(Nik ere) gorroto ditut emozio moderatuak Ficciones, Para más señas

Alaine Agirre jenia bat da. Idazle puska honen estiloak eta gaien trataerak txundituta nauka. Bere pertsonaiek ez diote beldurrik beldurrari: denok isiltzen duguna, haiek kontatu egiten dute. Maitemindu egin naiz. Obsesionatuta nabil. Larunbatean bertan bere esaldi pare bat hanketan tatuatuko ditut. Hortaz, hau ez da “beste” iruzkin bat: azala orratz batekin tintatuko dut egile honen hitzekin.

'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama1990.urtean  Bermeon jaio zen Alaine Agirre ospetsua. Agian, askok usteko dute, zenbait urte geroxeago, bere hirugarren eleberriaren izenburuak dioen legez: bere amak berriz ere erditu zuela. Edo ez. Batek daki. Usteak erdia ustel. Autofikzioaren eztabaidarekin has gaitezke: lehenengo pertsona, egilea eta espiritu santuaren trinitatearen debate bukaezina. Aspergarria benetan. Nahiz eta telebista saio handinahi askotako aurkezleek agian ez duten sinetsiko, idazle gazte batek, edozeinek, protagonista gazte baten istorioaren narrazioa asma dezake eta ez da zertan autobiografikoa izan. Diñot. Jakin dadin. Eta idatzia gera dadin nonbaiten. Gauza da, irakurleok ez dakigula ziurtasunez Agirreren testuetan nondik norakoetan zer den egia eta zer gezurra… beraz, ingelesez esaten den moduan: whatever. Alaine Agirre jenia bat da. Euskeraz, gaztelaniaz, ingeleraz eta orain dela gutxitik frantsesez irakurtzen dut. Agirre andrea azken hamar urteetan izan ditudan sorpresen top 3an dago inongo zalantzarik gabe. Idazle puska honen estiloak eta gaien trataerak txundituta nauka. Maitemindu egin naiz. Obsesionatuta nabil. Larunbatean bertan bere esaldi pare bat hanketan tatuatuko ditut. Beraz, iruzkinarekin hasi aurretik esan beharra daukat, hau ez dela “beste” iruzkin bat: azala orratz batekin tintatuko dut egile honen hitzekin. Objetibitateak eta oxitozinak begirada lainotzen didatela, alegia.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobela Durangoko azokan erosi nuen. Zergatik? Ba egia esan, Alaine Agirreren izena ezaguna egin zitzaidalako eleberriaren portadan ikusi nuenenan, behin interneten Ur handitan telebista programan bere elkarrizketa bat aurkitu nuelako sare sozialetan.

Bizitzaren erudita hau ikusten bukatu bezain laster, nire terapeutari bidali nion esteka whatsapp bitartez eta hurrengo sesioetan Agirre Txit Agurgarria laguna izango banu bezala, berak zionerari buruz mintzatu nintzen berori eredutzat hartuz. Obsesioaren genesia. Maitemintzearen alderantzizko prozesuaren hasiera: idealizaziorik gabeko idolatria gorena. Nola izan daiteke pertsona bat hain argia? Nola azaldu ditzake norbaitek hain ongi barrunbeetatik irtetzen zaizkionak? Erraz: gezurrik ez esaten. Idazle gazte honen estiloak erabat itsutuko zaitu, irakurle maitea, eta ez duzu beste ezer irakurri nahiko oraindik aurrera. Liburu paregabe honek, flashback eta flashforward askorekin, era oso errealista batean, familia euskaldun estandar baten gora-beherak kontatzen dizkigu. Familia honen alaba nagusiak egoera konkretu bat bizi du eta honen kausa eta ondorioen narrazioa, zein aldamenean dituenen erreakzioen islada erakusten digu 176 orrialdeko  ispilu honek. Errurik gabe, ulerkortasunez josia, familia bati egin lekiokeen erretraturik errealistena.

Argazkia: Belaixe Estudioa

Argazkia: Belaixe Estudioa

X hil da eleberria izan zen erosi nuen hurrengo irakurketa aurrekoaren azken kapituluko azken hitza bukatu bezain laster. Hain leku delikatu eta intensoan uzten zaitu idazleak bere obrekin, abstentzio sindromeak jota bukatuko duzula zuzenean bere hurrengo idatzia eskuartean ez izanez gero. X hil da intimitate erakusketa ezinhobea da. Bakarrizketen artean irakurri dudan bakarrizketarik benetakoena. Nire buruari onartu ez dizkiodanak Agirrek idatziz utzi dituela nobela honen lerroetan ikusterakoan, barregura eta negargura aldi berean atera zitzaizkidan. Hemen kontatzen direnak irakurri ditudanetik  dena pixkatxo bat errezagoa egiten zait. Badakit ez naizela hain patetikoa. Badakit ez nagoela bakarrik. Badakit nire buruan darabilzkidan pentsamenduak ez direla soilik nireak eta ez dut nire burua erruduntzat hartzen, jendaurrean lotsagarri utziko ninduten burutazioak izateagatik. 78 orrialde. 41 kapitulu. Gai bakarra: bere maiteari buruzko hausnarketa SAKON-SAKONAK egiten dituen protagonista ezin zoragarriagoa. Baina ez, irakurle maitea, ez dira eskuarki egiten diren azaleko deklarazio estandarrak.

Ez dago hau ozen dardararik gabe irakurriko lukeenik. Pertsonaiaren gogoeten kalitatea hain da liluragarria, nik hor agertzen den guzti-guztia suskribitzen dudala. Den-dena. Puntuazioa barne. Egia da nire etorkizuneko maitaleren batek irakurriko balu eta gauza bera pentsatzen duela onartuko balit, nik agian segituan ospa egingo nukeela beldurraren beldurrez. Baina hau da Alaine Agirreren idatzien xarma: sinzerizidioak direla. Zure barnean ezkutuan gordeta zenituen pentsamendu klaustrofobiko onartezinak, idazleak taburik gabeko okan botako dizkizu mahai gainera. Zure beldurrak, zure desioak, zure  paranoia rokanboleskoenak, zure bikoteen inguruko burutazio bitxienak… Alaine Agirreren protagonistak ere izan ditu. Eta bere pertsonaiek ez diote beldurrik beldurrari: denok isiltzen duguna, haiek kontatu egiten dute. ETA ESKERRAK!!!! “Hain hain hain inpazienteki” irakurri izan dut sarritan liburu bat bestearen atzetik barruan dudan hutsunea betetzeko irrikitan, berak hemen eskeintzen didanaren bila… aurkitu nuenean k.o utzi ninduela. Idazle honi BIZITZA dario. Bizitza gordina inolako apaingarririk gabe.

Odol mamituak atzo bukatu nuen. Hasi bezain pronto, Yasunari Kawabataren “Gorroto ditut emozio moderatuak” esaldiak agurtzen zaitu eleberriaren lehenengo orrialdean. Beraz, ezin duzu esan ez zaituztekin abisatu. Hemendik aurrera irakurriko dituzun 143 orrialdeek “berpiztu” egingo zaituzte eta irakurtzen duzun ahapaldi bakoitzak “zeure bizitzarantz” bultzatuko zaitu gutxinaka gutxinaka.  Baina ez da lasaia izango. Ez da bidai light bat izango. Ez dut espoilerrik egin nahi, horregatik egiten zait zaila iruzkin honetan ezer kontatu gabe idaztea. Benetan uste dut liburu txundigarri honen bidaian aurreiritzi eta txibatazorik gabe sartzeak merezi duela.  Sinestu esaten dudana. Ez naiz gezurretan ari. Demagun egun batean zu-zeu izaten eskua joan zaizula. Demagun egun batean intensitateak irentsi zaituela eta ezin izan dituzula zure buklean dituzun burutapen horiek otzandu. Demagun zure deabruek zure pentsamenduen katakunbetara eramaten zaituztela eta ezin zarenez bertatik irten, onartu behar duzula behingoz laguntza behar duzula gainazalera itzultzeko. Demagun W ez dela soilik letra bat eta demagun baita zure ZU primitiboenarekin elkarrizketa bat izaten irakasten dizula. Demagun hori guztia irakurtzeko aukera ematen zaizula 20 euro baino gutxiago ordainduta… benetan ez duzu egingo?

(…)“Kaletik noa. Eta hanken ordez, badirudi burua dabilkidala oinez, ez baita gelditzen instant batean ere ez”(…)  Irakurle maitea, HAU da zure idazlea. Ez zara damutuko. Alaine Agirre XXI.mendeko literaturak duen ahots beharrezkoenetarikoa dela diot inongo oharrik gabe. Alaine Agirre idazmenaren MONSTRUO bat da. Idazle Agirrek terapia orduak aurreztuko dizkizu. Alaine Agirrerekin ez duzu beste ezer beharko. Alaine Agirrek antsietatea lasaitu eta elikatuko dizu.  Alaine Agirrek bizitza hobetuko dizu. Alaine Agirre for president!!! Alaine Agirre  bihotz-bihotzez mila mila esker. Irakurri dudan idazlerik onenetarikoa zara. ESKERRIK ASKO.

(Nik ere) gorroto ditut emozio moderatuak
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

María Unanue

Adoro aprender por ciencia infusa, las flores y las patatas en todas sus formas.

    Uso de cookies

    Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

    ACEPTAR
    Aviso de cookies