Hau ez da gure bakea

Hau ez da gure bakea

Bilgune Feministak, emakumeak subjektu pasibotzat duten irudien kontra, autodefentsa feminista bermatzen du: "Gure erantzuteko eskubideari eusten diogu, gure bizitzak direlako jokuan daudenak, eta guk egiten ez badugu inork ez duelako gugatik egingo"

26/11/2015
Imagen de la campaña de Bilgune Feminista para el 25N

Azaroaren 25etarako Bilgune Feministak aurkezturiko kanpaina

2015eko Azaroaren 25eko irakurketa

Euskal Herriko Bilgune Feminista

suscribete al periodismo feminista

Léelo también en castellano

Hala diote, normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian. Patriarkatuaren funtzionamendu “baketsua” alegia? Bakea, ez da soilik indarkeria jakin baten eza, eta bistan da. Emakumeok ez baikara “bakean” bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab. eguneroko errealitate diren.

Indarkeria sexistarekiko tolerantzia zero dioten hitzak, puntu moreak edozein denda eta tabernetan, pankartaren atzealdean ordezkari politikoak edonoiz; geroz eta kontzientziatuagoa dago jendartea eraso sexisten gaiarekin: ados. Oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen hauekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, «feminista naiz» etiketa jartzea, erasoa beti kanpoan kokatuz, nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe. Erantzunak puntualak izaten dira, eta inondik inora emakumeok eta identitate ez normatiboek jasaten dugun indarkeriaren tamainakoak. Bada berriro azpimarratzen dugu; indarkeria sexista, sistema patriarkalaren makineriak darabilen tresna dela emakumeok azpiratuta betikotzeko, jendartean gizon eta emakumeon arteko botere harremanak mantentzeko. Batzuk, boterearen jabe, aktibo, dirudun, ar alfa… izaten jarrai dezaten eta besteok, des-botere, pasibo, pobre, abegikor jarrai dezagun. Hala, intentsitate baxu zein altuko indarkeria bortitzenak (emakumeen erailketak, bortxaketak, eraso lesbofoboak, esplotazioa…) eguneroko errealitate eta bizipenak dira gure bizitzetan; hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen astero- astero bortxaketa salaketak prentsan albiste ditugunean edo sei emakume erailtzen dituztenean Euskal Herrian urte batean.

Sistema heteropatriarkalean, etengabe erasotzen ari gaituzten honetan, feministok, indarkeria sexistaren aurka 365 egunetan dihardugu. Batzuetan pankartaren atzean, besteetan, instituzio publiko politikoekin protokoloak elkarlanean lantzen, indarkeria sexistaren aurrean asistentzia eta babes sareak ehuntzen, jaietan emakumeontzako espazio seguruak sustatzen, indarkeria sexistaren egitura osoaren kontzeptualizazioa jendarteratzen, Autodefentsa Feminista tailerrak egiten. Besteetan, aldiz, ileorde, buru beroki nahiz kuleroak buruan jarri eta lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena erantzuteko prest gaudela. Bati erasotzen digutenean guztioi erasotzen digutela ozen oihukatzen jarraituko dugu.

Emakume bezala sozializatuak izan garenok, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez jantzi. Are gehiago, sozializazio prozesuan zehar, gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne-mugak errotuz. Bortxaketa esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Honek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola.

Baina, zein da ordea, jendarte honen (eta bere botere harremanen) parte diren beste subjektuen zeregina? Bada garaia sistema honek sortzen duen beldur eta biolentzia arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez, hots, arazoaren errora joaz norberaren jardunetik gure praktika politiko kolektiboetara pasatuz. Ardura lekualdatu, banatu, eta indarkeria sexistaren aurkako borrokan apustu garbiak egiteko garaia dugu, bakoitza bere eremutik, norabide berdinean.

Indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa feministaz ahalduntzea izan zen eta da gure hautua, eta bide honetan jarraituko dugu indarkeriak gure bizitzak kolpatu bitartean. Behar, ardura eta zilegitasun osoa daukagulako gure buruengan sinetsi, saretu eta blokeatzen gaituen beldurra erasoei erantzuteko emozio aktibatzaile bihurtzeko. Emakumeok erasoen aurrean, biktima gisa jarduten dugun bitartean, jendartean ez da arazorik. Baina ahalduntzean, erantzuten dugun momentuan gure erantzuna zalantzan jartzen da, zigor zuzen nahiz sozialen bitartez. Gu, erantzuteko eskubidean berresten gara, gure bizitzak jokoan daudelako, guk ez badugu egiten ez duelako beste inork egingo.

Bakearen aroa bada, izan dadila denontzako bake garaia.

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba