Hondarribiko Alardea: Zure askatasuna, nire aberastasuna Opinión, Voces

Jaizkibel Konpainiaren borroka Euskal Herriko berdintasunaren aldeko borrokarik luzeena da, eta geure gurea, gainera. Sinesten dugu emakumeok tradizioa aberastu egiten dugula, ez ahuldu. Emakume batek han edo hemen, honetan edo hartan, eskubide apur baten aitorpena lortzen duen bakoitzean, emakume guztiak ez ezik, gizarte osoa aberasten baita.

Puedes leer este artículo en español aquí

'Jaizkibel konpainia' komikiaren azala, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarrak egindakoa

‘Jaizkibel konpainia’ komikiaren azala, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarrak egindakoa

Oraindik entzun eta irakurri behar izaten dugu “ni ez naiz matxista ez feminista”. Baina ezjakintasuna alde batera utzita, gaur, hainbat emakumeren lan eskergari esker, gizartearen zati esanguratsu batek jakin badaki feminismoaren muina gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna dela.

Berdintasun horren bila egin zuten lan gure aurreko feministek eta hori da gaurko feminismoen zerumuga. Eskubide berdintasuna, gero lortutako askatasun horrekin bakoitzak egin nahi duena edo ahal duena egin dezan. Sufragisten garaian ere bazeuden botoa emateko eskubidea ezertarako nahi ez zuten feministak. Ezkertiarrak, gainera.

Feminismoa, zerbait bada, anitza baita, hori da feministon aberastasuna. Eta era berean, aniztasun horrek tirabirak sortzen ditu. Adibide bat interesatzen zait orain, beste askoren gainetik. Zer egin emakume batek edo emakume talde batek guk egin nahi ez genukeena egiteko duen eskubidea aldarrikatzen duenean?

Emakume batzuk ejertzitoan sartu nahi dute, eliza katolikoan apaiz izan nahi dute, ikatz meatze baten barruan lan egin edo beste emakume batekin ezkondu nahi dute. Eta agian zu, lerrook irakurtzeko eskuzabaltasuna duzun feminista hori, ejertzito guztien kontra zaude, erlijioak kaltegarriak direla uste duzu, iruditzen zaizu ikatza hondatzailea dela ingurugiroarentzat eta kolore guztien ezkontzen kontra zaude.

Aukera horien aurrean zer egin pentsatzen ari zaren bitartean, kontatu nahi dizut ni antzeko ataka batean nagoela, azken hogeita bost urtetan. Orduan, gazte askorentzat Paleolito urruna den data horretan, gure herriko festetan gizonen pare parte hartu nahi zuten emakume batzuekin bat egin nuen eta oraindik horretan ari gara.

Honaino ez dirudi festa batean, herriko festetako unerik nagusienean parte hartzeko eskubideak feminista bati zalantza sortuko dionik. Azken batean, aspaldikoa dugu emakumeok aldarri hori: kaleak ere gureak dira, gau eta egun, are festetan eta ordu txikietan. Mendetan, gizonek antolatu dituzte festak eta gizonen beharretara edo nahikerietara egokitu dituzte. Baina orain beste aro batean gaude eta emakume festazale asko dago bazterretan.

Hondarribiko Alardean gizonak protagonistak dira eta emakumeak apaingarri./ Iñigo Goicoechearen komikiaren orrialde bat

Hondarribiko Alardean gizonak protagonistak dira eta emakumeak apaingarri./ Iñigo Goicoechearen komikiaren orrialde bat

Hondarribiko festetako gailurrak duela hirurehun eta laurogei urte gertatutako borroka batean du jatorria. Hori da Hondarribiko Alardea, duela ia lau mende herriko jende armatuak egiten zuen desfilearen errepikapena, denborak eta gizarteak gaurkotua, itxuraldatua, folklore bihurtua. Beti ere patriarkatuaren arabera: gizonak protagonista eta emakumeak apaingarri, gizonezkoek uzten dieten tartetxoan. Kantinerak.

Zentzu horretan jardun folkloriko hau Euskal Herriko folklorearen hamaika adierazpen bezalakoa da, adibidez, ezpata dantza bezalakoa. Gure folkloreak berezitasun hori dauka: gauzak taldeka, batera, modu antolatuan egitea gustatu izan zaigu eta zaigu, folklore hori bizirik dagoen heinean. Hori da gure folklorearen mamia, talde lan antolatua, bat-bateko saioei apenas tarterik uzten diena. Taldea norbanakoaren gainetik, ordena, beste edozeren gainetik.

Eta hori egiten dugu Hondarribiko Alardean parte hartu nahi dugunok. Hori da funtsa. Kutsu militarra azaleko kontua da, izenondoa, ez izena. Eta eginkizun horretan hartu nahi du parte Jaizkibel Konpainiak. Hogeita sei lagun izan ginen 1996an, bostehunetik gora 2017an, auskalo zenbat 2018.eko irailaren zortzian. Baina oraindik ez dugu Alardearen barruan desfilatzen, bakarka baizik. Oraindik ere, Hondarribiko emakumeok ez dugu, gure festetako egunik seinalatuenean, parte hartzeko eskubiderik. Edo bai, eskubidea berezkoa dugu herritar oso garen aldetik, ez, ordea, baimena.

Bidean, eta zuzenean emakumeon parte hartzea debekatzeko asmoz, ordura arte publikoa zen Alardea pribatizatu egin zuen Hondarribiko udalak eta elkarte pribatu zehatz baten eskutan utzi. Alardea pribatizatu zutelako debekatzen zaigu gaur emakumeoi desfilean parte hartzea. Gizonak izan daitezke bertakoak, udatiarrak, etorkinak edo auskalo noren lagunaren lagunak. Hondarribiko emakumeontzat, berriz, debekatua dago desfilea.

Noski, guk ez dugu inor desfilatzera behartu nahi. Gizonen artean ere nahi duenak hartzen du parte. Gure aldarria hauxe da: Alarde parekidea eta publikoa nahi dugu, gizon eta emakume batuko dituen Alarde parekidea. Sinesten dugu emakumeok ere eskubide guztien jabe garen herritarrak garela, berdintasunean, bazterkeriarik gabe.

Agian zuri, honaino heldu zaren irakurle zintzo horri, aldarrikapen txikia iruditzen zaizu, txikikeria galanta. Antzeko zerbait pentsatzen genuen hasieratik Alarde parekidearen alde egin genuen emakumeok. Kontrakoen jarrerak egin du handi gure borroka, kontrakoen erasoak, irainak, kolpeak izan dira borrokaren tamaina marraztu dutenak. Mende laurdenez jasotako erasoak handitu du gure aldarria.

Lehehengo urtean Jaizkibelen kontrako erantzuna gizonen esku egon zen; aurrerantzean gure ibilbidea oztopatu dutenak emakumeak izan dira./ Iñigo Goicoechea

Hasieran Jaizkibelen kontra gizonek erantzun zuten; aurrerantzean gure ibilbidea oztopatu dutenak emakumeak izan dira./ Iñigo Goicoechea

Gure txikitasunean, Euskal Herriko berdintasunaren aldeko borrokarik luzeena gara. Are gehiago, berdintasunaren alde inoiz izan dugun borrokarik luzeena eta geure gurea, gainera. Beste batzuetan, kanpotik etorritako olatu baten gainean surf eginez lortu ditugu aldarrikatutako eskubideak, adibidez abortua edo dibortzioa. Kasu honetan, aldiz, arazoa bertan sortua da eta bertan garatua eta kudeatua. Baita bertan ukatua ere. Eusko labela du Bidasoaldeko borroka honek.

Euskal Herriko hiri eta herri askotan lortu dena lortu nahi dugu guk ere, sinesten baitugu emakumeon parte hartzea ez doala tradizioaren kontra, emakumeok tradizioa aberastu egiten dugula, ez ahuldu. Desfilean danborra edo txirula jo edo bizkarrean gezurrezko eskopeta bat eraman, horrek ez du axola. Axola duena berdintasuna da, desfilatzeko askatasuna.

Zeren emakume batek han edo hemen, honetan edo hartan, eskubide apur baten aitorpena lortzen duen bakoitzean, emakume guztiak ez ezik, gizarte osoa aberasten baita. Are lortutako eskubide berri hori erabiltzeko asmorik ez duten pertsonak. Hori gutxienez ikasi dugu: zure askatasuna, nire aberastasuna; nire askatasuna, zure aberastasuna.

Sufragistek botoa emateko eskubidea eskatzen zuten, guraso agintearen jabe izateko eskubidea eta irakaskuntzan sarrera izatekoa. Gero etorri ziren beste eskubide batzuk, oraindik ere herrialde askotan lortu ez direnak. Enborrak adar asko ditu, adarrek adaska ugari eta hauek hamaika hosto.

Orain arte marraztutako irudiari txikia ez den xehetasuna falta zaio. 1996an Alardean sartu nahi izan genuen emakume haien kontrako erantzuna gizonen esku egon zen. Hurrengo urtean, berriz, Jaizkibel Konpainiaren ibilbidea oztopatu dutenak emakumeak izan dira, adin guztietako emakumeak.

Hurrengo urtetan ere emakumeak izan dira gure kontrako indarren abangoardia eta hori izan da berdintasunaren alde gaudenoi buruhauste gehien eman diguna. Nola ulertu urtero, Hondarribiko kale Nagusian plastiko beltzak altxatzen dituztenak emakume gazteak izatea?

Bai, gizonak desfilatzen ari dira eta ezin dute batera bi lekutan egon eta etorkizunean kantinera aukeratua izan nahi duenak merituak egin behar ditu Alardea gobernatzen dutenen aurrean. Baina oraindik ere norbaitek esaten digunean kanpotik ez dela gure gatazka ulertzen, esan behar izaten dugu barrutik ere ulermena ez dela erraza.

Zerk bultzatzen ditu, ordea, neska gazte horiek berdintasunari kontra egitera? Nola adierazi emakume gazte horiei gure askatasuna ez doala beraienaren kontra? Hondarribian ez gara, oraindik, galdera horiei modu emankorrean erantzuteko gauza izan, ulermen arrastoak lortu ditugu, ez osotasuna. Horretarako ere behar dugu inguruko feministen laguntza, gertatzen dena hobeto ulertzeko eta, ondoren, gertatzen denari erantzun askatzailea eman ahal izateko.

Hori guztia kontutan hartuta ausartzen gara honako laguntza bikoitza eskatzera: behar zaituztegu gure borroka hobeto ulertzeko eta, era berean, behar zaituztegu espaloietan Alardearen egunean, gure jarduna babesten, ahal dela, Jaizkibelen ikur den zapi koloretsua bizkarrean. Zuen txaloak izango direlako gure indarren hauspoa.

Egia izan dadin joan den urtean Hondarribian Jaizkibel Konpainiaren aldeko pankartak zioena: “Inoiz ez zara borroka honetan bakarrik egongo”.

Bidean ikasia
Hondarribiko Alardearen gatazka eta Jaizkibel Konpainiaren borroka 25 urtez bizi ondoren, Arantxa Urretabizkaiak ‘Bidean ikasia’ liburua argitaratu du (Pamiela argitaletxean) eta lan horrekin Euskadi Literatura Saria irabazi du 2017.an. Pikararen paperezko 6. urtekarian María Unanuek Urretabizkaiari egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzu.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Jaizkibelen alde egiteko zabaldu duen kartela

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Jaizkibelen alde egiteko zabaldu duen kartela

 

 

Hondarribiko Alardea: Zure askatasuna, nire aberastasuna
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

¿Quieres debatir en un espacio tranquilo, seguro y libre de (machi)trols? Vente al foro de debate de Pikara Magazine

Arantxa Urretabizkaia

Kazetari lanbidez, prentsa idatzian, irratian nahiz telebistan egiten du lan. Idazle gisa poesia idazten hasi zen eta eleberriekin jarraitu. Azken atal honetan, Zergatik Panpox (Hordago, 1979), Koaderno gorria (Erein, 1998), 3 Mariak (Erein, 2010), Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014) dira lanik ezagunenak, horiek guztiak gaztelaniaz eta beste hainbat hizkuntzatan argitaratuak.

    Comentarios recientes

    1. Pingback: Hondarribiko Alardea: Zure askatasuna, nire aberastasuna • ZUZEU

    Los comentarios están cerrados

    Uso de cookies

    Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

    ACEPTAR
    Aviso de cookies