Zer ez dugun nahi maitasunaz

Zer ez dugun nahi maitasunaz

"Feministok ez diogu uko egin maitasunari. Ez dugu ezer maitasunaren aurka, maitemindu egiten garelako zoroki, besteak bezala, baina hori nola kudeatu, arau hegemonikoaren bidea jarraitu gabe, hori bai, hori saiatu harren kosta egiten zaigu"

28/11/2011

 

Testua eta argazkia: Kattalin Miner

Bukatu berri dut Mari Luz Estebanen azken lana: Crítica del pensamiento amoroso. Ez naiz sartuko eduki hain sakonetan, oraindik asko dut hausnartzeko, prozesatzeko, birpentsatzeko. Egia da, banuela horrelako zerbait irakurtzeko gogoa, maitasunaz hitz egiten duen irakurketa feminista bat aurrez-aurre topatzekoa, eta ez nau hotz utzi.

Feministok ez diogu uko egin maitasunari. Ez dugu ezer maitasunaren aurka, maitemindu egiten garelako zoroki, besteak bezala, baina hori nola kudeatu, arau hegemonikoaren bidea jarraitu gabe, hori bai, hori saiatu harren kosta egiten zaigu

suscribete al periodismo feminista

Feministok askotan esan ohi dugu, maitasun erromantiko hegemonikoak zenbat min egin digun emakumeoi; bai, printze(sa) urdinaren ideia horrek, zer esan laranja erdiaren kontzeptuak edo “sin ti no soy nada” estribilo gorrotagarriak. Indarkeria erraz identifikatzen dugu maitasunari lotutako ideia askorekin (orain Azaroak 25a, hain gertu egonik, zer esanik ez), eta hortaz hausnartzen jarrita, galdera izugarri luze eta kontraesan sakonak sorrarazi izan dizkigu askotan. Baina liburu honek eman dit erantzunen bat edo beste, (edo ziurrenik galdera gehiago), aspalditik buruan nuen galdera horri: nola maitatzen dugu edo maitatu behar genuke feministok?

Espazio desberdinetan ikusi ditut, guztiz konbentzitzen ez nauten edo funtzionatu ez didaten formula ugari. Saiatu ginen monogamia hausten eta askotan poliamor delakoak ez zigun funtzionatu. Heteroarau edo beharrezko heterosexualitatea ere hautsi genuen askok, baina horrek ez gaitu libratu aldatu nahi genuen hura hausteko (eta zer esan, heteropraktikante feministen kontraesanez). “Neskalagun”, “nobia” (edo “nobio”), “bikote” etab., terminoak kendu nahi izan genituen gainetik, baina ez dugu asmatu nola deitu, azken finean, zure bikote, nobia, neskalaguna den horri, eta horrela bikotekidea ere desbirtuatu dugu, gure harreman horiek nebulosa bilakatuz. “Lagun berezia” terminoa ere ez zitzaigun gustatu askotan, jakin badakigulako badela hori baina zerbait (edo askoz) gehiago.

Saiatu gara baita ere, patroiak hausten. Ez dugu bigarren eguneko maleta lesbikoa egin eta batera bizitzera joateko saltoa birritan pentsatu gabe egiten eta “maite zaitut” esatea askotan nahi baina askoz gehiago luzatu dugu.

Baina horrek ez du maiteminduta gaudela esatea eta sentitzea baztertu. Feministok ez diogu uko egin maitasunari. Ez dugu ezer maitasunaren aurka, maitemindu egiten garelako zoroki, besteak bezala, baina hori nola kudeatu, arau hegemonikoaren bidea jarraitu gabe, hori bai, hori saiatu harren kosta egiten zaigu.

Ni maiteminduta nabil azken denboran, ez dut gezurrik esango. Zoroki maiteminduta nagoela esatea ere ez zait kostatzen, bai ordea horrek zer esan nahi duen pentsatzeak. Ez dut ulertzen “el amor puede con todo” esaldia. Gaztea naiz agian, hori izango da, eta ez dakit filosofia feminista edo egoista den, baina orain artean behintzat, maitasunaren indar horrek, harremanek zerbait ona ematen didaten artean iraun izan dit. Ez naiz ona erreskatean, ez naiz ona borrokatzen, ez naiz ona aguantatzen. Ez zaitezte nahastu, borrokatu borrokatzen dut eta saiatzen naiz, egunero alboan (aurrean, atzean, gainean eta azpian) dudanarekin dudana zaintzen, goxatzen, polit bilakatzen; eta aurrean dudanari ez diot besterik eskatzen (gogoa duen heinean). Istorioak bizi egiten dira, ez izan. Nik ez dut harremanik izan nahi, harremanak bizi nahi ditut, sentitu eta maitatu (eta hori esparru guztietara zabaltzen dut, dela lagunartea, dela familia, dela dena delakoa) eta hori horrela ez bada, eta hor egoismo puntuarena, ez zaizkit interesatzen.

Aspaldi erabaki nuen zaintza oinarri duten harremanak nahi ditudala niretzat. Baina zaintza ez da “edozer pasata ere hor egongo naiz”, ez da, zure mina, beharrak, penak, nirearen gainetik jartzea. Zaintza da, zerbait konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea. Hor egotea. Besteak zaintzea, zu zaindu zaitzaten uztea da

Zaintzaren kontzeptua (azkenaldian gure ahotan berriz indarra hartzen dabilen ideia), azkeneraino eramaten saiatzen naiz. Ez dependentzia edo “dena zugatik” parametroetan, ez, egoismo deitu diodan horrek, zerbaitek balio ez didanean utzi egiten dudala horrek, koherentzia mantendu dezan nigan. Diot, orain dela denbora bat erabaki nuelako, zaintza oinarri duten harremanak nahi ditudala niretzat. Ez zaitezte nahastu berriro, zaintza ez da lagun bati behar duenean fabore bat egitea, zaintza gauza askoz konplexu eta handiagoa da. Ez da “edozer pasata ere hor egongo naiz”, ez da, zure mina, beharrak, penak, nirearen gainetik jartzea. Zaintza da, zerbait konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea. Hor egotea. Besteak zaintzea, zu zaindu zaitzaten uztea da. Ahultasuna eta indarra erakustea, besteekiko maila berean, tokatzen denean.

Nik izugarri maite dut nire lagunak zaintzea, eta haiek ni zaintzea. Oso berezi eta zorioneko sentitzen dut nire burua horregatik, eta hori bera parametro “intimo” edo, esan dezagun lasai, zure bikote harremanera pasatzean, horrek ere oso zorioneko sentiarazten nau. Hori da nahi dudan maitasuna. Baina kontuz, zaintza intentzioak ez zaitu mina eragin edo jasotzetik salbu jartzen, baina hortaz ere hitz egin daiteke.

Maitasuna gauza izugarri polita da. Bai horrelaxe da, bai lagunena, bai bikote harreman deitzen diogunarena. Gosari arrunt bat munduko gauza bereziena bilakatzeko gaitasuna du. Berdina pasatzen da ardo batekin edo afari gozo batekin. Konpainia onak kalean zehar oinez ibiltzea ere berezi bilaka dezake eta ez dut gehiegi sartu nahi larrutan egitearenarekin, “amodioa egitea” esaten den horrekin. Topikoak izango dira agian, edo feministok gainetik kendu nahi dugun zama hori, baina nik ez dut dudarik, erotzen eta zoratzen nauen pertsona horrekin larrutan egitea ez da edozeinekin larrutan egitea. Malkoak ateratzeko gai da maitasuna hor ere.

Ez dut esango nik badakidanik nola egin, baina badakit zer ez dudan nahi, eta hori da feministok ikasi behar genukeena

Baina orain arteko poztasun eta gauza polit horiek ez dira beti maitasunaz izan dudan pertzepzioa, eta banoa Crítica del pensamiento amoroso-k oraingoz utzi didan gazi-gozo handienera. Esteban antropologoa izanik, elkarrizketa erabili ohi du eta erabili du kasu honetan etnografia berezi bat osatzeko, eta azken elkarrizketak ukituta utzi nau. 21 urteko neska gazte bati eta haren bikotekide gizon(txo) bati egindakoa da. Azken elkarrizketa da, eta liburua pozik amaitzera noala errealitatearekin egin dut topo berriro: feministak ez gara libratzen.

Baliteke nire heterofobiak neurri handi batean eragin izana, baina irakurtzen nindoan heinean ezin nion utzi “¡deja a ese capullo!” errepikatzeari. Tipa feminista bat, tipo pseudo-majo baina parrandero, erdi alkoholiko, batzuetan baboso samar, zaintzaile dudoso batekin harremanetan. Eta dudak. Dudak neskaren ahotan. Mutila lasai, harremana zaintzeagatik ezer gutxi eginez, lasai, landu behar lukeen, zaindu behar lukeen edozein ideiatik urrun. Gehiago haserretzen nau, tratu txar ezak baina zaintza faltak.

Nik ez dakit, 25aren inguruan, maitasun harremanak begiratzeko joera dut (eta dugu askok), eta azala altxatzen hasten zait. Ez dut esango nik badakidanik nola egin, ziurrenik ez dut soluzio magikorik eta askotan egin izan dut gaizki seguruenik, baina badakit edo ikasten joan naiz behintzat, zer ez dudan nahi, eta hori da feministok ikasi behar genukeena. Beti izan da horrela, utopiak maite ditut, eta horiek sortzeko bideak dira bizi ditugunak, eta bide horiek nahi ez dugun horren aurka bizitzen pasatzen ditugu. Maitasunarekin gauza bera egin behar genuke. Irakur ezazue Estebanen liburua, eta jarraitu galdetzen, galdetu iezaiozue elkarrizketa bakoitzaren ostean zeuon buruari: nik ze egingo nuke emakume hori banintz? Eta jarraitu bizitzen, pentsatzen, eta noski, maitatzen.

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba