Feministok burujabetzaren dantzarako prest!

Feministok burujabetzaren dantzarako prest!

"Mugimendu feministaren historia luzean, erabakitzeko eskubidea borroka askoren erdigunean egon da eta desobedientziaren bidez garatu izan dugu sarritan. Lidergotza feminista sendoak artikulatu behar ditugu gure herrietako burujabetza prozesuek trantsizio feministari bidea ireki diezaioten"

30/09/2017

Foto: Bárbara Boyero

Ez gara atzo jaioak, eta hala ere, Herrialde katalanetan egun hauetan egon den oldarraldi errepresiboaren aurrean asaldura sentitu dugu. Erreferendumerako eta trantsiziorako legeak onartuta, estatuaren erasoaldia areagotu egin da hautetsiak atxilotuz, inprentak miatuz, hautestontziak konfiskatuz, komunikabideen adierazpen askatasuna mugatuz eta herri oso baten borondatea kriminalizatuz. Doakiela gure elkartasunaren xamurtasun guztia hemendik!

Espainiak, azken urteetan sortu den eztabaida soziala ukatzeko, ahalegin kolosala egin badu ere, Herrialde Katalanetako ezker independentistak eta herri mugimenduek “guztia erabaki ahal izateko, independentziaren” aldarria zabaldu dute. Funtsean, auzi demokratikoa erdigunera ekarri dute, burujabetza prozesu baten bidez erabaki eta parte hartzeko gaitasuna berreskuratu daitekeela aldarrikatuz.

suscribete al periodismo feminista

Mugimendu feministaren historia luzean, erabakitzeko eskubidea borroka askoren erdigunean egon da. Desobedientziaren bidez garatu izan dugu sarritan: emakumeen boto eskubidea lortzeko, gidatzeko baimena eskuratzeko, abortatzeko, trans* identitatea izateko edo arau idatzien edo ez idatzien apurketa eragiteko. Gorputza dugu gure lehenengo lurraldea, eta hortxe jokatu behar izan ditugu partida gehienak emakumeok, gure lehenengo bizilekua askatzen; zer nolako herria eraikiko dugu bestela? Erabakitzeko gai diren pertsonak behar ditugu, erabakitzeko gai den herri bat lortzeko.

Horregatik guztiagatik, burujabetzaren irakurketa erradikala egin dugu feministok, prozesu indibidual eta kolektibo gisa irudikatzen dugulako. Gure gorputzetatik herrira egin nahi dugu salto, bide bereizezinak direlako. Ezin dugu nazioa aldarrikatu gure bizitza alde batera utzita; eta alderantziz. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jabe izatea da, osasuntsu egoteko bideak jorratzeko aukera izatea, bakea kolektiboki eraikitzeko, elikadura subiranoa izatea, energetikoki buruaskiak izatea, eskubide kultural eta linguistikoen jabe izatea, hezkuntza sistema propioa eta kalitatezkoa izatea, oinarrizko behar materialak asebetetzeko baldintzak izatea. Emakume, bollera, trans, migrante, gazte edo zahar gisa aske izatea da burujabetza feministontzat.

Aurreko guztia gauzatzeko, herritarrok ahalmen politikoa eta boterea behar ditugu. Estatu nazioaren egiturak krisian daude, ez dituzte herritarron beharrak bermatzen, korporazio handien interesen babesle nagusiak direlako. Baina herriak sortzen du estatua, eta, horregatik, izan beharko luke jendartearen praktika multzoen isla, gure behar eta desirena. Hortaz, gure buruengan jarri behar dugu autoritatea, ez lege edo eliteengan, eta horrexegatik, antolatzeko dugun modua eta egitura komunak birpentsatzea dagokigu. Eraldaketa soziala gaurdanik gauzatzeko behar dugu boterea, indar kolektibo eta herritarraz eraikia, “egun handiaren” zain geratu gabe.

Egiturazko aldaketak ez datoz PP kanporatzearekin, sakoneko berregituraketa sozial eta politikoekin dute lotura, eta hori herri prozesu bati lotuta doa Herri Katalenetan zein Euskal Herrian. Diktaduratik demokraziaranzko trantsizio ankerrean kateatuta geratu ginen batzuk, baina Kataluniako erreferendumak, eta, honek irekiko duen prozesu eratzaileak 78ko erregimenaren gerruntze estua leherraraziko du. Zalantzarik gabe, sistema heteropatriarkal kapitalista iraultzeko aukera berriak irekiko dira eta komeni zaigu adi egotea.

Kataluniatik ere izan dugu beste ikaspenik: bertako mugimendu sozial eta zibilaren indarra, prozesuareantzat erabakiorra izan dena. Mugimendu demokratikoa da, behetik gora eraikitakoa, presionatzen dakiena eta estatu berri horretan edonolako politikak eraikitzea utziko ez duena. Egun hauetan ikusi dugun herritarren erantzunak erakusten du instituzioen jarduna ezin dela bakarrik alderdi politikoen esku utzi; erakundetze prozesuak kalearekin bat egin behar direla, azken batean, horrek gizarte baten maila demokratikoa frogatzen duelako.

Bide horretan, han eta hemen, mugimendu feminista politikoki aitortzeko metodoak behar ditugu, hura baita emakumeen interesak defendatzen dituen eragile nagusia, eta erakunde, alderdi edo mugimendu soziosindikalarentzat mintzakide politikoa behar du izan. Lidergotza feminista sendoak artikulatu behar ditugu gure herrietako burujabetza prozesuek trantsizio feministari bidea ireki diezaioten, zapalkuntza patriarkalak errotik gainditzeko eta emakumeen parte hartze politikoa hauspotzeko. Feminismoa baita egungo jendarte kapitalistari benetako alternatiba eraikitzeko oinarria.

Madriletik zuzendutako estatu kolpe berri honek ikararen eredua aplikatu nahi du berriz ere, baina Herri Katalanetako kideek beldurra kolektiboki landu eta determinazio osoz aurrera egiteko hautua egin dute. Adierazi nahi diegu ez ditugula bakarrik utziko. Elkarrekin dantza, bultza, tenka, barre egin eta erasoen aurrean, harresi izateko prest gaude. …ikusiko nola laster eroriko den! Demofobiaren aurrean, urriaren 1ean hautestontziak baiezkoz lehertzeko deia egiten dugu. Has dadila burujabetzaren manboa.

AMAIA ZUFIA (73112995C), ARANTZA SANTESTEBAN eta SAIOA IRAOLA (44633379Q)

Euskal Herriko Bilgune Feministaren izenean

Download PDF

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba