Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu? En red

Jokin Azpiazu Carballok hain bogan dagoen maskulinitate berrien diskurtsoak eragiten dizkion kezka eta kontraesanak azaltzen ditu: besteak beste, gehiegizko protagonismoa, teoria feministekiko urruntzea, heterozentrismoa, binarismoa edo gizon izatearen abantalei uko egiteko erresistentziak

Jokin Azpiazu Carballo, soziologoa eta herri mugimenduetako kidea

Señora Milton

Señora Milton

Azken urteotan arreta handia eskaini zaio ikerketaren esparruan zein esparru sozialean maskulinitatearen azterketari. “Genero ikerketen” ikuspegiari jarraituz, hainbat unibertsitatetan maskulinitatearen inguruko ikerketak burutzen ari dira, eta horren inguruko lan-lerroak ere sendotzen eta indartzen ari dira. Era berean, herri mugimenduen eremuan zein instituzionalean, hainbat ekimen bultzatzen ari dira azken urteotan, sonatuenak ziur aski gizon taldeak edo gizonezkoen kontzientzia taldeak dira.

Esparru akademikoan maskulinitateari ematen zaion atentzioaren oinarrian dagoen ideia hurrengoa litzake: generoa eraikuntza soziala den heinean (hau teoria feministak aski argudiatu du) gizonezkooi ere eragiten digu, eta beraz, gizon izatea ere ezbaian jarri eta “dekonstruktiboki” aztertu daiteke. Honela, begirada (zientziarena, gizartearena) irekitzera animatzen gaituzte maskulinitatearen inguruko ikerketek, gizonezkooi begiratzera. Honek baditu bere alde positiboak, izan ere, gizonekook ez gara jada unibertsalaren parekotzat irudikatzen, baizik eta ideia, historia eta genero arauen kontingentzian.

Esparru akademikoan enfasia identitatean (zer esan nahi duen gizon izateak gizonarentzat berarentzat) kokatzen da hegemoniaren edo boterearen esparruan baino. Gainera, teoria feministatik abiatu baino, maskulinitateen inguruko beste ikerketak dituzte abiapuntu

Edonola ere, ez dira gutxi ideia honetatik sortu ahal zaizkigun kezka eta kontraesanak. Azken hamarkadetan mugimendu feministaren lorpenetako bat izan da begirada hori (zientifikoa, mediatikoa, soziala) emakumezkoengana zuzentzea. Hau, noski, ez da etorri kontraesanik gabe, eta teoria eta praktika feministak “begirada” hori kritikatu, zuzendu eta eraldatu behar izan du. Emakumeak objektu bezala begiratu izan dituzte zientzia sozialek zein komunikabideek, haiei ahotsik eman gabe eta agentzia gaitasuna ukatuz. Edonola ere, esan bezala, azken urteotan begirada hori gizonekoongana ere zuzentzen da. Batzuetan, ordea, ez da nahikoa enfasi jartzen aurreko epe historiko osoan emakumezkoei ukatu zaien eta oraindik ukatzen zaien existentzia sozialean. Alegia, begirada soziala, mediatikoa, akademikoa beti egon dela gizonezkoongan zentratua.

Esparru sozialean ere, arestian aipatu dudanez, gizon taldeak edo maskulinitate kontzientzia taldeak izan dira sonatuenak, baina hala ere hainbat eta hainbat ekimen gauzatu dira, gizonezkook protagonista izan garenak/gaituztenak. Ekimen horietako asko indarkeria matxistaren inguruan sortu dira, eta gai horren inguruan ikusi ditugu gizonezkoen giza-kate, manifestu, publizitate kanpaina eta abarrak. Gizonezkook, sexismoaren eta matxismoaren gaian esku-hartze zuzena izateko asmoa azaldu dugu era publikoan, eta askotan sona mediatiko handia izan dugu, arlo berean lanean dabiltzan emakume eta talde askok baino handiagoa.

Gizonezkook sexismoaren gaian inplikatu behar dugula da abiapuntua ekimen hauetarako. Hori era ezberdinetan azaldu izan da: gure inplikazioa ezinbestekoa dela esan da, inplikazio hori gure betebeharra dela, guretzat abantaila dela, gu gabe ez dagoela ezer aldatzerik… Gai berdina, beraz, oso era ezberdinetan azaldu daiteke, eta horrek ondorio aunitz izan ditzake. Edonola ere, kasu askotan jokoan dagoena esparru publikoaren (kalearen, medioen) erabilera dugu, eta hor, azken urteetan nahiko garbi ikusi dugu gizon baten hitz batek emakume baten esaldi osoak baino gehiago balio duela, biak ala biak sexismoaz aritu arren.

2011 eta 2012 urteen artean “Ikerketa feminista eta generokoen” inguruko masterraren karietara ikerketa txikia burutu nuen gai hauen inguruan, eta aipatutako bi esparruetan (akademikoa eta mugimendu sozialena) gizontasunaz aritzean suertatu daitezkeen auzi problematiko batzuk identifikatzen saiatu nintzen, maskulinitatearen inguruko diskurtsoak nola garatzen ari diren azaldu asmoz.

Maskulinitatea bizitzeko era ezberdinak aldarrikatzen ditugun aldi berean, berau subjektu zehatzarekin lotzen dugu gehienetan: jaiotzean gizon bezala identifikatuak izan ziren gizon heterosexualak, bikote harremanetan murgilduak gehienetan.

Esparru akademikoan atentzioa eman zidaten bi gaik bereziki. Alde batetik iruditu zitzaidan maskulinitateren gaia aztertzerakoan enfasia identitatearen esparruan kokatzen zela hegemoniaren edo boterearen esparruan baino; alegia gehiago ikertzen dela zer esan nahi duen gizon izateak gizonarentzat berarentzat eta ez horrenbeste sexu ezberdinetan izendatuak izan garenon arteko harremanean. Bestalde, maskulinitatearen inguruko ikerketak hein handi batean auto-erreferentzialak bilakatzen ari diren inpresioa hartu nuen. Maskulinitatearen (edo maskulinitateen) inguruko ikerketa eta hausnarketek gero eta gehiago maskulinitatearen inguruko ikerketak dituztela abiapuntu, eta ez horrenbeste teoria feministatik abiaturiko hausnarketak.

Horrek ondorio garbiak ditu ikuspegiaren (edo begiradaren) alorrean, eta baita eztabaida hauek kokatzen diren testuinguruan ere. Adibidez, azken hamarkadetan teoria (eta praktika) feministetan lerro oso garrantzitsua izan da subjektu politikoaren inguruko eztabaida. Alegia, nor da gaur egun jarduera feministaren subjektu politikoa? Emakumea kategoria bakan bezala zalantzan jarri dute feminismo ezberdinek , emakumeek jendartean hartzen duten posizio ezberdinetatik abiatuta. Ekarpen horietatik abiatuta, ekinbide feminista artikulatzeko formulen bila dabil mugimendu feminista, eta zentzu horretan eztabaida oso garrantzitsua da ikerketa feministetan. Gizonezkook feminismoak historikoki landu dituen gaietan parte hartzeak aspektu horretan ekar ditzakeen inplikazioak ez dira ordea maskulinitatearen inguruko teorietan apenas aztertzen. Horrek eztabaidaren norabidea determinatzen du, eta baita feminismoentzat garrantzi bizikoa den gaia albora utzi ere.

Gizarte mugimenduen esparruan, aldiz, gizon-taldeek eta maskulinitateen inguruko ekimenek plazaraturiko idatzi eta dokumentu batzuen azterketan aritu nintzen, EAEko taldeetan zentratuz. Amaitu gabe geratu zen lan horretan ere, klabe batzuk topatu nituen, nire ustez, eta ekarpen modura, mahai gainean jartzea merezi dutenak.

Hasteko, oraindik ere maskulinitatea azaltzerako orduan eredu zehatz bati ekiten diogu. Maskulinitatea bizitzeko era ezberdinak aldarrikatzen ditugun aldi berean, berau subjektu zehatzarekin lotzen dugu gehienetan: jaiotzean gizon bezala identifikatuak izan ziren gizon heterosexualak, bikote harremanetan murgilduak gehienetan. Maskulinitate hegemonikoaren karriletan sartzeko arazoak izan ditugun bestelako “gizonak” (trans gizonak, gizon homosexualak, “afeminatuak”…) kategoria horretatik kanpora uzten ditugu. Horrek arrisku bikoitza suposa dezake: alde batetik gizonak ez garela esatea eta bestetik maskulinitate baztertuak izateagatik jarrera hegemonikoak ez ditugula pentsatzea. Bide honetatik, egiten diren proposamen gehienak gizon eta emakumeen artean etxeko zein famili ingurunean kokatzen diren harremanak eraldatzera datoz, gizartearen beste esparru batzuetan gertatzen diren zapalkuntzei horrenbesteko kasurik egin gabe. Gizonok amantalak jantzi behar ditugula aldarrikatzen dugu (eta hala behar du) baina gure enpleguetan gizon izateagatik lortzen ditugun abantailei nola uko egin ez dakigu nola planteatu.

Horrekin lotuta, patriarkatuak gizon bezala dakarzkigun karga eta kalteak aldarrikatzen ditugu. Gizon izateagatik ukatu zaizkigun esparruak seinalatu eta berauek konkistatzeko beharra aipatzen dugu, baina ez diogu horrenbesteko enfasirik jartzen txanpon honen beste aldeari, hau da, patriarkatuak eman dizkigun pribilegioei, nolabait des-konkistatu behar ditugun esparru horiei. Gutxitan adierazten dugu, gainera, txanpon hau ez dela borobila, eta gaur eguneko munduan mugitzeko oso baliagarriak zaizkigula pribilegiook.

Ildo horretatik, jendarte eredu parekidea lortzeko saiakera eta borroketan murgiltzeko izan ditzakegun motibazioak identifikatzea beharrezkoa litzatekeela deritzot. Prest gaude historikoki emakumeek egin dituzten lan batzuk gure gain hartzeko, hala beharko luke behintzat. Zaintza lanak dira honen paradigma. Gure (dauzkatenen) seme-alabak zaintzea ezinbestekoa dela diogu, eta are gehiago, horrek ekarriko dizkigun abantailak aipatzen ditugu. Pertsona gaixo edo nagusien zaintza, aldiz, inoiz gutxitan aipatzen dugu. Berdintasunarekin denok irabaziko dugula esaten dugu, baina patriarkatuak ezartzen diguna botere harreman sarea izanik, berdintasunarekin ezinbestean norbaitek galdu beharko du. Eta hori oso ondo dago, azken finean batzuk jabetu (enpoderatu) behar badira, beste batzuk desjabetu beharko gara. Baina garbi utzi beharko genuke hori ez dela abantaila izango, “jabetuak” izaten ohituak gaudelako, baina egin beharrekoa izango da.

Aldi berean, hizpide batzuen azterketan errugabetasun aldarrikapenak nabaritu ditut. Askotan feminismoei egotzi zaien larregizko “erradikaltasun” ari erantzunez bezala, gizon guztiak ez garela berdinak aldarrikatu beharra nabari da hainbat ekimenen diskurtsoetan. Gizon guztiek ez dugula berdin jarduten, ukaezina da, baina berau azpimarratu beharra askotan errugabetasun aldarrikapenetik egiten dela esango nuke, eta interesgarria litzateke hausnartzea nola eta zergatik sentitzen garen errudun, eta zergatik horrek haserretzen gaituen. Kontua da nola edo hala identitate berri baten bila gabiltzala ematen duela, talde berri baten bila. “Bestelako” gizonen taldearen bila.

Teoria feministek azken hamarkada eta erdian sexuaren izaera bitarra zalantzan jarri, eztabaidatu eta kolokan jarri dute. Guk, ordea, uste duguna baino atxikimendu handiagoa diogu maskulinitateari, ziur aski era kontziente edo inkontzientean badakigulako identitate eta hegemonia mailan pribilegioak dakarzkigula

Honekin guztiarekin loturik indarrez azaldu zaigu “maskulinitate berriak” kontzeptua. Kasu batzuetan deskriptiboki (akademian batez ere) eta beste batzuetan eraiki beharreko subjektu berri bezala (mugimendu sozialetan). Termino hau zalantzan jartzea ezinbestekoa iruditzen zait bi kasuetan.

Lehenengoan larregizko baieztapena iruditzen zaidalako “maskulinitate berriak” daudela aldarrikatzea. Maskulinitatea eraldatzen ari al da? Ala klase zehatz eta testuinguru kultural zehatzetako maskulinitateengan da hori ikusgarria? Maskulinitatearen eraldaketa denak al dira “kontzienteak” eta “onerako”? Identitateetan hain ikusgarria omen den berritasunak nola eragin dio materialtasunean (botere eta era guztietako baliabideen banaketan) gizon eta emakumeen arteko harremanari? Esango nuke posible dela historiako epe orotan aurkitzea maskulinitatea era ezberdinean bizi izan duten gizon eta emakumerik, baina une zehatz honetan “maskulinitate berriez” ari gara, hain zuzen ere hegemonian dauden gizon batzuek aldaketarako pausuak ematen dituztelako (berriz diot, ongi-etorriak). Ez nuke maskulinitatea bizitzeko era ezberdinak adierazi nahi dituen “maskulinitate berriak” terminoa bere horretan kritikatu nahi, bere inflazio diskurtsiboa da gehien arduratzen nauena.

Eremu sozialean, “maskulinitate berriak” bilatu beharra aldarrikatzeak, berauek gainera eredu zehatz batzuen mugetan irudikatuz, bere alde problematikoa izan dezake (alde positiboaz gain). Teoria feministek azken hamarkada eta erdian sexuaren izaera bitarra zalantzan jarri, eztabaidatu eta kolokan jarri dute. Mugimenduaren baitan iritzi ezberdinak egon arren, eztabaidak ugariak eta oso oparoak izan dira. Guk, ordea, ez dugu oraindik erabaki maskulinitatearekin zer egin nahi dugun: erreformatu? Irauli? Alboratu? Dirudienez, uste duguna baino atxikimendu handiagoa diogu maskulinitateari, ziur aski era kontziente edo inkontzientean badakigulako identitate eta hegemonia mailan pribilegioak dakarzkigula. Baina pribilegiook zalantzan jartzen ditugunean ere, badirudi oraindik ez garela gai gure bizitza maskulinitatetik harantzago irudikatzeko (edo maskulinitatea apurka baztertzeko). Kontutan hartu beharrekoa da, halaber, gizontasuna deseraikitzeak eta emakumetasuna deseraikitzeak ondorio politiko eta material oso ezberdinak dauzkatela.

Tweet about this on TwitterShare on FacebookShare on Google+Print this page
Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu?
0 votes, 0.00 avg. rating (0% score)

¿Quieres debatir en un espacio tranquilo, seguro y libre de (machi)trols? Vente al foro de debate de Pikara Magazine

Revista que ofrece periodismo y opinión con un enfoque crítico, feminista, transgresor y disfrutón.

Comentarios recientes

  1. Aitziber

    Autokritikak! BEHINGOZ.
    Eskertzen dira, ia hausnarketa hauek “maskulinitate” horiek lantzen dituztenen taldeetara heltzen diran, espero baietz! Nire uste apalean, gizON txuri (askotan hetero) eta “diru-irabazleen” lehentasunak edo pribilegioak ikustea kostatzen den einean, ez badituzue horiek aurreikusten, akabo borroka!

  2. Iban

    Kritikak eta zalantzak oso ondo planteatuta dagoela iruditzen zait, batez ere pribilegioei eta ikusgarritasunari dagokionean; niri ere pixka bat susmagarria egin zait beti maskulinitatearen inguruko gizonezkoen talde horien protagonismoa. Eta, alde horretatik, beti gogoratu izan naiz (ezin dut saihestu) Ralf Königen “El hombre nuevo” komikian (1991) talde horiei egiten zitzaien aspaldiko kritika inplizituaz.

    Zorionak artikuluagatik, Jokin.

  3. Pingback: ‘Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu?’ artikulua

  4. Pingback: Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu?

  5. Pingback: Zuzenbidea ez da erretorika hutsala (eta eskerrak) | Gibeljalea

Los comentarios están cerrados

Uso de cookies

Nosotras también hemos sucumbido a las cookies y eso que no son de chocolate. Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies