Putak eta marikoiak

Putak eta marikoiak

Zer da gona motzegia daraman neska? Eta gona daraman mutila? Epai horiek denok egiten ditugu. Eta oharkabean, guztion bizitzak grisagoak bihurtu.

03/05/2013

ibon arrizabalaga de mingo, feminista

Donostiako Koordinadora TransMarikaBollo Feministak iaz antolatutako elkarretaratzea/ Bilgune Feminista

Artikulu hau Karkaran, Orioko eta Aiako orainkarian, argitaratu zen

ekainak 2: prostituten eskubideen eguna

suscribete al periodismo feminista

ekainak 28: translesgay harrotasun eguna

Onartzen dut, badut probokatzaile sena. Gogoko dut zalantzan jartzen ez dena astintzea. Gogoratzen dut nerabezaroan, Orion bizi eta heavy itxurak neramatzanekoa. Ze adrenalina txutea izaten zen, Zarautzerako bidean, Loretxu taberna paretik pasatzea: galtza elastikoak, txupa eta nire txima luzeak nahikoa ziren zerbait apurtzen ari nintzela sentitzeko. Bankuan eserita zeudenen epai- begiradak lotsa ere ematen zidan, jakina, baina nire lotsa gainditu eta nahi bezala janzteko ausardia izateak are gehiago jartzen ninduen, eta buruestimaz gainezka iristen nintzen lagunengana.

Puta izena du neskek bizi duten kartzelak. Eta marikoia mutilonak. Denok sufritzen ditugun espetxeak: itxiak, aspergarriak. Eta bortitzak.

Antzeko sentsazioak izaten jarraitzen dut lotsari aurre egiten diodan aldiro. Azkena, Donostiko San Martin azoka parean, Denok gara putak kartela eskuan, sexu langileen aldeko elkarretaratze alaian. Edo iazko sanpelaiotan, PottorBero Mugimenduak deitutako manifan, pareo luzea jantzita GONA ETA MINIFALDA! lelodun pankartari eusten. (Bide batez, ez al da lelo bikaina, EHn bizi nahi dugun aro berrirako? Autokritika, umorea eta aldarrikapen iraultzailea, dena bat).

Zorioneko sentitzen naiz. Orio utzi eta 20 urtera, nirea izan zen ikastolan lan egiteko aukera izan dut. Harremonak egitasmoaren baitan, Orioko nerabe, guraso eta irakasleekin gozatu eta ikasi dugu. Norbere burutik hasita, elkarri tratu hobeak ematen ahalegindu gara. Eta hainbat aurreiritzi erronkatu ditugu. Esaterako: zer da gona motzegia daraman neska? Eta gona daraman mutila? Epai horiek denok egiten ditugu. Eta oharkabean, guztion bizitzak grisagoak bihurtu. Puta izena du neskek bizi duten kartzelak. Eta marikoia mutilonak. Denok sufritzen ditugun espetxeak: itxiak, aspergarriak. Eta bortitzak.

Neskek ikasten dute desiratzea oker dagoela, ezin dutela joan plazer bila. Haiei zain geratzea dagokiela: eder, isil, formal. Desiren objektu izaten ikasi, eta desiratzaile agertzen den neska baztertzen dute, ausartegi jokatzeagatik. Desiragarri bihurtu ditugu, eta jaso ditzaketen erasoen erantzule ere bai (gizonok gara kontrolatzen ikasi beharra dugunak, eta nesken gaineko kontrolari uko egin). Printze/otsoen zain egotera kondenatuak, mundu guztia kritikatzera zigortzen ditugu; batez ere, beste neskak: puta!

Gizonok badakigu zer ez dugun egin behar gure gizontasuna zalantzan jar ez dadin. Eta guk galdutako plazerei uko egin nahi ez dietenak zigortzeko prest gaude

Mutilok ikasten dugu gizon bihurtzeko modu bakarra dagoela. Eta gizon bilakatzeak nahikoa pribilejio dituela beste guztiak merezi izateko. Horrela, bidean galtzen ditugu koloreak, irribarrea, dantza, samurtasuna, panpinak, ezpainetakoa, malkoak, letra ona, lagunekin eskutik joatea, takoiak… eta bortizkeriaren mehatxurik gabe bizi ahal izango garenaren itxaropena. Badakigu zer ez dugun egin behar gure gizontasuna zalantzan jar ez dadin. Eta guk galdutako plazerei uko egin nahi ez dietenak zigortzeko prest gaude: marikoia!

Nor ez dute puta edo marikoi deitu inoiz? Nork ez du halakorik egin? Sekula izan al du zerikusirik lanbide edo sexu-joerarekin? Ez. Baina bi kolektibo horiek, prostitutek eta homosexualek, jasaten duten estigma eta bazterketa amaituta, guztiok sumatuko genuke arindua. Bitartean, arauak ez betetzeak, besteak bezalakoa ez izateak, pizten dizkigun lotsen preso bizi gara.

Merezi du lotsa pasatzea: eskerrik asko esatea amari; maite zaitut, aitari; pasa zaidan gauzarik ederrena zara, semeari; alabak media zulatuak jantzita kalera irten nahi duenean isilik geratzea; irakasleak hanka-sartzea onartzea gelan… eta batez ere, ispilu aurrean gaudenean, pentsa ditzakegun piropo guztiak ozen aldarrikatzea, begietara begira.

Denok biziko gara askeago. Eta zoriontsuago :)

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba