Emakumeak eta bonboak

Emakumeak eta bonboak

Maialen Berasategi Catalán

“Bonboa”, behintzat, ematen ari zaizkio.

Badira aste batzuk komunikabideetan ohi baino arreta handiagoa aurkitu dudala gaiaren inguruan (ez dakit era kantitatiboan ala kualitatiboan, baina gaitz erdi); Google andre/jaunak ere egin diola keinutxoa Martxoaren 8ari, alajaina.

Baina, oro har, berri (zahar) txarrak irakurri ditut komunikabideetan: Mexikoko feminizidioen pandemiak ez duela atsedenik, krisiak […]

suscribete al periodismo feminista
Download PDF
08/03/2012

Maialen Berasategi Catalán

“Bonboa”, behintzat, ematen ari zaizkio.

Badira aste batzuk komunikabideetan ohi baino arreta handiagoa aurkitu dudala gaiaren inguruan (ez dakit era kantitatiboan ala kualitatiboan, baina gaitz erdi); Google andre/jaunak ere egin diola keinutxoa Martxoaren 8ari, alajaina.

Baina, oro har, berri (zahar) txarrak irakurri ditut komunikabideetan: Mexikoko feminizidioen pandemiak ez duela atsedenik, krisiak (nola ez) latzago eta gogorrago jo (eta joko) dituela emakumeak, hizkera ez-sexista bat lortzeko ahaleginetan dabiltzanak hizkuntzaz piperrik ez dakiten arduragabe batzuk direla, emakumeok geure-geurea omen dugun eskubidea (ama izatekoa, noski) bermatu behar dela abortatzera behartzen gaituen “egiturazko indarkeriaren” gainetik (aaaaaaaaa….!!!). Halakoak irakurri eta entzun, eta beldur izaten naiz ez ote zaidan ultzera bat sortuko errai-barruetan; edo, are okerrago, ez ote zaidan aterako bizitza osoan nitaz elikatzen aritu den amorruaren alien hori, sabelean zulo handi eta odoltsu bat eginda.

Baina, itxaron, itxaron: ez naiz izango dena beltz ala more ikusten duen “feminazi” kopetilun horietako bat; neuk ere ikasi dut gauza txarrei alde on samar bat ikusten: gaiari buruz hitz egiten hasi gara, behintzat; oro har, notizi txarrak irakurtzeko ateratzen da gaia, baina atera egiten da, gutxienez; eta, lehen aldiz, ez dugu “betikook” bakarrik hitz egiten arazo horri buruz: beste batzuk ere hasi dira, nahiz eta astakeriak besterik ez esan (urduritzen hasiak diren seinale).

Esnatu bezain pronto, izara artean oraindik, irratian entzun dut nola kaleko jendeari galdetzen zioten zer dagoen oraindik egiteko “berdintasunerako bidean” (eskertu dut behingoagatik herritarren iritzia entzutea eta ez politikari batzuen  betiko hitz merke ustelak). Gehienek ageriko kontuak aipatu dituzte: lan munduan diskriminaziorik ez izatea, etxeko lanen banaketa bidezkoago bat lortzea…; eskubide berdinak izatea, azken batean. Batek esan du gazteon artean “ia” ez dagoela matxismorik (agian norbaitek gogorarazi beharko lioke zein zabalduta dagoen genero indarkeria gazteen artean ere).

Horiek entzun, eta kieto gelditu naiz, ohe barruan, ezin jaiki. Jendea oso baikor dago. Eta ez da erabat txarra. Baina pixka bat bai. Inortxok ere ez du esan berdintasunik ezak jaiotzen garenetik eragiten digula, neska edo mutil izena jartzen digutenean, jostailu batzuk edo besteak erosten dizkigutenean, jolastokiko lekua banatzen dutenean; hasieran erabili dudan hitz baten ildotik, ohartu naiz inori ez zaiola okurritu aipatzea nola, oraindik ere, emakumezkoentzat eginak diren “bonbo” eta guzti ez amaitzeko antisorgailu kimiko kutsagarriak; inork ez du esan gizarteak eta komunikabideak eta industria kapitalistak eredu eta erreferentzia ongi bereiziak sartzen dizkigutela emakume eta gizonei; inortxori ere ez zaio okurritu azaltzea nola kalea eta leku publikoak (fisikoak eta ez-fisikoak) gizonezkoenak diren oraindik; inor ere ez da kezkatu emakume askorekin ibiltzen den gizonari “seduktore” esaten zaiolako eta gizon askorekin ibiltzen den emakumeari, berriz, “emagaldu”.

Horra hor adibide gutxi batzuk, jendeak kontuan hartzen ez dituenak. Horra hor aurrez ondo pentsatuta ezkutatzen eta ahantzarazten dizkiguten egia etsigarri batzuk, ondo baitakite ez zaiela komeni gai horiek agerian egotea; bestela, auskalo, agian pertsona batzuek utzi egingo liokete feminismoa “hembrismoarekin” nahasteari, eta “militante erradikal” bilakatuko lirateke, akaso, eta horrek arriskuan jarriko luke berdintasun  teoriko-diplomatiko faltsuz mozorrotutako gizarte patriarkal hau.

Beldur dira asko eta asko, eta horrek bai, horrek poztu egiten nau. Gaur arratsaldean kalera irtengo gara, gure ahotsen bonboa ozen entzun dezaten, eta jakin dezaten ez gaudela lo. Beren jainko jaun txit matxoak gorde ditzala!

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia
Etiquetas: ,

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba