fbpx

Hauteskundeen irakaspenak eta aurrikuspenak Análisis, En red

Espainiako Kongresurako hauteskundeek euskal politikagintzan bi eragin izango dituzte. Alde batetik, PPk berezko duen espainiar nazionalismo baztertzailea suspertuko du, euskalduntasunari eraso eginez, Espainian oraindik boto gehiago ematen dizkiolako. Bestetik, urrian Ahal Duguk EAEko hauteskundeetan lehenengoz parte hartuko duenez, euskal alderdien gehiengoak zeintzuk izan daitezkeen zehazten joateko balio izan dute Kongresurako emaitzek.

Ahal Dugu-ko hautagaiek pasa den kanpainian Errejon-ekin mitin batetan./ Ahal Dugu-ren argazki artxiboa

Ahal Dugu-ko hautagaiek pasa den kanpainian Errejon-ekin mitin batetan./ Ahal Dugu-ren argazki artxiboa

Espainiako hauteskundeak PPk bigarrenez irabazi berri ditu. Horrela, azkenean, Mariano Rajoyren amesgaiztoa urrundu da: “demokrazia” aroan bi legealdi egiten ez dituen presidente bakarra ez zuen izan nahi. Beldurrak zeregin handia izan du hauteskundeetan. Alde batetik, Unidos Podemos-en emaitza onak iragartzean, inkestek ezkerreko frontearen aurkako botoa mobilizatu zuten. PPren kanpainak, gainera, boto baliagarria zuen helburu: beldur hori kapitalizatzea, Ciudadanosen botoen kontura. Bestetik, ezkertiarrek Espainiako alternatiba politikoa bihurtzeak eragin zezakeen beldurra arintzeko, Estatu-arrazoiaz baliatuta, Unidos Podemosek sozialdemokraziaren gune politikoa okupatu zuen. Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) 1977an egin zuen hanka-sartze bera: muturreko jarrera alboratzean, hautesle konprometituak uxatu zituen.

Harrigarria da ustelkeriak PPri kalterik egin ez izana. Harrigarriagoa oraindik, puntu beltzetan nagusi ateratzea, batez ere, Madrilen eta Valentzian. Ondorioz, hauteskundeok alderdi popularra sendotu dute. Unidos Podemos, bere aldetik, hauteskundeetako garailea dela diote nazioarteko hedabideek. Pablo Iglesiasen buruzagitza ahulagoa da orain. Alde batetik, Iñigo Errejónen tesi populisten aldekoek kritikak plazaratu dituzte. Bestetik, Iglesiasi ikusten dioten harropuzkeriak zenbait hauteslerekin bat egitea trabatu duela deritzote. Jendaurrean ez du inork aipatu zer ondorio ekarri duen, eztabaidarik gabe, koalizioaren izena Unidos Podemos izen maskulino baztertzailea inposatu izanak. Unidos Podemos, gainera, ez zen PSOEri aurre egiteko gai izan, ez zen sorpassorik egon eta ezkertiarren batuketa ez dauka gobernatzeko beste botorik, Iglesias buru ez dela. Era berean, PSOEk bere historiako emaitzarik txarrenak lortu ditu, baina paradoxikoki Pedro Sánchezen buruzagitza sendotu dute, Andaluziako emaitzak oraindik kaxkarragoak direlako, Susana Díazen karrera trabatuz. Azkenik, Ciudadanos pisu gutxiko alderdi bihurtu da. Albert Riverak ez du beste aukerarik gobernu eraketan plantak egitearena baino, ez duen garrantzia soziala ezkutatzeko, nahiz eta kanpainan Mariano Rajoyren buruzagitza arbuiatu. Baliteke Riverak esanari uko egitea, aurreko legealdian egin zuen bezala, haiek lideratutako gobernuetan baino parte hartuko ez zuketela agindu zutenean, baina gero PSOErekin inbestidura saiorako hitzarmena sinatu zuten. Gainera, gaur egun Ciudadanosek ez du parterik hartzen babesten dituen erkidego autonomoetako gobernuetan.

Euskal Herria, Madrilera begira

hauteskundeak

Katalunian eta EAEn Unidos Podemos gailendu da. Hau da, Estatuaren plurinazionalitatea bi autonomia erkidegok bakarrik lehenetsi dute: nortasun-gatazka duten bi erkidegoak, hain zuzen. EAEren kasuan, baina, Elkarrekin Ahal Duguri euskal nortasunik ez izatea leporatu diote. Lehenengo eta behin, gaztelania lehenetsi duelako, euskararen kalterako. Hauteskunde karteletan gramatika akats nabarmenak egitean, kontrako publizitatea lortu dute. Bigarrenik, Elkarrekin Ahal Duguk ez du Podemos barruan berezko talderik sortu. Alderantziz, Madrilgo zentralitatea onartu du. Euskal hedabideek ere joera hori azaldu dute. EAEko diputatu hautetsiak ezagutzera emateko, adibidez, Eduardo Madina (PSOE) eta Mª Mar Blanco (PP) diputatu berrien argazkiak atera dituzte, EAEn aukeratu ez badituzte ere, Madrilgo zerrendetan joan zirelako. Beraz, Kataluniak ez bezala, EAEk ez du bere kabuz funtzionatzen, Espainiara begira baizik. Hala ere, Ahal Duguri muga soziologiko horri aurre egiteko eskatzen diote.

Espainiatik bereizteko ahaleginean, EAJk ‘Lehenik, Euskadi es lo que importa’ leloa hartu zuen, erreferentziak Espainia izaten jarraitzen badu ere. Dena den, EAJk Espainiako Kongresuan duen egitekoa ondo finkatuta dauka 1977tik: talde parlamentarioa izatea, zenbait legetarako giltza izateko asmoz. Bilduk, ordea, ez du oraindik argi jendarteratu zer egin dezakeen Madrilen, bere eragin soziala ez delako EAJren bestekoa eta, beraz, talde parlamentariorako aukerarik ez duelako. Gainera, ezker abertzalearen urteetako jokabideak kontrakoa aldarrikatzen zuen: eserlekuak lortu, baina bertaratu ez, atzerriko legebiltzarra zelako. Amaiur Herri Batasunaren oinordetza politikotik urrundu zen, Xabier Mikel Errekondok Espainiako Erregeari eskua eman zionean. Oraingoan, aldiz, Bilduk Espainiako Erregearekin batzartzeari uko egin dio, orduko eta oraingo arrazoiak taxuz azaldu gabe. Hortaz, Bilduren berezko estrategia findu bitartean, Sabino Cuadraren “zasca” eraginagatik albiste zen Amaiur, Podemosen antzera. Horrela, bi alderdien arteko eremu politikoa bera izan daitekeela ulertzen da: bihurrialdi parlamentarioa irudikatzea, baina ekonomia eredu sozialdemokrata eta Estatu arrazoia onartzea, muturreko jarreretatik aldentzeko, hain zuzen. Podemosi gertatu berri zaion antzera, estrategia hori onartu duenetik Bilduk azken lau urtean hauteskundeetan hamar puntu galdu ditu. Hauteskunde hauei dagokiela, gainera, abenduko emaitzak hobetzeko asmoz, Oskar Matutek Onintza Enbeitaren lekua hartu zuen, Bizkaiko zerrendaburu izanik (ziurtatutako eserlekua, alegia), prozesu hori jendarteratu barik, koalizioa osatzen duten bi alderdi ezberdinetako kideak direnean: Enbeita Sortukoa da eta Matute, Alternatibakoa.

Ispiluak ispilu

Espainiako hauteskundeen emaitzak urrian aukeratuko den EAEko Legebiltzarraren iragarpena izan daitezke. Gertuko hauteskundeetan beste modu batera botoa ematen dela esaten bada ere, 2015eko Batzar Nagusietako hauteskundeek erakutsi zuten EAEko alderdi guztiek ordezkaritza gutxiago lortu zutela Ahal Dugu hauteskundeetara aurkeztearekin batera. Ahal Duguk Bilduren boto asko eraman ditu eta EAJren zenbait ere bai, Bizkaian batez ere. Dena den, Ahal Duguren aurkezte hutsak eserleku kopuru bera alderdi gehiagoren artean banatzea dakar. Horregatik, alderdi guztien ordezkaritza gutxituko da. Era berean, Ciudadanos alderdiak (euskaraz ez dauka berezko izenik, maskulino baztertzailea uxatzeko ere ez) UPyDren botoak eskuratu ditu.

Kongresurako emaitzak estrapolatuta, EAEko politikagintzan bi alderdi garaile aurreikus daitezke: EAJ eta Ahal Dugu. Gainerako hiruak (PSE-EE, Bildu eta PP) aurrekoren baten Jaurlaritza babesteko laguntzaileak izango dira. Ahal Duguk EAJ garaitzeko helburua badu ere, lehendakarigai izango denak zehaztuko du zein den alderdiaren xedea. Izan ere, Garbiñe Biurrun epailea ez zetorren EAJ baztertzearen aldeko estrategiarekin bat. Horrek uko egitean, lehendakarigaia bilatzeko aukera zailagoa du Ahal Duguk.

EAJk, ostera, hautagaia ondo definituta badauka: Iñigo Urkullu lehendakaria. EAJk, gainera, ez dio politikaren eztabaidan Ahal Duguri begiratzen. Hurrengo kanpainan hori aldatuko da, buruz burukoa haien artean egongo delako. Ezinbestean eskubide sozialek (oinarrizko errenta), arrazakeriak eta indarkeria sexistak eztabaidagai izan behar dute, Aranako (Araba) jaietako erasoetan Ertzaintzak emakumeen salaketak arindu dituela erakutsi berri dutelako.

PSE-EEk Idoia Mendia lehendakarigai aurkeztuko du. Patxi Lópezen lehendakariorde izan zenean, profesional euskaldunzahar moduan aurkeztu bazuten ere, ez du oraindik euskara guztiz menderatzen. Hala ere, EAJrekin gobernuan aritzeko gertutasun euskaltzalea badu. Lehian arituko den emakume bakarra izango da, baina lehendakarigai izatera heltzeko, lehendakariorde izan den bakarra da. Gainerako hautagaiek ez dute EAEko erakundeetan ardurarik izan: zuzenean lehendakarigai aurkeztu dituzte.

hautagaiak-guztira

Bilduren hautagaia Arnaldo Otegi izango da, Sorturen ikurra izan arren. Horregatik, beharbada, Ahal Dugutik bereizteko figura da. Gainera, ezker abertzalearen azken urteko estrategiarekin bat ez datozenek ezin dute Otegi begi txarrez ikusi, hark espetxealdi osoa bete duelako. Hasier Arraizek, ordea, epailearen aurrean ETAkidea dela adieraztea onartu du, espetxe zigorrik ekidetzeko. Dena den, Otegi buru izan arren, azken estrategia horrek Bildu kaltetuko duen ikusteke dago oraindik.

PPtik Alfonso Alonso arituko da, EAEko alderdiaren presidentea delako. Espainian gertatu den bezala, Alonsok Araban ustez izan dituen ustelkeria kasuek ez dute PPren gorakadarik ekidin. Are gehiago, Bizkaian Bilduri aurrea hartu dio.

Gauzak horrela, EAEko Jaurlaritza osatzeko EAJrekin edo Ahal Dugurekin hiru koalizio egon daitezke. Lehenengo eta behin, bi alderdiek PSE-EErekin hitzartzea errazen dute. EAJk dagoeneko zenbait udaletxetan alderdi sozialistarekin hitzarmenak ditu, gobernatzeko beharrezkoak ez badira ere. Ahal Dugurentzat Espainian Podemosek jarraitu nahi duen estrategia kolaboratzaileari ekitea litzateke eta ez luke Madriletik kontrako agindurik izango.

Bigarrenik, Bildurekin Jaurlaritza osatzea ez dirudi egingarri, baina Espainian PPren oldarraldiak aukera hori susper dezake. Horrela balitz, EAJk alderdiaren alde abertzalea nabarmenduko luke, Katalunian abiatutako independentzia bideari ekiteko. PPk Espainiako nazionalismoa areagotzeak, dena den, Ahal Dugu eta Bilduren arteko hitzarmenak zail ditzake, Podemosek Estatu plurinazionala defendatzeari uzten badio, Espainiako botoei eusteko. Ahal Dugu, orduan, Madrilgo alderdiaren gatibua izango da. Bakarrik Podemosek politika ezkertiarraren aldeko apostua lehenestean, EAEn ezkerreko Jaurlaritza abia liteke.

Azkenik, bi alderdi irabazleen arteko koalizio handia (Groko: Grosse Koalition, alemanieraz) egon daiteke, EAJ eta Ahal Dugu ez direlako boto-emaile beragatik borrokatzen. Horregatik, Ezker Batuarekin edo PSE-EErekin izandako antzeko hitzarmena lor dezake EAJk: alde soziala nabarmentzea. Espainiako Podemosentzat ere baliagarria izan daiteke, abertzale moderatuekin gobernatzean Espainiako Kongresuan EAJk PPri gobernatzen laguntzea traba dezakeelakoan. Euskal Herrian, baina, Ahal Duguren beraren kaltetan litzateke, EAJ bertako “kastatzat” hartu izan duelako. Berriro ere, Ahal Duguk Madrilgo alderdiaren estrategiaren arabera jokatu beharko du. Ahal Duguren abagunea, hortaz, feminismoa bere ikurtzat hartzea litzateke, Emakunderen feminismo instituzionala gaindituz.

Pertsona bakoitzak, boto bat

Espainiako hauteskundeetako emaitzak interpretatzean, D’Hont legea aipatzen da, diputatuak bidegabe banatzen direla adierazteko. Pertsona bakoitzari boto bat eman beharrean, lege horrek alderdi handiak gainordezkatzen dituela esaten da. Ez da egia, alderdi handiak sendotzen ditu, bai, baina Espainiako ordezkaritza ez-gardenaren gakoa Konstituzioan bertan dago hauteskunde-barrutia probintzia dela zehazten duelako. Horrela, legeak ezartze ditu probintzia bakoitzak, dituen biztanle kopuruaren arabera, zenbat diputatu hautes ditzakeen. Hego Euskal Herrian, honela da gaur egun: Arabak 4, Bizkaiak 8, Gipuzkoak 6 eta Nafarroak 5.

Espainiako Kongresuan pertsona bakoitzak boto bat izateko, Europako Parlamenturako hauteskundeetan bezala, Estatu osoak hauteskunde-barrutia izan beharko luke. Orduan, Senatuak autonomia erkidegoak ordezkatu ahal izango lituzke. Orain, Senatuak ere probintzia du hauteskunde-barrutia. Hortaz, 350 diputatu eta 266 senatari diru publikoarekin sustengatzen gabiltza, bi ganberek lan bera egiten badute eta hauteskunde-barruti atzeratu berari eusten badiote ere.

Espainiako Konstituzioak autonomia erkidegoei ganbara legegile bakarra agindu zienez eta ez bi (legebiltzarra eta senatua), EAEn bi sistemen arteko konponbidea aukeratu zuten: hiru lurralde historikoek 25na legebiltzarkide hautatuko dituzte. Horregatik, arabar baten botoak Bizkaiko hiru boto eta erdik beste balio du eta Gipuzkoako bik adina. Ildo horretatik, Espainiako Kongresuko hauteskundeetan bezala botoa emango balitz, Ahal Duguk Araban lortuko lukeen gainordezkaritzari esker, EAJtik bereiziko litzateke eta Jaurlaritza zuzentzeko moduan egon daiteke. Arabako emaitzek ere eserleku gehiago eman diezaizkioke PSE-EEri, Bizkaian eta Gipuzkoan Bilduk PSE-EEk baino boto gehiago lortu arren. Beraz, bi alderdion Arabako emaitzek haiek osatuko duten Jaurlaritzan hirugarren alderdi baten beharrik ez izatea ziurtatuko dute. Bi alderdiek Araban izango dituzten emaitzak gakoa izango dira eta orain Madrilen hasiko den haien arteko negoziazioa ere bai.

Hauteskundeen irakaspenak eta aurrikuspenak
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

Maria González Gorosarri

Sarera albistetan nator, albisteen kalitatea, feminismoa eta teoria kritikoak uztartuz. Komunikazioan Doktore Europarra. Egun, Berlinen.

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies