Kolonia: bortxaketak errefuxiatuei leporatu edo indarkeria sexista bera borrokatu?

Kolonia: bortxaketak errefuxiatuei leporatu edo indarkeria sexista bera borrokatu?

Alemaniako hedabideek Koloniako erasoen inguruan egindako berri-ematea aztertu du Maria González Gorosarrik Berlin-etik

12/01/2016

Gabon Zaharretan Kolonian (Alemania) ehunaka emakumeri taldean eragindako erasoak azken egunotako lehen albiste bihurtu da, Alemaniatik kanpo, batez ere. Gabon Zaharretan zenbait emakumek lapurretak eta erasoak pairatu zituela salatzean, Koloniako poliziak horren berri eman zuen asteroko prentsaurrekoan. Banaka aurkeztutako ehunaka salaketen berri eman zuen poliziak.

Berri-emate arrazista horren ondorioak ikusi ditugu: mugimendu faxistek gerra-errefuxiatuen aurkako manifestazioak areagotu dituzte

Bi kontu buruan izan behar ditugu: lehenengo, emakumeok lapurretak errazago identifikatzen ditugu lege-hauste moduan eta arinago salatzen ditugu; eta bigarrenik, Europako hegoaldean identifikatzen ez ditugun eraso sexistak salatzeko gaitasuna landu dute Alemaniako feministek. Horregatik, zenbakiak altuegiak izanda ere, Euskal Herrian horrelakorik gertatzen denean, salaketak askoz ere kopuru txikiagokoak izaten dira. Hortaz, Alemaniako hedabideek harridurarekin informatu dute: “Europako hedabideek Kolonian Gabon Zaharretan gertatutakoa eztabaidatu dute, batzuetan maltzurkeriaz, besteetan datuekin” (taz, 2016/01/07).

suscribete al periodismo feminista

Horra, gertatutakoa. Horren berri-emateak, aldiz, erasotzaileak arabiarrak direla azpimarratu du. Orduan, Alemaniako jendartearen zatiketa etorri da: emakumeen aurkako indarkeria errefuxiatuei leporatzea edo indarkeria sexista bera borrokatzea. Atzerritarrak sexu-erasotzaileak direla islatzen dituzten albisteak argitaratu dira: “Koloniaren eta Hanburgen ondoren: Berlinen ere Gabon Zaharretan sexu erasoak egon ziren” (Berliner Morgenpost, 2016/01/06). Albisteak bina salaketaren berri ematen du, baina jakin badakigu hiri handietan Gabon Zaharretako moduko gau batean ohiko zenbakiak baino nabarmen baxuagoa dela. Kolonian gertatutakoarekin lotzean, ordea, Estatu osora zabaldutako lege-hauste uholdea balitz bezala aurkeztu dute. Ildo horretatik, hedabideek atzerritarrek sistema sozialarentzat zama direla islatu nahi izan dute: “Gero eta etorkin gehiagok diru-laguntza sozialak kobratzen dituzte: Merkel, murriztearen alde” (Süddeutsche Zeitung, 2016/01/08).

Berlineko prentsan errefuxiatuek emakumeen aldeko errespetua adierazteko egindako kale ekintzaren albistea

Berlineko prentsan errefuxiatuek emakumeen aldeko errespetua adierazteko egindako kale ekintzaren albistea

Berri-emate arrazista horren lau egunetara, lehen ondorioak ikus ditzakegu. Lehenengo eta behin, mugimendu faxistek gerra-errefuxiatuen aurkako manifestazioak areagotu dituzte. Pegidak, besteak beste, dagoeneko pare bat manifestazio deitu ditu jada: “Pegida, NPD eta AfD: Zelan eskumak Koloniako erasoak erabiltzen dituen” (Schleswig-Holsteiner Zeitung, 2016/01/06) Gogoratu behar da, gainera, Alemanian ia astean behin errefuxiatuentzako etxe bat erretzen dituztela talde naziek, baina ez da Estatu osora zabaltzen, tokian tokiko erasoak balira bezala aurkezten dituzte hedabideek:

  • “Astebetean bigarrenez: Errefuxiatuentzako etxe batean sutea, Herxheimem” (Die Zeit, 2015/12/10)

  • “Errefuxiatuentzako etxe batean sutea, Kirchhundemem” (WRD, 2015/12/13).

  • “Errefuxiatuentzako etxe batean sutea, Surwolden” (Osnabrücker Zeitung, 2015/12/15).

  • “Errefuxiatuentzako etxe batean sutea, Hanburgetik gertu” (Süddeutsche Zeitung, 2015/12/16).

  • “Errefuxiatuentzako etxe batean sute handia, Ruppertshofenen” (Rems Zeitung, 2016/01/01).

Bigarrenik, islamofobia ondoko herrietara zabaldu da. Eslovakiak iragarri berri du ez dituela errefuxiatu musulmanik onartuko, “kristauak bakarrik”, ez duelako “Alemaniaren modukoa” bihurtu gura (FAZ, 2016/01/08). Azkenik, Alemaniako Gobernuaren erantzuna bikoitza izan da: alde batetik, errefuxiatuak Alemaniatik kanporatzeko legea gogortzea eta, bestetik, emakumeak babesteko, kalean polizia gehiago ipintzea. Segurtasunaren izenean, ordea, kalean erasorik gertatuko ez dela ziurtatzeko, gizonentzako derrigorrezko etxeratze ordua ipintzea neurririk eraginkorrena dela gogoratu dute Feminist Current-ekoek.

Izan ere, hedabideen berri-emate arrazistak emakumeok jaietan (ere) pairatzen dugun indarkeriari buruzko eztabaida alboratu du. Alemaniatik kanpokoek Alemaniako emakumeak erasotzen dituztela zabaldu da. Errealitatea da jatorri alemaniarra duten sexu-erasotzaile larregi daudela Alemanian eta Kolonian eraso duten zenbait emakume jatorri arabiarrekoak direla. Ez dago emakumeoi eraso egiten digun arrazarik, ideologia baizik. Indarkeria sexista ez da naturala, saihestezina, bat-batekoa. Gizonek bakarrik erasotzen gaituzte zigorrik jasoko ez dutela uste dutenean: bakarrik gaudenean, ilunpetan edo taldean, Kolonian gertatu den bezala. Kontrolatu ezin dezaketen indarra balitz, ordea, supermerkatuan eta epailearen aurrean bertan ere eraso egingo ligukete. Aztertu beharrekoa, baina, beste kontu bat da: zergatik asaldatzen da jendartea bakarrik erasotzaileak atzerritarrak direla esaten denean?

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba