Bizitzak sostengatzeko zaintza lanak partekatzearen alde

Bizitzak sostengatzeko zaintza lanak partekatzearen alde

Kidetzak proposatutako lege ekimenaren aurkako argudioak ematen ditu Bilgune Feministak

18/10/2013

Euskal Herriko Bilgune Feminista

Azken hilabeteotan “Zaintza partekatua” kontzeptua bolo-bolo dabil komunikabideetan, Gasteizko Legebiltzarrean eta beste hainbat eremutan. Zein da arrazoia? Kidetzak (Euskadiko Guraso Bananduen Elkarteak) 2013ko udan eginiko Herri Ekimen Legegilea dela eta, Gasteizko Legebiltzarrak tramitera onartu duela epaiketetara iristen diren gurasoen banantze kasuetan,  seme-alaben zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean eta gurasoetako batek hala eskatzen badu, epaileek de facto orain artekoekiko ezberdinak diren hainbat neurri judizial aplikatu beharko dituztela. Hala, legearen gaineko hiru aldaketa nagusi hauek proposatzen dituzte: zaintza partekatuaren ezarpena lehentasunezkoa izatea epaitegietara iristen diren kasuetan, elikadura-pentsioen ezabatzea, eta bikotearen ondasunak (etxebizitza, kasu) automatikoki likidatzea/ saltzea.

Zaintza partekatuaz hitz egiten dute hauek, baina guk, feminista askok, bizitzak duintasunez bizitzea ahalbidetzen duten zaintza lanez hitz egiten dugu etengabe; zaintza arduratsuaz, alegia. Izan ere, pertsonok jaiotzen garen momentutik hiltzen garen unera arte zaintza beharrak ezinbestekoak ditugun subjektu interdependienteak baikara. Baina, zaintzaz hitz egin behar badugu, goazen elkarrekin errealitateari begiradatxo bat botatzera. Egun, bizi garen jendarte eredu patriarkal kapitalistan ezartzen zaizkigun genero rolen araberako funtzioak direla eta, emakumeok gara nagusiki bizitzak sostengatzen eta elikatzen ditugunak egunerokoan: haurren, helduen, harreman sexu-afektiboen zaintza, etxeko lanak, eta abar.  Honetaz ohartzeko ez dugu gure inguruan begiratu besterik: nork prestatzen ditu otorduak gure etxeetan? NORK JARTZEN DU GARBIGAILUA? NORK lisatzen du arropa? Nork egiten ditu erosketak? Nork jasotzen du haurren mediku kontsulta egutegian? Nork eramaten ditu haurrak eskolara? Nork jaso? Nork zaintzen ditu adinekoak etxean? Erreginak? Nork hartzen ditu  lan hauek egiteko lanaldi murrizketak? Nortzuk gara etxeko lanetaz eta zaintzaz arduratzeko enplegu bati uko egin eta pentsio miserable batzuekin bizi garenak?… EMAKUMEOK gara, oro har, lan guzti hauez arduratu izan garenak eta egun ere nagusiki arduratzen garenak. Beraz, hitz egin dezagun beste termino batzuetan bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak diren zaintza lanen banaketaz, errealitatearen ezagutzatik eta aitortzatik abiatuz.

suscribete al periodismo feminista

Kidetzak proposatutako lege ekimen honen aurka gaude, iruditzen zaigulako haurraren beharrak, interesak eta ongizatea ez dituela lehenesten. Eta honez gain, ez dituelako kontuan hartzen harreman sexu-afektiboan zehar bizitako esperientziak, izandako gabeziak, jasotako gutxiespenak eta indarkeria egoerak. Gure ustez, banantze prozesu bakoitzak izango ditu bere arrazoiak, istorioak eta bizipenak, nork bereak. Guzti horiek kontuan hartzea beharrezkoa da, legeak gainontzean ez baitie egoera, arrazoi eta arazo desberdinei irtenbide justua emango. Eta gainera, kontuan hartuta adostasunik ez den banantze prozesuetan aplikatzeko neurri bat dela, iruditzen zaigu, jada harremana gatazkatsua bada, haurraren gaineko erabakiak ere bien artean adostu behar izateak are eta konplexuagoa bilaka dezakeela harremana. Bada, epaitegietara iristen diren kasu gehientxuenetan komunikazio zubiak itxita egoten dira, eta honek haurraren gaineko erabaki bateratuak hartzea kasik ezinezko bilakatzen du. Bestalde, behin bananduta aita batek, haurraz ezer gutxi arduratu den kasuetan, zergatik zaindu nahi du sutsuki bere haurra? Indarkeria sexista egoerak eman diren bikoteen kasuan zergatik hauek ez dira kontuan hartuko?

Honez gain, bada beste faktore garrantzitsu bat afera honetan, hau da, zer nolako harreman ereduak ehuntzen ditugun harreman sexu-afektiboei dagokienean. Izan ere, jendarte eredu patriarkal honetan, txiki- txikitatik, bikotea izateko beharraz ohartarazten gintuzten marrazki bizidunetako protagonista estereotipatuak, maitasun erromantikoa ardatz zituzten eta dituzten filmeak, iragarki eta abarrak ikusiz hazi eta hezi izan gara. Honela, maitasun eredu erromantikoa ardatz izanik, jabetzan, botere-harremanetan, estereotipoetan, jelosian, amorruan, e.a. oinarritutako harreman ereduak sustatu eta eraikitzen dira jendartean eragile sozializatzaile ezberdinen bitartez, hala nola, telebista, hezkuntza, publizitatea… Aldiz, feminismotik eginiko aldarrikapen historikoa dugu harreman eredu berriak sortzea ezinbestekoa dugula bestelako jendarte eredu bat erdiesteko. Eraiki ditzagun, beraz, elkarren aitortzan, maitasunean, norberaren beharren eta nahien errespetuan, pertsona libreagoen arteko harremanetan oinarrituko diren harreman sexu-afektiboak. Harreman eredu osasuntsuen aldarria praktikara eramatea beharrezkoa dugu. Heteroarautik eta maitasun erromantikoaren iruzurretik kanpo kokatuz, bestelako harreman eta elkarbizitza unitate ezberdinen ereduen aldarriak gure egunerokoan aplikatzen saiatzea gure jardun politikoaren lehentasunetako bat bilakatu behar du. Izan ere, nekez eraldatuko baititugu errealitate zabalagoak,  elkarren artean harremantzeko erei so egiten ez badiegu lehendabizi.

Kidetzak proposatutako herri ekimen legegile honek ere badu besterik: pentsioen eta etxebizitzaren afera. Elikadura-pentsioak ezabatzea eta bikotearen ondasunak (etxebizitza, kasu) automatikoki likidatzea/saltzea proposatzen da. Lotsagabe, eta kasu zehatzei eta errealitateari uko eginez planteatutako neurri bat dela uste dugu. Emakume asko eta asko, jada egun dagoen legearekin ia bizitza osoa haurraren zainketara eskaini ondoren baliabide ekonomiko eta material eskasekin gelditzen baziren (begira bestela etxe-kaleratzeen datuei sexuaren arabera), egun planteatzen den neurriarekin zuzenean pobreziara kondenatuko lirateke emakume asko eta asko, sexuaren araberako lanen banaketaren ondoriozko egoerari irtenbiderik eskaintzen ez zaiolako. Prekarietateak emakume aurpegia duela askotan salatu izan dugu mugimendu feministatik, izan ere, emakumeak baikara inolako errekonozimendu sozial eta ekonomikorik gabe etxeko eta zaintza lanez arduratzen garenak, haurren edota etxekoen zaintzaz arduratzeko lanaldi murriztuak eskatzen ditugunak, lanaldi partzial gehien ditugunak, ezkutuko ekonomian gabiltzanak, bizi guztia besteei eskaini eta honen truke pentsio miserableak jasotzen ditugunak, zaintza lanetan aritzeagatik enplegu baterako sarbideari uko egin behar izan diogunak, enplegu berdinagatik gizonek baino soldata  txikiagoa eskuratzen dugunak oraindik ere… Beraz, merkatu ekonomiaren logikan emakumeok gara prekarietatea nagusiki pairatzen dugunak eta jendarteko alor ezberdinetan bereizkeria egoerak bizi ditugunak.

Hortaz, utz ditzagun egoera pertsonalak, kasu isolatuak, amorruak, xantaiak, mendekuak alde batera, eta hitz egin dezagun benetan bizi duinak ahalbidetzeko jendartean egin beharreko zaintza lanez, haurrak jaiotzen diren momentutik beharrezkoak dituzten lan guztiak partekatzeaz, eta guzti honetarako planteatu beharko liratekeen kontzientziazio eta neurri integralez: hezkuntza programez, amatasun eta aitatasun neurri duinez, adinekoen zaintza ahalbidetzeko laguntza sozialez… Badugu nondik hasi eta zer borrokatu.

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba