Elkartasuna, enpatia eta sororitatea “gerrate matxista”ri aurre egiteko Crónica, En red

Emakumeen konplizitate eta indarra nabaritu da hilabete honetan, Emakume Mundu Martxak Donostian antolatu dituen jardunaldietan. Indarkeria kontzeptuaren definizio berriak bilatu eta zabaltzea izan da ardatz nagusia: sexismo kontzeptuak bere horretan ez du nahikoa zehazten, hitz egin dezagun “biolentzia transistemikoaz”.

Emakume Mundu Martxa

Kattalin (Medeak), Idoia (Bilgune Feminista), Julia (FeministAlde). / Andrea Bosch

Donostian Emakume Mundu Martxak (EMM) ‘Biolentzia matxista birpentsatzen: Feminismotik erantzunak martxan!’ jardunaldiak antolatu zituen. Biolentzia matxistaren arloan erabiltzen diren kontzeptuak birpentsatzea izan zen gai nagusietako bat. Lehen biolentzia matxistari emakumeen kontrako biolentzia esaten genion, gero, ordea, biolentzia sexista izatera pasa zen, orain, berriz, Ana Murciak, El Salvadorreko aktibistak eta gaur egun Garaipen emakume etorkinen elkartearen kideak, biolentzia transistemikoaz hitz egitea proposatzen du. Izan ere, biolentzia ez da esparru pertsonalean edo bikotearekin bakarrik sufritzen, komunitateak zein gizarteak erasotzaileak besteko ardura dute. Tipularen geruzen antzera: emakumeak erdian eta euren inguruan dauden geruzak, sistema zapaltzaile hauek dira. “Gerrate matxista bizitzen ari garela uste dut”, salatu zuen Murciak.

Zirrara, parte-hartzea, konplizitatea, elkartasuna eta sororitatea somatu zen jardunaldietan. Celine Tar-ek, Torre Babel-eko kidea eta etxeko langilea denak, jarrera arrazistak jasan behar izan ditu. Haserre murmurioak entzun ziren behin edo behin ura edozein edalontzitik edatea debekatu ziotela esan zuenean.

Iratik, Ernai-ko ordezkariak, gazteek gazte izateagatik jasan behar duten mespretxua salatu zuen. Aldi berean Izaskun Jiménez, Fekoor-eko Berdintasun eta Genero batzordeko kideak, aniztasun funtzionala duten pertsonez ahaztu izana leporatu zion mugimendu feministari. Txalo-zaparradek hunkituta, emakume hauek biolentzia pasiboa sufritzen dutela gogorarazi zuen, biolentzia hau ezin izaten dutela publiko egin azpimarratu zuen, gainera, izan ere, inork ez die biolentzia zer den azaldu. Pertsona asexualtzat hartzen dira eta ama izateko eskubidea ere ukatzen zaie.

Hizkuntzen aniztasuna ere, jardunaldietan parte hartu zuten 200 emakume baino gehiagoren artean kontuan hartu zen gai bat izan zen. Euskaraz ez zekitenek aurikularretatik entzuten zituzten itzulpenak hauek hondatu ziren arte. B planera pasatu behar zen. “Dena gazteleraz esplikatzera pasako dira, denok ulertzen dugu eta”, pentsatuko zuten batzuk. Baina euskara ez zekiten partaideak taldeka bildu ziren eta emakume talde batek borondatez hizketaldiak itzuli zizkieten. Inklusioa esparru guztietan.

“Gorda borroka feminista!”

Itsasok, Ramonak-eko partaideak, mahai-inguruari beste ukitu bat eman zion, bere urduritasunarekin 30 minutuko barre-algarak sortuz. ‘Loditasuna hemen eta orain. ¿Tenemos complejos?, ¡Somos complejas!’ “monologoan” tipula matxistan dagoen lodifobia salatu zuen. Power Point-ean bere konplexu guztiak idatzi zituen –letra beltzez, badakigu eta beltzak argaltzen duela!– eta partaideek besoa altxatzen zuten identifikatuak sentitzen ziren momentuan. Itsasok bideo batekin bukatu zuen bere hitzaldia. Facebook-en ‘Lodifobiarik ez!’ orrian bere amona agertzen da, bere txikitako erreferentea, eskua altxatuta duela hau esanez: “Gorda borroka feminista!”. Parte-hartzaileak irribarre ausart batekin irten ziren, sentsibilizatuago eta poz-pozik. Ez zen hor bukatu.

Medeak-eko ordezkari bezala, Kattalin Minerrek kontzeptuak sistema patriarkal, androzentriko eta kapitalistak markatzen dituela salatu zuen. Honek mugak jartzen ditu biktima onak eta txarrak ezberdinduz, eta beraz, migrante, bollera eta transexualak emakume onak ez direnez, ez dira biktima onak izango.

Bilgune Feministatik Idoia Arraizak agresibitatea errekuperatzearen inportantzia azpimarratu zuen, gorputzarekiko dugun espropiazioa salatu eta biolentzia hitza erabiltzeak duen garrantziaz hitz egin zuen. “Hau ez da gure bakea”. “Esta no es nuestra paz” entzungo zuten euskaraz ez zekitenek –ordurako aurikularren arazoa konponduta zegoen– . Pazifismoaz nekatuta, batzuk beltzez jantzitako gaueko manifestazioak eta antortxak defendatzen dituzte. Honen inguruan gehiago eztabaidatu zen ‘Ekintza zuzenak’, mahai inguuran: autodefentsa zilegizko erantzun bezala defendatu zuten. Bitartean, FeministAldetik, Juliak neomatxismoaren inguruan hitz egin zuen eta honek erabiltzen dituen estrategia erraz eta faltsuak gaitzetsi zituen, salaketa faltsuen argudioa bezala, adibidez.

Eztabaidak eztabaida, hainbat ondorio atera ziren: EMM protokoloaren berritzea, batera borrokatzeko guztien artean indarrak batuz ikusten ez diren erasoak salatzea eta emakume kurduek sufritzen dituzten atxiloketa, errepresio eta tortura guztiekiko elkartasuna. Bukatzeko, “Cumbia talde feminista” sortzea proposatu zen.

Oroimen historikoa

Donostiara iristeko, bidaia Quebecen hasi zen. 1995.urtean, Pan y Rosas martxa pobrezia eta emakumeenganako biolentziarekin bukatzeko helburuarekin atera zen lehen aldiz. Hortik sortu zen, 2000. urtean, Emakume Mundu Martxa eta ordutik, mugak zeharkatuz errepide eta kaleetara ateratzen dira bost urtean behin. Armak: gorputza, feminismoa. Bandera: elkartasuna. Helburua: “gerrate matxista” irabaztea.


Las asistentes a la mesa 'Transversalizando las violencias machistas'./ Archivo de Emakume Mundu Martxa

Indarkeria matxista zeharka aztertzeko mahai inguruko entzuleak./ Emakume Mundu Martxa-ren bilduma

Esplotazioa eta estigma biolentzia matxistak dira

June Fernández

“Zure bikoteak janzteko era kontrolatzen badu, noiz irteten zaren edo norekin hitz egiten duzun, argi ulertzen dugu hori biolentzia dela, baina, eta kontrolatzen zaituena enplegatzailea denean?” Sorgin eta Anitzak taldetik, Liz Quintanak honi buruz hitz egin zuen. Etxeetan lan egiten duten emakumeek esplotazio eta tratu txarrak jasaten dituzte atseden, intimitate eta sexualitatearen eskubideak galduz. Biolentzia matxistaren kontzeptua zabaldu behar da, bikote heterosexualetik irteteak ez du borroka ahulduko. Beharrezkoa da diskurtso eta politikak koherenteak izatea, biolentzia beste esparruetan –laneko esparruan adibidez– sufritzen duten emakumeak alde batera ez uzteko. Ikuspuntu zabala izan behar du klasismoa eta arrazismoa ere biolentzia sortzaile gisa salatzeko.

Liz Quintanak Soraya Garcíarekin batera, erresidentzietako langileen greban parte hartzen duen sindikalistak, emakumeei lan afektiboa eskatzen zaiela, lan-baldintza bidegabeekin aritzeaz gain “maitasunetik” lan egin behar dutela kritikatu zuen. Ziurrenik partaideei gehien eragin dien mahai inguru honetan, sindikalistak aitortu zuen faltan botatzen zuela mugimendu feministaren elkartasuna esparru feminizatu eta beraz, prekarizatu honetan.

Ericka Arbizuk bere esperientzia kontatu zuen Erdialdeko Amerikatik etorritako emakume trans bezala eta elkartasuna eskatu zien feministei, bera bezala, sexu lanetan jarduten duten emakumeen bazterketa sozialarekin amaitzeko. Zer da etxeko langile bat eta sexu langile bat desberdintzen dituen gauza bakarra? Lehenengoa egoki bezala ikusten dela eta bigarrena ez, erantzun zuen Gasteizen bizi den Tania Sirianyk, El Salvadorreko feminista. “Feminista askok ere eragiten duten estigma biolentzia matxista mota bat ere bada”, amaitu zuen.

Euskal Herriko Emakume Mundu Martxako ahots eta diskurtso gehiago entzuteko, Mar de Fueguitos-eko podcast hau entzun.

 

Elkartasuna, enpatia eta sororitatea “gerrate matxista”ri aurre egiteko
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

Andrea Bosch

Estudiante de Periodismo. Enamorada de las manifas, de la poesía y de mí misma. Camino a todas partes con El Salvador en mi corazón.

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies