeko baino ez dugula ematen eta espero dugulako besteak ere “mundua abandonatuko duela” guregatik, guk harengatik egin bezala. Halako “maitasun” izugarria sentitzen dugu ezen, azkenerako, izaki zapuztuak baikara, kexa besterik ez dutenak. Ez bagaituzte maite guk haiek maitatu bezala, “maitasun” horrek biktimista eta xantaiagile bihurtzen gaitu (“nik dena eman baitut zuregatik”).

“Maitasun” horrek zulora garamatza besteak maite ez gaituenean edo fidel ez zaigunean edo uzten gaituenean: izan ere, konturatu orduko, bakar-bakarrik baikaude, urrundu baitzaizkigu lagunak, senideak edo bizilagunak, gure partez erabakitzeko gai dela uste duen morroi bati so geunden bitartean.

Horregatik, “maitasun” hori ez da inondik ere maitasuna. Mendekotasuna da, eta premia, eta bakardadearekiko beldurra, eta masokismoa, eta utopia kolektiboa: hori dena da, baina ez da maitasuna.

Modu patriarkalean maite dugu: kultur mekanismo bat da erromantizismo patriarkala, patriarkatua betikotzen duen mekanismo bat, eta, gainera, legeak baino askoz eraginkorragoa da, gure bihotzean sustraitzen baitu berdintasun eza. Jabetza pribatuaren kontzeptua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza: horra hor gure maitatzeko moduaren zutarriak. Gure kulturaren arabera, horrelakoa da emakumeen maitasun ideala: baldintzarik gabea, sakrifikatua, guztiz emana, mendekoa eta azpiratua. Emakumeoi irakasten digute gizonak debozioz maitatu behar ditugula, Jainkoa edo Jesukristo maitatzen den eran.

Emakumeoi irakatsi digute gizonen askatasuna maitatzen, ez ordea gurea. Gizonak nabarmendu dira beti politikan, ekonomian, zientzian eta artean. Gizonak miresten ditugu, eta boterea duten heinean maitatzen ditugu; baliabide ekonomikoez eta jabetzaz gabetu baitituzte, emakumeek gizonak behar dituzte bizirik iraungo badute.

Generoak dakarren desberdintasun ekonomikoari tiraka, horra hor emakumeen mendekotasun ekonomikoa eta sentimentala. Gizon aberatsak erakargarri zaizkigu hain zuzen ere dirua eta aukerak dituztelako, eta txikitatik erakutsi digutelako senar bat topatzea dela salbatzeko bidea. Ez digute erakutsi berdintasunaren alde borrokatzen, eskubide berdinak lortzearen alde borrokatzen; aitzitik, erakutsi digute polit jartzen eta beste inork manten, maita eta babesa gaitzala lortzen; nahiz eta adiskideak galdu, nahiz eta gizon bortitz, desatsegin, berekoi eta anker batekin elkartu.

Adibiderik argiena, narkotrafikoko mafiaburuak: nahi adina emakume dute, nahi adina auto, droga, eta teknologia; badute behar adina botere bakarrik dauden eta baliabiderik ez aukerarik ez duten neskatxak erakartzeko.

Kulturaren eta ekonomiaren bitartez eusten zaio emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari. Gizon-emakumeok baliabide ekonomiko berdinak izango bagenitu eta aukera izango bagenu haurrak komunitatean hazteko, baliabideak konpartituz, bada, orduan, gure harremanak ez lirateke beharrizanean oinarrituko. Hala balitz, tartean ez balego interes ekonomikorik, iruditzen zait askoz modu askeagoan maitatuko genukeela elkar. Eta askoz gutxiago lirateke nerabetan haurdun geratzen diren neska pobreak, zertarako eta arraren maitasuna ziurtatzeko edo hogei urtean gutxienez elikadura-pentsio bat jasoko dutela segurtatzeko.

Gizonei ere hala erakusten diete maitatzen: desberdintasunetik abiatuta. Hasteko, hauxe ikasten dute: emakume bat zurekin ezkontzen bada, “zure andrea” dela, hots, “zure senarra” bezalako zerbait, baina are okerragoa. Gizonek bi aukera dituzte: goian daudelarik maita ditzaten utzi (alfa arrak), edo maite duten emakumearen aurrean belaunikatu eta amore eman (galtzaundiak). Itxura batean, gizonak trankil daude maite dituztenean, izan ere, tradizioak irakatsi baitie ez diotela garrantzia handirik eman behar maitasunari, ez dietela emakumeei utzi behar beren espazio guztietan sartzen eta ez dituztela beren afektuak jendaurrean adierazi behar.

Baina eustea pikutara joaten da noiz eta emazteak erabakitzen duenean banatzea eta bere kasa ekitea bideari. Gure kulturan erabateko traumatzat dugu dibortzioa, hori dela eta, gizonek ez dute tresna askorik egoerari aurre egiteko: etsi dezakete, deprimitu, eta beren burua suntsitu (batzuek beren buruaz beste egiten dute, beste batzuk hil ala biziko liskarretan sartzen dira, eta zenbaitek, azkenik, autoa hartu eta kontrako norabidean abiatzen dira azkar-azkar); edo, bestela, bortitz egin diezaiokete ustez maite omen duten emakumeari.

Eta orduantxe sartzen da tartean “ohorearen” kontu ditxosozkoa, moral bikoitzaren adierazle nagusia: gizonek naturaz jarraitzen dituzte emeak, eta emeak, ordea, akabatu egingo dituzte beren desirak asez gero. Gizon tradizionalen ikuspegitik, ororen gainetik daude gizontasuna eta urguilua: maitasun gabe bizi liteke, ez ordea ohorerik gabe.

“Ohore-krimen” delakoen ondorioz, milioika emakume akabatzen dituzte egunero beren senarrek, aitek, nebek eta maitaleek, eta beste hainbestek egiten dute beren buruaz beste (familiak beharturik). Zergatik? Norbere senarra ez den gizon batekin hitz egiteagatik, bortxatua izateagatik edo dibortziatu nahi izateagatik. Zurrumurru bat aski da emakume bat akaba dezaten. Eta emakume horiek ezin diote bizitzari berrekin komunitatetik kanpo, ez baitute dirurik ez eskubiderik, ez dira aske, ezin dute etxetik kanpo lan egin. Ez dute ihesbiderik.

Eskubideak izan badituzten emakumeak, berriz, harrapatuta daude haiek ere beren ezkon-harremanetan eta harreman sentimentaletan. Emakume pobre eta ikasi gabeek, emakume aberats eta jantziek: denek pairatzen dute mendekotasun emozional femeninoa, berdin du klaseak, etniak, erlijioak, adinak eta sexu-hautuak. Mundu osoko hamaika emakume daude “maitasunagatik irautearen” tiraniaren pean.

Hala, kontrol soziala gauzatzeko tresna bat da amodio erromantikoa, eta orobat da anestesia-modu bat. Lortzeko moduko utopia dela esaten digute, baina hori lortzeko bidean goazela, zoriona ekarriko digun harreman perfektuaren bila, hara non ikasten dugun nork bere askatasuna galtzea eta guztiari uko egitea dela harremanak eraikitzeko modurik onena, betiere harremanaren harmoniaren mesedetan.

Ustezko harmonia horretan, gizon tradizionalek zera nahi dute, emazte lasai bat, zeinak erabat maitatuko baititu, trukean ezer (gutxi) eskatu gabe. Emakumeen auto-estimuak okerrera egin ahala, emakumeak areago biktimizatuko dira, eta mendekoago bihurtuko. Hortaz, are nekezagoa izango zaie beste hau ulertzea: benetako maitasunak ez duela inongo zerikusirik mendekotasunarekin, sakrifizioarekin eta eustearekin.

Bikotea dugu gizartearen funtsezko zutarri. Horregatixe zigortzen dituzte ezkongabeak eta horregatixe saritzen dute ezkontza heterosexuala, besteak beste, Ogasunak, Elizak, Bankuek eta abarrek. Gero, maitasuna amaitzen denean, edo hausten, porrot eta trauma gisa hartzen dugu. Guztiz etsitzen dugu: ez dakigu nola banatu gure bideak, ez dakigu nola tratatu goxo gugandik urrundu nahi duen edo beste bikotekide bat topatu duen hori. Ez dakigu emozioak kudeatzen: horregatik aritzen dira hain sarri ezkontide ohiak elkarri mehatxuka, irainka eta kargu hartzen, mendeku hartu nahian eta makur.

Eta, era berean, horregatixe zigortzen, gaizki tratatzen eta akabatzen dituzte hainbeste emakume noiz eta erabakitzen dutenean gizonarengandik banatu eta bizitzari beren kasa ekitea. Askoz gehiago dira banaketari gai egiteko tresnarik ez duten gizonak: txikitatik erakusten diete errege izan behar dutela eta indarkeriaren bitartez konpontzen direla gatazkak. Etxean ez bada, telebistan ikasten dute hori: beren heroiek indarkeriaren bidez gauzatzen dute justizia, beren autoritatea ezarriz. Beren heroiek ez dute negarrik egiten, salbu eta beren helburua lortzen dutenean (hala nola futboleko kopa bat irabazten dutenean edo androideak deuseztatzen dituztenean).

Filmek, ipuinek, eleberriek, telesailek eta abarrek zera erakusten digute: neskak egonarriz geratzen direla beren heroiaren zain, biziki maite eta zaintzen dutela, eta gertu daudela maitasunari dena emateko, betiere heroiak tarte bat daukanean. Publizitatean agertzen diren neskek salgai gisa eskaintzen duten beren gorputza; filmetako neska onek, ordea, gizonen ausardiaren sari gisa eskaintzen dute beren maitasuna. Neska onek ez dituzte beren senarrak uzten. Neska gaiztoek, hots beren gorputzaren eta sexualitatearen jabe direla uste dutenek, beren bizitzaren jabe direla uste dutenek, haiek beti jasotzen dute merezi duten zigorra (kartzela, gaixotasuna, ostrazismo soziala edo heriotza).

Gizonek eta emakume onek, biek gorroto dituzte emakume gaiztoak, izan ere, emakume gaiztoek erabakiak hartzen dituztenean eta loturak hausten dituztenean, hankaz gora jartzen baitute gauzen “harmoniazko” ordena. Komunikabideek, sarri, pasiozko krimen moduan aurkezten dituzten emakumeen aurkako indarkeria-kasuak, eta, erailketak eta torturak zuritze aldera, halako esamoldeak erabiltzen dituzte: “emakumea ez zen oso normala”, “gizona edanda zegoen”, “emakumea beste batekin zegoen jadanik”, “gizonak jakin zuenean erotu egin zen”. Akabatu baldin bazuen, seguru emakumeak “zerbait egin zuela”. Hala, emakumeari egozten zaio errua eta gizona dugu biktima. Emakumeak huts egin zuen eta zigorra merezi du, gizonak mendekua merezi du, hala baretuko baitu bere mina eta hala berreraikiko baitu bere urguilua.

Berdintasunik gabeko gure gizarteen oinarrizko elementu bat da indarkeria; horregatik, ez ditugu maitasuna eta jabetza nahastu behar, hala nola ez ditugun nahastu behar gerra eta “laguntza humanitarioa”. Mundu honetan non indarrez ezartzen baitugu agintea eta indarrez kontrolatzen baitugu jendea, non mendekua goresten baitugu mina kudeatzeko modu gisa, non zigorra erabiltzen baitugu desbideraketak zuzentzeko eta heriotza-zigorra, berriz, irainduak kontsolatzeko, halako mundu batean inoiz baino premiazkoagoa dugu elkar ondo maitatzen ikastea.

Ezinbestean ulertu behar dugu tratu onek eta berdintasunak izan behar dutela maitasunaren oinarri. Ondo eta berdintasunez tratatu behar dugu ez soilik ezkontidea, hala tratatu behar dugu gizarte osoa. Funtsezkoa da harreman berdinzaleak ezartzea, ezberdintasunak elkar aberats gaitzaten, eta ez elkarren mendeko egin. Era berean, behar-beharrezkoa da emakumeak ahalduntzea, ez gaitezen maitasunaren mende bizi, eta gizonei erakustea beren emozioak kudeatzean, hartara, kontrola ditzaten beren haserrea, ezintasuna, amorrua eta beldurra, eta uler dezaten emakumeak ez garela inoren objektuak, ezpada bizikideak.

Gainera, babesa eman behar diegu etxean indarkeria matxista jasotzen duten haurrei; zergatik, bada ikusten dutelako beren heroia –ama– umiliaturik eta negarrez, jasaten dituztelako garrasiak, kolpeak eta beldurra, guztiz ikaraturik bizi direlako, umezurtz geratzen direlako, infernuan bizi direlako.

Lehenbailehen deuseztatu behar dugu terrorismo matxista: Espainian, ETAk baino jende gehiago hil du terrorismo matxistak. Hala ere, jendea gehiago haserretzen da ETAren auziarekin terrorismo matxistarekin baino: kalera ateratzen dira eta biktimak zaintzen dituzte. Terrorismo matxista, ordea, kontu pertsonaltzat hartzen da, soilik zenbait emakumeri eragiten dien arazo gisa, eta horregatik jende askok ez du ezer egiten nahiz eta laguntza-garrasiak aditu: ez dute erreakzionatzen, ez dute salatzen, ez dute esku hartzen.

Kopuruei begiratuz gero, argi ikusiko dugu pertsonala politikoa dela, eta orobat dela ekonomikoa: krisiak terrorea areagotu du, emakume askori ezinezkoa zaielako banatzea, eta horretarako baliabide ekonomikoak dituzten bikoteak bakarrik banatu daitezkeelako. Argi dago krisiak izan duela eraginik honetan guztian: gaur egun kasu gutxiago salatzen dira eta, batzuetan, emakumeek atzera egiten dute; Espainian onartu diren tasa judizialen ondorioz, klase apaleko emakumeek ez dute salatzeko aukerarik: aberatsek bakarrik jo dezakete justiziara.

Gizonekin lan egin behar da (prebentzioa eta tratamendua), eta emakumeak eta seme-alabak babestu. Emakumeak ahaldundu behar ditugu, baina gizonekin ere landu behar dugu kontua; osterantzean, alferrik ariko gara borrokan. Genero-ikuspegi integrala duten politika publikoak sustatu behar ditugu, eta komunikabideek lagundu behar dute munduko hamaika etxetan bizi den terrore-mota honen aurkako errefusa hedatzen.

Premiazkoa da: gizartea, kultura, ekonomia eta sentimenduak aldatu behar ditugu. Ezin dugu maitasuna oinarritu jabetza pribatuan eta ezin dugu indarkeria erabili arazoak konpontzeko tresna gisa. Genero-indarkeriaren aurkako legeak oso garrantzitsuak dira, baina horiek lantzearekin batera ezinbestean aldatu behar ditugu gure egitura emozionalak eta sentimentalak. Horretarako, hasteko eta behin, gure kultura aldatu behar dugu, eta bestelako maitasun-ereduak sustatu, ez daitezen menderatzeko edo azpian jartzeko botere-borroketan oinarritu. Bestelako maskulinitate- eta feminitate-ereduak sustatu behar ditugu: emakumeak berez hauskortzat eta gizonak berez bortiztzat jotzen ez dituzten ereduak.

Ikasi behar dugu mitoak hausten, genero-inposaketak bistatik kentzen, bidelagunez gozatzen, askatasunez elkartzen eta banatzen, errespetuz eta samurtasunez elkar tratatzen, galerak onartzen eta harreman politak eraikitzen. Oinordean hartu ditugun eta inkontzienteki erreproduzitzen ditugun oinaze-zirkuluak hautsi behar ditugu, eta denak askatu behar ditugu: emakumeak, gizonak eta bata ez bestea ez direnak. Denei kendu behar diegu hierarkien zama eta rolen eta bortizkeriaren tirania.

Lan handia egin behar dugu maitasuna zabaltzeko eta berdintasuna egiaz mamitzeko, diskurtsoetatik harago. Horregatik eskaini nahi diet testu hau mundu zabalean genero-indarkeriaren aurka borrokan ari diren emakume eta gizon guztiei: indarkeriaren aurkako emakume-taldeei, maskulinitateari buruzko auto-hausnarketa taldeei, fenomeno honen inguruan ikertzen eta idazten dabiltzan autoreei, gizarte gaitz hau agerian jartzen ari diren artistei, berdintasuna sustatzen diharduten politikariei, indarkeria salatze aldera kaleak hartzen dituzten aktibistei, ikasgeletan sentsibilizazioa lantzen duten irakasleei, erailketak ikusarazi eta legeak sustatu asmoz interneten sinadurak biltzen dituzten ziber-feministei, komunitateetan tratu txarrak eta emakumeen bazterketa deuseztatu nahian diharduten buruzagiei. Matxismoa eta berdintasunik eza deuseztatzea, horixe da indarkeriaren aurka borroka egiteko biderik onena: aztertu, ikusarazi, deseraiki, salatu eta berrikasi, elkarrekin.

Texto traducido por Danele Sarriugarte. Lee aquí la versión en castellano.

Genero-indarkeria eta maitasun erromantikoa
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies