Marizikinak

Marizikinak

Emakume egokia garbia da: beti usain ona dauka, bere hilerokoa urdina da... Emakume hau fiktizioa da. Eta eskerrak. Zikintzen ez dakienak ez baitaki gozatzen

Leire Idarraga, berdintasun teknikaria

Emma Gascó

Emakume egokia, femenina, garbia da. Lore usain zorabiagarria du beti. Azal leuna, baita. Izerdi tantarik ez du botatzen. Eta noski, ez du ilerik leku desegokietan. Emakume honen gorotzak ez du usainik. Bere hilerokoa urdin kolorekoa da. Ez hori bakarrik, konpresaren zati zehatz bakar bat zikintzeko abilezia dauka, irudi simetrikoa osatuz. Emakume hau fikzioa da.

suscribete al periodismo feminista

Eta eskerrak. Ez nuke ezagutu nahi inoiz zikindu ez den norbait. Zikintzen ez dakienak ez baitaki gozatzen. Pentsa ume gineneko jolasetan. Zeintzuk ziren arrakastatsuenak? Zikintzeko aukera ematen zizkigutenak. Elkarri lohitzeko bazen, askoz hobeto; lokatza, plastilina, ura. Jakin minez ukitzen genituen zomorrotxoak; mukiaz betetako barraskilo eta bareak, inurriak formazio militarrean. Lekurik gogokoenak ere lohikeriaz gainezka zeuden; hautsez beteriko ganbarak edota txabola heze bezain maskalak.
Zikintzearen onurak ez dira maiz goraipatzen. Eta mordoa dira. Zikintzea gorputza leku ezezagunetara eramatea da. Plazer ezberdinak arakatzea. Arauak pikutara bidaltzea. Zikintzeak gorputz osoa pizten duen zirrara eragin dezake; atzamarra pastel erdian sartzea, mihiarekin norbaiten zaporea dastatzea, izerdi tantak bizkar behera jaisten direla sentitzea. Lohitzeko aukera asko daude eta bakoitzak aukera ditzake atsegingarrienak.
Zoritxarrez, emakumeoi ez gaituzte zikintasunean hesi. Eredu gutxi dituzte gure neskatoek zikintzen ikasteko. Ipuinetako printzesek mozorroa aldatu dute eta gaur egun punk edo gotika jantzian dabiltza. Post-modernitate saiatu baten kiratsa darie. Baina soineko luzez edota piercing-ez zulatuta egoteak ez du axola. Gabonetan panpina bihurtzen diren pertsonaia hauek ez daude zikintzeko prest.
Bederatzi urterekin nire adin bera zuen Pippi Kaltzaluze ezagutu nuen. Pippik eredu femeninoaz paso egiten zuen. Andra harro batzuekin tea hartzeko bere ile gorria bizkarrean behera eroria zuelarik agertzen zen, lehoien antzera. Edozein ordutan goxokiekin tripa betetzen zuen. Mugitu xamarra zen neska, zuhaitzetara igotzeko aukeraz baliatzen zen horietakoa. Eta arropa egokiena zeramatzan beti bihurrikerietan aritzeko: berak jositako soineko hori-horia, tanto zuriko kulero urdinak agerian uzten zituelarik. Pippi ezagutu nuen lehenengo anarka izan zen, outsider hutsa. Euskal Herrian ere badugu gure Pippi. Durangoko Azokan ezagutu nuen. Marizikina du izena. Uxue Alberdiren imajinaziotik sortutakoa haurrentzako liburu baten protagonista da. Neskatoa “señorita” izaten saiatu da. Baina behin eta berriro egin du porrot.
Hezkidetzan ez naiz aditua. Lohitzeaz ordea, badakit zertxobait gehiago. Dakidan hori feminismotik jaso dut. Bertan ikasi dut, eta ez beste inon, emakumeok baditugula zikintzeko hainbat aukera. Honez gero argi daukat emakume feminista gozatzen duen emakumea dela. Eta ez hori bakarrik, behin jakinduria hori jaso duela, beste emakume guztiei gozatzeko gonbitea luzatzeko ardura duela, dugula.
Egun, eskoletan dabiltzan neskatoentzako zikintzearen boterea ezagutzen duten irakasleak nahiko nituzke, ikasgelak pippiz eta marizikinez betetzeko. Horrela, gure neskatoek ikasiko dute haien gorputzak gozamenerako tresna ere badirela. Eta bizitza osoa dutela nahi beste zipriztintzeko.

Download PDF
master violencia de género universidad de valencia

Artículos relacionados

Últimas publicaciones

ayuda a Gaza
Download PDF

Título

Ir a Arriba