fbpx

Erraietatik orgasmo literarioa Ficciones, Para más señas

Estruktura berritzailea, neologismoak eta hizkuntza nahasketa, umorea, sexu esplizitoa, protagonista gazte eta ausarta… Danele Sarriugarteren eleberria perla bat da.

Barkatuko didazue atrebentzia, baina berriz ere euskeraz idazten natorkizue. Badakigu ez naizela ni izango, gure hizkuntza maitea tronista famatu bihurtuko duena. Baaaaaaaina  gelatik kanpora, plazara, dantzara edo gure mundu globalizatu honetara euskera pixkatxo bat bultzatu ahal izanez gero lerro hauen bitartez, zergatik ez saiatu?

Aurrekoan Pikarako erredakzioan nengoela, 1981.urtean  Angela Davisek idatzitako Emakumeak, arraza eta klasea luzatu zidaten gustoko izango nuelakoan. Ni pozarren: Danele Sarriugartek 2016an itzulitako altxorra eskuetan, eta ibili munduan, esango luke hark. Tsundoku hitza ikasi dudanetik, aitortu beharra daukat, liburuen pilaketak ez nauela horrenbeste estresatzen, jende guztiak egiten duen zerbait dela ulertu dudalako. Hala ere, etxera nindoala, nire obsesiba izateko joerak,  apalategian irakurri gabe neukan bere lehenengo eleberriarekin hasi beharko nintzatekela pentsarazi zidan, eta atea ireki bezain pronto, baita horretan hasi ere! Bi aste. From cover to cover. Inoiz izan dudan orgasmo literariorik berezienetakoa. Ziur irakurketa beste norbaitekin egin izan banu, filmeetan agertzen diren espasmoz beteriko klimax simultaneo errepikatu askorekin disfrutatu ahal izango nukeela (nola demontre egiten dira baldintza irrealak, mesedez eta faborez?!!!)… entzun ondo esaten ari natzaizuena: hau norbait alboan duzula irakurtzeko arte lan aparta da.

Danele Sarriugarte 1989.urtean Elgoibarren jaiotako idazlea, Elearazi itzulpen blogaren kudeatzailea da eta hemen daukagun Erraiak, idatzi duen lehengo nobela. 2014ko otsailean, Elkarren eskutik  argitaratu zen, baina garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea, nik etxean dudan alea, 2015 eko maiatzan argitaratuko laugarren edizioa dela. Beraz, gaur aztertuko duguna, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, edo guztiok uler dezagun: de moco de pavo, nanai de la China.

173 orrialde dituen perla honek oso estruktura berritzailea aurkezten digu. Flashbackez beteriko kapitulu ugari, oso zenbaketa ezohikoekin: 0, -2, 0, -6, 0, 0, -3, 0, -3, 0, 0, -1, 0, 01. Ez dut bere elkarrizketarik ikusi hau azaltzen, baina nahiz eta ez izan ni zenbakiekin oso jaioa, ulertu dudanagatik, 0 kapituluak orain gertatzen ari direnak dira (irakurleak begiekin orrialdeetako lerroak kuriositate ansiosoz irensten dituen bitartean hain zuzen ere), eta aurretik edo atzetik datozen zenbakiek, orden ez kronologiko batean azaltzen dizkigute jakin beharrekoak.  Honen ostean, 30 orrialde inguru dauzkagu oharrez beteak. Esango nuke, liburua Rayuela antzeko bat dela eta kapituluak nahi den ordenean irakurriak izateko idatziak izan direla. Oharrak, era berean, nobelaren tramarekin batera, hasieran edo bukaeran irakurri daitezke inolako spoilerrik gabe. Ni irakurketarako nahiko metodikoa naizenez, bukaerarako utzi nituen. Badakit ez dela konparaketarik egin behar, baina duda izpirik gabe, Borgesen ditxosozko oin-oharrak baino 89474335 interesgarriagoak, barregarriagoak eta benetazkoagoak egin zitzaizkidan.  Dena den, kapituluen sorkuntza alde batera utziz, formato aldetik, batere klasikoa ez den idazlana da hau: letra xehea, letra larria, hitzen errepikapena… Honez gain, eduki aldetik sormen handiarekin, neologismoz jositako esaldiak irakurriko dituzue, era oso dotore batean euskeraz, gazteleraz eta ingeleraz nahaste borraste paregabea sortuz! Hau bai dela eskoletan aldarrikatzen den eleaniztasunaren eredu!

Liburuak, hogeitazerbait urte dituen emakumearen barne bakarrizketa dauka oinarritzat. Berlin eta Coloradon bizi izandako pertsonaia, tabu guztiak hankaz gora, edo hankak irekita jartzeko ausardia duen gaztea. Erreferentzia literario, musikal, feminista, hots, kulturalak darizkio ahoa irekitzen duen bakoitzean gure pertsonai kuttunari: Beauvoir, Bukowski, Cortázar edo Gozategi, besteak beste.

Ez dakit ni serie fan zoroa naizelako edo, baina ezin izan nuen sahiestu, irakurtzen hasterakoan, Sex and the Cityn, Carriek jasotzen duen post-it kriminalaren istorioari begi keinua. Zer egingo zenukete zuek, zuen bikote izandakoak hau idatziko BALIZUE?

“Baina nork eta ahulak jakin behar din indartsua izaten eta alde egiten, indartsua ahulari kalte egiteko ahulegia denean”

Zenbat eta zenbat drama aurreztuko genituzke, post it-ak eskura izango bagenitu!? Arren eskatzen diot nire hurrengo bikote hipotetiko imaginarioari, post it bidez buka dezala nirekin elkarrizketa madarikatu hori izan beharrean. Nork eta zergatik esan zuen mezuz edo telefonoz bukatzea ez zela gomendagarria? Zeinek aukeratu zuen face to face formatoa bikote ohia birrintzeko? Belauniko eskatzen dut, etorkizuneko Nire izenean: edonork eman beharreko azalpen guztiak beti (eta beti diodanean BETI ari naiz esaten) nahiago izango ditut idatziz. Edo modernoak garenez, audioak ere onartzen ditut. Baina mesedez, kendu dezagun oraintxe bertan burutik, ezdakitnork ezdakitnoiz, berehalako komunikazioari buruz sartu zigun idealizazio inozo hori! Edonork daki, drama bat bizi dugunean, gertatu eta gero birobsesionatzeko aukera izan dezagun, gertatutakoaren froga fisikoak beharrezkoak direla konpultsibitatez birbegiratzeko, ikutzeko, usaintzeko edo lagunekin partekatzeko. Aurpegira esaten direnak non geratzen dira gordeta? Nik ezagutzen ez dudan erregistroren bat al dago? Nork gogoratzen du hasieratik bukaerara eman zaion azalpenaren muina? Nik ez, behintzat! Hortaz, esandakoa: heart breakers of the world, unite eta moztu bikoteekin idatziz!!!

Bromak alde batera utzi gabe, umorea oso presente baitago hasieratik bukaeraraino (barrekada galantak botako dituzuela ziurtatzen dizuet!) esan beharra daukat, bikote haustura mingarria, sexu explizitoa, emozio gordinak, egunerokotasun anekdotikoa eta zenbait joera obsesibo kontatzen zaizkigula orrialde hauetan. Guzti hau, eskerrak, oso erreala dirudien ez ohiko intentsitate elegante eta interesgarriarekin apainduta. Ironiaz beteriko egoerak bata bestearen ostean biziko dituzu, eta konturatzen zarenerako, zure egingo duzu haustura eta pertsonai nagusiaren existentzia osoa. Narrazioa in situ, protagonistarekin batera bizitzen ari zarela sentituko duzu, eta bere teorizazioekin txundituta geratuko zara. Ezin dut aipatu gabe utzi, 28-29 orrialdeetan aurkezten den maitaleen kategorizazioa. Ligoteo arloan, harrapariak eta harrapakinen modus operandisaren klasifikazio izugarria oparitzen digu idazleak: argiak, ohi baino argiagoak eta bihotz oneko harrapakinak sailkatzen dituenean. Zuen burua egoera ezberdinetan aurkituko bazenute, jarraibide oso-oso-BENETAN-oso erabilgarriak errezten zaizkizue: bulnerabilitate pittin bat erakusteko zorian egonez gero OSPA KORRIKA zaudeten lekutik atzera begiratu gabe!

Gaztetasuna, bikotea, parrandak, krisis existentzialak, maitasuna, sexua, barreak, sozializazioa, kuadrilak, lagunak, opariak, Euskal Herria, gabonak, familia, amatasuna, eskatologia, irakurketa, Bilbo, maniak,  bidaiak, Gasteiz, bikote ohiak, gogorapenak, espontaneitatea… KUKUTZA ere aurkituko duzu hainbeste gairen artean! Eta guzti hau onomatopeia ugarik sortzen duten Virginia Wolf euskaldunaren erritmo alai baina intimistarekin, gehi noizean behin proposatzen zaizkizun abestiekin sor dezakezun soinu bandarekin. Benetan galduko duzu, Anais Ninen errenkarnazioaren diario faltsuak irakurtzen, bigarren bizitza bat izateko aukera ezinhobe hau?  Urte batzuk barru literatura nobel saria ematen diotenean, gero ez ezazue esan ez dizuedanik abisatu!! EROSI,  IRAKURRI ETA KONTATU!!!

Erraietatik orgasmo literarioa
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

María Unanue

Adoro aprender por ciencia infusa, las flores y las patatas en todas sus formas.

    Uso de cookies

    Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

    ACEPTAR
    Aviso de cookies