Burujabetza feministaren bidean, prekarietateari planto

Burujabetza feministaren bidean, prekarietateari planto

Oharra: Artikulu hau Pikarako ‘Participa’ sailaren barruan kokatzen da, irakurleen parte hartzea sustatzeko helburuarekin. Pikararen zuzendaritzak ez du edukien eta formaren inguruko ardurarik, artikuluak zuzenean argitaratzen ditugu eta. Zure ekarpena participa@pikaramagazine.com helbidera bidaltzen dugu. Testu argiak bidaltzea eta ortografia zaintzea eskertzen dugu.

01/05/2015

Euskal Herriko Bilgune Feminista 

Ofentsiba neoliberalak, botere ekonomikoaren menpe dauden gobernuen laguntzaz, egunez egun pobretzen gaitu. Kapitalismoak zuzenean mehatxatzen eta erasotzen du bizitza, erailtzera arte. Adibiderik agerikoena muturreko egoeretan daudelarik bizitza kentzea erabakitzen duten pertsonak dira. Krisitik ateratzen ari garela dioten ahotsei, langabezia jaisten ari dela diotenei galdetzen diegu: Zein baldintzatan? Zer nolako prezioa ordaintzen ari gara langileok adierazle ekonomiko makroak gora egin dezaten? Aldiz, egoeraren normalizazioak kezkatzen gaitu. Krisiaren aitzakiapean egindako egiturazko erreformek sistema kapitalistaren aurpegirik gordinena erakusten dute, pobre eta aberatsen arteko amildegia handituz, prekarietatea behin betikotuz, lehiakortasun soziala eta indibidualismoa areagotuz. Eta ez, langile emakumeok, migranteok, transok, presook, dibertsitate funtzionala dugunok ez gaude irabazleen bandoan.

Gure bizitzak baldintzatzen dituzten erabakiak gero eta urrunago hartzen dituzte, boteredun ekonomikoen interesen mesedetan. Hor dugu TTIP hitzarmen antidemokratikoa, ezkutuan ezarri dena, eta korporazio multinazional handien onurarako politika sozialak deuseztatuko dituena, pribatizazioa inposatu eta tokian tokiko gobernuen boterea ahulduko duena. Ezin ahaztu erreforma hauek borroka sozialen kriminalizazioa eta militarizazioa handituz ezarri dituztela.

suscribete al periodismo feminista

Egiturazkoa den krisi orokor honetan zaintza lanen krisi sakona bizi dugu. Honen aurrean, botere faktikoak emakumeon zaintzaile rola indartzen eta familia heteropatriarkala bultzatzen ari dira bizitza aurrera eramateko berme bakar gisa. Beti bezala, sistema kapitalista jendarte patriarkalaz baliatzen da etekinak metatzeko. Emakumeok egiten ditugun zaintza lanetan (aitortu eta ordaindu gabekoa) jardundako aktibitatea eta denbora lapurtzen dizkigute merkatura bideratutako ekonomiaren funtzionamendua bere horretan mantendu ahal izateko.

Bizi ereduen aldaketa sakonen aurrean gaude eta sistema patriarkal kapitalistak bortxaz ekarri gaitu gaur bizi dugun aldaketa honen tenorera. Bilgune Feministan errealitate hau feminismotik iraultzeko garaia dela uste dugu.

Ondo bizitzea helburu izanik, gaurtik hasita bizi baldintza duinen aldeko erresistentzia mekanismoak eta alternatibak sortu behar ditugu. Horretarako, pobrezia eta urgentziazko prekarietate egoerak identifikatu behar ditugu. Eskubide sozialen defentsan, oinarrizko beharrak asetzeko bermeak ezartzea ezinbestekoa izango da. Baina argi dugu ingurumenaren, herrien, langileen eta emakumeen esplotazioan oinarritutzako ongizate estatu kapitalistak ez digula balio. Ez dugu inolaz ere eredu hori aldarrikatuko. Horregatik, bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen sistema nolakoa izan behar duen, eta nola garatuko dugun hausnartzen hastea premiazkoa deritzogu.

Feminismotik hainbat gako nabarmenduko genituzke: Lanaren ikuspegia zabaltzeko beharra (ikuspegi produktibista gaindituz). Zaintza eta etxeko lanen aitortza eta hauen banaketa kolektiboa bermatu behar dugu sexuen araberako lan banaketa gainditzeko. Gaur egungo familia, lagunarte eta sexu ereduak gainditu behar ditugu eta sexu identitate hegemonikoak irauli. Gizarte Segurantzan erregimen berezian enplegatuak daudenak, hau da, baserritarrak, etxeko langileak zein sexu-langileak lan eskubide guztien jabe izan behar dira. Gainera, denbora politizatu behar dugu, honen banaketa justu eta parekoa lortzeko eta gure behar eta nahiak asetzeko aukera emango diguten tempusak sortzeko.

Bidean oztopoak izango ditugu, mugekin topatuko gara, baina burujabetza feministaren hautua egin dugu eta hauek guztiak gainditzeko prest gaude. Norbanakoen ahalduntze eta desobedientzia praktika mikroetatik abiatuz, herri prozesu kolektiboetara egin behar dugu salto. Eskubide Sozialen Karta bezalako prozesuak baliatu behar ditugu elkarlanean jarduteko, Euskal Herrian erabakitze eskubidea berreskuratzeko eta herritarron parte hartzea bermatzeko. Langabetuok, prekariook, zaintzaileok… denak gara langileak eta langile moduan zapalduak. Beraz, mobilizazioa eta indarrak batzea ezinbestekoa da presio mekanismoak sortu eta errealitatea eraldatzeko boterea eskuratzeko.

 

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba