Pikara Magazine-k ZH-ko glosategi feminista plazaratu du!

Pikara Magazine-k ZH-ko glosategi feminista plazaratu du!

Espero dugu tresna honek aletxo bat jarriko duela feministen eta gorren kolektiboen aldarrikapenek bat egin dezaten

Texto: Itziar Abad

Itzultzailea: Maialen Berategi

Emma Gascóren irudia

Emma Gascóren irudia

Orain pare bat urte, izena eman nuen Zeinu Hizkuntzako (ZH) komunikazioan trebatzeko lehenengo ikasturtean, Gasteizko Arabako Gorrak elkarteak urtero antolatzen dituen ikastaroen barnean. Orduan ohartu nintzen ZH ere modu sexista batean erabil daitekeela, euskara bezalaxe, eta orduan konturatu nintzen, halaber, badirela zenbait hitz feminismoarentzat eta generoaren teoriarentzat arrunt-arruntak izanik ere (esaterako: ‘jabetze’, ‘indarkeria matxista’, ‘genero’) ZH-n zeinu jakinik ez daukatenak. Horren ondorioz, pentsatu nuen interpreteentzat zinez zaila behar duela izan foro feministaren batean bota ohi diren mezuak adieraztea, eta, era berean, zeinu horien falta benetako oztopo izan daitekeela gorrentzat, bai emakumeen eskubideak aldarrikatzeko garaian, bai eta aldarrikapen horiek partekatu eta lantzen diren esparruetan parte hartzeko orduan ere.

Arazo (arazotzar) bat iruditu zitzaidan; konponbide errazekoa, ordea (ezjakina beti ausart!); beraz, hortxe ekin nion ZH-ko glosategi feminista bat sortzeari. Jakin nuen bazegoela lehendik halako beste glosategi bat, eta erabaki nuen hartatik abiatuta jarraituko nuela. Lehenik eta behin, jakina, zenbait lagun konbentzitu nituen proiektu honetan nirekin batera nahas zitezen. Hasieran, glosategi soil samar bat genuen buruan: hainbat sarrera, lerro batzuetan definituta. Alabaina, zenbat eta jende gehiago batu proiektura, orduan eta gehiago joan zen hobetuz ideia hura; taldean aritzearen ondorio onuragarria, horixe.

Gaur egun, Glosategi honek 60 sarrera baino gehiago ditu, jakintza esparru ugaritako 25 feminista inguruk espresuki proiektu honetarako definituak denak ere. Ageri diren hitz horiek honako alor hauetakoak dira, besteak beste: sexu eta genero identitateak (esaterako, ‘lesbiana’, ‘biogizon eta bioemakume’, edota ‘queer’), medikuntza (‘medikalizazio’), komunikazioa (‘generoko eten digital’), kooperazioa (‘genero premia praktiko eta genero interes estrategiko’), ekofeminismoa (‘Bizitzaren jasangarritasun’), Feminismoa (‘Berdintasunaren Feminismo eta Diferentziaren Feminismo’), kirola, hezkuntza, indarkeria, sexualitatea eta, jakina, baita aniztasun funtzionala ere.

Gorrentzat, ZH-n genero ikuspegirik ez egotea oztopo bat da bai emakumeen eskubideak aldarrikatzeko garaian eta bai aldarrikapen horiek partekatzen eta lantzen diren esparruetan parte hartzeko orduan ere

Horrez gain, kalitate oneko bideo batzuk ere baditugu (bertan, interprete batek zeinuz adierazten du termino oro), eta, horiez gain, Emma Gascók eginiko ilustrazio batzuk, webgune eskuragarri eta eder bat, eta zeinu ofizialik ez zegoenean sorturiko zeinu berri zenbait. Ametsetan ere ez genuen usteko halakorik lortuko genuenik…

Azkenik, Glosategi honen beste indargune bat euskarazko bertsioa da; kontu handiz prestatu dugu, hizkuntza horretan sortzen den literatura feminista sustatzeko asmoz.

Bat eginez

Mayte Greco Sanabria eta Raquel Lucas Espinosa Cadizko Berdintasunerako Genero Ikasketen Elkarteko (AEGI) kide dira; elkarte horrek, besteak beste, ZHko ikastaroak ematen ditu genero ikuspegia kontuan harturik. Hain zuzen ere, Lenguas diversas, luchas comunes izeneko iritzi artikuluan (“Hizkuntza askotarikoak, borroka komunak”), azaltzen dute badela garaia gorrak ikusgai bihurtzeko beharrari buruzko diskurtso tradizionaletik harago joan eta diskurtso berri bat osatzeko, non entzumenaren aniztasun funtzionala, generoa eta hizkera barneratzailea batuko diren.

Bi aditu horien gogoetetan, halaber, azaleratzen da gorrentzat oso zaila izango dela “patriarkatua aldatzea baldin eta genero ikuspegitik haien hizkuntzara egokitutako tresnak urri-urriak badira”. Izan ere, ZH-n zeinu jakin bat existitzen ez denean (eta maiztxo gertatzen da hori), kontzeptu horren esanahia osoki azaldu behar izaten da. Beraz, zeinurik ez duen kontzeptua, demagun, ‘kapitalismo heteropatriarkal’ baldin bada, orduan erruz konplikatzen da kontua…

Arazo hori leuntzeko, Greco Sanabriak eta Lucas Espinosak bi mikroekintza estrategia proposatzen dituzte: batetik, ZH-n ikuspegi feminista barneratzea eta zeinu berriak asmatzea; bestetik, aliantzak sortzea: “Funtsean, gure proposamena da beharrezko tresnak eratzea nabarmendu ahal izateko zer alderdi baztertzaile dituen hizkuntzak aniztasun funtzionalari eta generoari dagokienez; horretarako, kolektibo ugariren indarrak batu behar dira, eta ekintza estrategia berriak sortu hizkuntza ezberdinetan aritu arren borroka komunetan ari diren horientzat”.

“Nahi dugu gure lagun gorrak gurekin batera etortzea antolatzen ditugun ekitaldi feminista guztietara (zeinu hizkuntzako interpreteen bidez bermatuz osoro parte hartu ahal izango dutela), eta nahi dugu bai interpreteek eta bai gorrek aukera izatea genero gaietan prestatzeko”; horixe adituen eskaera.

Irrika handiz, espero dugu ZH-ko Glosategi Feminista hau aletxo bat izango dela feminismoaren aldarrikapenek eta gorren kolektiboenek bat egiteko bidean.

Hemendik aurrera, tresna hau hobetzen jarraituko dugu, sarrera gehiago eransten (oraindik sartu ez ditugun oinarri-oinarrizko batzuk, batik bat), eta definizio osoak eskaintzen ZH-n, orain arte zenbait terminorekin egin dugun bezala (esate baterako: ‘elkargunetza’ edo ‘intersekzionalitate’ eta ‘cruising’).

 

 

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

Download PDF

Título

Ir a Arriba