Tuareg
Esther Zarraua Isasi-Isasmendi
Hauxe da 80ko hamarkadan Alberto Vázquez Figueroak idatzitako eleberri baten izenburua, udazken honetan bertan irakurri dudana. Benetan gomendagarria!
Aurtengo urtarrilean Maliko iparraldean tuaregek hasitako matxinadaz telebistan esaten digutena baino zerbait gehiago jakin guran hartu nuen liburua eta haren irakurketaren bidez jakin nuen gaur egungo “zibilizazioak” oraindik irentsi ez duen herri ibiltaria dela tuareg edo […]
Esther Zarraua Isasi-Isasmendi
Hauxe da 80ko hamarkadan Alberto Vázquez Figueroak idatzitako eleberri baten izenburua, udazken honetan bertan irakurri dudana. Benetan gomendagarria!
Aurtengo urtarrilean Maliko iparraldean tuaregek hasitako matxinadaz telebistan esaten digutena baino zerbait gehiago jakin guran hartu nuen liburua eta haren irakurketaren bidez jakin nuen gaur egungo “zibilizazioak” oraindik irentsi ez duen herri ibiltaria dela tuareg edo imuhagh-ena, oraindik ere berezko legeria eta erlijio monoteisten aurreko animismoaren arrastoak gordetzen dituena, eta horrenbestez, natura eta emakumeenganako miresmenari eusten dion gizartea dela.
Tuareg herria Saharako basamortuan bizi da, Argelia, Libia, Niger, Mali eta Burkina Faso herrialdeetan. Afrika Kolonialismoaren atzaparretatik ateratzen hasi zenetik, 60ko hamarkadatik, hasi ziren tuaregak beraien independentzia aldarrikatzen; oraindik ere nazioarteko erakunde batek ere aintzakotzat hartu ez duen eskaria. Aurtengo apirilean Maliko Iparraldean Azawad Estatuaren independentzia aldarrikatu zuten, bertako hiri nagusiak Tombuktu, Kidal eta Gao (hiriburu izendatua) direlarik.
Aste honetan, Europar Batasunak Bakearen Nobel Saria jasotzearekin batera, Holland Frantziako presidenteak jakinarazi du ez dagoela terroristekin negoziatzerik, “Hitz egin? Zertaz hitz egin behar dugu?” adierazi zuen Frantziako agintariak. Terroristen aurka afrikar soldaduz osatutako armada bidaliko dutela agindu du Hollandek.
Tuaregek, bere aldetik, beraien bizimodua egiten jarraitzea besterik nahi ez dutela jakinarazi dute, baina inguratuta daudela: batetik Mauritaniako armada, bestetik Malikoa (tuareg herritarren aurkako hainbat sarraskitan nahasia) eta hegoaldetik islam gogorrenaren aldekoak, lurralde aberats zenbaiten laguntzaz armatuak eta sharia ezartzeko helburua dutenak.
Shariaren menpeko estatuetan, emakumezkoen hainbat arau-hauste harrikadaz hiltzearekin zigortzen dira, hala nola: ezkontzaz kanpoko harreman sexualak, harreman homosexualak, gizonekiko desobedientzia, era jakin batean jantzita ibiltzeari uko egitea, edota bortxatua izatea, honen errua ere emakumeei egozten baitzaie.
Tuareg gizartean, ordea, leinua da oinarrizko egitura, seme-alabak amaren leinukoak eta bere oinordeko direlarik. Gizonezko batekin ezkontzea erabakitzen badute, emakumeek bere ondasunak mantentzen dituzte, baina senarrarengandik banatu nahi badute, aske dira bere nahia betetzeko eta beste batekin ezkontzeko. Kanpamenduan emakumeek agintzen dute, gizonak maiz kanpoan ibiltzen diren bitartean, dela artzain, merkatari zein gerlari eginkizunetan. Andreek gizasemeek baino heziketa maila altuagoa izan ohi dute, leinuko batzar nagusietan parte hartzen dute eta haien iritzia erabakiorra da tribuko aferetan.
Europako boteretsuak herri honen aurka ezpatak zorrozten ari dira, oraindik ere emakumeen eskubideak errespetatzen dituen Afrikako jendarte hau suntsitu eta shariaren legeetara makurrarazi nahi dutenen eskuetan uzteko. Eta horrelako ekintzengatik, besteak beste ustel usaina darion Nobel Sari baten bitartez, ohorea eta nazioarteko komunitatearen eskerrona jasotzen dute.