“Pertsona askok diote ez dela berdina emakume bat ala gizon bat drogaturik ikustea”

“Pertsona askok diote ez dela berdina emakume bat ala gizon bat drogaturik ikustea”

'Eta gero bospasei garela esango duzue' elkarrizketa feministen sailean, Maitane Anituarekin, Ai laket!! erakundeko kidearekin, hitz egingo dugu. Emakumeen eta gizonen drogen kontsumoa aztertu du, ikuspegi feminista erabiliz.

Texto: Itziar Abad
20/01/2012

Maitane Anitua Roa Gasteizen jaio zen, 1983an. Haur Hezkuntzan diplomatua eta Kazetaritzan lizentziatua da. ‘Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterra’ egin zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan emakume gazteen arteko drogen kontsumoari buruz ikertu zuen. Orain, gai hori sakontzeko asmoz, doktoretza hastear dago. Bestalde, Ai laket!! erakundeko kidea da. Horrek drogen plazer eta arriskuen kudeaketa egokia bultzatzea du helburu nagusi. Elkarrizketa honetan, Anituak emakumeen eta gizonen drogen kontsumoa aztertzen du, ikuspegi feminista erabiliz.

Maitane Anituak substantzia baten osaketa aztertzen du.

Maitane Anituak substantzia baten osaketa aztertzen du.

Sexu-genero sistemak ba al du eragina drogak hartzeko arrazoietan?

suscribete al periodismo feminista

Drogek eskaintzen diguten plazer motaren arabera kontsumitzen ditugu emakumeek zein gizonek, legezkoak zein legez kanpokoak, testuingurua kontuan hartuta. Ez emakume ala gizon garelako, pertsonak garelako baizik eta plazerek arriskuek baino gehiago erakartzen gaituztelako normalean. Kontsumo esperimentalean, esaterako, antzekoak dira emakumeen eta gizonen kontsumitzeko arrazoiak: integratzea edo probatzea. Egia da, halere, bestelako kontsumo mailetan (jarraikorrean eta gehiegizkoan, kasu) aldeak handiagoak izaten direla. Gizonengan ongi pasatzeko joera egon daiteke, eta emakumeengan deskonektatzekoa edo arazoei aurre egitekoa.

Eta kontsumo mailari dagokionez?

Hor bai, alde handiak egoten dira. Esaterako, gizonezkoen kontsumoa handiagoa da substantzia mota gehienetan eta polikontsumoa (hots, substantzia mota ezberdinak aldi berean hartzea) nabariagoa da horietan ere bai.

Behin esan zenuen drogen arloan ere emakumeek kristalezko sabaiarekin topo egin dutela.

Bai; hori beste adibide bat da, aurrekoarekin lotuta. Horrekin esan nahi nuen arlo guztietan dauden genero eta estereotipo rolak errepikatzen direla legez kanpoko merkatuan ere bai. Izan ere, drogaren banaketa esku maskulinoetan dago batik bat. Bai emakumeak bai gizonak kontsumitzaileak dira, baina substantzia eskuratzeko unean, droga saltzaile gehienak gizonak dira.

Sexuaz gain, zer faktore hartu behar dugu kontuan drogen eragina aztertzeko?

Pertsona bakoitzaren pisua, egoera psikologikoa, substantziarekiko tolerantzia maila, substantzia mota, norberaren kontsumo maila eta kontsumo mota, testuingurua… Zinbergen Triangelua izeneko teoriak dio substantzia-pertsona-testuingurua hirukia jarraitu behar dela drogen kontsumoen ondorioak ezagutzeko. Guk erabiltzen dugu teoria hori, daudenetatik aproposenetarikoa delakoan gaude eta.

Emakumeen kontsumoa isilaraziago dago. Ondorioz, drogen arloko informazioa, programak edota zerbitzu gehienak ez daude beraiei egokituta.

Ikerketek nabarmentzen dute emakumeek legezko droga gehiago kontsumitzen dutela, eta gizonek legez kanpoko gehiago. Legezkotasuna da garrantzitsuena?

Ez, azken aldian zabalduta dago ideia hori, baina ez da egia. Azken urteetan emakumeen legezko drogen kontsumoak gora egin du (tabakoa, batik bat). Hala ere, azpimarratu behar dugu oraindik ez dela iritsi gizonen legezko drogen kontsumo mailara. Beraz, gaur egun haiek jarraitzen dute droga legezko zein legez kanpoko gehiago hartzen. (Psikofarmakoen kasua ezberdina da).

Emakumeen kontsumoa isilaraziago dago. Ondorioz, drogen arloko informazioa, programak edota zerbitzu gehienak ez daude beraiei egokituta.

Gizon zuria, mendebaldekoa eta burgesa da erreferentzia drogekin lotutako praktika guztiak eraikitzeko: produkzioa, merkaturatzea, kontsumo-ohiturei buruzko ikerketak, eta abar. Zer ondorio dakar horrek?

Orain arte eginiko ikerketa gehienak eta drogen kontsumoarekin lotutako programak eta zerbitzu gehienak mendebaldeko gizonean oinarritzen dira eta horrek emakumea alde batera uztea edo isilaraztea ekarri du, funtsean. Bestalde, beste herrialde batzuetan bertako substantzietan eta kontsumoetan oinarrituta egin dituzte ikerketak, baina eskasak dira mendebaldekoekin alderatuta. Erreferentzia burgesa izateari dagokionez, maila baxuko pertsonekin lotu nahi izan da legez kanpoko drogen kontsumoa betidanik. Gizarteak ez du kontsumo hori onartzen eta, horregatik, ez zaio interesatzen ere kontsumitzaileak maila ertainekoak edo altukoak izatea.

Baina jakina da maila horietako kontsumitzaile ugari ere badirela… Azken finean, dirua izan behar da drogak erosteko.

Noski, baina ikerketek ez dute hori islatzen. Emakumeen, mendebaldekoak ez direnen eta maila altukoen kontsumoa ezkutatzen dute eta, ondorioz, ikerketak ez datoz bat errealitatearekin.

Emakumeek, drogatzen badira, arazo larri bat dute. Gizonek egiten badute, ongi pasatu eta deskonektatu behar dute. Hori da gizarteak egiten duen irakurketa?

Emakume kontsumitzailea okerrago ikusia da gure artean gizon kontsumitzailea baino. “Ez da berdina emakume ala gizon bat drogaturik ikustea”, diote pertsona askok. Hainbat arlotan bezala, honetan ere emakumeak galtzaile ateratzen dira. Euren kontsumoa isilaraziago dago eta erru nahiz lotsa sentimendu handiak pairatzen dituzte. Gainera, informazioa, programak edota zerbitzu gehienak ez daude beraiei egokituta. Esan behar da, bestalde, hainbat gizon antzeko egoeran daudela, haiek ere substantzia psikoaktiboak hartzen dituztelako. Gizon guztiek ez dituzte drogak hartzen soilik ondo pasatzeko; deskonektatzeko edo arazoei aurre egiteko ere kontsumitzen dute. Modu berean, emakumeak ondo pasatzeko ere drogatzen dira.

 

Zein da drogak kontsumitzen dituzten emakumeen irudia, haurdun badaude gainera?

Imajinatu! Gizartearen gaitzespena are handiagoa da; alde batetik, emakumea izateagatik eta, beste alde batetik, haurdun egoteagatik edo ama izateagatik. Oraindik ere, haurren zainketa emakumeen esku dago askotan eta amari, kontsumitzailea bada, arazoak ugaritzen zaizkio. Gizarteak sortuko dien presioaz aparte, haurren kustodian ere gorabeherak eduki ditzakete emakumeek, adibidez. Aurreko esaldia errepika dezakegu: “Ez da berdina ama ala aita bat drogatuta ikustea”.

Genero rolak eta estereotipoak kontuan hartuta, droga-edukitzearen edo droga-trafikoaren delituek tratamendu bera jasotzen dute?

Bitxia da gertatzen dena. Gaur egun, osasun publikoari erasotzea leporatzen zaie emakumeei batez ere. Gizonei, ordea, biolentziaren edo lapurretaren delituak egozten zaizkie gehienetan.

 

Ai laket!! erakundeko kidea zara. Zer jarduera egiten dituzue plazera eta arriskuen kudeaketa egokia bultzatzeko?

Mota askotako eta formatu ezberdineko informazioa eskaintzen dugu: web orrian, egoitzan (Errementari kalean 88, Gasteizen) eta ondorengo zerbitzuen bidez: ‘Punto Finkoa’, ‘Testing Programa’ eta ‘Lonjalaket! Programa’, adibidez. Hauetako batzuetan, gainera, informazioa eskaintzeaz gain drogen analisi zerbitzua ere badugu.

 

Emakumeek eta gizonek berdin erabiltzen dituzte zerbitzuak?

Beno; gizonek ‘Testing Programa’ gehiago erabiltzen dute. Azken aldian, ordea, emakumeen kopuruak izugarri gora egin du ‘Punto Finkoa’-n, beharbada klima erosoagoa delako. Emakumeen eta gizonen jarrerek eta interesek arreta deitzen digute ‘Testing Programan’. Normalean, gizonei lotsa gutxiago ematen die drogen analisia egiteak. Emaitza zein den jakin nahi dute inguruko jendeak daukan drogaren kalitatearekin alderatzeko asmoz. Emakumeak informazioan interesatuago daude sarritan: substantziei eta eraginei buruzko informazioan, arrisku murrizketarako neurrietan, eta abar.

Ondo ala gaizki drogatzen gara Euskal Herrian?

Arrisku murrizketen inguruan eta droga kontsumoaren inguruan asko dago oraindik egiteke.

Zeintzuk dira geure substantziarik kutunenak?

Oro har, Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren substantziak alkohola eta tabakoa dira eta, legez kanpokoen barnean, kanabisa (haxixa eta marihuana).

Hitz gutxietan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

10!! Urte. Ai laket!!-eko 10. urteurrena ospatzeko kartela

10!! Urte. Ai laket!!-eko 10. urteurrena ospatzeko kartela

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iradokitzailea: droga

Zuretzat batere erotismorik ez duena: reggaeton-a

Egiteke: iraultza feminista bat

Amore emateko moduko zerbait: atzera itzultzea

Feminista bat: Margaret Thatcher (barreak, noski)

Garai bat: Historiaurrea (oraindik pertsonarik ez zegoenean)

Munduan leku bat: Gasteiz

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba