Emakumeak zergatik ez dira joaten irratira eta telebistara? Análisis, En red

Lengoaia, errespeturik eza, solaskideen hautaketa, larderia eta eztabaida-mota: horra hor, besteak beste, emakumeok zergatik egiten diogun uko ikus-entzunezko solasaldietan parte hartzeari.

Alicia Murillo, egun horretako Canal Sur telebistako tertulian emakume bakarra

Alicia Murillo, egun horretako Canal Sur telebistako tertulian emakume bakarra

Texto traducido por Danele Sarriugarte. Puedes leer la versión de castellano aquí.

–Kaixo, Alicia; hemen (halako eta halako) Irratitik. Feminismoari buruzko eztabaida bat antolatzen ari gara, eta jakin nahi genuke ea etorriko zinatekeen.

Telefonoa hartu eta halakoak entzuten ditut sarri samar. Ez dator bat inkestek diotenarekin, baina iruditzen zait irratiari bai interesatzen zaizkiola feministak, modu matxista batean izanik ere (berehala aztertuko dugu hori), handik sarri samar deitzen digute-eta. Telebistatik, ordea, ez digute deitzen, are gutxiago instituziotik urruti gabiltzan feministoi, kalekoei, bihurriei, heteroarautik eta zuritasunetik kanpoko feministoi. Baina, hara non, tarteka-marteka, deskuiduan edo hutsegiteren bat gertatu delako erredakzioan, plato batera gonbidatzen gaituzte, eta hara iritsi eta kexaka esaten dugunean oso emakume gutxik parte hartzen dutela saioan, ditxosozko erantzuna botatzen digute: “Guk deitzen dizuegu; zuek, ordea, ez duzue etorri nahi izaten”. Beraz, uste dut badugula garaia honako galdera honi erantzuna emateko: emakumeok zergatik ez dugu joan nahi ikus-entzunezko komunikabideetara? Neure arrazoiak azalduko ditut orain, eta gisa horretako programetako erredakzio-arduradunei zuzendu nahi dizkiet, elkarrekin hausnartzeko asmoz.

Larderia, beti

Ez gara lasai sentitzen eta ez da funtsik gabeko beldurra. Espazio publiko guzti-guztiak dira espazio maskulinizatuak, eta halakoxeak dira komunikabideak ere. Emakumeok ondotxo dakigu paternalismoz erabiliko gaituztela eztabaida eta elkarrizketatan, mansplaining delakoa egingo digutela, gure bizitza sentimentalaz galdetuko digutela eta ez gure lanaz, gizonak izango direla gehienak eta abar eta abar. Horren guztiaren erakusgarri, ikusi bideo hau 15’ 20’’ minututik aurrera.

Halako bitartekaritzak salbuespenak dira oraindik ere, eta ohiko bihurtzen direnean baino ez gara lasai joango eztabaidetara.

Gauzak puzten ditugula leporatu aurretik, hona hemen Dolors Comas d’Argemir ikertzaileak egindako ikerketa, Consell de l’Audiovisual de Catalunya (CAC) kontseiluak eskatuta.

Labur esanda, ez da aski ondo planifikatzea edo emakume adina gizon gonbidatzea. Horrez gainera, jakin behar da eztabaida moderatzen genero-ikuspegia kontuan hartuz.

Solaskideen hautaketa

Oraindik ere mahai gainean dugu eztabaida: zer den matxismoa eta zer ez. Hori ulertu dezakegu, baina, zera, kontua da gure pazientzia ez dela mugagabea. Nekeza suertatzen zaigu programa batera joan eta gauza oinarrizkoak esplikatu beharra, hala nola “feminismoa ez dela matxismoa bezalakoa baina alderantziz”. Ahalegin bat egin behar izaten dugu, feministoi eskatzen baitzaigu jarrera pedagogiko bat erakusteko, gizonak heztearen arduradun gisa hartzen gaituzte oraindik ere eta ez gaude prest gure burua gehiago nekatzeko, besteak beste, inork ez diolako inori ezer erakusten, norberak ikasi behar du, ez dago besterik. Parean daukazun pertsonak ez bazaitu eskubide osoko norbanakotzat hartzen, bada, orduan, ez du merezi harekin esertzea. Benetan uste al duzue guri aberasgarria iruditzen zaigula katoliko erradikalen eta enparauen parean esertzea, jakinik haiek haien zerbitzari eta esanekotzat hartzen gaituztela? Zenbait gauza ebatzita egon beharko lirateke honezkero, pertsonen oinarrizko eskubideak ez baitaude eztabaidagai eta hori ulertu ez duenak ez dezala espero inork azal diezaion. Feminismoak ez du baimenik eskatu nahi existitzeko, ez du halakorik behar.

Kideekiko errespetua

Irratsaio edo eztabaida-mahaietara joaten naizenean, gonbidatutako emakume guztiak antzekoak gara ia beti: zuriak eta unibertsitatean ikasitakoak. Horrek lotsa ematen dit beste burkideen aurrean eta traidore sentitzen naiz. Batzuetan, are, ezetz esan diet komunikabide eta unibertsitateko jardunaldi batzuei, ez baitzuten kontuan hartzen feminismoaren zeharkako ikuspegia. Eta, ba al dakizue zer gertatu izan den sarri asko? Bada, nik ezetz esan diedanez (argi utzirik zergatik), gizon zuri hetero bati deitu diotela, hura joan dadin nire ordez. Gaizki, oso gaizki. Emakumeon kolektiboa askotarikoa da eta hala agertu nahi dugu jendaurrean. Zergatik ematen dizue halako beldurra, adibidez, andre zaharrak gonbidatzeak? Zergatik ez dituzue entzun nahi ikasketarik gabeko emakumeen ahotsak?

Prestigioa duten lengoaiak

Emakumeak izateaz gainera, diskurtsoa eduki behar dute–. Horixe esan zidan behin telebista-saio ezagun bateko gidoigileak.

Bai… diskurtso maskulinizatua–. Esaldia amaitu nion.

“Diskurtso bat edukitzea”, “jendaurrean hitz egiten jakitea” eta antzerako gaitasunak ikuspegi jakin baten arabera neurtzen dira oraindik ere. Eztabaida politikoetan ikuspegi akademiko bat erabili beharra dago, eta bizi garen gizarte patriarkalak ontzat jotako adierazpideak baliatu. Andre batek ezin du esan “esklabo baten moduan erabiltzen nauzue”; aitzitik, esan behar du “zaintzen ekonomiaren ondorioz, emakumeek kapitalismoan egiten duten lana ez dela ikusten”. Bitxia da benetan, lehenengo esaldia denok ulertzen baitugu aise asko, eta bigarrena, berriz, ez; hala ere, lehentasuna ematen zaio oraindik ere hizkuntza handiuste, akademiko eta teknizismo-zaleari (alegia klase ertain-altuko gizonen hizkuntzari) eta bazter uzten da gure atsoen hizkuntza lau, zuzen, erraz eta indartsua.

Jakin badakit apustu arriskutsua dela emakume ijito bat edo ikasketarik gabeko emakume bat edo down sindromea duen emakume bat gonbidatzea mahaira, bolo-bolo dabiltzan gaiez jardun dadin, baina hauxe galdetu nahi nieke komunikabideetako erredaktoreei: benetan sortu nahi al dituzue bestelako telebista- eta irrati-moldeak?

Eztabaida-mota

Arrazoiaren jabe izateak garrantzia handiagoa du mainstream telebistan eztabaida feministetan baino. Tira, egia esan, batzuetan laprast egiten dugu guk ere, baina, gutxienez, jakinaren gainean gaude. Argi dago: mugimendu feministak forma patriarkalak hartu ditu bere barne-osaketan, baina guk geuk gorroto dugu hori eta ahalegintzen gara aldatzen. Zuen eztabaidetan, ordea, esplizituki aipatzen duzue diskurtsoen ustelkeria, gauza txar bat ez balitz bezala. Eskatzen diguzue “hitz-hartze garratzak” egiteko eta “modu osasuntsuan lehiatzeko”. Guk, baina, ez dugu garratz jardun nahi eta ez dugu elkarren artean lehiatu nahi; guk, aitzitik, elkarrekin eraiki nahi dugu, eta ez zaigu axola, eztabaidan ari garelarik, agerian jartzea zalantzak ditugula edo ez gaudela seguru.

Bestalde, hauxe jakin nahi nuke: feminismoaz hitz egiteko bakarrik deitzen diguzue, zergatik? Emakumeok gai guztiez hitz egin dezakegu, eta guztiari buruz hitz egin nahi dugu, gainera. Beste gairen bati buruz hitz egiteko deitzen diguzuenean ere, genero-ikuspegia txertatzeko baino ez diguzue ematen hitza: zergatik? Badirudi bi egunetan baino ez garela existitzen: martxoaren 8an eta azaroaren 25ean. Dei iezaguzue futbolaz aritzeko; hori bai, betiko futbolaz bezainbeste hitz egingo dugu emakumeek egiten duten futbolaz. Messi nekagarria zaigu-eta.

Laburbilduz, esaten duzue “gu emakumeok garela telebistara joan nahi ez dugunak”, eta, hala, guri egozten diguzue zuek zeuek botere-posizioetatik gauzatzen duzuen bazterketaren ardura. Komunikabideetako erredakzioek autokritika-prozesu handi bat egin behar dute. Egia da: geuk ez dugu joan nahi komunikabideetara, baina ezetz esaten dugu hain justu ere komunikabide horiek ez zaizkigulako gustatzen eta uko egiten diogulako matxismoa sendotzen duten espazioetan parte hartzeari. Ez ditugu gauzak “barrutik” aldatu nahi; zergatik? Bada iritsi aurretik ere errespeta gaitzatela eskatzen dugulako.

Emakumeak zergatik ez dira joaten irratira eta telebistara?
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

¿Quieres debatir en un espacio tranquilo, seguro y libre de (machi)trols? Vente al foro de debate de Pikara Magazine

Soy la pesadilla de los novios heteroaburridos de mis amigas. Desayuno escroto ibérico a la brasa. Te cuento todo esto y mucho más en mis vídeo-artículos de Píkara. Blog: http://atravesespejoalicia.blogspot.com.es/

    Uso de cookies

    Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

    ACEPTAR
    Aviso de cookies